Zergatik utzi ditu ARGIAk Twitter eta Facebook?

  • Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak… Badirudi azken aldian herritarrek sare sozial nagusietatik toxikotasuna baino ez dutela jasotzen, eta horretan hedabideok ere badugu zeresana. Edukiak zabaltzeko plataforma bat ala beste aukeratzeak herritarrengan eragin zuzena du.


2025eko otsailaren 03an - 09:27
Azken eguneraketa: 18:36

“Jendea dagoen lekuan egon behar dugu hedabideok”. Guk ere hori esan izan dugu kazetaritzaren bitartez sustatu nahi ditugun balioen antipodetan dauden zerbitzuak erabiltzen jarraitzeko. Kapitalismoan bizitzeak kontraesanak kudeatzea dakar ezinbestean. Eta, tamalez, Internet etengabe aztertu beharreko eremu bilakatu da, pertsonena baino multinazional gutxi batzuen oligopolio bilakatu delako. Google, Amazon, Apple, Meta –Facebook, Instagram eta Whatsapeen jabea– eta Microsoftek demaseko boterea bildu dute, eta gu denon bizitzak, hein batean edo bestean, baldintzatu dituzte.

Lehen sare sozialak sortu zirenean, ARGIAn aukera gisa ikusi genituen eta lehendabiziko urte horietan erakutsi genuen, Twitter eta Facebooken egindako lanaren bidez, gure kazetaritza ezagutzen ez zuen jende askorengana iristeko gai ginela. Sare sozialen hastapen horiek oso interesgarriak izan ziren, hedabide klasikoek agenda markatzeko zuten monopolioa apurtzeko beta izan genuelako hedabide independenteok batzuetan, herritar orori informatzeko aukera ematearekin batera. Hedabide handiak “kazetaritzaren krisia”-z mintzo ziren, estali nahian egiatan krisian zeudena haien negozio eredua eta informazioaren monopolioa zirela. Baina segituan agertu ziren mugak.

Sare sozial horien atzean zeuden enpresak gero eta handiago bilakatzen ari ziren, eta gero eta nabarmenago utzi zituzten haien interes ekonomiko eta politikoak. 2010eko hamarkadan Twitter, Facebook eta antzeko plataforma komertzialak erabiltzen hasi ginenean, jakin bagenekien jabeek batez ere dirua egitea zutela buruan, ez baitzuten ezkutatzen. Sare sozial komertzialak denborarekin gero eta eremu lehiakorrago egin dira, eta kontraesanak handitu zaizkigu. Ustez eragiteko eremu handi bat eskaini ziguten, baina elkar ezagutzeko, politikoki antolatzeko edo dibertitzeko ei ziren espazio digital horiek, konturatzerako, eduki toxikoz jositako eremu erreakzionario bilakatu zaizkigu.

Kontraesanak kontraesan, euskarazko kazetaritza independentea gehiago hedatzeko, denbora batez sare horiek baliagarriak izan zitzaizkigun; baina egunetik egunera gero eta gutxiago. Horregatik, ARGIAn espazio toxiko horietatik nola irten pentsatzen aritu gara azken denboretan. Urrats batzuk egin ditugu, eta orain pauso handi bat ematera goaz: Twitter eta Facebook erabiltzeari uztea erabaki dugu. Hemen dituzue gure arrazoiak.

Haien negozioa gu gara

Silicon Valleyko inperio teknologikoek, Facebookek esaterako, publikoki onartzen dute –duela zortzi urte baino gehiagotik– beren plataformen diseinuetan eduki adiktiboak nahita sartu izana. Oso arrazoi sinple batengatik: Twitter, Facebook, Instagram eta abarren helburua ez da erabiltzaileak entretenitzea, ez jendea harremanetan jartzea, ezta, are gutxiago, informatzea ere. Haien helburua da erabiltzaileek haien aplikazioa ez ixtea, haien iragarkiak ikusten jarraitzeko.

Silicon Valleyren guruetako bat izan zen Jaron Lanier, errealitate birtualaren aitaponteetakoa, Google eta Microsoften aholkulari izandakoa. Gaiaz honela dio: "Oinarrizko egiturak diseinatuta daude erabiltzaileek plataforman ahalik eta denbora gehien igaro dezaten. Hori da beren negozio-eredua. Erabiltzaileen arreta eta datuak publizitate-enpresei eta gainerako enpresa propagandistei saltzen dizkiete. Facebook manipulatzeko makina bat da. Eta Twitterrek, WhatsAppek, Instagramek edo YouTubek printzipio berekin funtzionatzen dute". Alegia, gu geu sartu garen zoro-gurpilak honela funtzionatzen du: aurrena adikzioa sortu, ondoren erabiltzaileen datuak metatu (bisitatutako webguneak, lagunak, erosketak, gustuak...) eta, ondoren, beste enpresa batzuei saldu, batez ere publizitate-agentziei.
 
Ondokoa bezain erraza eta konplikatua da aldi berean negozioaren funtzionamendua Google adibide hartuta. Google-ren makina (ordenagailu) multzo batek zure profila osatzen du, Gmail, Google Classroom, Google Maps, Google Photos, Google Play, Youtube, Google bilatzailea, Google Chrome nabigatzailea, Android sistemak, Chromebook-ak, Google Meet, Google Calendar, Google Drive, Google Translator eta gainerako zerbitzuetan norberak emandako informazioarekin. Makina horrek berak zure profila alderatzen du zure antzeko profila duten pertsonenekin. Eta horren arabera, Youtubek, adibidez, bideo-ordena zehatz bat eskaintzen dizu, helburu jakin batekin: bideo gehiago (publizitatea tartean) ikusten jarrai dezazun eta Youtubetik atera ez zaitezen.
 
Gurpil zoro honek munduan lehen mailako arazo politikoa eragin du, eta ARGIAn uste dugu botere metaketa hori ez genukeela gehiago handitzen lagundu behar.

ARGIA teknologia burujabetzarantz

Arazo hau aspalditik dator, baina haren ondorio kaltegarriak azken urteotan ari dira gordintasunez agertzen herritar gehienen begietara. ARGIAn urteak dira burujabetzaren aldeko hautua egin genuela eta bizitzaren gainerako esparru guztietan bezalaxe, mundu teknologikoan ere bai.

Bide horretan hainbat erabaki hartu dugu jada, hona esanguratsuenetakoak:

  • 2018ko apirilean sortu zuen ARGIAk lehen kontua Mastodon sare sozial deszentralizatuan, euskal komunitateak oraindik existitzen ez zirenean. Hilabete batzuk geroago, hainbat eragile euskara eta euskal kulturaren Mastodon komunitatea sortzeko lanean hasi ziren. ARGIAk ez zuen zalantzarik egin, eta hasieratik hartu zuen parte.

  • 2021ean PeerTube instantzia propioa sortu genuen: bideoak.argia.eus, eta bertara igotako bideoak erabiltzen hasi ginen webgunean, ordura arte erabiltzen ziren Youtubekoaren ordez.

  • 2021eko ekainean Googlerekin lotutako zerbitzu guztiak kendu genituen gure webgunetik, eta nagusiki webgunearen estatistikak kudeatzeko Euskal Herrian oso barreiatuta dagoen Google Analitycs erabiltzeari laga. Ordutik Matomo software librea erabiltzen dugu. Agur Google, kaixo Matomo: zure pribatutasuna babesteko neurri berriak artikuluan aurki daitezke azalpen xeheagoak.

  • 2023ko irailean, ARGIAren euskarri guztietatik (aldizkaria, webgunea, iragarkiak, gehigarriak, kartelak…) sare sozial toxikoen erreferentzia oro kentzea erabaki zuen lantaldeak, doako publizitatea ez egitearren.

2024ko abenduaren amaieran ARGIAk azala eta gai nagusia eskaini genizkion sare sozialen inguruko eztabaidari.
Orduan, zergatik ez gara lehenago sare toxikoetatik joan?

Kontraesana dirudi gizarte hobea nahi duenak sare sozial toxikoak elikatzen jarraitzeak, ezta? Baina ateratzea ez da dirudien bezain erraza. Plataforma horietan komunitateak sortzen eta elikatzen denbora eta lan handia inbertitu dugu, eta egun batetik bestera horiek abandonatzeak barruak mugiarazten ditu. Ez da huskeria 55.000 pertsonak osaturiko komunitatea abandonatzea Twitterren eta beste 28.000 Facebooken. Baina bada garaia logika geldiarazle hori gainditzeko.

Biraltasunaren ilusioak itsutu gaitu milaka pertsonarengana irits gaitezkeelakoan, baina errealitatea da gizartea aldatu nahi dugunok ez garela emaitza onak lortzen ari.

Hala, ARGIAko langileok erabaki dugu sare sozialen plataforma guztietan dugun jarduna baloratzea, ARGIAk horietan parte hartzeak sortzen dizkigun kontraesanak eta ematen dizkigun onurak publiko egitea. Eta horren arabera, ezer ezkutatzeko ala galtzeko beldurrik gabe, eroso sentiaraziko gaituen jarrera geure egitea. Hauxe da emaitza.

ARGIAren jarduna sare sozialetan, 2025eko otsailetik aurrera

Twitter / X

Ez da jendeak gehien erabiltzen duen sarea, baina kazetaritzan, aktibismoan eta politikan gehien erabili izan dena da. Eskuin muturraren nazioarteko olatu berriaren ikur bilakatu da orain, lehen eskuin muturraren aurkako manifestazioen berri zuzenean kontatzeko erabilitako tresna. Eztabaida toxikoen aterpe eta fake news-en egoitza bilakatu da, are nabarmenago Elon Musk neofaxistak erosi zuenetik.

Lehen planoan X-en jabe Elon Musk eta atzean AEBetako presidente Donald Trump.

Ideologikoki ez dugu aldeko argudiorik aurkitu ARGIAk plataforma hori elikatzen jarraitzeko. Egia esan, orain dela lau edo bost urte ere ez, baina azken urteotan jasangaitzago egin da plataformaren eredua.

Twitter barrutik eraldatzeko inolako aukerarik ez dugu ikusten. Twitter ez da eremu neutroa. Epaileak, arauak eta jokalariak (bot-ak) erosita daude. Borroka eman behar da irabazteko aukerak eskaintzen dizkizuten tresnekin. Eta gure ustez, Twitter ez da kasua.

Twitterren 56.000 jarraitzaile inguru ditu ARGIAren kontu nagusiak, beste hainbat kontu ere badugu martxan (dokumentalen kanala, Beranduegi podkastarena eta beste…). 2024an ARGIA.eus webgunean izan genituen bisita guztien %7 Twitterretik heldu zen.

Gauzak horrela, ARGIAko lankideok ondorioztatu dugu Twitterren egoteak alde negatibo gehiago duela positiboak baino, eta beraz, ARGIAren Twitter kontu guztiak erabiltzeari uztea erabaki dugu.

Twitterren jada ez dago “jende guztia”. Ez dago hor “ezinbestean egon beharrik”. Hori amaitu egin da eta gure irteerarekin ideia hori indartu nahi dugu.

Facebook

Twitterren antzeko irakurketa egin dugu. Ideologikoki ez dugu aurkitu Mark Zuckerbergen enpresari gure edukiak doan eskaintzen jarraitzeko aldeko argudiorik. ARGIAn sustatu nahi dugun bizitza ereduaren aurkako balioak hedatzen ditu multinazionalak, eta azken urteotan are nabarmenago.

Facebooken 28.000 jarraitzaile inguru ditu ARGIAren kontu nagusiak, eta beste hainbat kontu ere badugu plataforma horretan (dokumentalak, Beranduegi…). 2024an ARGIA.eus-en izandako bisita guztien %6 Facebooketik heldu zen, baina azken urteotan gainbehera betean dago. 2023an bisita kopuru bikoitza etorri zen Facebooketik ARGIAra, erdira jaitsi da urte bakar batean.

ARGIAko kazetariok argi eta garbi ikusi dugu Facebookek darabilen algoritmoak kazetaritza lanen zabalpena zigortzen duela. Azken urteotan izugarri jaitsi dira irakurleekiko interakzioak. Gure publikazio asko ez die erakutsi ere egiten jarraitzen gaituzten 28.000 pertsonei, Facebookek ez du nahi bere erabiltzeak beste webgune batzuetara joatea, eta hedabideon jarduna plataforma horietan nagusiki horixe da, jendea plataforma horietatik gure webgunera erakartzea. 

Beraz, ARGIA Facebooketik ere badoa. 

Instagram

Facebooken jabe bera du Instagramek, eta darabilen algoritmoaren atzean helburu toxiko berak daude. Berriki, Metak moderazio politikak irauli ditu Donald Trump Etxe Zurira itzultzeko bezperatan. Finean, homofobia, arrazakeria eta transfobia baimentzeko modu esplizitua da, Facebook, Instagram eta WhatsAppen.

Scroll infinituaren sustatzaile den plataforma honek sare sozialen alderdi soziala alboratu du negozioaren izenean. Baina, halere, tamalez, milaka eta milaka gazte euskaldun biltzen duen plataforma da. Areago, bakarrik plataforma horretan parte hartzen duen jende asko dago.

Orain dela urte gutxi hasi ginen ARGIAn Instagrami arreta eskaintzen. Eta oraindik ere, ageriko kontraesanak kontraesan, tresna baliagarria zaigula ondorioztatu dugu komunitatea handitzeko, batez ere pertsona batzuengana heltzeko eraginkorra zaigulako, eta beste bide batetik haiengana heltzea ezinezkoa litzaigukeelako.

Hala, momentuz, Instagramen publikatzen jarraitzea erabaki dugu, baina gure jarduna kritikoki aztertzen jarraituko dugu.

Bluesky

Bluesky plataforma berria agertu da askorentzat Twitterren alternatiba gisa. Silicon Valleyko enpresa batek garatu du, eta kriptomoneta eta Big Techeko inbertitzaileetatik datorren arrisku-kapitalari esker funtzionatzen du. Twitterren izandako garapen okerra berriz gertatzeko aukera asko ikusten dugu.

Edonola ere, jende asko joan da plataforma horretara, Twitterrek utzi duen hutsunea ordezkatu nahian. Beraz, ARGIAk kontua ireki du Bluesky plataforman, baina Mastodon izango da lehenetsiko dugun tresna.

Tik Tok

Hainbat aldiz saiatu izan gara Txinako multinazionalaren plataforman gure edukia partekatzen, baina beti Tik Tok-ek zentsuratu egin du gure kontua, batez ere, Palestinarekin loturiko bideoak aitzakia hartuta.

Beraz, lehen bezala, orain ere ARGIAk ez du plataforma horretan parte hartuko.

Telegram

Oso tresna baliagarria iruditzen zaigu zuzenean gure komunitateko kideen telefono mugikorretara informazioa bidali ahal izatea. Hala, Telegramek aukera hori eskaini zuenean, segituan heldu genion aukerari eta 2016ko uztailean ireki genuen kanala. Gaur egun 5.200 lagun baino gehiago harpidetuta daude. Bizi Baratzeak eta Beranduegi podkastak ere badute kanal propioa.

Telegramen atzean dagoen multinazionala ez da guretzat nahiko genukeen eredua, eta erabiltzaileen segurtasunaren inguruan WhatsAppen aldean ageriko abantailak eskaintzen baditu ere, jakitun gara Telegramek badituela alde ilunak.

Edonola ere, gaur egun ARGIArentzat oso tresna erabilgarria da eta askatasun handia ematen digu edukiak zabaltzeko, doan eta trukean publizitaterik jaso beharrik gabe.

WhatsApp

Facebook eta Instagramen jabearena izanik, arestian azaldutako haien ildo eta balore toxikoak sustatzen ditu. Aldi bereko mezularitzaren munduan erabiltzaile gehien duen plataforma da Mendebalde osoan zein Euskal Herrian. Informazio kanalak sortzeko aukera berria da WhatsAppen, eta abian jarri zutenerako ARGIAk Telegramen komunitate trinkoa sortua zuen.

Beraz, WhatsAppen enpresa eredua eta balioak kontrajarriak direnez ARGIAk babesten dituenekin, eta telefonoan momentuko informazioa jasotzeko kanala Telegramen badugunez, orain arte bezala jarraitu eta WhatsAppen konturik ez irekitzea berretsi dugu.

Tresna propioen aldeko apustua
Orain arte aipatutako plataforma guztiek komunean dute gauza bat: beste batzuentzako negozio dira. Sistema bertikalak dira eta pertsona gutxi batzuek erabakitzen dituzte gehiengoentzako, erabiltzaileontzako, arauak.

ARGIAn oso jakitun gara gure hedabidearen eta edukien independentzia bermatzeko tresnarik onenak guk geuk kudeatutakoak direla, irakurleen onura erdigunean jarrita.

Beraz, Twitter eta Facebook elikatzeak kentzen zigun denbora, tresna horiek indartzeko baliatuko dugu orain. Nagusiki ondoko hiruak dira:

  1. ARGIA.eus. Webgunean dago egiten dugun guztia. Gure tresna nagusia da, aldizkariarekin batera. Horregatik, ARGIAren komunitateko kideei eskatzen diegu ARGIAren webgunera zuzenean sartzeko, bitartekaririk gabe, horixe baita informazioa eskuratzeko biderik gardenena eta eraginkorrena. Nabigatzailean laster-marka egitea edo hasierako orri jartzea izan daitezke hori lagunduko luketen bi neurri automatizatu. Webgunea etengabe elikatzen jarraitzeaz gain, funtzionalitate eta atal berriak garatzeko asmoa dugu. Datozen hilabeteetan publiko egingo ditugu esku artean ditugun proiektuak.

  2. Email buletinak. Buletin bat bidaltzen dugu gauero, egunean ARGIAn argitaratu ditugun edukien bilduma gisa. Buletin hori berritzera goaz, itxura, eduki eta funtzionalitate berriak gehituta. Horrekin batera, beste proiektu handiago bat martxan jartzen ari gara eta aste gutxi barru emango dugu horren berri.

  3. Fedibertsoa. "Gure tresnak" diogunean, ez gara ari ARGIAk bakarrik kudeatu edo sortutakoez. Euskal komunitateak autogestionatutako tresna libreak ere geure sentitzen ditugu. Fedibertsoa elkarren artean komunikatzen diren sare sozial libreen multzoa da eta Mastodon dugu ezagunena. Euskal Herrian hainbat instantzia ditu, euskararen erabilera sustatzeko propio sortuak, eta hala, euskarazko komunikabideok edukiak askatasunez eta errespetuz argitaratu eta partekatzeko plataforma deszentralizatu egokia da.

ARGIAn erabaki dugu Mastodonen gure indarrak handitzea, eta 2016tik egin izan dugunaz gain, hemendik aurrera Mastodonentzat propio sortutako edukiak partekatzen hasiko gara.

Independentziari esker

ARGIAn horrelako erabakiak har ditzakegu ekonomikoki eta politikoki independenteak garelako. Gure komunitateko kideek ARGIAri hilero egiten dioten diru-ekarpenak dira gure euskarri ekonomiko nagusia, gure aurrekontuaren %40 inguru.

Gure kazetaritzaren helburua ez da nola edo hala ahalik eta jende gehienengana heltzea. ARGIAk kazetaritzaren bidez gizartean eragin nahi du, Euskal Herriaren zazpi lurraldeetan ikuspegi askatzaile batetik herritarrak informatuz. Euskaratik eta euskaraz. Horregatik gure edukiak ez daude sare sozialetako algoritmo erraldoien kapritxoetara egokituta. Gure xedea da txikitik eragiten jarraitzea, baita Interneten ere. Jarrai dezagun!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare sozialak
Martintxo Etxauri: “Sare toxikoen aurrean Mastodon dugu alternatiba”

Mastodon, gizarte sarea eta mikroblogintza zerbitzua da. Eugen Rochko alemaniarrak sortu zuen 2016. urtean. Software librean oinarritzen da. Azkenaldian, norbanako eta erakunde frankok bertan saretzea erabaki dute. Elkarren artean komunikatzen diren egitura independeteez... [+]


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


Teknologia
Joan zaitez...

2018an itzali nituen sare sozialak, baita gailuen jakinarazpen gehienak ere, bizitzan arreta non jarri kontrolatzen hasteko saiatu asmoz. Egunero lan horretan jarraitzen dut, sitsa argira nola, nire jakin-minak errealitatea ulertzen lagunduko didan informazio freskoa bilatzen... [+]


2025-01-15 | Sustatu
Urtarrilak 20: Twitterretik (eta sare toxikoetatik) alde egiteko eguna

Nazioartean ekimen batek baino gehiagok seinalatu du datorren astelehena, 2025eko urtarrilaren 20a, Twitterretik alde egiteko egun gisa. Donald Trumpek ofizialki AEBetako presidentzia hartzeko eguna izango da, eta haren eskutik X/Twitterreko jabea, Elon Musk, Etxe Zurira... [+]


2025-01-14 | Leire Ibar
Libreki esan ahalko da Instagram eta Facebooken emakumeak “objektuak”, LGTBIQ pertsonak “gaixo mentalak” eta migratzaileak “gaizkileak” direla

Metaren buru den Mark Zuckerberg-ek adierazpen askatasunaren izenean eta erroetara itzultzearen izenean, immigrazioa, generoa eta sexu-orientazioa bezalako gaien aurkako zentsura kentzeko neurriak hartu ditu. Trumpekin elkarlanean arituko dela adierazi du eta... [+]


Instagrameko ‘Denuncias Euskal Herria’ kontuak sexu erasoen ia 500 testigantza jaso ditu azarotik

Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]


2025-01-09 | Sustatu
Metaren irizpide berriak: bazterkeria libre Instagram eta Facebooken

Metak bere moderazio politikak eta irizpideak irauli ditu Donald Trump Etxe Zurira itzultzeko bezperatan. Fact checker edo egiaztatzaile zerbitzuak etengo dituzte, eta komunitatearen oharrak jarri horren ordez (X/Twitterren bezala), eta aldi berean "adierazpen... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Fedibertsoko edukiak euskarara itzultzeko zerbitzu librea gehitu dute Mastodon.eus-en

Mastodon.eusen euskara da hizkuntza nagusia, baina Fedibertsoa ehunka hizkuntza hitz egiten dituen komunitate global eta bizia da. Horregatik, itzulpenak egiteko Libretranslate tresna librea erabiltzen hasi dira. Horri esker, nazioarteko eragile eta norbanakoek argitaratukoak... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


X-tik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Eguneraketa berriak daude