Aurtengo ekainaren 28an estreinatu zen Casa en Flames (Etxea sutan), Dani de la Orden zuzendariaren komedia dramatikoa. Zinemaldia baino hilabete lehenago edo, lagun batekin hizketan ari nintzela, ikusteko asmoa nuela esan nion, eta berak gomendatu egin zidan. Beti bat ez bagatoz ere, oso zinezalea da laguna, eta kasu egitea ondo ateratzen zait, normalean. Ikusi dut jada, eta bai, berriz ere asmatu du bete-betean.
Istorioa hasten da familia bateko amak udako etxea saltzea erabakitzen duenean; senide guztiak batzen ditu etxeko azken hondarrak bildu eta saltzeko prestatzeko. Etxera bidea jada esperpentikoa izango da, eta, are okerragoa, guztiak elkartzen direnean, familiako aita agertuko baita, bikotekide berriarekin batera, eta etxea saltzearen kontra jarriko da. Desadostasun hori konpondu ordez, asteburu pasa kaotikoa izango du familiak, eta bakoitzaren sekretu zein desgraziak ezagutzen joango gara.
Filmean, deigarriena, alde handiz, gidoia egin zait. Komedia-antzerki baten itxura hartu diot; oso-oso ondo idatzita dago. Kasualitatez, gaur goizean, antzerkiko aktore batekin aritu naiz hizketan, eta beharbada horregatik izango da, baina azkenaldian ikusi ditudan komedia-antzerkien antzeko estilokoa iruditu zait. Gidoia barregarria da, eta interpretazioetan oinarritzen da asko; antzerkiak soilik uzten duen sentsazio gozo eta bitxi hori gogorarazi dit.
Amaiera, agian, nahiko agerikoa izan daiteke, eta, hasieran disgustu pixka bat eman didan arren, azkenean, egokia dela ondorioztatu dut neure baitan. Pelikula gomendagarria da zinezaleentzat, baita zinera joateko ohitura handirik ez dutenentzat ere. Eta gomendatzen hasita, aspaldian joan ez bazara eta aukera baduzu, agian, antzezlanen bat ikustera ere joan zaitezke, sentsazio gozo eta bitxi hori berriz sentitzeko.
Arratsaldean, Iair Said zuzendari argentinarraren Los domingos mueren más personas (Igandeetan pertsona gehiago hiltzen dira) ikusi dut Principe aretoan. Titulua oso bitxia eta erakargarria iruditu zitzaidan, jakin nahi nuelako zergatik itxoin ohi dugun igandea iritsi arte hiltzeko. Misterioa azkar asko argitu dit pelikulak, ordea: juduen komunitatean, norbait ostiralean edo larunbatean hiltzen bada, igandera arte itxaroten dute ehorzteko, eta beraz, hiru egunetako hildakoak pilatzen dira igandeetan.
Hala ere, errebelazio horrek ez du garrantzi handiegirik izan gidoian, soilik David (Iair Said) protagonista judua dela kontatzea. Daviden inguruan beste hainbat informazio ere jasoko dugu pelikulan zehar: handia dela, hegan egiteko beldurra duela, homosexuala dela, sexuarekin harreman oso arraroa duela eta osaba ehorztera bueltatu dela Argentinara, besteak beste. Gai garrantzitsuena, ordea, aita koman duela izango da, eta ama ez dagoela prest deskonektatzeko.
Ikusi daitekeen bezala, pelikulak ideia desberdin askoren inguruan hitz egiten du; aukeran, gehiegiren inguruan. Izan ere, filmaren amaieran ere, ez naiz gai izan ulertzeko David judua izateak istorioan duen garrantzia, edo homosexuala izateak daukan eragina, ez eta sexuarekin duen erlazio arraro horren agerpena ere. Konexiorik gabeko pelikula iruditu zait, ez naiz gai izan gai desberdinak lotzeko, eta bakoitzarekin transmititu nahi zuena ere ez dut ulertu. Agian, ikusleok ohituta gaude gidoiak hari bati jarrai diezaion, eta horregatik egin zait arraroa lana. Hala ere, ez dakit hori den, edo, zuzenean, kontatzeko modu desegokia izan den.
Pelikularen kredituetan ohartu naiz zuzendaria, gidoilaria eta aktore protagonista Said bera dela, eta horregatik, agian, istorio pertsonalen bat kontatzeko saiakera izan dela. Egia esan, pelikulak pare bat momentu oso hunkigarri izan ditu, David eta bere ama Doraren (Rita Cortese) artean. Ritaren antzezpena gustatu zait gehien, nahiz eta oro har guztiak egokiak iruditu zaizkidan. Pena da gaien arteko konexiorik ezak ez didala utzi pelikula gozatzen.
Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]
Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.
Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]
Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]
Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]
Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.