Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

  • Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten da. Albert Serra kataluniarrak zuzendu du bi ordu eta bost minutuko dokumentala.


2024ko irailaren 28an - 22:15

Egur lehorra suari, sugarra hauspotzeko. Argi ibili eskuineko prentsa espainolarekin datozen egun eta asteotan, ez baita gutxiagorako izango Tardes de soledad dokumentalak irabazi izana Donostiako 72. Zinemaldiaren sari nagusia.

Probokatzaile fama du Albert Serra zinegile kataluniarrak, eta horretara datorrela berrestera ez ezik, urrats bat gehiago eman du dokumental honekin. Horretan jokatzen du. Bi ordu eta bost minutuko zinta, probokazio izatetik harago doa bihotz askorentzat. Eta berak esan du ezetz, ez dela ez tauromakiaren aldeko ez kontrako pelikula bat, eta hori azpimarratu dute behin eta berriz hainbat komunikabidetan, joan den asteleheneko estreinaldiaren ondoren. “Ideologiarik gabe” hurbildu omen zen Serra Andrés Roca Rey toreroarengana, eta toreatzaileen “artearekiko” duen “liluramenduagatik” egin zuen, “plazerez”, bost urteko grabaketa lana.

Albert Serra, dokumentalaren zuzendaria, astelehen arratsean prentsaurrean. / Argazkia: Zinemaldia - Alex Abril

Askotan nabarmendu da prentsan Serrak ez dituela bere kamerak ipintzen Espainiako telebista kateetan –gero eta gutxiagotan– ematen dituzten zezenketa ekitaldietan jartzen diren lekuetan. Izan ere, zezena hiltzen dutenean, ohikoagoa da kamera toreatzailearekin batera joatea, planoa zabaltzea eta publikoak toreroa nola hartzen duen ikustea, Serrak egin duena baino. Tardes de soledad-en, kamera zezena grabatzen geratzen da segundo luzez, eta planotik ateratzen da gainontzeko guztia. Horixe goraipatu diote Serrari, ohikotasun horretatik irteten dela, eta zezenari enfokatzen amaitzea dela biolentzia hori bistaratzeko manera; alegia, tauromakiaren “ez hain aldekoa” izateko modukoa.

Dokumentala izanik, eta plazatik kanpoko irudiak ere jasotzen direnez gero, espero zitekeen toreatzailearen hainbat gogoeta edo kezka ere azalduko direla. Baina ez da horrela. Uste dut toreadorearen ia kezka bakarra dela ea publikoa gustura geratu den ala ez, zezenari belarria moztu eta abarrak.

"Zezenketak noizbait amaitu egingo dira, eta dokumentu grafiko bikaina da dokumentala". Argudio hori entzun ahal izan dugu dezente Kursaaleko ingurumarian, astelehenean estreinatu zutenez geroztik.

Irudien liturgia

Zortzi bat zezen hilko ditu pelikula osoan Andrés Roca Rey toreatzaileak –faena deitzen diote horietako bakoitzari–. Handik aldageletara, hotelera bideko furgonetako irudiak eta hoteleko eszenak; atzera berriz, plazara. Ez du askoz gehiago filmak.

Egia esan, filma hotzean hartuta, estetikoki baloratuta, zera aitortu behar, kalitate handiko irudiak jaso dituela: zezenaren hatsa perfekzioz entzuten da, baita toreatzailearena ere, guztia argitasun eta garbitasun askorekin. Eta argitasuna, baita ere, zezenari banderillak eta ezpatak buru gainean eta lepoan sartzen dizkiotenean. Gainontzean, irudi aldetik, edertasun estetikoa ere badu toreatzailea janzten ikusteak, eta liturgia hori nolakoxea den argi erakusten da.

Bada, janzte unearen liturgiaz harago, deigarriak dira toreatzailearen eta bere kuadrillaren arteko elkarrizketak. Dozena bat pertsona ditu inguruan laguntzaile, gutxi gorabehera. “Olé tus huevos!” zenbaitzuk entzuten dira hortik, eta hitz eta keinu itsusiak, oro har, etengabe. Eta, zezenari erasokor aurpegiarekin begiratzeaz gain, “putakume” ere deitzen diote dezentetan. Maskulinitate toxikoaren adibide praktikoak.

Polemika, puri-purian

Bai PACMAk eta bai Podemosek kexa adierazi zuten estreinaldian, joan den astelehenean, irailaren 23an. PACMAk protesta egin zuen Kursaalaren atarian; dozena erdi pertsona elkartu ziren.

Pelikula, kritikatu aurretik, ikusi egin behar dela seinalatu zuen José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, eta hitz horiek berretsi zituen Serrak prentsaren aurrean eginiko agerraldian, dokumentalaren aurkezpenean. Are gehiago, Serrak esan zuen “lotsagarria” iruditzen zitzaiola bere “maisulana” fokupean ipintzea jendeak, lantzen duen gaia dela-eta.

PACMAk, elkarretaratze horretan, zera esan zuen: batetik, zinea kultura dela eta tauromakia tortura; eta bestetik, zine jaialdiaren antolakuntzak berrikusi beharko lukeela horrelako dokumentalak Sail Ofizialean ematea, normalizatu egiten dituelakoan animalien aurkako torturak.

Segur aski, Urrezko Maskorra irabazi ostean, polemika gehiago ekarriko du dokumentalak.

Espainiako Gobernuaren barruan gatazka handia dago zezenketen inguruan. Gobernuko bazkide den Sumar alderdiak, Kultura Ministerioaren kargu denak, maiatzean ezabatu zuen Tauromakiaren Espainiako Sari Nagusia; hau da, 30.000 euroko premioa toreatzaile onenari. Baina Senatuak, PPren iniziatibaz eta PSOEren abstentzioarekin, gobernuari eskaera formala bidali dio atzera sariketa berraratzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude