Zerrenda bakarra, bai, baina "iragankortasun epea" izanda aldez aurretik: "Ez da ulergarria gauetik egunera zerrenda inposatzea; trantsizio epea behar da, orain Hezkuntzan sartu nahi duten horiek ez ditzaten beren aurreikuspenak hautsita ikusi", adierazi du Eduardo Santos Ahal Duguko idazkari nagusiak, prentsa ohar baten bitartez. Hala, momentuz, bi zerrenda aldi berean egotea da Ahal Duguren proposamena. Formula "ez-diskriminatzailea" bilatzen duela adierazi du alderdiak, "hezkuntzan sartu nahi dutenak asetuko dituena".
"Ulertzen dugu etorkizunean Nafarroan ezin direla egin berezko bi hizkuntzetan bi azterketa bereizi; bai babesten dugula, ordea, espezialitatearen arabera banatzea", adierazi du.
Lege proposamenari, ezetz
PSNren lege proposamenari ezezkoa emanen dio Ahal Duguk, abenduaren 21ean parlamentuan bozkatzen denean, "sektarioa, oportunista eta ez-beharrezkoa" delako eta "ez duelako hezkuntza publikoak egun dauzkan arazoak konpontzen lagunduko".
Ezkerra "jazarria"
Ahal Duguk gaitzetsi egin du Ezkerrari egindako "seinalatze publikoa eta jazarpena". Horregatik, "jarrera politiko guztien defentsarako dialektikaren alde" lerratuko dela ziurtatu du, "errespetutik eta bizikidetzatik".
Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta