Altzürüko gazteek emanen dituzte 2020ko maskaradak heldu den otsailaren 9tik aitzina. Memoriak hutsegiten ez badigu iaz Urdiñarbeko gazteek eman zituzten eta duela 2 urte Muskildikoek. Baina... duela 3 urte? Eta duela 4? Eta zein izan zen Altzürüküko gazteek maskaradak muntatu zituzten azken aldia? Galdera horien erantzunak bilatu nahi dituenak Dantzan webgune honen tripetan arakatzea du biderik onena, baina hamarkada batzuk atzera egin nahiko bagenu, gauza konplikatu egiten da. Beraz, urtez urte maskaradak zein herrik eman dituen zerrendatzea otu zaigu, norbaitendako lagungarri izan daitekeelakoan.
Urtekako egutegi hau osatzeko, esan bezala, Dantzan-eko hemeroteka izan dugu ezinbesteko informazio iturri, bai eta beste hedabide batzuena ere: Berria, Euskaldunon Egunkaria eta Argia-renak, besteak beste. Beste zenbait argitalpenetan ere kuxkuxeatu dugu hala nola, Jean Mixel Bedaxagarren Aitzina Pika eta George Herelle-ren Les mascarades souletines liburuetan, Zuberoako pastoraletako hainbat liburuxketan, Sü Azia elkarteak argitaratutako Maskaradak liburuxkan, Dantzariak aldizkarietan, Bizkaia.eus-en irakurgai dagoen Kepa Fernandez Larrinoaren artikulu honetan eta Bilketa.eus-en gordetako François Fourquet-en beste liburu honetan ere.
Urtekari hau egitean hainbat gauzek deitu digute arreta eta horiek ere partekatuko ditugu zuekin beheraxeago, baina lehenik horratx Zuberoako maskaraden antolatzaileen zerrenda, urtez-urte.
Urtea | Herria |
2020 | Altzürükü |
2019 | Urdiñarbe |
2018 | Muskildi |
2017 | Pettarra |
2016 | Sohüta-Hoki |
2015 | Idauze-Mendi |
2014 | Zalgize-Iruri |
2013 | Gamere-Zihiga |
2012 | Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiak |
2011 | Santa Grazi (bertan behera) |
2010 | Larraine |
2009 | Barkoxe |
2008 | Aloze-Atharratze |
2007 | Maule |
2006 | Urdiñarbe |
2005 | Altzürükü |
2004 | Iruri-Zalgize |
2003 | Sohüta |
2002 | Gamere-Zihiga eta Eskiula |
2001 | Ligi-Atherei |
2000 | Atharratze |
1999 | Idauze-Mendi |
1998 | Altzai-Lakarri |
1997 | Larraine |
1996 | Muskildi eta Mitikile |
1995 | Barkoxe |
1994 | Santa Grazi |
1993 | Urdiñarbe |
1992 | Eskiula eta Altzürükü |
1991 | Altzai-Lakarri |
1990 | (...) |
1989 | Muskildi |
1988 | (...) |
1987 | Muskildi |
1986 | (...) |
1985 | Basaburua |
1984 | Barkoxe |
1983 | Eskiula |
1982 | Urdiñarbe |
1981 | |
1980 | |
1979 | Altzürükü eta Barkoxe (udan) |
1978 | |
1977 | Urdiñarbe |
1976 | Altzai-Lakarri |
1975 | |
1974 | Xiberoko Zohardia elkartea |
1973 | |
1972 | Altzürükü |
1971 | |
1970 | Altzai-Lakarri |
1969 | Sohüta |
1968 | Altzürükü |
1967 | |
1966 | |
1965 | |
1964 | |
1963 | Altzürükü |
1962 | |
1961 | |
1960 | Sohüta |
1959 | |
1958 | |
1957 | Altzürükü |
1956 | |
1955 | |
1954 | Eskiula |
1953 | Atharratze |
1952 | Altzai eta Sohüta |
1951 | Altzürükü |
1950 | |
1949 | Urdiñarbe |
1948 | Eskiula |
1947 | Atharratze, Onizegaine eta Sohüta |
1946 | Hauze eta Barkoxe |
1945 | |
1944 | |
1943 | |
1942 | |
1941 | |
1940 | |
1939 | |
1938 | Altzürükü |
1937 | |
1936 | Urdiñarbe |
1935 | |
1934 | Sohüta |
1933 | Altzürükü eta Ligi-Atherei |
1932 | Montori |
1931 | Hauze |
1930 | Ozazu-Zühara eta Urdiñarbe |
1929 | |
1928 | Eskiula eta Altzai |
1927 | Gaztelondo (Barkoxe) |
1926 | Larraine |
1925 | Altzürükü, Ligi-Atherei, Lexantzü, Montori eta Sarrikotagaina |
1924 | Sohüta |
1923 | Urdiñarbe eta Etxebarre |
1922 | Hauze |
1921 | |
1920 | |
1919 | Larraine |
1918 | |
1917 | |
1916 | |
1915 | |
1914 | Urdiñarbe |
1913 | Ligi eta Lexantzü |
1912 | |
1911 | Hauze |
1910 | Gamere tea Hastüe |
1909 | Larraine |
1908 | Aloze |
1907 | |
1906 | Atharratze eta Altzai |
1905 | |
1904 | Barkoxe |
1903 | |
1902 | |
1901 | Atharratze |
Datu interesgarri asko biltzea lortu badugu ere, konturatuko zineten zerrenda hutsunez betea dela. Horretarako bi arrazoi nagusi daude. Batetik, izan daiteke urte horretan ez zela maskaradarik izan, edo bestetik, ezin izan dugula lortu urte horri buruzko informazio zehatzik eta hartara ez dakigula maskaradarik izan ote zenez. Beraz, lehenbiziko eskea informazio xeheagoa izan dezakezuen lagunoi, zerrenda osatzen lagunduko?
Hutsuneak hutsune —baina jakinda, hain zuzen, horiek gure ondorioak baldintza ditzaketela—, begi kolpe batez, hainbat kontuk deitu digute arreta. Denboran atzerago egin eta orduan eta zailago egin zaigu informazio zuzena lortzea. Horregatik ez dugu garbi hutsik agertzen diren urteetan maskaradarik izan ote zen ala ez. Alta, Allande Sokarros, Thierry Truffaut eta Kepa Fernandez Larrinoaren artikuluei esker egiaztatu ahal izan dugu, adibidez 1988 eta 1990 urteetan ez zela maskaradarik izan eta François Fourquet-en liburutik ondorioztatu dezakegu 1986an seguraski ere ez zirela egin, garai hartako maskaraden zerrendatze batean urte hartakoa saltatu egiten baitu. Hutsik agertzen diren gainontzeko datetan aldiz, ez dugu egiaztatzerik izan Zuberoan inauteririk izan zen ala ez. Bi Mundu Gerren garaiko etenaldiak (1914-1918 eta 1939-1945) azaltzen errazak dira. Bestetik, azpimarragarria iruditu zaigu, François Fourquet-ek bere liburuan dioen beste hau ere: "Après 1959, plusieurs années s'écoulent sans qu'on voie une seule mascarade dans toute la Soûle. La tradition paraît définitivement éteinte". Hau da, 1960ko hamarkadatik aitzina Zuberoako herritarrek nekez montatu ahal izan zutela maskaradarik maiztasunez.
Pentsatzen ahal dugu, beraz, XX. mendeko gainontzeko hamarkadetako beste zenbait hutsuneren arrazoia hori bera izan daitekeela, maskaradak plantan emateko bateko eta besteko zailtasunak, hain zuzen. Izan ere, egutegi(osatugabe)ak erakusten digun argazkitik zera ondoriozta genezake: maskaradak takadaka antolatu zituztela joandako mendeko zenbait garaitan. Herri batek ohitura berrabiarazi, beste herrietako gazteak ere animatu eta indarra hartzen zuen inauteriak —II. Mundu Gerraren ondotik, esaterako—. Horrenbeste, urte berean 2, 3 edo, areago, 5 herrik maskaradak aldi berean muntatzeraino (2 maskarada urte berean: 1906, 1920, 1913, 1923, 1925, 1928, 1930, 1933, 1946, 1952, 1979 eta 1992. 3 maskarada urte berean: 1947. 5 maskarada urte berean: 1925), baina hortik urte batzuetara ekimenak indarra galdu eta zenbait urte pasatzen ziren zikloa berriz abiatu arte, galtzeko arriskuan.
Zentzu horretan esanguratsua da 1974. urteko maskaradak Zuberoako Zohardia elkarteak antolatu izana, hango eta hemengo dantzari eta arizaleekin, indarrez ahul ziren inauteriei bultzada emateko asmoz.
Azken denboran maskaraden etorkizuna arriskuan egon ote litekeen behin baino gehiagotan aipatua izan bada ere, urtekari honen arabera ondoriozta dezakeguna da 1980tik aitzina maskaradek haien garairik egonkorrena bizi dutela azken 120 urtetan. Lau hamarkadetan 35 aldiz lortu dute zuberotar gazteek maskaradak muntatzeko aski lagun biltzea eta arazoak izan direnean —2012an kasu, bi urtez segidan maskaradak bertan behera geratzeko arriskua izan zenean— irtenbide burutsuak izan dituzte. Urte hartan, Santagraziko maskaradak bigarren urtez suspenditzeak ekar zezakeen etenaren arriskuaz oharturik, Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek hartu zuten aste gutxitan maskaradak muntatzeko ardura. Arizale guzti-guztiak euskaldunak izan ziren urte hartan eta haien erabakiak argi uzten du maskaraden sokari jarraipena emateak Zuberoako gazte hoiendako zuen garrantzia.
Halako zerrenda bat esku artera heldu eta lehen tentaldietako bat izaten da ikustea zein herrik eman duen maskaradarik gehien. Zuei gertatu zaizue? Bada guri bai. Beraz, zerrendaren arabera maskarada gutxien eman duen herritik hasi eta honakoa litzateke hurrenkera: Astüe (1), Etxebarre (1), Maule (1), Ozazu-Zühara (1), Sarrikota-gaina (1), Aloze (2), Idauze-Mendi (2), Montori (2), Lexantzü (2), Santagrazi (2), Zalgize-Iruri (2), Gamere-Zihiga (3), Hauze (4), Ligi-Atherei (4), Larraine (5) Altzai-Lakarri (6), Eskiula (6), Atharratze (7), Barkoxe (7)Sohüta-Hoki (8), Urdiñarbe (10), and the winner is... Altzürükü 12rekin!! Ez galdu beraz, Altzürükütarren 12. Maskaradak otsailaren 9tik goiti!
Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]
Xiberoa eta Baxe Nafarroa artetik jalgiko da aurten maskarada. Ehun urteko etenaldiaren ondotik, xiberotar usaia berreskuratuko dute aurten Pagolako gazteek.
Hasi dira maskaradak Zuberoan, urteroko tradizioari jarraiki. Alabaina, tradizioak aldatu daitezkeela erakutsi dute aurten Maulen: lehen aldiz, ez da buhamerik izango. Pertsonaia horiek ijitoak ziren, eta estereotipoetatik eta arrazakeriaz antzezten zirela salatu izan dute... [+]
Urtarrilaren 15ean hasi eta apirilaren 22an bukatuko dira 2023ko maskaradak, Maule-Lextarreko gazteek emanak. Guztira hamabost emanaldi lotu dituzte. Lau hilabetean zehar, asteburuz asteburu, Zuberoako hamahiru herri bisitatuko dituzte hiriburuko gazteek. Ohi den legez, lehen... [+]
Erabakita dute zuberotarrek datozen hamar urtetako pastoralak eta hiru urtetako maskaradak zein herrik emango dituzten, eta zerrenda luzatzen doa urtetik urtera. Hilabete honetan gehitu dira, adibidez, Lakarri-Altzaiko herritarrak. Martxoaren hasieran Xiberoko Boza Irratian... [+]
Herri batzuetan urtero moduko inauteriak izango direla adierazi da, beste zenbaitetan moldatu egin dituzte eta beste batzuetan bertan behera gelditu dira inauteriak. Sarrera honetan beste urteetan ospatu izan diren errituak zerrendatu ditugu, baina horrek ez du esan nahi aurten... [+]
Zamaltzain, entseinari zein laborari aritua da Joimo Arantzet (Atharrazte, 1974) hainbat maskaradetan. Etxetik jaso du dantza, Zuberoan ohikoa izan den moduan, eta seme-alabei ere transmititu die dantzarekiko maitasuna eta gaitasuna. Etxekoei ez ezik baita inguruko hainbat... [+]
2021eko Maskaradak bukatu orduko hasiko dira 2022koak. Izan ere, pandemia dela-eta Barkoxeko gazteek inauteriak neguan ospatu beharrean udan hasi zituzten iaz, eta urtarrilaren 8an Barkoxen emango diote amaiera. Astebete beranduago, urtarrilaren 16an, abiatuko dira... [+]
2020an eman behar zuen Barkoxek maskarada Atarratzerekin batera.
Neguko festak, inauteriak dira maskaradak, baina pandemiak ez du hauek ospatzeko aukerarik eman azken neguan, beraz, udan emango dituzte aurten Barkoxeko gazteek, uztailaren 31n hasita.
COVID pandemia dela eta beste kultur ekitaldi guziak bezala, kanbiamenak izango dira Xiberoan ere. Aurten Altzürüküko maskaradak zale ekuarazi baditu ere, ondoko urtean ondorioak ekarriko ditu.
Barkoxeko eta Atharratze-Alozeko gazteak ari dira saioa prestatzen, COVID-19ak baldintzaturik.
Aurtengo maskaradako gazte taldean “zaharrena” zen Marie Annick Jauri (Altzürükü, 1992). Zuberotar inauteriko tradizioan pertsonaia nagusien rola betetzeko emazteen aldia heldu dela konbentzitua bada ere, ez da hala gertatu bere herriko maskaradetan,... [+]