Zerekin egiten dugu amets? Elikagaien merkatu globalizatuan bira egiteaz harago

  • Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen lerrora artikulu honetan.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Azkenaldian ikusten ari gara gero eta zarata gehiago iristen dela landa eremura. Baina, orain arte, landa eremuko lurralde materiala –lurra, ura, biodibertsitatea...– eta immateriala –jakintzak, kultura, harremanak...– ez dira estimatuak izan, ezta baloratuak ere. Landa-ingurunea historikoki mespretxatua izan da iruditeria sozialean; irten beharreko lekua, ekarpenik egingo ez balu bezala; eta, bitartean, hiri-ingurunea “garapenerako” itsasargi bihurtu da.Eraikuntza sozial horretaz ohartzea funtsezkoa da azken hilabete hauetan landa eremuan zer gertatzen ari den jabetzeko, eta

hainbat pertsonen haserrea zergatik piztu den ulertzeko. Dena den, sentimendu horiek ulertzeaz gain, mobilizazioek eragindako zarata eta txinpartetatik harago begiratzeko gai ere izan behar gara, eta betaurreko ekofeministak jantzita aztertu zenbateraino diren eraldatzaileak mobilizazio horiek, bai edukian eta forman.

Nekazaritza Politika Bateratua ez da zalantzan jarri

Lehenengo ebidentzia da bat-batean landa-ingurunea protagonista sentitzen dela; une batzuetan, behintzat, fokuaren azpian sentitzen da, eta historikoki etengabeko periferia izan ondoren erdigunera pasa da. Horrek aukeren leiho baten aurrean egotearen sentsazio logikoa sortzen du. Prekarietate handiko testuinguru batean, lehen sektorea zorrez eta burokraziaz itota egonik, denek behar dute begiratuak izatea, arreta behar dute, baina gure buruari galdetu behar diogu: norantz doa arreta? Zer ari da nabarmentzen aukeren testuinguru honetan? Benetan aldatzen al dira zentroak edo dekoratuak aldatzen dira soilik?

Zentzu horretan, bigarren ebidentzia da mobilizazioen (eta sektorearen beraren) erdigune nagusia Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izan dela. Politika horren jatorria, gerraosteko testuinguruan, Europako kontinenteari elikadura-autonomia sortzen saiatzea izan zen. Gaur egun, merkatua ardatz duen tresna bat da; sistema guztiz bidegabean oinarritutako merkatu globalizatua da, non txikiak beti galtzen duen. Mobilizazioetan ez da inoiz entzun zentro hori aldatzeko eskaerarik; birak emateari utzi gabe, zorabioa ahalik eta txikiena izatea bilatzen da. Bai, diru publikoa da, Europako aurrekontuetako partidarik handiena (EBko aurrekontuaren %30 inguru) horretara bideratzen da; baina, gaur egun, partida hori logika kapitalista batek zuzentzen du, eta lur gehien duenak gehiago jasotzen du. Lur-jabe handiek irabazten dute; eta, bitartean, ertainak bizirik irauten saiatzen dira eta txikiak pastelaren banaketatik kanpo geratzen dira. Eta jabetza, salbuespenak salbuespen, gizonezkoen eskuetan dago gehienbat oraindik ere. Izan ere, laguntzen %30 soilik joaten dira emakume ekoizleen eskuetara –ezinezkoa da, gaur gaurkoz, genero ez-bitarreko pertsonen datuak lortzea–, eta, gainera, jasotzen dituzten kopuruak baxuagoak dira, aukeratzen dituzten ekoizpen eredua eta eskala direla eta.

Nekazaritza Politikez hitz egiten da, Elikadura Politikez hitz egin beharrean
Beste herrialde batzuetatik datozen ekoizpenen sarrera mugatzea eskatzen duen sektore berak, egunero esportatzen du

Benetako eraldaketa egiteko, erdigunean jartzen dena aldatu behar da. Erdigunean elikagaiak ekoizten dituzten lurraldeek eta pertsonek egon behar dute, eta ez merkatuak bultzatzen dituen lehiakortasuna eta lurren eta “baliabideen” (monetarioak zein fisikoak) akaparamendua. Merkatuak bultzatzen du atzerritarra inbaditzaile gisa ikustea, kontuan hartu gabe mugak bi norabidetakoak direla, eta beste herrialde batzuetatik datozen ekoizpenen sarrera mugatzea eskatzen duen sektore berak, egunero esportatzen dituela bere produktuak kontrako norabidean; adibidez, Marokotik datozen produkzio askok Espainiako Estatuko kapitala dute akziodun nagusien artean, eta han produzitzeko arrazoi bakarra kostuak minimizatzea –lanekoak, ekologikoak, fiskalak…– eta etekin pribatuak maximizatzea da.

Egun bada oraindik figura bat nekazaritzan, “familia-laguntza” deritzona, doan eta inolako eskubiderik gabe lan egiten duena

Era berean, kapitalak proposatzen duen merkatuaren inguruan biraka ibiltzeak, bizitzaz ahaztea dakar; dakar kapitala elikatzen duen kateari nola eusten zaion ez jabetzea eta alde batera uztea. Dakar ez jabetzea zer eskuk biltzen duten produktua –askotan, arrazializatutako pertsonek eta gehiegitan baldintza txarretan eta edo esklabotzan egiten dutenek–. Ez dugu aintzat hartzen gaur egun badela oraindik figura bat nekazaritzan, “familia-laguntza” deritzona, doan eta inolako eskubiderik gabe lan egiten duena. Erabat normalizatua dugu, nahiz eta funtsezkoa den elikagaien sektorean.

Halaber, ez da kontuan hartzen lurraren zaintzari lotuago dauden eta bizitza erdigunean jartzen duten ekoizpenak, gehienetan, ez direla NPBren hartzaile, edo kopuru irrigarriak jasotzen dituztela, ikusezinen artean ikusezinen bihurtuta. Haiei inork ez die begiratzen, ezta orain ere; haientzat ez dago mobilizazio hauetan aukeren leihorik. Izan ere, mobilizazio horietan Nekazaritza Politikez hitz egiten da, Elikadura Politikez hitz egin beharrean; eta elikagaiak beste salgai bat gehiago izatera murrizten dira, eskubideen ikuspegia barne hartzen duen begiradarik gabe, elikadura eta nutrizio egokirako eskubidea oinarri hartu gabe; edo zaintzaren ikuspegirik gabe, elikadura-katea zaintzaren sostenguaren parte dela ulertu gabe, iceberg kapitalistaren alde ikusezinean hondoratuta. Eskubideez eta zaintzaz hitz egin ahal izateko, pertsonak eta planeta errespetatzen dituzten ekoizpen-ereduak izan behar dira oinarri.

Emakumeek egin dituzten lan ikusezinak
Asko hitz egin da mobilizazioetan burokraziak dakarren zamaz. Nortzuk arduratzen dira burokrazia horretaz egunero?

NPBaz gain, asko hitz egin da mobilizazioetan burokraziak pertsona ekoizleentzat dakarren zamaz, gero eta handiagoa denaz. Puntu horretan, geure buruari galde diezaiokegu: nortzuk arduratzen dira burokrazia horretaz egunero? Historikoki, baserrietako emakumeek entzun behar izan dute ez zirela nekazariak, “paperak bakarrik egiten zituztela”. Orain, erdigunera ekarri da eskaera, burokraziaren lan karga borondatezko lanez eraman ezina bihurtu denean, eta dakarren kostuak ikusgarri bihurtu duenean; baina, historikoki, etxeetako espazio pribatuan eta inolako ordainik eta errekonozimendurik gabe sostengatu dutenei (berriro) ezikusiarena egin zaie. Eskaera garrantzitsu bihurtu den unean, lan hau ondo ezagutzen dutenen eta lan hori pairatzen dutenen ahotsak ia ez dira protagonista izan.

Tokikoa ere izendatu da mobilizazioetan, gertuko merkaturatze kanalak, zero kilometroa. Denok dakigu nor arduratu den produktua merkatura eramateaz, eskaerak jaso eta prestatzeaz… badakigu kudeaketa eta merkaturatze lanek zenbat denbora eskatzen duten, badakigu oso garrantzitsuak direla edozein proiektutan. Datu bat: Duina proiektuak, Gipuzkoa eta Bizkaiko baratzezaintza ekologikoko proiektuen kostuak eta denborak neurtu dituen azterlanak, zehaztu du merkaturatze eta kudeaketa/burokrazia-lanek, batez beste, denboraren ia %30 hartzen dutela zeregin guztiekiko.

Bideragarritasun monetarioaz hitz egin behar da, baina baita proiektuak bizigarriak ote diren ere, eta lan guztiak ikusgarriak ote diren eta baloratzen ote diren

Asko hitz egiten da ekoizpen bideragarriak lortzeaz; baina, bizigarriak al dira? Bideragarritasun monetarioaz hitz egin behar da, bai, baina baita proiektuak bizigarriak ote diren ere, eta horiek sostengatzen dituzten lan guztiak ikusgarriak ote diren eta baloratzen ote diren. Horri buruz hitz egiteak, honako hauei buruz hitz egitea dakar: zein zeregini ematen zaien balioa; nola diren emakume baserritarren eskubide ekonomiko eta ez-ekonomikoak, lurraren titulartasuna, historikoki nork kotizatu duen eta horrek sortu dituen inpaktuak; nork hartu dituen bere gain familiako zaintzak bere osotasunean, hau da, “familia nekazaritza” txalotuaren barruan gertatu diren desberdintasunak; nola horrek guztiak hainbat emakume landa eremutik irtetera bultzatu dituen, euren bizitzak norabide jakin batean eraiki ahal izateko; edo baita ere, motozerra bat hartu nahi izan duten askok edo unean uneko egurzalearekin tratuak egitera joan direnek gainditu behar izan dituzten estereotipoak –eta oraindik gainditu behar dituztenak!–.

Elikadurak oinarrizko adostasun soziala duen aliantza izan behar du

Horretaz guztiaz hitz egiteak dakar etorkizuneko gure elikadura, lurraldea, landa-ingurunea zeinen esku utzi nahi dugun jabetzea. Kapital goseak ingurua baliabide gisa baino ez baitu ikusten, bere burua asetzen jarraitzeko. Beraz, nork elikatuko gaitu? Nork zainduko gaitu?, kateatutako bi galdera dira; batak bestea gabe ez du erantzun eraldatzailerik aurkituko. Elikagaien ekoizpena, lurralde komuna errespetatuta egiten denean, funtzio soziala eta erabaki politikoa da. Gaur egun, belaunaldi-erreleboa zama jasanezina da eta amesgaiztotik gertuegi dago, eta amets bideragarri eta erreala izateko, kolektiboki eutsi behar zaio eta beste aukera batzuk ireki behar dira. Bizitzari eusten dioten zereginei balioa ematea funtsezko borroka da, eta elikadurak oinarrizko adostasun soziala duen aliantza izan behar du.

 

 

 

Argazkian, otsailaren 19an laborari agroekologikoek Donostian, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egin zuten mobilizazioa.

 

 

 

Ereduen talka inoiz baino presenteago
Mobilizazioetan gutxiengo ikusezina da agroekologia praktikara eramaten ari den laboraria, begirada kolektibotik lantzen dituena lurraldeari lotutako proiektuak, inguruaren zaintzari lotutakoak, elikadura osasuntsua eta eskubideen aldarrikapena

Erabakiak nortzuk hartzen dituzte eta nortzuk dira aurpegi ikusgarriak? Nortzuk jartzen dira erdian eta nortzuk jartzen dituzte periferian, ikusezin? Gutxiengoa, periferia, mobilizazioetan ikusezin direnak, merkatu globalaren eredua interpelatzen dutenak dira. XX. mendearen erdialdean “iraultza berdea” deiturikoak, prisma kapitalistaren pean asmatu eta bultzatu zen ekoizpen eredu intentsiboak, sektorea zorpetzera eta desagertzera eraman du; baina, berriz ere bueltan da, “iraultza berde eta digitala”-ren amets faltsuak saltzen; azken kolpea da. Azkenaldian, lurralde batzuetan megaproiektuen aurka agertzen diren traktoreen protestek ere, begirada indibidualista errepikatzen dute ("ez nire lurretan"), premia materialei (elikagaiak, energiak...) modu kolektiboan eta komunitarioan nola erantzun aztertu gabe. Mobilizazioetan gutxiengo ikusezina da agroekologia praktikara eramaten ari dena, begirada kolektibotik lantzen dituena lurraldeari lotutako proiektuak, inguruaren zaintzari lotutakoak, elikadura osasuntsua eta eskubideen aldarrikapena... nahiz eta politika publikotik gutxien sostengatzen den eredua izan. Gutxiengo horrek ikusezin izaten jarraitzen du, baztertuak dira, haien erdigunea kapital handiaren zirkuituetatik oso urrun dagoelako. Ereduen arteko talka inoiz baino presenteago dago.

Diskurtso neoliberalari eta eskuin muturrekoei mesede egiten die trending topic-ak, zaratak, katramilak, liskarrak

Hori gertatzen den bitartean, eredu hegemonikoak jarraitzen du ikusgai izaten, NPBren inguruan biraka dabilenak, makina handien eta merkatu handien ereduak. Diskurtso neoliberalari eta eskuin muturrekoei mesede egiten die trending topic-ak, zaratak, katramilak, liskarrak. Hori nabarmenagoa izan da lurralde batzuetan beste batzuetan baino; ez hainbeste, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeetan. Baina zaratatik harago, sakoneko interesei begiratu behar diegu. Funtsean ikusten dugu eztabaida badagoela landa eremua ordezkatzeko zilegitasuna nork duen. Aukeren leiho honetan, iskanbilaren bolumena igotzeko estrategia dago; alde batetik, dagokion sigla-saltsa entzuteko eta, bestetik, beherapen fiskalen, ingurumen neurrien beherapenen, beherapen burokratikoen... eskaeratik harago ez joateko. Epe motzeko adabakiak dira horiek. Zer eragin erreal izango du horrek guztiak nekazari gehienen bizitzetan? Zertarako balio dute beherapenek lurraldea eta nekazaritzako elikagaien sistema egunetik egunera gero eta gehiago okertzen bada?

Etorkizuna elkarrekin amestera eramango gaituen eraldaketa nekez etorriko da iraganean ainguratutako erakunde eta sigletatik. Beharrezkoa da prozesu klabean pentsatzea, eta adostutako manifestuak oratzea; mobilizazioak helburu baino tresna gisa ulertuta, zaratatik harago sakoneko aldaketak lortzeko bidea izan daitezen eta kontzientziak astindu ditzaten. NPBk eta patroi produktibista modernoak “ahal duenak bere burua salba dezala” genea inkubatu badute ere, beharrezkoa da indibidualismotik ateratzea eta ikusaraztea lehen sektorea ez dela bakarra, ezta homogeneoa ere; errealitatea askotarikoa dela, agroekologiatik hasi eta familia proiektu intentsifikatuetaraino, eta harago. Aliantza eta estrategia kolektiboak ez dira biderik errazena, eta urgentziazko garaiak diren arren, konfiantza su txikian egosten da. Feminismoak erakutsi digu amorru indibidual eta kolektibotik pentsatzeaz harago, ahizpatasuna dela amesteko eta proposamen bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko bidea. Erakutsi digu ikuspegi feminista duen formazio politikoak diskurtso propioak sortzeko aukera ematen duela.

Agerian geratzen da mobilizazioak eta negoziazioak birpentsatzeko beharra. Erakundeen arteko aliantza estrategikoen bidetik epe luzeko aldarrikapenak eta eraginak ekarriko dituzten proposamenak lantzeko beharra dago, kalera eta praktikara eraman daitezen. Sistema kolapsatzearen eta hackeatzearen bidetik, boterea urratuko duten eguneroko desobedientziekin, erreprodukzio sozialerako modu berriak sortzeko beharra dago. Ikusi dadila zaintzari eta lurraldeari lotutako elikadurak gure bizitzetan duen zentralitatea; politika eta gizarte alorretan hausnarketa eta eztabaida praktikoa sor ditzatela, Nafarroako Elikadura Burujabetzaren aldeko manifestuaren ildotik; horrela trantsizio agroekologikoa ahalbidetu dezaten, ekoizpena eta kontsumoa eskutik helduta ("elikadura agroekologikoa guztiontzat!" lemak dioen bezala).

Jada egiten ari garena ikusarazteko moduko mobilizazioak izan behar dute; jadanik asko egiten ari garelako, kolektiboki eta komunalki, nahiz eta eskura ditugun baliabideak urriak diren. Bai, beharrezkoa da kolektiboki amestea eta proposamen agroekologiko feminista baten aldeko mobilizazioetan sostengu positibo eta erradikal bat gauzatzea. Amorru indibidualetik sortutako zaratatik, iskanbilatik eta erreduratik harago, elkarrekin, amorru kolektibo eta eraikitzailetik, geure buruari galdetzea ea ze amets partekatu nahi dugun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekofeminismoa
Ekofeminismoa borroka kolektibo gisa
Desazkunde feminista

Guretzat, ekofeminismoa ez da teorikoek eta idazleek garatutako teoria. Kolektibo sozial batean parte hartuta eta beste kolektibo eta erakunde batzuekin harremanetan jarrita eraiki dugun ezagutza da. Eta eraikuntza kolektiboak ikusezin bihurtzeak kezkatzen gaituelako, Desazkunde... [+]


2024-11-11 | Estitxu Eizagirre
Ekofeminismo topaketak egin dituzte larunbatean Maeztun

50 inguru herritarrek egun osoko jardunaldia egin dute azaroaren 9an Maeztun, EHn ekofeminismoak gorpuzten lelopean. Goizean Euskal Herriko ekofeminismoak nolakoak diren deskribatzeko hainbat dinamika egin dituzte. Elkarrekin bazkaldu eta kantatu dute eguerdian, eta arratsaldean... [+]


2024-07-15 | Amanda Verrone
Deserriratu egin gaituzte eta badakite

Gure bizitzan zehar, jaberik gabeko zenbat ibaitan bainatu gara? Senarrik gabeko zenbat baratzetatik elikatu gara? Zenbat hazi kreole lorarazi ditugu aitarengandik, osabarengandik edo anaia ezkongabearengandik heredatu ez ditugun lurretan? Azken batean, zenbat emakume ezagutzen... [+]


Ekofeminismoaz, motozerra eskutan

Duela hilabete inguru, unibertsitateko kide gizonezko baten liburu aurkezpenean ginela, egoera bitxi samarra gertatu zitzaigun. Ekologiari buruzko liburua zen eta erreferentzien artean hainbat pentsalari ekofeminista zeuden. Egileak, baina, inongo momentuan ez zuen aipatu... [+]


Zahartzaroak

Zahartzearekin aldaketa fisiologiko, emozional eta psikologikoak gertatzea unibertsala bada ere, horiek lurreratzeko modu materialak, sozialak eta pertsonalak ez. Maiz zahartzaroa singularrean deklinatzen da baina elikadura, energia, ura, hezkuntza edo osasun zerbitzuetara... [+]


Zein bizitza erdigunean?

Ekofeminismoak ekologismoa eta feminismoa artikulatzen dituen begirada eta borroka proposatzen ditu. Horrek irekiera interesgarria dakar, ekofeminismoaren garapenaren zati handi bat ardatz izan duena. Hala ere, irekitasun horrek erronkak eta konplexutasunak ere zabaltzen ditu,... [+]


Zaintza Sistema eta Continuum-a

Gaur egun, zaintza sistemen etenari buruz hitz egin dezakegu; izan ere, kontuan hartzen al dugu gaur egungo zaintza sistemako fluxu guztien Continuuma? Hau da, kontuan hartzen al da baliabide naturalen erabilera gobernatzen duten legeak, horiek sostengatzen dituzten... [+]


2023-10-30 | Amanda Verrone
Sorginen borroka lurraren alde

Zutabe hau esku askoren arteko ereitea da. Idatzi agroekologiko bat, ekofeminismoa sentipentsamendu feminista elikatzeko beste aukera bat bezala proposatzen duena. Uhin horrek lurren desjabetzea, naturaren suntsipena eta sexuen arteko harreman desberdintzailea lotu nahi ditu,... [+]


UEUko jardunaldiak
Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian

Sumendi gune okupatua. Gasteiz. 2023ko ekainaren 29an. 9:00ak dira eta lehenengo partaideak ailegatzen hasiak dira. UEUko kideak, antolatzaileak, eta gertuko laguntzaileak dagoeneko espazioa txukuntzen gabiltza. Berehala egiten dugu espazioa gure, edo espazioak gu bere; erraza... [+]


Eguneraketa berriak daude