“Zure zaharra zaintzeko kontratatu behar bagaituzu ez gaitzazu begiratu gainetik, parez-pare baizik”

  • Euskal Herriko Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitarioen Elkarteko kidea da Soraya Agirre. Berak orduka egiten du lan zaharrak zaintzen, baina elkarteko %90 egoiliarrak dira, zaintzen duten zaharraren etxean bizi direnak. Alokairua lortzeko eta lan baldintzak duintzeko martxan dituzten borrokak azaldu dizkigu lanetik etxeratu denean, 21:00etan. Alabari afaltzen eman, eta orduan hasten du gauero bere lan militantea.


2023ko martxoaren 08an - 06:33
Azken eguneraketa: 10:10

Aurkeztu zuen elkartea: nortzuk zarete eta zerk batzen zaituzte?

Une honetan 250 kide inguru gara eta ditugun arazoei aurre egiteko antolatuta gaude. Jatorri anitza dugu, gure artean herrialde hauetako jendea dago: Ekuador, Venezuela, Kolonbia, Nikaragua, Honduras, Puerto Rico... Afrika kontinenteko zenbait ere bai eta Espainiako estatutik migratu zutenetako batzuk ere bai, Andaluziakoak. Bizilekuz, gehiengoa Bizkaian kokatuta gaude, eta kideak ditugu Gipuzkoan eta Araban ere.

Martxoaren 3an egin zenuten prentsaurrekoan “etxebizitzak orain, justizia sozialaren alde!” egin zenuten aldarri. Zein injustizia bizi dituzue etxebizitza alokatzerako orduan?

Gure kideen %90 zaintzaile egoiliarrak dira. Gainerakoek zaintza lanak orduka egiten ditugu. Egoiliar izateak esan nahi du etxe horretan gaua pasatzen dutela jende heldua zaintzen, batzuetan 24 orduz jarraian lan egiten dute... eta atseden orduak dituztenean etxe horretatik kanpo gela bat izan nahi dute baina oso zail daukate lortzen.

"Gela bat alokatzen digunak bertan erroldatzeagatik kobratu egiten digu kasu askotan"

Hasteko, inmobiliaria bidez ia ezinezko dugu alokatzea: nominak eta fidantzatan dirua aurreratzea eskatzen dituzte... Norbanakoei alokatzean, berriz, gela baten truk diru gehiegi kobratzen diete: 400 euro. Eta gela bat alokatzen dietenean, askotan ez diete bertan erroldatzen uzten, eta jakina da gure paper egoera legeztatzeko eskatzen diguten lehen gauzetako bat hiru urtez bertan erroldatuta egon izana dela. Beste etxe jabe batzuek egiten duten eskaintza hauxe da: “Bertan erroldatzearen truke kobratu egingo dizut, eta gainera ez zara etxe horretan biziko”. Eta beste batzuek bi gauzak kobratzen dituzte: 300 euro gelagatik eta 120 euro erroldatzeagatik, hilero!

Lanean buru-belarri aritu, atseden hartu, dirua bidali jatorrizko herrialdean den familiari, eta hemen seme-alabarik badugu horiek zaindu... oso zaila da. Egoiliar izanda ia ezinezkoa da seme-alabak izatea.

Ate-joka ari gara, hitz egin dugu Bilboko udalarekin, Caritasekin... Caritasen erantzuna jaso dugu eta pisu bila gabiltza elkartearen izenean alokatzeko eta premiarik handiena dutenak bertan bizi daitezen. Pisu honetan elkarbizitza zaintzea ere garrantzitsua izango da, hemen familiarik gabe gaude eta elkarri babesa emateko modu bat ere izango da pisuetan elkarrekin bizitzea.

Lan arloan zein dira zuen aldarrikapenak?

Egoiliar lana abolitu dadin ahalegintzen ari gara. Izan ere, egoiliarren lana esklabutza da: egunean 14-15 ordutik 24 ordura artekoa. Nire ametsa hori litzateke: guztion lana 8 ordukoa izatea, zaharrak zaintzea ere lan arrunt bat izatea. Lortzeko zaila da baina uste dut ez dela ezinezkoa. Borrokan jarraitu beharko dugu baina gure birbilobek ikusiko duten itxaropena badut.

"Egoiliar lana abolitu behar da eta bereizi egin behar dira etxeko lana eta zaintza lana"

Bestalde, askotan nahastu egiten dira etxeko lana eta zaintza lana. Hori da gure beste borroketako bat: egoiliarrek bi lan egiten dituzte aldi berean. Definitu egin behar da zeren truke ordaintzen den, zaintzarako edo etxeko lanetarako. Bi lanak oso ezberdinak dira. Gure kideetako gehienak formazio soziosanitarioa egiten ari dira: duten denbora libre apurra horretan ematen ari dira, zaharrak zaintzeko titulazioa izaten. Horretan espezializatzen ari gara, zaintzea lan gogorra da, eta baloratu dadila. Pertsonekin ari gara lanean, zaintzen ditugunak ez dira gauzak.

Zein lan baldintzatan zaudete?

Gure kideen artean, batzuek ez dute kontraturik. Beste batzuek ez dute ordu librerik. Legearen arabera, egunero hiru ordu libre dagozkie, eta asteburutan 36 ordu jarraian dagozkie libre. Gure kide batzuek diote larunbatetan 13:00 aldera ateratzen direla lanetik eta igandean ordu berean itzuli behar dutela. Askotan eta askotan ez da legea betetzen. Pertsonak zaintzeko atseden hartzea beharrezkoa da. Guk ere badugu gure bizitza, ezin gara lanerako bakarrik bizi.

Eta hala ere jendeak bere lanari eusten dio, haiek lan horri uko egiten badiote beste batek onartuko duen beldur. Eta kanpoan familiari lagundu behar diotelako, edo seme-alabak dituztelako, edo zorpetuta daudelako...

Urteak daramatza feminismoak egoiliar lana esklabutza dela aldarrikatzen. Gizartea gero eta kontzientziatuago dago, edo krisiarekin are gehiago estutzen zaituztete?

"Zaintzaileari kontratua egin nahi ez dion ugazaba horietako bat Aldundiko langilea da!"

Gure kideetako batzuk gustura daude, tratu ona jasotzen dutela sentitzen dute eta legez dagokiena kobratzen dute. Baina beste kide batzuek oso ordain txikia jasotzen dute, ez diete kontraturik egiten... pentsa, kontratua egin nahi ez dioten kide horietako baten ugazaba Aldundiko langilea da!

Denetik dago, ugazaba asko kontzientziatuta dago eta gure egoera hobetzea nahi dute eta beste askok, aldiz, ez dute tratu duinik eman nahi.

Zaindu ditudan zaharrek ere esan izan didate: “Soraya, nola zoazte? Gure garaian ere atera ginen kalera gure eskubideen alde. Gauza bera bizi izan dugu”.

Nola eragiten du atzerritar legeak zuen lan baldintzetan?

"Hiru urte luze dira paperik gabe biziraun beharrekoak eta horregatik onartzen dira bestela onartuko ez liratekeen lan baldintzak"

Paperik gabe dauden emakumeak beldurrez egoten dira, jasotzen duten mezua delako “paperik ez duzunez, ezin duzu lanik egin, salatu zaitzakete”. Paperak lortzen dituzunean ate gehiago zabaltzen zaizkizu: kontratua egin dezakezu eta bestelako lan bat lortu dezakezu. Hiru urte luze dira paperik gabe biziraun beharrekoak. Eta egoera horretan dagoenak horregatik onartzen du jasotzen duen lehen eskaintza, bestela onartuko ez lituzkeen lan baldintzetan. 1.200 euroan dago gutxieneko soldata, eta 700 eurogatik lanean ari da jendea egun osoz, gizarte segurantzarik gabe.

Hiru urte horiek pasatutakoan ere, burokrazia handia dago. Hitzordua lortzea oso zaila da COVID-19az geroztik. Hitzorduekin negozioa egiten ari dira.

Hainbeste orduz lan eginda, nola egiten duzue antolatzeko eta borrokatzeko?

Udan Miribilla plazan elkartzen ginen, igandetan. Gure artean hitz egiten genuen, bakoitzaren egoeraz, norbaitek arazo bat bazuen besteen artean laguntzen saiatzen ginen, eta ezagutzen genuen jendea taldera batzen joan ginen. Horrela joan zen taldea hazten eta hazten, egun 250 izan arte.

Badugu whatsapp talde orokor bat, eta baditugu hainbat lantalde ere: etxebizitza, lanbidea, errolda... Orain plazan elkartzeko hotz egiten duenez, eta gehienak egoiliarrak direnez, bideo-deiak egiten ditugu.

Martxoaren 8an elkarrekin aterako gara emakumeok kalera, baina urtean zehar eta egunerokoan, emakume batzuek zaintza behar dugun zaharrak, beste batzuek zaintza lanek gainditutako zaharren alabak, eta beste batzuek lan horietarako azpikontratatutako langileak... Denak emakumeak, baina oso posizio ezberdinetan. Bada kontraesanik? Nola lagundu dezakegu elkar?

Badira kontraesanak. Argi esango dut: gurasoak zaintzera iristen ez bazara eta kontratatu behar banauzu, lehenik, tratu ona emaidazu. Ez nazazu begiratu gainetik, begiratu ezaidazu parez pare. Tratu ona ematen badigute, ongi sentitzen gara, eta gure lana goxotasunez egingo dugu. Bigarrenik: ezin badidazu ordaindu legez badagokiona, esaidazu. Esaidazu, eta iritsiko gara adostasunera orduetan, edo agian lanetako batzuk zure gain hartu ditzakezu... Hau elkarri laguntzea da: zuk laguntzen didazu eta nik laguntzen dizut. Nik dirua behar dut gastuei aurre egiteko, eta zuk beste hainbesteko beharra duzu nik zure gurasoa zaindu dezadan. Martxoak 8an eta gainerako egunetan, elkar lagundu dezagula.

Zuretzat zer da zahartzaro on bat? Nola nahi zenuke zuk zaindua izatea zahartzen zarenean?

"Zahartzen naizenean atera nazatela paseatzera eta ez nazatela aislatu"

Zaindu nazatela ongi, atera nazatela paseatzera, eta ez nazatela aislatu, ongi sentitu nadin. Dantzatzea gustatzen zait, beraz, eraman nazatela dantzalekura. Alaia naiz eta zahartzean ere alaia izan nahiko nuke, eta aldarte onean zaindu nazatela, espantutarako gaixotasunak daude-eta! Nire zahartzaroan ongi irudikatzen dut nire burua, baina minekin, dagoeneko minez banago, pentsa zahartzean...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Martxoak 8
Gure istorioak berreskuratzea eskubideak defendatzeko

Duela aste batzuk, gurean egon ziren El Salvadorko eta Kanarietako emakumeen eskubideen aldeko hainbat aktibista. Sexu- eta ugalketa-eskubideez eta eskubide horiek urratzeak emakumeengan dituen ondorioez aritu gara; hala nola El Salvadorren berezko abortuak izanda homizidio... [+]


Pintaketa faxistak egin dituzte Maulen aldarri feministen aurka

Martxoak 8an egindako pintaketak gainetik margotu dituzte ikur faxistekin Zuberoako hiriburuan. Horren aurrean elkarretaratzera deitu dute, astelehenean.


2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


2025-03-06 | Haizea Isasa
Kasu, ez gitxu lo!

“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.

Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]


Feminista sindikalista ala sindikalista feminista

Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.


Bilgune Feministak Iratxe Sorzabal babestu du
“Indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urtez luzez estatuek babestua”

Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta elkarretaratzea egin dute Hernanin Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazi eta "babes osoa" emateko. Inkomunikatuta egon zen uneak berriz ere epailearen aurrean kontatu behar izatea, "bizi izandakoak utzitako ondorioen... [+]


2025-03-05 | Leire Artola Arin
Zaintza eskubidea aldarrikatuko dute sindikatuek ostegunean

Martxoaren 6an 11:00etan Bilbon eta Iruñean mobilizazioak egingo dituzte sindikatuek, patronalak eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua interpelatzeko, zaintza eskubide kolektiboari dagokionez.


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | Leire Artola Arin
Irene Ruiz, Itaiako kidea
“Instituzioak beraiek ere badira oldarraldi matxistaren erantzule”

Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]


M8an faxismoaren kontra eta aliantza feministen alde egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra aldarrikatu.


Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


Eguneraketa berriak daude