“Zerukotik lurrekora” ziklo oso berezia maiatzaren 21-28 artean Donostian

  • Maiatzaren 15 goizean aurkeztu dute Donostiako San Telmo Museoan, maiatzaren 21etik 28ra egingo den ziklo berezia: Argiak 100 urte, Zerukotik lurrekora. Lau emanaldi oso berezi izango dira, formatoz ezberdinak eta guztiak propio ziklo honetarako sortuak, ARGIAren 100 urteko ondaretik abiatuta.


2019ko maiatzaren 15ean - 15:01
San Telmo Museoan ikusgai jarri dituzten Zeruko Argiako zenbaki zaharren atzean, ezkerretik eskuinera: Elixabete Garmendia, Joxemari Ostolaza, Malores Etxeberria, Josu Landa, Antton Olariaga, Susana Soto, Joseba Larratxe eta Estitxu Eizagirre. Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotok eman die ongi-etorria zikloan parte hartuko duten kideei, eta ARGIA zoriondu du 100 urteko ibilbideagatik. ARGIAko kide Estitxu Eizagirrek adierazi duenez, lantaldea "oso gogobeteta eta eskertuta dago osatu den kartel indartsu honekin, emanaldia eskainiko duten kide denak baitira euskarazko komunikazioan hankak urratutakoak, iraganera bezala etorkizunera zorrotz begiratzen dutenak, aurrera ateratzeko jarrerarekin".

Emanaldi guztiak San Telmo Museoan izango dira, 19:00etan.

Koldo Izagirrek irekiko du zikloa, maiatzaren 21ean

Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiaren titulua eta esatekoen ikuspuntua, Gabriel Arestik duela mende erdi eta gehiago argitaratutako artikulu batetik datoz: “Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara” (Mendearen semeok. Zeruko Argia, 1964.03.14). Lantuaren eta epelkeriaren aurkako aldarri honek garrantzi berezia izan zuen kultur dinamika bat abiatzeko, etorkizuna hartzen zuenez helburu. Zeruko Argia agertoki zutela zaharkituaren eta berritasunaren artean sortu ziren hainbat eztabaida komentatzea izanen da Koldo Izagirreren hitzaldia.

 

 

 

Joseba Larratxe eta Antton Olariaga. Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Antton Olariaga eta Joseba Larratxe: 100 urte, ehunka irudi

Joseba Larratxek honela aurkeztu du maiatzaren 22an eskainiko duten hitzaldi ilustratua: "Azaleko irudiak, artikuluentzako ilustrazioak, umore zintak, kartelak... Euskal Herriaren iruditeria kolektiboari hainbat ekarpen egin dizkio ARGIAaldizkariak 100 urtean zehar. Asko izan badira ere irudien langintza honetan parte hartu duten marrazkilariak, hitzaldi honetan Antton Olariaga eta Josevisky izango ditugu mintzalari. Olariagak lau hamarkadatan zehar Argiarentzako egindako marrazki garrantzitsuenen errepasoa egingo digu. Testua eta irudiaren arteko harremanak, umorea, euskara bera komunikazio tresna, postergintza, komiki-lanak, diseinua... ibilbide luze horretan lagun. Joseviskyk azken urteetako tendentzia berriak erakutsiko dizkigu".

 

 

 

Malores Etxeberria errezitala aurkezten. Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Joxemari Ostolaza, Josu Landa eta Malores Etxeberria: "Enpeinatzea ez bada libre"...

Malores Etxeberriak maiatzaren 24an egingo duten poesia eta kantuen errezitala aurkeztu du: "Ehun urte asko ote diren ez dago oso garbi, batez ere poesia maite eta bizi baduzu. Hamar edo hogei balira ere, utopia iparrorratz, enpeinatu beharra da motorretako bat. Horra aldarria, poesia eta kantua bitarteko: Alferrik dugu indarra, enpeinatzea ez bada libre”. "Hortik aurrera, sorpresa" hitzekin utzi ditu jakin-minez entzuleak.

 

 

 

Elixabete Garmendia "Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat" hitzaldia aurkezten. Argazkia: Dani Blanco.

 

 

 

Elixabete Garmendiak emango dio amaiera zikloari, maiatzaren 28an

Prentsaurrekoan adierazi duenez, "Zeruko Argia-ARGIAren ehun urteek euskarazko kazetaritzaren bizkar-hezurra marrazten dute. Euskarri horretan bermatuta, euskarazko kazetagintzaren “nahi eta ezina” errepasatuko dut, lapitz gorriarekin azpimarratuz kinka horretan egoteak ezarri dizkion ezaugarriak: normaltasun eza, militantzia, jazarpena 1936ko gerratik hasita… Izan ere, “heroismora kondenatua” ageri baita euskarazko kazetaritza".

Zeruko Argiaren zenbaki zaharrak eta bideoa ikusgai museoan

San Telmo Museoko erakusketan Zeruko Argiaren lehenbiziko zenbakiak egongo dira ikusgai, Jendartean bizi ataleko Euskal kulturaren gunean. Baita 100 urteko soka-dantza dokumentala ere. Hauek biak ikusteko aukera maiatzaren 15etik 31ra dago.

Mendeurreneko ekitaldien laguntzaile eta babesleak

Ekitaldi hauek batez ere ARGIA proiektua bultzatzen duen komunitateari esker ari gara aurrera ateratzen. Eta beraz, euskarazko kazetaritza independentea bultza nahi duen orori dei egiten diogu ARGIAko kide egitera, bakoitzak nahi duen ekarpena eginez, eta bueltan gustora zer jasoko lukeen aukeratzeko askatasunarekin.

Zerukotik lurrekora zikloaren laguntzaile da San Telmo Museoa. Eta Mendeurreneko ekitaldiak antolatzeko bere ekarpena egin dute erakunde hauek: Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Euskal Kultur Erakundea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Laboral Kutxa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-20 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


2019-12-20 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-19 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-13
Astean asteko historia
2018ko apirilaren 27a


2019-12-12 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
1990eko martxoaren 11

2019-12-04 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2013ko urriaren 13a

Eguneraketa berriak daude