Zedarriak taldea eta bere interesak armagintzaren lobby gisa

  • Urtarrilaren 15ean Zedarriak enpresa foroak bere seigarren txostena aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Zedarriak taldeko zuzendari Guillermo Dorronsorok azaldu zuen hurrengo urteetan “segurtasun eta defentsa industrian” diru asko inbertituko dela Europan, eta “aukera bikain” hori aprobetxatzera deitu zuen. Energia nuklearra bultzatzeko aukera eztabaidatu beharra ere aipatu zuen. Aurkezpenak oihartzun mediatiko handia izan zuen, eta armagintza industriaren zein militarismoaren normalizazioan urrats berria irudikatu. Artikulu honetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak Zedarriak taldea osatzen duten hamasei pertsonek “heriotzaren merkataritzarekin” duten lotura ikertu du, armagintza bultzatzeko izan ditzaketen interesak argitu nahian. Emaitza argigarria da: hamaseitik hamarrek behintzat dute lotura motaren bat ekoizpen militarrean aritzen diren enpresa eta teknologia zentroekin.


2025eko otsailaren 03an - 06:47
Zedarriak Foroko hamabost partaideak. Ikertuen artean Pedro Luis Uriarte Santamarina falta da, Zedarriak Aholku Kontseiluko kidea Zedarriak.eus

Joan den abenduan argitaratu genuen liburuaren lehen zatian –Conversión de la industria militar en Euskal Herria. Para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko)–, industria militarreko lobby europar eta estatubatuarren jardunaren azterketa egiten dugu. Nola jakin duten poliki-poliki infiltratzen Europar Batasunaren eta AEBen egungo politika militarrak erabat baldintzatu arte. Nola ari diren eskala handiko gerra baten beldurra astintzen, milioi askoko diru-sarrerak bermatzeko modu gisa. Liburuan aurrerago eginda, Euskal Herriko armagintza edo, guk izendatzen dugun gisan, Euskal Herriko Xahuketa eta Gerrarako Ekoizpena (EHXGE) deiturikoaren errealitateari heltzean, honako hau adierazi genuen: "Gaur egun ez daukagu datu sendorik esateko Hego Euskal Herrian lobby armamentistak erakundeak erakartzeko prozesua gauzatu duenik".

Bada, dirudienez, horietako batzuek jendaurrean agertzea erabaki dute orain, horretarako Zedarriak elkartearen azken txostena baliatuta, eta gonbidatu berezi gisa Eneko Landaburu erabilita. Azken hori ez da harritzekoa; izan ere, hogei urte dira honako hau esaten zuela Landaburuk: "Ezin dugu hegemonia amerikarra mugatu armagintzan ikerketa eta garapen politikak martxan jarri gabe, diru publiko asko eskatzen dutenak, eta industriari oro har mesede egitea, amerikarrek egiten duten bezala".1

Enpresak eta gobernuz kanpoko erakundeak

Zedarriak Foroa izeneko taldeak hartzen ditu erakundearen “erabaki estrategikoak”, bere webgunean irakurri daitekeenez. Hamabost pertsonez osatutako taldea da: Ignacio Martín San Vicente, Amaia Gorostiza Tellería, Iñaki López Gandásegui, Cristina Garmendia Mendizábal, Javier Ormazabal Echevarría, Antón Pradera Jauregui, Ainhoa Lete Núñez, María Luisa Guibert Ucín, Consuelo Crespo Bofill, Maite de Aranzabal Agudo, Josu Ugarte Arregui, Belén Frau Uriarte, Inma Shara, Pilar Kaltzada eta Guillermo Dorronsoro Artabe. Horiez gain Pedro Luis Uriarte Santamarina dugu, Zedarriak Aholku Kontseiluko kontseilari bakarra: “Urte batzuk Foroan izan ondoren, lekukoa pasatu baina euren esperientzia eta harreman sarearekin bidelagun jarraitzea erabaki duten pertsonak”.

Hurrengo paragrafoek Zedarriak taldeko pertsona horiek armagintzan (EHXGE) dituzten interesak eta inplikazioak frogatzea izango dute helburu

Bi profil oso desberdin daude hamasei pertsona horien artean. Gehienak enpresa interesei lotuta daude, eta, kasu askotan, enpresa edo zentro teknologiko beretako administrazio edo zuzendaritza kontseiluetan izan dira (CIE Automotive, Dominon, Innobasque, Deustuko Unibertsitatea eta Deusto Bussines School, Mediaset, Alba finantza-korporazioa... gehi EHXGEri lotutakoak, aurrerago ikusiko ditugunak). Beste pertsona batzuk, berriz, gobernuz kanpoko erakundeei (Save The Children edo Oxfam Intermon) edo kulturari lotutakoak dira. Batzuk bi esparruetan aritzen dira. Artikulu honetan enpresekin lotura duten pertsonetan zentratuko gara.

Hurrengo paragrafoek Zedarriak taldeko pertsona horiek EHXGEn dituzten interesak eta inplikazioak frogatzea izango dute helburu. Garbi izanda beste interes batzuk ere bultzatzen dituztela, azken txostenean energia nuklearraren alde egiten baitu taldeak argiki, esaterako.

Armagintzarekin lotura duten Zedarriak-eko kideak, banan-banan

Has gaitezen agerikoenetik. Iñaki López Gandasegi Zedarriak-eko kidea Euskal Herriko EHXGEko enpresa nagusietako baten presidentea da: Aernnova. Aernnovak Bruselan langileak kontratatuta ditu lobby lanak egiteko industria militarrean, eta López presidenteak IK4 Batzorde Estrategikoan parte hartu du. IK4 sei zentro teknologikoren arteko aliantza da, eta horietako lau gutxienez EHXGEko kide dira (CEIT, Ideko, Lortek eta Tekniker). IK4 Batzorde Estrategiko horretan Zedarriak taldeko beste hiru kiderekin aritu zen López: Pedro Luis Uriarte, Pilar Kaltzada eta Guillermo Dorronsoro.

Zedarriak taldeko beste partaideetako bat Cristina Garmendia da. Espainiako Gobernuko ministra ohia, duela gutxi salatu genuen bezala, Satlantis enpresaren bultzatzailea da (EHXGEko “startup-etako izarrik distiratsuena” izendatu genuen Satlantis). Everis enpresaren gobernu organoetako kide ere izan da hainbat alditan, armagintza enpresa garrantzitsua nazioarte mailan. Gobernu organo horietan, Eduardo Serra Espainiako Defentsa Ministro ohiarekin eta Zedarriak-eko beste kide batekin ere aritu zen, Pedro Luis Uriarte.

Pedro Luis Uriarte, Everisen ez ezik, Espainiako eta Hego Euskal Herriko beste armagintza enpresa batzuen gobernu organoetan ere egon da (adibidez, Espainian Tecnicas Reunidas, eta Euskal Herrian Tubacex eta Multiverse Computing). Eta dagoeneko aipatu dugu IK4ren Batzorde Estrategikoan parte hartu duela.

Zedarriak-eko beste kide bat Javier Ormazabal Echevarría da, Velatia Taldeko lehendakaria (lehen Ormazabal). EHXGErekin duen loturak ezagunagoa izan beharko luke. Gutxienez Veletia taldeko bost enpresak hartzen dute parte EHXGEn (Idistek-ek eta Smarmec-ek ibilgailu militarretan; Supsonic-ek ontzi militarretan, eta Velatiak eta Wec-ek aeronautika militarrean). Ormazabal Artizarra fundazioko kide ere bada: fundazioak EHXGEko beste enpresa batzuk finantzatzen ditu, hala nola, lehen aipatutako Multiverse Computing.

Laburbilduz: aztertu ditugun hamasei pertsonetatik, gutxienez hamarrek dute lotura EHXGErekin modu batera edo bestera.

Artizarra fundazioko kide da ere Zedarriak-eko Ignacio Martín San Vicente. San Vicentek produkzio militarra duten Espainiako beste bi enpresa handitan (Alcatel eta Indra) eta nazioarteko GKN Driveline-n karguak izan ditu. Era berean, CEIT ikerketa zentroko presidente korporatiboa da, eta bere Batzorde Estrategikoko kide.

Maria Luisa Guibert Ucín Zedarriak-eko kideak ere CEITeko Batzorde Estrategikoan parte hartzen du. Batzorde horretan EHXGEko hainbat enpresa daude ordezkatuak, esaterako: ITP, Sener, Tecnum eta Tubacex.

Tubacexen Zedarriakeko beste partaide bat izan da kontseilari eta Fundazioaren Patronatuko kide: Consuelo Crespo Bofill. Crespok Pedro Luis Uriarteren lekukoa hartu zuen Tubacexeko kontseiluan.

Ekoizpen militarreko enpresei lotuta dago ere Guillermo Dorronsoro Artabe, Zedarriak-en azken txostenaren aurkezpena egin zuena taldearen zuzendari gisa. Adibidez, exekutiboa izan da Ibermática eta Accenture enpresetan (Banka Armatua ekimenak Accenture salatu zuen, "mugen eta herrialdeen militarizazioarekin lotutako bederatzi enpresetako bat izateagatik"). Gaur egun, Zabala Innovation-eko Administrazio Kontseiluko aholkularia da. Nafarroako enpresa horrek Europako Defentsa Funtsaren hainbat programatatik jaso du finantzaketa. Dorronsoro IK4ren Batzorde Estrategikoko kide ere izan da.

Azkenik, Antonio María Pradera Jauregi ‘Antón’ dugu, CIE Automotive enpresa taldearen sustatzaile eta lehendakaria. CIE Automotiveren akziodun nagusietako bat Shriprakash Shukla enpresa da. Enpresa hori Mahindra Defence Systems-ren administrazio kontseiluko burua da. Talde enpresarial horretan, orain arte, Zedarriak taldeko beste lau kide izan dira: Ignacio Martín San Vicente, Pilar Kaltzada, Guillermo Dorronsoro eta Amaia Gorostiza.

Laburbilduz, aztertu ditugun hamasei pertsonetatik, gutxienez hamarrek dute lotura EHXGErekin modu batera edo bestera: Iñaki López Gandasegi, Pilar Kaltzada, Cristina Garmendia, Pedro Luis Uriarte, Javier Ormazabal Echevarría, Ignacio Martín San Vicente, Maria Luisa Guibert Ucín, Consuelo Crespo Bofill, Guillermo Dorronsoro Artabe, Antonio María Pradera Jauregi ‘Antón’

Argitutako interesak eta erantzun gabeko galderak

Aurreko paragrafoetan ikusitakoa ikusita, eta seguru asko dagoenaren zati bat baino ez dela kontutan hartuta, begien bistakoa dirudi zein interes duen Zedarriak-ek industria militarraren bultzada proposatzeko. Horretan aritzen dira arlo honetako lobbyak.

Nola liteke GKEekin edo kulturarekin lotura duten pertsonak lobbyaren irudia zuritzeko prest egotea?

Gai garrantzitsu hori argituta, beste bi daude oraindik argitzeke. Batetik, nola liteke GKEekin edo kulturarekin lotura duten pertsonak lobbyaren irudia zuritzeko prest egotea? Hori egiten baitute Zedarriak Foroko kide izanda, "jarduera gainbegiratu" eta "erabaki estrategikoak hartu". Eta, bestetik, nola liteke Zedarriak taldearen aurkezpenean egon ziren euskal administrazioetako eta alderdi politikotako ordezkari batek ere proposamena kritikatu ez izana? Galdera horien erantzuna aipatutakoek eman beharko dute, edo lobby horrekiko duten konplizitatea agerian geldituko da.

Armagintza moldatu gerra eta kapitalismoa saihesteko

Hausnarketa bat eginda amaitu nahiko genuke. Zedarriak elkarteko guru gisa agertu ohi den Pedro Luis Uriartek gomendatu du, aberastasunaz hitz egin beharrean, oparotasun terminoa erabiltzea, ez baitu hain gaizki ematen. Arazoa da Uriarteren oparotasunaren kontzeptua dirura mugatuta dagoela, kapital metagarrira, eta dinamika horrek eraman gaitu gizateriaren eta ekosistemen etorkizuna arriskuan dagoen egungo egoerara. Berrikuntzan aditua den Uriartek irtenbide oso zaharkituak proposatzen dizkigu: armamentu-lasterketa. Ondo baino hobeto dakigu horrek nora garamatzan.

Euskal gizarteak eta munduak gaur egun behar dutena justu kontrakoa da: gerra gehiagoren fabrikazioan parte hartuko ez duen Euskal Herria

Guk, berriz, uste dugu euskal gizarteak eta munduak gaur egun behar dutena justu kontrakoa dela: gerra gehiagoren fabrikazioan parte hartuko ez duen Euskal Herria. Horretarako, EHXGEren “moldaketa eraldatzailea” proposatzen dugu, produkzio militarra ekoizpen zibilagatik ordezkatuko duena, eta gaur egungo ekoizpen sistema kapitalista bera kolokan jarriko duena. Produktu berriek eta horiek produzitzeko moduek irtenbideak eman behar dizkiete gizarte gisa eragiten diguten arazo larriei: ingurumen eta energia krisiei, zaintza lanei, osasun arloko gabeziei edo pertsona aberastuen eta pobretuen arteko arrakala gero eta handiagoari. Mundu mailan bizi dugun egoerak exijitzen digu.

Horretarako ezinbestekoa da gizartearen parte hartzea, horrela bakarrik egin ahal izango baitiegu aurre heriotzaren merkatarien interesei, Zedarriak lobbyak bere proposamenekin ordezkatzen dituen horiei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
Ez ditzala diruaren hotsak bonben burrunbak isildu

Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Armagintza moldatu gizartea eraldatzeko
Gerra hotsei aurre egin beharra

"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]


2025-01-22 | ARGIA
Armagintzarekin harremana duten Hego Euskal Herriko enpresa, ikerketa zentro eta erakundeen zerrenda

Zerrenda honetan,  2016az geroztik armagintza programaren batean parte hartu duten enpresak sartu ditu Gasteizkoak taldeak, edo militarrentzako produktu espezifikoak garatu dituztenak (ibilgailuak, pinturak, bateriak…). Hego Euskal Herrian sortuak, edo Hego Euskal... [+]


Mahai-ingurua | ELA · LAB · Steilas · ESK
Moldaketa, zail bezain ezinbesteko

Lehen aldia da Hego Euskal Herriko euskal gehiengo sindikalak armagintza industriaren moldaketaz taldean eta modu publikoan hitz egiten duena. Aurreko hilabeteotan mugimendu antimilitaristak bilera bana egin du lau sindikatuokin, produkzio militarra “sozialki... [+]


Armagintza industriaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamen antimilitarista
“Ezin dugu nor bere aldetik joan, erronka komunak ditugu”

Armagintzaren “moldaketa eraldatzailerako” proposamena publiko egin berri du mugimendu antimilitaristak. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez... [+]


2024-12-30 | Patxi Aznar
Hilketak, arma-eskalada eta ondorioak

Abenduaren 26an, aireko eraso batean, Israelgo armadak bost kazetari palestinar hil zituen. Haiekin 130 kazetari palestinar hil zituzten. Albiste horrek gauza pare bat gogorarazi dizkit, lehenengoa, benetako kazetariek jasaten duten jazarpena munduko edozein lekutan, adibidez,... [+]


Armagintza industriaren "moldaketa eraldatzailerako" proposamena
Armagintzari loturiko euskal enpresa eta erakundeak 70etik 200 baino gehiago izatera pasa dira 2008tik hona

Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten... [+]


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Enpresa militar israeldarrei 1.000 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkie Espainiako Estatuak, Gazako genozidioa hasi zenetik

ElDiario.es hedabideak aurreratutako Centre Delas erakundearen txostenaren arabera, enpresa israeldarrekin kontratu berriak egin ditu Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan. Armak erosteaz gain, urritik hona Europar Batasunetik Israelera arma gehien bidali dituzten... [+]


Gerrak sortzen dituen euskal industria militar berria: Satlantis-en adibidea

Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


“Heriotzaren merkatariak jada ez dira ezkutatzen, euskaldunak ere ez”

Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]


Eguneraketa berriak daude