Andre Luberriaga, PNVren operazioa Iparraldean
«Goiz-Argi jendeak gostu duen maneran mintzatuko da»
Postal batean sartzeko herria da Azkaine. Eta zine italianoaren eszena bat osatu genuen Azkaineko alkateak, alkateordeak, herriko apezak eta kazetari honek Luberriagaren bulegoan. Bazkalondorako utzi dugu elkarrizketa, lasaiago solastatzeko, eta herriko goardiak gidatu gaitu mobiletean auzapezaren etxera. Aise mintzo da zortzi urte alkate daraman enpresagizon hau, kristalaren bestekaldean Ipar Euskal Herriko basoak urre bihurtzen diren artean. Modan dago Luberriaga.
ARGIA.–Andre Luberriaga, aspaldian Azkaineko alkate dena, ez dugu askorik ezagutzen Hegoaldean. Nondik zatoz?
Andre Luberriaga.–Nik anitz urte pasatu ditut ez bakarrik Euskal Herritik kanpo, urruti, bainan Frantziatik urruti pasatu ditut urte andana bat Hegoamerikan. Renault etxearen kargudun eskolan apailatua izan naiz, eta gero izan naiz Hegoameriketan. Ondoren Espainian bost urtez, Madrilen nintzen baina nituen azpiko Espainia eta Portugaleko Renaulten garaje eta saltzeko puntu guztiak.
Baina banuen bihotzeko mina Euskal Herritik horren urrun bizitzeaz eta hasi nintzen esaten nere buruzagi larrienei, Pariskoei, «nahi nikek Euskal Herrira etorri». Eta esan didate, «baina mutikoa, ez duk egiten ahal fitsik Euskal Herrian, Renaultek ez dik deusik, halanola zenbait enpresa ttipi edo erdi-ttipi horietarik», eta hala eman ninduten Baionako Renaulten buru. Beraz, nere borondatez, nik hautatu nuen ainitz beherago etorriko nintzela baina nere Herrian biziko nintzela.
Hola izendatu ninduten Baionan eta hor egin ditut 11 urte, eta gero eman naute buruzagi larri gisa «Europacar». Autoak, autabusak eta kamioi handiak alokatzen ditugu. Horretan dut Euskal Herria eta Landes guztia azpiko.
A.–Nola iritsi zara-Azkaineko alkate izatera?
A.L.–A, ni Azkainen sortua naiz, eta salbu Parisen nintzelarik, bi urtez, eta gero Hegoameriketan eta Espainian nintzen urte horiek baztertuz, beti Azkainen bizi izan naiz. Eta kanpo erresumetarik etorri nintzelarik, denak oroitzen ziren nitaz; aski errex izan da indar haundirik gabe Herriko Etxe edo udalaren nausi sartzea, nere lagunei esker.
Zeren eta gu sartu arte kanpotiar frango bazen; hemengo auzapeza kanpotiarra zen, frantses sortua baina Marrokian-eta ainitz urtez bizi izana. Hemen ainitz adoratzen ditugu urrungo eltzeak eta nere lana zen eta nere lagunena esatea hemengo bozemaileei: «kasu! Euskal erran xaharra behar da buruan atxiki: urrungo eltzea urrez, hunat ordu lurrez». Hasi genuen gure politiko kanpaina, eta lehen aldian, orain dela hamalau-hamabost urte aise pasatu ginen ni eta beste lau lagun, baina maioria ez genuen izan.
Orain dela zortzi urte t'erdi airez-aire pasatu ginen, eta duela bi urte t'erdi biktoria handia izan dugu, hiruetatik biek guri eman digute boza. Hori hemen, Diputazio Foralarendako zailago izan da, zeren ni naiz diputatu forala baina ez nere komarka edo kantonamendukoa, bazter edo auzo kantonamendu batean naiz, Uztaritzen. Gudu bortitza egin behar izan da diputatu gaulista kanpora emateko.
A.–Zerk eraman zaitu garaipen horretara?
A.L.–Bi-hiru gauzak irabaz arazi didatela esanen nuke. Batetik nere euskaltasunak, jendeak bait zekien errotik euskalduna eta euskaltzalea naizela. Gero enpresako buruzagi fama eta lantegietako gidari fama banuen. Eta nik uste, azkenik esateko, fama bat eman zidatela, nahi nuela Euskal Herrian zerbait berri egin eta ez lehengo ildo zaharretan urratsak eginez.
Ordurako lagun batzuekin sortua nuen «La Jeune Chambre Economique» Baionan, 36 urte nituen orduan. Hartan su hartu zuen nere izen ttipiak, eta pixkaka-pixkaka jendeak ohartu ziren behar bada on zela xahar horien ordez zenbait gaztexogo ematea.
Baina ez da errez, zeren eta ni bezalako batek esaten duelarik «nik nere ideiak ditut, PNVko ideiak», gutti edo aski, erran gabe doa, jendeek esaten dute "baina hori independentista duk, hori espainola duk, hori Frantziaren kontrakoa duk". Zeren hemen esaten baduzu autonomista zarela jendeek esaten dute independentista zarela, esaten baduzu PNV zarela «espainola duk» esaten dute.
A.–PNV edo inguruko definitzen duzu zure burua. Baina Iparraldean bada PNVren sekzioa, "Ager" aldizkariaren inguruan biltzen dena. Zuk zer diozu, PNV antolatu nahi duzula, ingurukoa zarela... nola zehazten duzu?
A.L.-Hemen ez da PNVrik zuen aldean bezala apailatua. Hemen badira zenbait gizon, denak nere adiskide minak ezagutzen dituzu zuk ere. PNV direla esaten dutenak baina horiek ez dute kargurik politikan. Baina hemen PNV dela esaten duenak ez du pasatzeko xantzarik izanen, ez alkate, ez diputatu foral ez deus.
Nik xantza hori izan dut pasatzekoa, orduan ez bait zen horren garbiki esaten PNV ginela edo hola, ez beldurrez edo abalgez, ez bait zen moda: orain moda gehixeago da, aiseago esaten dugu. Eta partikularki xantza izan dut, fama izatea, gazte, lantegkPo buruzagiena eta hala.
Hemendik aintzina nik ere irrisku handiak izanen ditut galtzeko. Zure galdeari bihurtzeko, hemen PNV bada, baina zenbait gizon dira, agerkari bat egiten dute, "Ager", arras ongi eskribataua, argitua, ainitz mintzo dira bestaldean zer pasatzen den, eta entseatzen dira hemen ere pixkaka-pixkaka hango izpiritu bera sortzerat. Baina izugarri luze izanen da.
Nik erran nahi-dudana da, jauna: guk PNV pentsatzen dugularik, hemen hemengo gisa egin behar dugu lana, eta han hango gisa. Hango gisa egiten badugu hemen, gure burua zuloan sartzen dugu. Hori kartetan bezala da: ixtant bat egiten ahal duzu gezurrean, zenbait tanto tiratu, baina ez partida guztia.
A.–Iparraldeko estiloan, beraz. Eta mugimendu horren buru zerorri jarri zara, auzapezen eta hautetsien bilkura zabal bat antolatu nahiz.
A.L.-- Bada paper bat, eta ixtantean irakurtuko duzu, dei egiten diena Euskal Herriko hiru probintzietako hautetsi guztiei. Horiei adierazten zaie hil honen 19an. arratsaldeko bost orenetan, Hazparnen eginen dudala biltze bat zeinetan argitaratuko bait ditut nere lagun batzuen eta nere izenean nola eta zertarako dugun sortaraziko batasun berri bat. «Goiz-Argi» emanen diogu izena. frantsesez "L'Aurore", baina euskaraz arras politago egiten du.
Bilkura horretan esplikatuko dugu lana nola eginen dugun. Eta nolaz ez bait da deusik hain garbirik halanola etsenplu batzuen emaitea, paper honetan esaten diet lagun guztiei, badira 2.200 hautetsi Euskal Herrian, emanen dizkiedala 15 etsenplu, zeinetan haiek akort badira gurekin jokatzen ahal bait gara lanean biharamonetik beretik. Eta uste dut hamabost puntu horiek argituko ditudalarik ainitzek eginen dutela gibelera bezala, esanaz «sobera eskualduna duk jokabide hori», eta beste ainitzek "baina beldur gintuana, epela izanen zela Luberriaga, baina ez duk epela, hori duk hemengo Iparraldeko benetako jokamoldea".
A.–Hegoaldetik begiraturik, halako panorama bat badugu egina Iparraldeko politikaz: Inchauspe eta eskuindarrak, sozialistak, orain arte aski marjinatuak egon diren Herri Taldeen eta inguruan biltzen ari den mogimendua... Zuek non kokatzen zarete?
A.L.–Marjinal diren batzuek aipatu dituzu, eta behar dira bi hitz esan horiez. Gure anaiak dira, guk bezainbat maite dute Euskal Herria, haiek beren gisa eta nik nere gisa. Nik esaten dut ez dela tokirik gaur egun gure Iparralde ttiki-ttiki-ttiki honetan esateko politika mundu honetan «ni abertzale ezkerrekoa nauk» edo ni «abertzale eskuinekoa nauk», horiek tetelkeriak dira. Guk 19ko bilkuran esanen dugu «izan zaitezten ezkerrekoak, erdikoak nahiz eskuinekoak», zatozte gure batasun berrira, «Goiz Argi» deitu honetara lan egiteko Euskal Herria ukitzen duten prolema garbiez.
Ez gara mintzatuko Frantziako herri guztien finantz arazoak jakiteko horiek Frantziako prolemak dira. Mintzatuko gara hemengo puntuez. Gogotik emanen nizuke zenbait etsemplu, baina zuri ematen badizut heldu den 19an jendea ez da etorriko, eta nere jokoa hori da.
Nik esaten ahal dudana zuri, bekoz-beko: 15 punitu horietan jendeak harrituko direla. Zertaz? Lehenik, ez dugula aipatzen ere Frantzia: gure prolemak. Bigarren: gure prolemetan zenbaitek uste zuten baino urrunago joanen garela aipatze horretan. Eta hirugarrenik: zenbait epelek ikusiko dute, funtsean joanda, egiazko Euskal Herriko aterabidea hori dela. Eta uste dut eginen dutela indar bat etortzeko gurekin, beren burua bortxatuz bezala.
Izan daitezen erdiko, gaulista edo sozialista, denek parte har dezaten nahi dugu, baina kondizione batekin: ez dadila hitzerdi bat aipa frantses alderdien politikaz. Guk nahi duguna: gure hizkuntza, gure kultura, gure nortasuna eta gure ekonomia, horra lau punttuak, eta horren gainean eginen dugu gure borroka.
A.–Kazeta hau hilaren 17 inguruan plazaratuko da, eta segurua da tamalez Iparraldera ez dela 19a baino lehen iritsiko. Hitzegin al dezakegu puntu horietako batzuen gain, labur bada ere?
A.L.–Etsenplu batzuk emanen dizkizut, Euskal Telebista. Hemen telebista hartzen dut, eta ez dizut gordetzen: arrats guztiz Madrilgo telebista hartzen dut, jakiteko Madrilek zer dion, ez sukurtsalista naizelako. Barkatu, baina gizon argitu batek behar du ezagutu besteek zer pentsatzen duten. Horren gisan, hemen ETB hartzea ez dut batere oker ikusten.
Horren inguruan lanean ari naiz duela urte t'erdi. Ez badute ongi ikusten ETB hartu dezagun, eman diezagutela dirua eta materiala guk geure telebista egin dezagun. Horien beldurra da gure nazionalismoa azkartuko ote den ETB ikusiz. Baina hori zozokeria da. Bordales eta Paristarrek behar dute jakin Jainkoak ez gaituela denak berdin egin. Zertarako behar dugu denek berdin telebista, berdin irratia...? Zentzu oneko jendek konprenituko dute hori, behar bezalako hizkuntzan mintzatzen eta idazten baditugu ideia horiek.
A.–Euskal kulturaren aldeko eskakizunak ez dira atzo goizean sortuak, eta hala ere kontrario gogorrak izan dituzte beti. Estilo aldaketan al duzu zuk hainbesterainoko konfidantza?
A.L.–Hemen «euskal kultura» aipatzen den bezain laster badirudi kontrarioek errebolberrak ateratzen dituztela. Baina hori zentzugabekeria da, eta behar da esan gozoki. «Goiz Argi» horrek, bere lanetako bat izanen du hizkuntz berri baten prestatzea.
Jendea sobera aise mintzo da, halanola, iheslari bat garbitzen delarik, arrats hartan berean, edo biharamonean, berrehun-hirurehun-laurehun jende ukabilak altxatuz, esanaz «Gora Euskadi marxista!». Ez da hori hemengo hizkuntza, hemen ez gara marxistak!
Hori da hizkuntza bat joaki ez dena hemengo kontsumidorearekin. Gaurko egunean kontsumazioneak egiten du merkatua. Zertarako balio du mintzatzea gisa batez, jendeak nahi duelarik mintzatzea beste gisa batez? Mintzaira berri bat, hori da gure eginbeharretako beste bat gure pretentsioneak esateko manera xuxen bat.
A.–Baina ez duzu operazio bat antolatuko ETB hartzearen eta mintzaira berri batean bakarrik oinarrituz. Ekonomia ere aipatu duzu.
A.L.–Badakizu, jauna, eta aurrekoa etsenplu gisa eman dut, Euskal Herrian ez da hiru probintzien mailako batasunik. Eta batasun horren kontra direnek esaten dute «baina gizona, zertarako behar gaituk juntatu 157 herritako auzapetak, non kokatzeko, zer egiteko...?». Gizon horiek berek emana dute beren baimena emana dute Frantziako alkate edo auzapezen elkartea egiteko. Beraz, 36.000k ahal dute, baina 137k ez.
Guzti horiek behar dira esan, ez zakarki baina biperki, jendeak nahi duen mintzairan emanez. Zorgaitzez jendeak gostu ez duen maneran mintzatu gara edo idazkiak egin ditugu orain artean.
Beste punttu bat. Zuberoa arront baztertua da Lapurdi eta Baxenafarroatik, Olorongo «arrondissement» delakoan dago. Kasetetan, Euskal Herrikoa Lapurdi eta Baxenafarroan hedatzen da, eta zuberotarrek bearnesena erosi behar dute. Guk zuberotarren berriak jakiteko bi egunkari behar ditugu erosi. Baina hemengo kasetak 400.000 ateratzen ditu, pentsa ze indarra duen. Indarrez ezin gara joan bere zuzendariagana, baina 60 auzapez joaten bagara, eta behar bada beste 140 hautetsi...
A.–Marrazten diguzun mogimendu politiko horri notabilismo usaina alde guzitetarik dariola aitortuko duzu.
A.L.–Eguberriak bitartean 200 bat hautetsi beharko litzateke bildu. eta orduan lan izigarria eginen genuke gure hizkuntzaren, kulturaren eta nortasanaren berriz gure eskutan hartzeko. Baina berrehun baino guttiagotan, guttiago eta ehun batetan arras gutti. Gure prolema da nombrea, kopurua.
Baina Herri ttipia bait gara, 250.000 arima, eta nola 15 punttu horietan aipatuko bait ditugu teknologia handiko punttuak, uste dugu hautetsi hutsekin ez ditugula egingo laneko multzo haundiak. Beraz, hilabeteren buruan edo hola, jendeak ikusiko du ainitz hautetsi sartuko dela batasun berri honetan, Jainkoak nahi badu, eta orduan zabalduko dugu gure "Goiz Argi" hori hautetsi ez direnei, egiteko multzo bat ez politikoa baina bai indar eta jakitate haundikoa.
A.–Arazo puntual batzuez mintzatu zara, baina arazo politikoekin ere eginen duzue topo. Euskal Departamentu bat egiteko posibilitatea edo beharra, adibidez. Hautu bat egina duzue horretaz ala gerorako uzten duzue?
A.L.–Nere hautua egin behar balitz... baina hemendik astebetera 200 izanen gara, Jainkoak nahi badu, eta denon artean beharko da erabaki. Dena den, hain garbiki esaten dizut hau, jauna: nahi bagaituzte zenbaitek pusatu, izpiritu txarkerian, azpijoko eta hola eginaz, sobera politikako punttuei buruz, nahiago dut biharamonean atera ezen ez hola segitu. Sobera petto egin dute hemengo ainitzek petto bera gure gain hartzeko. Nik hori ez dut nahi.
Badira gaiak nere bihotza zauritzen dutenak, baina batasun horretan zenbait denboraz gure gain hartu behar ez direnak. Zein diren ez dut orain esanen. Baina sortze biharamonean xahutu nahi gaituztenek aski dute nahi ez dugun sail batzuei buruz bortxatzea. Ez dut pretentsionerik eginen ditugula guk besteek sekula asmatu ez dituzten gauzak, gezurra litzateke. Ez dut pretentsionerik eginen ditugula besteek egundaino defendatu ez dituzten gauzak, gezurra litzateke. Nik esaten dut entseatu behar dugula, eta agian irabazi, beste batzuek egitera alferrik entseatu diren gauzak.
A.–Eta hola iritsiko dira heldu den martxoko hauteskundeak.
A.L.–Gure batasun berriaren izenean ez da nihor presentatuko, ez dugu suizidiorik nahi, sei hilabeteren buruan bozken aurrean gure batasuna ez da deus izanen oraino. Ez dugu deus jakin nahi Frantziako hautetsiez. Gehien eginen duguna da galdegin kandidato guztiei publikoki ea zein den beren pentsatzeko manera gure punttuei buruz, bozemaileek ikusi dezaten nola behar diren jujatu kandidatoak. Baina gure batasunak ez du santa sekula esanen noren alde eman boza. Heldu den martxoko kandidatoek deus gutti dute ikustekorik Euskal Herriaren geroaz, eta ez duten inportantziarik ez diogu emanen episodio horri.
A.–Hegoaldetik kezkati gaude errefuxiatuen geroarekin, batez ere azken episodio odoltsuen ondoren. Zer egin daiteke horretaz?
A.L.–Ez da deus egitekorik, sail horretan Parisek gogoan duena egiten du: paperak nahi duenari eman, urtetan goaitan egon ondoren, nahi dutenei ukatu, hamar mila kilometrotara igortzen, paperik gabekoak utzi... Eskuin nahiz ezkerrekoek, berdin egiten dute. Desesperatuak gara.
Gero GALeko ixtorio hori, urdekeria bat da, mundu guztiak konprenitzen du. Ez dira izaten ahal jende-hiltzaileak hain ongi apailatu eta pagatuak Espainian politikan oso goian daudenen laguntzarik gabe. Nik jakin nahi nuke ea hartu den laguntzailerik politikaren sailean Frantziako partean. Zeren ez dut sinesten hain lasai ibili daitezkeenik jende-hiltzaileak... eta ze jende-hiltzaile, munduan atxemaiten ahal diren perrekerienak, puta-ibiltzaile, droga saltzaile eta horietarik... soziate batean diren nazkagarrienak. Gauza itsusia hunk igarria eta jendea kexu da.
A.–Ez al da irtenbiderik ikusten horren aurrean?
A.L.–Euskal Herritik zer nahi duzu egitea, gaizoa? Mozio bat bozkatzea, erranez barne ministrariari zerbait behar dela egin? Bere baitarik behar du jakin, bere lana, zer balio du mozio batek? Eta gero grebak egiten ahal dira eta hau eta hura. Zer nahi duzu, bakotxak... Nik, lau gizon gaiso horiek hil zituztelarik badakizu zer egin nuen? Biharamonean, isil-isila, Baionara joan naiz, zazpietan, eta meza entzun dut, kaputxinoen kapera ttipi-ttipian, ez nau inork ikusi, ez nuen lekukorik nahi, nere pena, nere zauria gogoan, otoitz egin dut. Lau maluros horien arimentzat, eta mundu honetan utzi dituzten aitentzat, amentzat, emazteentzat, haurrentzat, lagunentzat. Zer gehiago egiten ahal dugu? Zer positiborik?
Iñaki ZUBIONDO
Mitxel Labeguerie-ren asmoen jarraitzeko gogoa aitortzen du Luberriagak.
Zenbait hautetsiren mogimenduaren eta Herri taldeen inguruko konberjentziaren ondoan, Luberriagak "Goiz Argi" sortu du.
Paris, Hego Amerika eta Madrilen Renault enpresarentzako lan egin ondoren, Baionan enpresa bat gidatzen du.
GALen aferean zer eginik ez denez, hildakoen alde otoitz egin beste biderik ez du ikusten Azkaineko auzapenak.
11-14
GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAJ
GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
PertsonaiazLUBERRIAGA1
EgileezUBIONDO1Politika