Zer egin dezakete administrazio publikoek euskararen alde?

  • Jada ez naute harritzen Eusko Jaurlaritzatik datozen proposamenek, azken urteotan idatzi bakoitzak aurrekoa gainditzen badu ere, fikzioaren eta baikortasun muturrekoaren lanketari dagokionez.


2016ko azaroaren 28an - 10:51

Patxi Lopezen (h)agintaldian hasitako joerari jarraikiz, euskararen etorkizuna norbanakoen borondatearen eta, batez ere, gazteen “aukera librearen” mende omen dago, administrazio publikoak “ia eraginik ez luketen” begirale eta herritarron diruen banatzaile “neutral” bilakatuta.

Ahoa bete hagin uzten naute, ostera, euskalgintzako gero eta eragile gehiagok. “Eta hemendik aurrera zer?” txostena babestu zutenek bai, eta Euskararen eguneko adierazpen bitxi hau sinatu dutenek ere bai, “Euskara hazkunde nabarian jarri dugu… gazteen hizkuntza izatera igaro da…

Europako hizkuntza zaharrena izatetik (domina noiz galdu du ba?) hizkuntza modernoa izatera igaro da… euskararen zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu da… konpromiso publiko eta pribatuari esker… hizkuntza (zein?) gizarte-elkarbizitzaren funtsezko osagai egin dugu…” eta gisa bereko hauteskunde-kutsuko esaldi eztabaidagarriz josita egon arren.

Adierazpeneko esaldi badaezpadakoei heltzeko gogorik ez zait falta, baina luzeegi joko luke. Hori bai, Administrazio publiko gorenak luzatzen digun galderari erantzuten saiatuko naiz, hau da,  zer egin dezakete Administrazio Publikoek euskararen alde? Eta zehazkiago, zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak euskararen alde? Jaurlaritza baita ondoen ezagutzen dudan administrazioa…

1. Bere ardurei heldu behar lieke Jaurlaritzak, eta ez herritarron artean zozketatu. Jaurlaritzak kudeatzen ditu herritarron diruak, ezartzen ditu arau askotarikoak, herritarroi zuzenean eragiten diguten baliabide askoren jabe da (EITB besteak beste), hortaz, galdera egokitzetik hasi beharko luke.

2. Aurreak erakusten duenez atzea nola dantzatu, euskararen normalizazioaren branka behar luke Jaurlaritzak, baina inondik ere ez da horrela. Popa erakusten diote EAEko erakunde publiko nagusiari hainbat gizarte ekimeneko erakundek eta udal txiki askok, kasurako.

3. Jaurlaritzan bertan euskararen normalizazioak aurrera egingo badu, langileekin elkarlanean jardun beharko lukete agintariek, baina ez dituzte sindikatuak ezertarako aintzat hartzen.

Asko jota urtean behin deitzen den Euskara Planen Jarraipenerako Batzordean ere, sail guztietako ordezkari politikoei bai, baina langileen ordezkari bakarrari egiten zaio leku, atera kontuak!

4. Herritarrok (langileok barne) euskara erabiltzearen aldeko hautua egin dezagun nahi badu, oztopo izateari utzi eta bidelagun bilakatu beharko litzateke Jaurlaritza alor askotan. Adibidez: sindikatuen ordezkariokin bizpahiru astez behin biltzen dira Jaurlaritzako ordezkari gehienetan erdaldunak. Helarazten diguten dokumentazioa ere erdara hutsez dator beti, behin eta beste behin euskaraz helarazteko eskatzen diegun arren. Ertzantza, Osakidetza, edota Justiziari buruz zer esan?

5. Itzulpengintza masiboaren bitartez mozorrotzen du Jaurlaritzak erdara ia hutsezko langintza. Horregatik ere, oso gutxi aurreratu da euskararen erabileran Administrazio nagusiaren ohiko jardunean. Egungoak (inon aplikatzen badira) baino itzulpen eta erabilera irizpide askoz ausartagoak ezarri behar lituzke Jaurlaritzak, sailez sail, eta erakunde autonomotik autonomora.

6. Gazteek lehendik ere ardura gutxi zituztenez (errebalidak gainditu, euskaldun eleanitz bilakatu, gizarte hobea eraiki, lan duin bat aurkitu, bizitzaz pixka bat gozatu …) euskararen normalizazioaren ardura ere leporatu diegu behin betiko, antza denez. Hori bai, euren izerdi hutsez burutu beharko dute balentria. Izan ere, erdarazko dozenaka telebista, baina (ez beti) euskarazko kate kaxkar bakarra eskaintzen zaie. Irrati-kateen eskaintza duinagoa bai, baina oso urria eta internetekoa zer esanik ez…

Ikastaro, kirol-jarduera, jardunaldi, antzerki, zinema, literatura, sukaldaritza, musika, komiki eta abarren eskaintzari dagokionez ere zer esan? Gazte gaixook zein hizkuntzaren aldeko apustua egingo duten (egiten ari diren) asmatzea ez da ariketa zaila, asmatu barik, begiak eta belarriak piztu besterik ez baita egin behar. Esan gabe doa, aipatutako horien guztien eskaintzan eta kalitatean erraz eragin dezake Jaurlaritzak, horretarako dirua bainoago, borondaterik izango balu.

Euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko, “nork bere neurriko eta nork bere ahalen araberako”konpromiso bat hartzea bada xedea, zertara dator erakunde publikoak, arduradun politikoak, gizarte ekimeneko erakundeak eta herritar xumeak galdera beraren inguruan dantzan jartzea? Nori egiten dio mesede Urquijoren PP, Mendiaren PSOE, UGT, CCOO edota Vocento “euskaltzale porrokatuen” sinadurak biltzea, bihar bertan euskaldunon subordinazioa betikotzeko lanean jarraituko badute?

Nork, dagozkion ardurei heldu eta erantzun behar die behingoz, agintean daudenetatik hasita.

                                                                                                     

JJ Agirre, euskara teknikaria eta ELAkidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


Ez da gelako elefante bakarra

Hizpidea jarri zuen Pello Salaburuk sare sozialetan, aipatuta hemendik hamabost urtera etorkinen pisua Bizkaian biderkatu egingo zela, biztanle guztien %22 izateraino, eta hori badela “zinez euskararen mehatxua”. Jakina, horrela botata, beste zehaztasunik gabe, azkar... [+]


2024-07-24 | Itxaro Borda
Estres test

Laugarrenez altxatu da eguzkia Baionako besten eremu setiatuan eta uste dut, septentrioko Euskal Herri honetan, hatsa hobekiago hartzen dugula, batez ere gure hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak direlako eta olde beltz-kakia hirugarren postura zokoratu dugulako. Bi gauza,... [+]


2024-07-24 | Ahoztar Zelaieta
JELkumeak

Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile berriaren iritziz, Imanol Pradales lehendakariak "esperientzia handiko emakumez eta gizonez osatutako gobernua osatu du, sektore profesionaletan errespetatuak eta Euskadirekin konpromisoa hartu... [+]


2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Trump presidenteordea eta Putin ukrainar presidentea

Joe Bidenen narriadura kognitiboaren eztabaidak bi urte inguru ditu. Batzuetan portaera bitxia zuen, beste batzuetan ez zitzaion ondo ulertzen edo egiak ez ziren gauzak esaten zituen, semea Iraken hil zitzaiola, adibidez. Halere, establishment liberalak bere egoera kognitiboari... [+]


Materialismo histerikoa
Ilara on

Ilarei buruzko artikulu bat irakurri nuen duela bizpahiru egun, Guillem Martinezena, eta ez dakit ondo ulertu nuen. Kontatzen zuen etxe azpian ezer berezirik ez zuen izozki denda bat daukala, eta azken aldian ireki orduko izaten duela jendea, bata bestearen atzean ordenatuta,... [+]


Teknologia
Arreta hezten

Ez dut oso argi gure bizitzak gidatzeko, banaka, botere nahikoa dugun, baina saiatzen jarraitu behar dugula bai. Taldean gauza asko egin badaitezke ere, egunero gure buruarekin borroka bakartia dugu aurrera egiteko. Gizaki gehienok, bizitzea den norabide bakarreko ur... [+]


Eguneraketa berriak daude