Zitriko uztak posible dira Euskal Herrian?

  • Etxe inguruan limoiondo edo laranjaondo bat izatea gauza estimatua da. Exotikoak zaizkigu Budaren eskuak eta cumbavak. Baina posible al da zitriko edo garrazki uzta handiagoak jasotzea Euskal Herrian? Nola lortu neguan ere bertako fruta jatea? Gipuzkoako Getaria herrian Garatemendi proiektu kolektiboan lanean ari diren Leire Ibarretxe eta Mirene Begiristain (Biolurreko kide ere badira) elkarrizketatu ditu Eli Pagolak Egonarria saioan.


2024ko otsailaren 08an - 06:00
Azken eguneraketa: 07:49

Hainbat kideren artean lantzen ari dira Garatemendi proiektua, eta lau arlo ditu: landare aromatikoak, erleak, basoa eta garrazki edo zitrikoak. Iaz landatu zituzten garrazkiak, eta fruta jasotzen zazpi-zortzi urte barru hastea aurreikusten dute: "Bakarrik hemendik biziko bagina, hainbat urtez eutsi beharko genioke fruituak ematen hasi arte, eta hori oso zaila da. Gu mixtoan ari garenez, marjina emarten digu itxaroteko eta esperimentatzeko", azaldu dute Egonarria saioan. Baina zergatik garrazkiak? "Euskal Herrian elikadura burujabetzari begira frutagintzan hutsune handia dugulako eta negu partean fruta jasotzeko aukerak ematen dituztelako". Gainera, Garatemendi proiektuko beste alorrekin nahasteko modua bilatzen ari dira, hau da, eztigintzan eta infusiotarako landareekin nahastuta erabili ahal izateko.

Laranjak, limoiak eta mandarinak landatu dituzte, baina gutiziei ere leku egin diete, fruta usaintsuagoak eta exotikoagoak sartuz: Budaren eskua, cumbava, caviarra... Garrazkiak edo zitrikoak lantzeak dituen berezitasunez mintzatu dira Eli Pagolak egin dien elkarrizketa honetan:

Zergatik ekoizten da hain fruta gutxi Euskal Herriko kantauri isurialdean?

Leire Ibarretxek azaldu duenez, "oso konplikatua da Euskal Herriko ipar isurialdean, kantauri isurialdean, fruta ekoiztea. Gainera, gaur egun dauzkagun balioak kontuan hartuta, prezio baxuko fruta izaten da, oso fruta homogeneo eta perfektua landu izan da eta kontsumitzaileak hori eskatzen du, barietate jakin batzuek… Aparte, orografia oso konplikatua da, sail berdinak ez daude eta ezin da hainbeste mekanizatu… Sektore oso konplikatua da eta hutsune bat dago. Profesionalki oso jende gutxi bizi da frutazaintzatik, ez bada sagardotegia daukalako edo txakoli munduaren bueltan, frutaren eraldaketak ematen dion balio erantsi horrek ahalbidetzen du ekonomikoki hori posible izatea".

Baina Mirene Begiristainek gogora ekarri ditu iraganetik iritsi zaizkigun arrastoak: "Tradizio handirik ez dago, nahiz eta kostaldean egon izan den garrazkiak izateko ohitura minimo bat, esaten da ontziak itsasora abiatu aurretik pasatzen zirela zitriko bila eta Hondarribitik Muskizeraino behintzat izaten zirela garrazkiak, nahiz eta txikiagoak ziren, garratzagoak... bitamina bilatzen zuten eskorbutoari aurre egiteko. Geroago ere estimatua izaten zen, adibidez gerra ostean laranjak Gabonetan jasotzea... Adibidez, Mutrikun badago auzo bat, Laranga izena duena. Horrelako erreferentzia batzuk baditugu eta kostaldeko etxe askotan ikusten da badagoela limoiondoren bat... oso ohikoa izaten da, baina ekoizpenari begira gutxiago".

Erreferente gutxi izan dituztela aitortu dute, eta horietan nagusia, Mutrikuko Ekoalboraz proiektua izan dela: "Hantxe dute zitriko sail bat, eta gozamena da: heldutasunera iritsi diren arbolak dira (20-25 urtekoak) eta frutaz beteta daude".

Ezkerretik hasita, Leire Ibarretxe eta Mirene Begiristain, Egonarria saioan elkarrizketan.
Nola izan pozik etxeko laranjaondoak eta limoiondoak

Ibarretxeren hitzetan, "zitrikoentzako faktore limitanteena hemen hotza da. Landatu ondorengo bi urteak gakoak dira, izozteak ez dituzte ondo jasaten, eta babesean ipintzea oso garrantzitsua da: pareta baten kontra edo babesean ipinita, normalki landareak aurrera joko du. Baina gero, ekoizpenean, izozte batek loraldia eta ekoizpena bertan behera laga dezake". Begiristainek jarraitu du zitrikoak pozik izateko zaindu beharreko beste faktoreak zerrendatzen: "Haizea ere ez dute gehiegi maite. Ur putzuak ez zaizkio gustatzen: ur asko behar dute, baina lur drainatuan. Saiatzen gara hotzaren faktorea zaintzen, urarena ere bai, baina gero badator haizea... beti dago zerbait".

Begiristainek aldagai hauez kanpo, gakoa izan daitekeen hauxe eman du: patroia edo mentua hautatzea, kantauri isurialdean aurrera egiteko egokiagoa izango dena. Garatemendi proiekturako landareak erosteko, Ekoalborazek eman zien erreferentziari kasu egin zioten, eta Iberiar penintsulako hegoaldera begira jarri beharrean, iparralderantz jo zuten: Frantziako estatuan, Mont-de-Marsan inguruan dagoen Dufau mintegira, alegia: "Mintegi horretan lantzen duten patroia ongi egokitzen da lur azidoagoetara, tenperatura baxuagoetara".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egonarria
2024-06-19 | Estitxu Eizagirre
Nola biziberritu herriko azoka? Bergarako esperientzia

Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon Ruiz de Egino baratzezaina, Eskubaratz proiektuko kidea. Eta Aitziber Plazaola dendaria,... [+]


2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
Manuela Jauregi, eguneko arrantzalea
“Urtez urte olagarroa gutxitu egin da, zerbait gertatzen da itsasoko urarekin, hori argi da”

Manuela Jauregi arrantzalea da eta duela 25 urtetik hona, bere senarrarekin batera olagarroa eta eguneko arraina harrapatzen aritzen da Getarian, Manuela itsasontzian. Mattin Jauregirekin mintzatu da ontzi barrutik, eta azken urteetan sumatu dituen aldaketak azaldu ditu.


2024-05-31 | Estitxu Eizagirre
Europako laborantza politika ulertzeko klase magistrala Iker Elosegiren eskutik

Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratua. Europako... [+]


2024-05-23 | Estitxu Eizagirre
“Presen erruz ibaiak guztiz zatituta daude”

Arturo Elosegi biologian katedraduna da, Ibai Ekologia ikerketa taldeko kidea eta unibertsitateko irakaslea. Egonarria saioan Eli Pagolarekin mintzatu da ibaiek duten garrantziaz, izan ere, ura garbitzeko gaitasun handia dute eta mundu mailan ekosistema dibertsoenetakoak dira... [+]


2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso... [+]


2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
“40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko”

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude