Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba aldendu egiten da egungo polemikatik –estatuko harrera-eredua vs euskal harrera-eredua–, eta beharrezko bost neurri aldarrikatzen ditu, Gasteizen errefuxiatuentzako harrera-zentro integral eta duin bat irekitzeko, hiriko beste gizarte-premia batzuei erantzuteko eta auzoetan kulturarteko bizikidetza sortzeko.
Zazpi urte baino gehiago igaro dira 2015ean Gasteizen bizi garenok kalera irten ginenetik hiri babeslea garela aldarrikatzeko. Aylan Kurdi haur siriar itoaren argazki hark hunkitu egin gintuen.
Urte hauetan, Siriatik, Afganistandik, Ukrainatik eta beste herrialde batzuetatik ihesi joandako errefuxiatuen irudiek gu hunkitzen jarraitu dute.
Erantzun eskasa
Hala ere, gu hunkitzea ez da nahikoa. Gure hiriak errefuxiatu horien harrera-beharrei eman dien erantzun instituzionala nahiko eskasa izan da urte hauetan (batez ere alde batera uzten badugu ukrainarrei egiten zaien ezohiko harrera). Izan ere:
Gasteizek ez dio erantzun hirira iritsitako errefuxiatuen gorakadari (2015ean, hamalau pertsonak eskatu zuten asiloa Gasteizen; 2022an, 1.044k). 2015. urteaz geroztik ez da plazarik handitu larrialdiko bizitegi-baliabideetan. Aitzitik, UGLZaren (Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua) ateetara ostatu hartzeko leku bat eskatuz iritsi direnei 8€ eskaini zaizkie beste hiri baterako autobus-txartel baterako.
Era berean, ez dugu ulertzen zer esan nahi duen Gasteizko Udalak bere harrera-eredu munizipala aipatzean. Ba al dago harrera-eredu munizipalik? Zenbat harrera-etxebizitza jarri ditu Gasteizko Udalak asilo- eskatzaileentzat urte hauetan? Zein ikastetxe txiki gaitu ditu eta zenbat plaza ditu? Zifra zehatzak eskatzen ditugu, urte hauetan babesaren arloan izan den udal-politikaren berri eman dezaten.
"Gasteizek ez dio erantzun hirira iritsitako errefuxiatuen gorakadari (2015ean, hamalau pertsonak eskatu zuten asiloa Gasteizen; 2022an, 1.044k)"
Plaza gehiago, harrera eredu integrala eta duina
Ekintzarik gabeko eta plaza nahikorik gabeko testuinguru horretan, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba erakundeak berriro gogorarazi nahi die premiaz egokitu behar direla harrera-plazak hirira iristen diren eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat (errefuxiatuak, asiloa ukatuak, aberrigabeak, igarobidean daudenak).
Plaza horiek harrera-eredu integral eta duin baten parte izan behar dute (aldarrikapen hori azkenaldian ikusten ari garen euskal vs estatu ereduen arteko eztabaida hutsaletik aldentzen dugu):
Errefuxiatuei bizitzeko behar duten leku segurua ematea (batzuetan, zentroak; beste batzuetan, etxebizitzak); eremu desberdinetako profesionalen laguntza (psikologikoa, juridikoa, linguistikoa, laborala); eta auzo, herri edo hiri batean bizitza berri bat izateko aukera.
Errefuxiatuek leku horretan beren bizitza duina garatu ahal izateko prozedurak, arauak eta legeak artikulatzea, autonomiaz eta beren eskubideak (osasuna, hezkuntza, Lanbide, administrazio-erregulartasuna) errespetatuta.
Esku-hartze sozial komunitarioa planteatzea, integratzen diren auzoko biztanleriaren beharrak kontuan hartuta, eta egoiliarren eta iritsi berrien arteko norgehiagoka ekidinez.
"Adingabeak dituzten familiak badira, zein ikastetxetara joango dira? Zer erroldatze bide aktibatuko da? Nola kudeatuko dira asilo-eskaerari buruzko administrazio-prozedurak?"
Zentroa bai, baina baldintza batzuk betez
Harrera integraleko eredu horren barruan, Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak egokitzat joko luke Gasteizen errefuxiatuentzako zentro bat irekitzea, betiere honako neurri hauekin batera badator:
- Zentroa ez irekitzea bakarrik, baizik eta hirian errefuxiatuentzat egokitutako bizitegi-baliabideen multzo baten zati gisa (aterpetxeak, zentro txikiak, solairuak), haien profilen eta beharren arabera (gogora dezagun eskatzaile batzuek 24 orduko jarraipen profesionala behar izan dezaketela, eta pisu batean bizitzeko beste pertsona batzuk direla aukerarik onena).
- Gaur egun hutsik edo gutxiegi erabiltzen diren titulartasun publikoko higiezinak (Betoño, Ezkoriatza jauregia, Ignacio Aldecoa ikastetxea, Gobernu Militarra) berrerabiltzeko plan orokor baten arabera kokatzea, beste gizarte-premia batzuei erantzuteko: mendekotasun larria duten hirugarren adineko pertsonak, iragaitzazko edo kaleko egoeran dauden pertsonak, gazteak…
- Haren irekiera udaleko eta urte anitzeko plan operatibo batekin batera onartzea, bertako egoiliarrentzat hezkuntza-, osasun- eta gizarte-baliabideak bideratu eta antolatzeko. Adingabeak dituzten familiak badira, zein ikastetxetara joango dira? Zer erroldatze bide aktibatuko da? Nola kudeatuko dira asilo-eskaerari buruzko administrazio-prozedurak? Zer arautze sustatuko da alokairu-etxebizitzen merkatuan, zentrotik ateratzen direnean pertsonen etxebizitza-beharrei erantzuteko?
- Auzoan (Aranan edo kokatuko den auzoan) esku-hartze komunitarioko programa bat aurkeztea, komunitateak diseinatua eta urte anitzeko finantzaketarekin. Programa horrek auzoko biztanleen beharrak kontuan hartuko ditu, eta migratzaileen eta adinekoen arteko norgehiagoka saihestuko du. Bi kolektiboek behar espezifikoak dituzte, eta horiei erantzun ahal zaie, borondate politikoa badago.
- Zentroa ireki ondoren, auzo-elkarte, erakunde, ikastetxe eta osasun-zentroek parte hartzen duten elkarrizketa-mahaiekin koordinatzea.
"Alderdi politikoei eskatzen diegu ez dezatela eztabaida nahastu hauteskunde-etekinen bila. Ez ditzatela erabili klixe zaharkituak edo beldurra sortzen duten hizkuntza su-eragilea"
Diskurtso alarmistarik ez, pertsonen bizitza eta ongizatea babesteko politikak bai
Alderdi politikoei eskatzen diegu ez dezatela eztabaida nahastu hauteskunde-etekinen bila. Ez ditzatela erabili klixe zaharkituak edo beldurra sortzen duten hizkuntza su-eragilea (zentro bat ez du zertan ohatzeak dituzten barrakoi-ilara bat izan).
Ordezkari politikoei eskatzen diegu ez dezatela beldurrik sortu herritarrengan diskurtso alarmistekin. Gasteizen tamaina handiko bizitegi-baliabideak daude (adibidez, Tomas Alfaro Fournier Arabako Campuseko Unibertsitate egoitzak 220 plaza ditu), baina ez da polemikarik sortu. Ez dezagun makro-zentroez hitz egin.
Zintzotasuna eskatzen diegu gizarte-eragile guztiei harrera-ereduez hitz egiterakoan: euskal harrera-ereduak Oñati bezalako zentroak ditu (11.500 biztanle), 80-100 plazatarako edukierarekin, herriaren eguneroko errealitatean gatazkarik gabe integratu dena.
Arana, Judimendi, Santa Luzia eta Aranbizkarra auzoak txalotzen ditugu, urte hauetan guztietan erakutsitako harrera-gaitasunagatik, eta auzo arrazista edo xenofobotzat jotzen ez uzteko eskatzen diegu. Biztanleria heldua da, adinean sartua (65 urtetik gora dute herritarren %40), eta errefuxiatuentzako zentro batekiko mesfidantzak zentro hori adinekoentzako zentro bat ez izatearekin soilik du zerikusia, urteak baitaramatzate eskatzen. Neurritasuna eta hausnarketa kritikoa eskatzen dizkizuegu, auzoetan beldurra zabaldu nahi dutenen aurrean irmo jokatzeaz gain.
Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei eskatzen diegu eztabaidarako eta politikak diseinatzeko esparru bat ireki dezatela, lurralde honetara segurtasun bila eta bizitzea merezi duen bizitza baten bila iristen diren pertsonei modu integralean erantzuteko. Orduan bakarrik esan ahalko dugu Euskal Herria benetan harrera herria dela, pertsonen, herrien eta naturaren ondasunen bizitza eta ongizatea babesteko politikak inplementatzen dituena, guztion zaintza eta bizitza erdigunean jarrita.
Nazioarteko Zuzenbidearen xedapenak errespetatzea eskatzen dugu, bereziki errefuxiatuei buruzko Genevako Hitzarmena, eta pertsona bati babesa izateko eskubidea ematen dioten kasuak eguneratzea. Horrela, gure egungo eredu estraktibista, predatzaile eta ekozidagatik beren jaioterriak uztera behartuta dauden pertsona guztiak babesteko.
Kritika artean abiatu dira Gasteizko Arana klinika zena Nazioarteko Babes Harrera Zentro bilakatzeko obrak. Ez auzokideak, ez errefuxiatuekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeak, ez PSEz bestelako alderdi politikoak ez daude ados proiektuarekin: makrozentroen ordez,... [+]
HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.
Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]
"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]
Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]
Igandean egin du erreskatea Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]
Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.
Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]
Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]
Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]
Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]