Zergatik ez dugu nahi apustu etxerik Azpeitian?

  • Azpeitian irekitzekoak diren apustu etxearen aurkako kanpainatxoa egin genuen uztailean zehar, eta gaiak eman du zeresana herrian. Eztabaidatu egin da, eta ez da gutxi.


2018ko irailaren 14an - 10:13

Badakigu gure ekimenak iritzi ezberdinak sortu dituela. Herritar asko hurbildu zaizkigu babesa ematera, eta apustu etxearen aurrean egin genuen elkarretaratzean ehun lagunetik gora bildu ginen. Badira gaiak zalantzak sortu dizkiotenak. Baita gure ekimena kritikatu dutenak ere, kontrako jarrera azalduz eta ekimenak dituen kontraesanak seinalatuz. Iritzi, galdera, zalantza eta kritika guztiak dira ongi etorriak, aldeko zein aurkako argudioak gaian sakontzeko baliagarri zaizkigulako. Horretan saiatuko gara ondorengo lerroetan.

Hamar urte igaro dira Reta etxeak Bilbon lehen lokala ireki zuenetik. Geroztik estatu osoan beste 56 lokal ireki ditu enpresa honek, eta lokal hauez gain taberna eta jatetxe ezberdinetan 2500 terminal (apustuak egiteko makinak) ditu ezarriak. Aurrez herriko saskibaloi taldeak taberna bezala kudeatzen zuen lokala erosi eta enpresa bera arduratuko da gurean ere antzeko lokal bat zabaltzen. Apustuen merkatuan esperientzia zabala duten enpresari handiez hitz egiten ari gara beraz.

"Krisi ekonomikoa" deitu izan zaionaz geroztik asko hazi den merkatuetako bat da apustuena espainiar estatuan. Eusko Jaurlaritzaren arabera Eusko Autonomia Erkidegoan 340 milioi euro gastatu ziren apustuetan 2017. urtean, 2016an baino %10 gehiago eta eta 2012an baino %113 gehiago. Enpresa hauek 46 milioi euroko irabaziak izan zituzten, 2016an baino %13 gehiago eta 2012an baino %80 gehiago. Zazpi urtean biderkatu egin dira Eusko Autonomia Erkidegoan egindako apustu kopuruak, 2017. urtean 36 milioi izan zirelarik. Datuak ematen jarrai genezake, baino egun inork gutxik uka dezake apustuen merkatuak izandako gorakada eta hauen atzean dauden enpresa handiak lortzen ari diren irabazien tamaina. Apustua ez dela errenta dio esaerak, baina gutxi batzuk errenta handiak pilatzen ari dira azkenaldian.

Bankinter bankuak adibidez honelako gomendioak egiten ditu bere webgunean apustuen merkatuari dagokionez: "Kirol apustuak merkatu seguruak dira inbertsioak egiteko orduan. Legeak onak dira eta irabaziak izatea oso posible da, denbora gutxian irabaziak hauek bikoizteko aukerarekin".

Irabazi handien itzalean daude apustuetan dirua galtzen dutenak, enpresa hauek hainbeste diru irabazi izanak jendeak beste hainbeste galdu dituela esan nahi baitu. Prekarietatea eguneroko ogia den honetan, asko dira diru gehigarri baten bila apustuetara jotzen duten herritarrak. Ez da kasualitatea apustu etxeak langile auzoetan kokatu izana. Ludopatiaren aurkako elkarteetatik askotan eskatu da gaiarekiko kolektibo sentikorrenak (ekonomikoki, adinagatik...) izan daitezkeen auzoetan antzeko lokalen irekierak erregulatzeko, baina ez. Apustuen merkatuak haziz doazen neurri berean hazten ari dira honek dakartzan ondorio kaltegarriak.

"Askatasun pertsonala" edo "bakoitza libre da nahi duena egiteko" bezalako argumentuak ohikoak dira antzeko eztabaidetan. Baina egun herritarrak apustuetara erakartzeko ondo diseinaturiko marketin estrategiak garatzen ari dira enpresa boteretsu hauek. Publizitatean sekulako inbertsioak egiten dituzte, bereziki futbolaren mundua erabiltzen ari direlarik herritarroi apustuekin dirua irabazteko lilura zainetaraino sartzeko. Iragarkien bidez jende askorentzat erreferente diren kirolariak ari zaizkigu apustuak egitera gonbidatzen. Espainiar estatuko gizonezkoen liga nagusian jokatzen duten talde guztiak (Errealak salbu) apustu etxeen publizitatea egiten ari dira. Telebistan ematen diren futbol partiduen bueltako iragarkien %20 apustu etxeenak. Munduan gehien jarraitzen den kirola aukera ezin hobea izaten ari da apustu etxeentzat jendea askorengan eragiteko.

Euskal Herrian tradizio handia du apustuak, baina apustuak beti egin izanak ez ditu bere horretan onak egiten. Apustuak egiteko modu guztiak ez dira berdinak. Enpresa handiak sartu dira mundu honetan, zeinak beti aterako diren irabazten. Abiadura da egungo apustu moduaren ezaugarri nagusietako bat: Apustu bat amaitu orduko egin dezakegu bestea, eta kasu askotan apustu bat galtzean berehala berreskuratu nahiko dugu galdutako dirua, amaierarik ez duen zurrunbilo batean sartuz. Irabaztean ere antzekoa, bat irabazi badugu zergatik ez dugu irabaziko hurrengoa? Mendekotasuna sortzen duten teknikak darabiltzate apustu etxeak, “joko arduratsua” sustatzen dutela esanez dabiltzan bitartean. Baina noiz erreparatu diote kapitalistek beraiek sortzen duten miseriari? Noiz axola izan zaie jendearen osasuna? Noiz kezkatu dira jendearen bizitzaz?

Jakitun gara eztabaidak honek ertz asko dituela, konplexua dela eta kontraesan asko sor ditzakeela bere baitan. Jakitun gara gure herrian badaudela bestelako arazoak, gaiarekin lotura izan dezaketenak, alkoholarena kasu.

Herrian apustu etxe bat irekiko dute berehala, eta herritarren artean gai hau lantzeari ekin diogu, aurrez esan bezala urte gutxian sekulako gorakada izaten ari den fenomeno berri batean aurrean gaudela sentitu dugulako, eta honek izan ditzakeen ondorioek kezkatzen gaituztelako. Ez ditugu herrian dauden arazo guztiak lantzen, baina batzuk lantzera iristen gara, eta lasai gaude egiten dugunarekin.

Apustuen gaia lantzea eta beste batzuk albora uztea egotzi digutenak libre dira herrian landu gabe gelditzen diren bestelako arazoei eusteko. Gure neurrian bidelagun izango gaituzte.

Kontraesanekin bizi gara, dugun gizartea dugu, eta gizarte horren parte gara. Antolatzen dugun ekimen bakoitzak sortzen dizkigun kontraesanengatik balitz ez genuke ezer egingo ziurrenik. Baina gure kontraesan guztiekin kezkatzen gaituzten arazoak lantzea erabaki genuen duela bost urte, Elkar-ekin sortu genuenean. Eta horretan jarraitzea da gure asmoa, besteak beste apustu etxearen aurkako ekimenak bultzatuz.

Albiste hau Uztarria.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Analisia
HELarekin, akaso

Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen %64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakariordeak gaitzetsi du, absentismoaren eta oinarrizko... [+]


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | Roser Espelt Alba
Trumpen ispilua

Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi... [+]


Musker eta Tranpa

Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]


2025-02-26 | Ane Labaka Mayoz
Hatza ezpainetan

Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]


2025-02-26 | Bea Salaberri
Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]


2025-02-26 | Mikel Zurbano
DeepSeeken astindua

Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]


Teknologia
Suaren inguruan

Gizakiok berezkoa dugu parte garela sentitzeko beharra. Parte izateko modu hori jasotako hezkuntza, ingurua... formateatzen joaten da.

Identitateak ezinegon asko sortzen du gizakiongan. Batzuetan, banaketak ere eragiten ditu, ezin dugulako jasan beste baten identitatearen... [+]


2025-02-26 | June Fernández
Meloi saltzailea
Kongo askatu!

Fermin Muguruza jarraitzen duzu sareetan. Madrilgo kontzertuko bideo bat ikusi duzu bere kontuan: dantzari batek “Kongo askatu!” oihukatu du, bandera esku artean. Haren profila bilatu duzu: @c.kumaaa. Bilboko manifestazioaren deialdia zabaldu du. Ez zara joango,... [+]


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Asko gara, etorri gurekin euskal eskola publikora

Heldu zaigu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren... [+]


Kuotak, ikastoletan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan... [+]


2025-02-20 | Manex Gurrutxaga
EH Bilduren barne kongresuaz: behin betiko integraziorako bidea

Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. “Ez ohiko ondorioak” ateratzeko balio duen “ohiko kongresua” omen da, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu... [+]


Eguneraketa berriak daude