Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia Pérez, Jacques Audiard zuzendariaren azken lanarekin guztiari hasiera emateko. Eta a zer nolako hasiera.
Pelikula musikalena genero polarizatzailea izan ohi da. Badago horrelakoak gorroto esplikagaitz batekin deskribatzen dituenik, eta badago izugarrizko maitasuna dienik ere. Nire kasuan, ez dut ohitura handirik musikalak ikusteko. Loturarik izango du, ziurrenik, gizona izatearekin eta horrek dakarren guztiarekin, baina ez da bereziki ezagutzen dudan genero bat. Emilia Pérez drama musikal bat da, musikal bezala ona iruditu zaidana, baina film bezala, are hobea.
Kontatzen den istorioan, Rita Moro (Zoe Saldana) abokatu gainkualifikatu bat da, hasieran azaltzen den bezala, errudun bat kartzela zigorretik salbatzeko gai dena. Horrela, droga kartel bateko burua berekin harremanetan jarriko da, lan berezi bat emateko. Oso zaila da pelikula honen gaineko hausnarketa bat egitea inolako spoilerrik egin gabe, emango dion lan honek guztiz determinatzen baitu pelikularen gaia; baina saiatuko naiz, bederen. Jakin, egin berri dudan laburpena ez dela iristen lanaren hamarrena ere azaltzera, izan ere, arlo asko lantzen dira bertan. Momentu batzuetan, akaso, ideia gehiegi korapilatzen direla sentitzea posible da, baina horiek guztiek elkarrekin erlaziorik ez dutela badirudi ere, sinbiosi dotoretsua osatzen dute, eta ikuspegi oso interesgarriak sortzen dituzte, elkarri esker.
Pelikulak identitatearen inguruan hitz egiten du, eta ikuspuntu askotatik aztertzen du ideia hau. Zeren arabera hautematen da pertsona bat, eta zer egin behar da pertsona bat aldatzeko? Badu eraginik generoak guzti horretan? Posible da bizitzan zehar egindakoa aldatzea? Ikus daitekeen bezala, ia ezinezkoa da argumentua kontatu gabe galdera horiek nola uztartzen eta aztertzen dituen azaltzea. Hala ere, identitatearen eta izatearen gaineko analisi oso berezi eta askotarikoa egiten du filmak, eta benetan ikusteko modukoa da.
Azkenik, zati musikalen inguruan ere aipamentxo bat egin nahi nuke. Batzuk ez zaizkit bereziki gustatu, ez ziotelako gehiegi eskaintzen tramari edo transmititu nahi zen sentsazioari, baina orokorrean oso onak iruditu zaizkit. Espektakulu itzela batzuetan, guztiz intimoa eta hunkigarria besteetan. Musikalak gustatu edo ez, Emilia Pérez ikusi ondoren, ez zarete indiferente geratuko.
Zaintzaren protagonistak
Eguna amaitzeko, arratsalde-gau parteko saioan, Querido Trópico lanak borobildu du ondo hasitakoa. Ana Endara Mislov zuzendaria eta taldekide gehienekin batera Kursaaleko bigarren aretoan film bat ikusteak xarma berezia dauka. Zinemak sortzen duen zirrara anplifikatu egiten da autoreak obraren inguruan hitz egiten entzutean, publikoaren hunkidura ere autoreei iristen baitzaie eta alderantziz ere bai.
Goizeko filma ez bezala, bigarren hau kontenplatiboagoa eta motelagoa izan da. Bertan, Ana María (Jenny Navarrete) migratzaile kolonbiarra, Menchi (Paulina García) adineko emakume aberatsaren zaintzaile izango da, Panaman bizitzeko paperak lortzeko. Bien arteko harreman berriaren bitartez aztertuko dira zaintza, amatasuna eta bakardadea, besteak beste. Eszenografia eder baina apalak, hutsunez betetako elkarrizketek eta bi aktore nagusien interpretazioek transmititu nahi ziren ideiak oso era sotilean iritsaraziko zaizkio ikusleari.
Ongi irudikatu dira, pelikula osoan zehar, pertsonaien arteko botere erlazioak. Nork zainduko duen Menchi, horretarako garaia iristen denean. Zein paper duten seme-alabek, edo, hobe esanda, alabak. Hori guztia argi azaltzen da pelikulan, baina publikoari arnasa hartzeko lekua emanda, hausnartzeko eta pentsatzeko denborarekin. Eta botere erlazioen kritika sozial edo orokorragoaren azpian, askoz era pertsonalago eta maitakorragoan ere aurkezten da Menchi eta Ana Maríaren arteko erlazioa. Izan ere, botere ekonomikoaren diferentzia hor egonda ere, biek dute elkarri zer eman. Bakardade mota desberdinen inguruan hitz egiten du filmak, amatasunaren ikuspuntutik esaterako, baina baita modu zabalagoan ere.
Film hau diskretuagoa da, eta motelagoa. Elegantea forman, sakona eta apala hausnarketan. Eguna ixteko eskertzen dira halakoak ere.
Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]
Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.
Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]
Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]
Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]
Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.