Zaldibarko hondamenditik bost urtera, erantzukizunak argitu gabe eta zabortegien kontrola ezbaian

  • Bost urte bete dira Zaldibarren 800.000 tona zabor maldan behera amildu eta Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze langileak aurretik eraman zituenetik. Ikerketa judiziala amaitu gabe dago oraindik, Verter Recycling enpresak ez du ezer ordaindu zigilatze lanengatik, eta zabortegien gaineko kontrolak ezbaian jarraitzen du: Jaurlaritzak hiru urtetan 147 inspekzio egin ditu zabortegietan, eta soilik zazpi isun-espediente zabaldu ditu.

Zaldibarko zabortegia sutan, hondamendia gertatu zenean. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2025eko otsailaren 06an - 11:09
Azken eguneraketa: 13:18

2020ko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia amildu eta Euskal Herrian azken hamarkadatan izan den ingurumen hondamendi larriena eragin zuen. Bi langile hil ziren, Alberto Sololuze eta Joaquín Beltran; azkeneko honen gorputza oraindik ez dute aurkitu. Hondamendia gertatu eta berehala hainbat egunez su hartu zuen zabortegiak, laino toxikoa zabaldu zuen inguruan, eta hondakinen artean topatutako amiantoak gauzak okertu baino ez zituen egin.

Hondamendia gertatu aurretik, Eusko Jaurlaritzako ingurumen teknikariek zazpi inspekzio egin zituzten Zaldibarko zabortegira, eta azkenekoan 23 “desbideraketa” atzeman zituzten, baina ez zieten behar bezalako larritasunik eman

Bost urteren ondoren, erantzukizunak argitu gabe daude, ordea. Hainbat auzi ireki ziren, horietako bat Sololuze eta Beltranen heriotzagatik. Epaiketa horretan bai, zabortegia kudeatzen zuen Verter Recycling enpresak bere erantzukizuna aitortu zuen eta kalte ordaina eman zien familiei, baina inor ez zuten kartzelan sartu. Beste auzia, ingurumen delituei dagokiona, oraindik instrukzio fasean dago eta apenas dago informaziorik. Verter Recycling enpresako kideak, Jaurlaritzako Ingurumen Saileko funtzionarioak eta Lurtek eta Geyser aholkularitza enpresak daude inputaturik.  Epaiketa ekainaren amaieran izatea espero da.

Hondamendia gertatu aurretik, Eusko Jaurlaritzako ingurumen teknikariek zazpi inspekzio egin zituzten Zaldibarko zabortegira, eta azkenekoan 23 “desbideraketa” atzeman zituzten, baina ez zieten behar bezalako larritasunik eman. Jokabide eta kontrol falta horrek auzitan jarri zuen ordura arteko zabortegien kudeaketa osoa: “Zabortegi pribatuen ereduarekin amaitzea guztiz premiazkoa da, are gehiago eredu hau fidagarria ez dela frogatuta geratu denean”, idatzi zuen handik hilabete batzuetara EH Bilduko Mikel Oterok.

Alberto Sololuze y Joaquín Beltranen oroimenezko ikurra Eitzagan Zaldibar Argitu

Nola ari dira egiten zabortegietako inspekzioak?

EH Bilduk zabortegien kontrolaren inguruko datuak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregiri, Amancay Villalba legebiltzarkideak egindako galdera baten bidez. Erantzunean ikus daiteke Ingurumen sailak hiru urtetan 147 inspekzio egin dituela Gipuzkoa eta Bizkaiko zabortegietan, baina horietatik 32 besterik ez dira izan “programatu gabeak”, eta zazpi isun-espediente baino ez ditu zabaldu.  Jauregik ondorioztatu du “oro har” instalazio “gehienek” betetzen dituztela arauak, eta “gutxien” direla betetzen ez dituztenak.

Zaldibarko zabortegira 19 bisita egin dituzte 2022tik teknikariek, horietako gehienak programatu gabeak izan dira, eta hainbat arau-hauste atzeman dituzte

Isuna jarri dieten zabortegien artean dago Garbitekek kudeatzen duen Artigaskoa –Zabalgarbiko erraustegitik gertu–, usain txarra saihesteko neurriak ez hartzeagatik. Alonsotegiko herritarrak urteak daramatzate usain horiek direla-eta prebentzio eske. Zallako Las Lagunas zabortegia kudeatzen duen Cespari ere isun-espedientea ireki dio Jaurlaritzak, kasu honetan Ingurumen Zaintzarako Programa ez betetzeagatik, besteak beste.

Zaldibarko zabortegira hemeretzi bisita egin dituzte 2022tik teknikariek, horietako gehienak programatu gabeak izan dira, eta hainbat arau-hauste atzeman dituzte, tartean lixibiatuen isurketan gehienezko kopuruak gainditzea, desgasifikazio tximiniak ez eraikitzea, eta zabortegia zigilatzeko prozesuan epeak ez betetzea.

Amianto eta bestelako zaborren garbiketa lanak denbora askoan luzatu dira. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Verter Recyclingek ez du ezer ordaindu

2020an hondamendia gertatu ondoren, Zaldibarko zabortegia egonkortzeko eta zigilatzeko ardura hartu zuen Jaurlaritzak eta 30 milioi euro gastatu ditu horretan. Verter Recycling likidazio egoeran dago 2021 urteaz geroztik, eta zorra kitatzeko zabortegiko lurrak eskaini dizkio administraziori. Jaurlaritzako teknikariek, ordea, ikusi dute eremua egonkortzeko eta zigilatzeko oraindik neurri gehiago hartu behar direla eta hala exijitu diote enpresari. Baina, Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidalitako informazioan ikus daitekeenez, honek ez ditu epeak bete eta, gainera, oraingoz ez du euro bakar bat ere jarri.

Zaldibarko hondamendiaren auziak erakusten du, zabortegien gainean zegoen kontrol falta eta iluntasuna uste baino handiagoa zela. Durangoko epaileak berriki beste auzi bat ireki du, sekretupean dagoena

Zaldibarko hondamendiaren auziak erakusten du zabortegien gainean zegoen kontrol falta eta iluntasuna uste baino handiagoa zela. Durangoko epaileak berriki beste auzi bat ireki du, sekretupean dagoena, Iker Rioja El Diario.es-eko kazetariak azaldu duenez. Auzi horretan epailea ikertzen ari da ea Zaldibarko Udalak prebarikazio deliturik egin ote zuen, Ertzaintzaren txosten bat aintzat hartuta. Izan ere, Berria egunkariak 2023an argitaratu zuenez, Verter Recyclingek zegokiona baino lur eremu zabalagoa erabili zuen Eitzaga auzoan zabortegia handitzeko.

Bost urteren ondoren, hortaz, argitasun gutxi dago gertaturikoan eta zalantza asko gaur egun zabortegiak kudeatzeko moduan. Bitartean, igande honetan elkarretaratzea egingo dute Eitzagan, Zaldibar Argitu plataformak deituta, beste behin erantzukizunak eskatu eta hondamendia “diru goseak” eragin zuela salatzeko.

Zaldibar Argitu herri plataformak Kanpaina Onenaren Argia Saria jaso zuen 2021ean:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2025-04-09 | Garazi Zabaleta
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera

Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]


2025-04-09
Bikote perfektua

Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]


Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]


EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak

EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


Kutsadura maila handi eta arriskutsuak behatu dira Zubietako erraustegiaren inguruetan

Europan kutsadura maila aztertzen aritzen den Toxicowatch erakundeak egindako ikerketaren emaitzak dira. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen azterketak, eta ondoren 2024ra arteko laginak aztertu dituzte. Iazko laginen emaitzak dira honakoak.


Itsasadarreko tunelaren obretarako leherketak legeztatzearen aurka mobilizatuko da ostiral honetan ‘Subflubiala Ez!’

Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.


Armagintza sustatzearen aurkako manifestua sinatu dute EHUko 135 irakaslek, Jaurlaritzaren posizioa kritikatuta

Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude