Zaintzaren erromantizazioa


2021eko otsailaren 17an - 13:55

Gogoan dut lehen konfinamenduaren garaian San Mameseko estadioan hizki larriz eta bihotz artean hau zabaldu zutenekoa: “Gogoaren indarra. Milesker por cuidarnos”. Maskulinitate hegemonikoaren eta kapitalaren ekoizpenerako tenplu batean, zaintzeagatik eskerrak ematen dituzte, eta baloi bati ostikoak emateagatik, ordea, milioiak ordaintzen dituzte. COVID-19aren krisia hasi zenetik, gobernariek guztion sakrifizioa goraipatzen dute etengabean. Bitartean, emakumeek egiten dituzte zaintza lanak, bereziki emakume langileek, eta berezi-bereziki egoera prekarioenetan dauden emakume migratuek. Hau da, emakumeek dohainik lan egiten dute, eta, gainera, ordaindutako lanetan ere lan baldintza okerrenetan jartzen dituzte. Hortaz, aitortzat mozorrotzen dena indarkeria sinbolikoa da testuinguru honetan. Silvia Federicik esan bezala, maitasuna deitzen duten hori ordaindu gabeko lana da emakumeentzat.

Beraz, esklabo lana egiten ari diren emakumeak baloratzea esplotazioa eta botere erlazioa betikotzeko estrategia bat da. Ildo horretan, osasun langileen “heroismoa” ere emozionalitatez beteriko erreportajeetan erakusten digute (askotan auzo lotsa eragiten digutenak). Horren aurrean, osasun langile askok ahotsa altxatu dute, eta eskerren, txaloen eta idealizazioen ordez baliabideak eskatu dituzte. Esplotazioaren eta botere erlazioen erromantizazioa eremu askotan aurki dezakegu, baina rol berezia jokatzen du emakumeek egiten dituzten lanetan. Izan ere, zaintzaren erromantizazioa estrategia heteropatriarkal eraginkor bat da. Maitasun erromantiko heterosexualaren eraikuntzarekin batera, emakumeen berezkotasunean kokatzen da besteak atsegintzea, besteak zaintzea eta besteen beharrak lehenestea, eta bide hori markatzen zaie emakumeei maitasuna eta zoriontasuna lortzeko. Monique Wittig-en hitzak jarraituz, heterosexualitatea ez da praktika sexual bat, ez eta irrika sexual bat. Are gehiago, heterosexualitatea ez da erakunde soil bat, baizik eta gizarte osoa egituratzen duen erregimen politikoa. Hala, pentsamendu heterosexualak esentzialtzat aurkezten du diferentzia sexuala, gizon eta emakumeen arteko antagonismoa naturalizatzen du, eta gizonek emakume-neskameak berenganatzea ahalbidetzen du.

" Zaintzaren erromantizazioa gero eta ohikoagoa da azken hamarkadetan, emakumeenganako aitortza gisa aurkezten den biolentzia sinbolikoa"

Zaintza lanen idealizazioa, zaintza maitasunez eta erromantizazioz puztea, historikoki eta geografikoki koka dezakegun fenomeno bat da. Gaur egun ezagutzen ditugun familia eta ama maitekorrak XVIII. mendean hasi ziren eraikitzen Europan, bioboterearen garapenarekin batera. 1950eko hamarkadan, mendebaldeko gizarteetan, klase ertaineko emakume zurietan “etxeko aingerua” inposatu zen. Hau da, emakumeek Bigarren Mundu Gerratik itzulitako gizon soldaduen esklabo maitekorrak izan behar zuten. Neoliberalismoa zabaltzearekin batera, 1980ko hamarkadatik aurrera, amatasun intentsiboa hedatzen hasi zen; beste batzuen artean, edoskitzeko mandatuaren inguruan gorpuztua. Halaber, gure testuinguruan zaintzaren erromantizazioa bereziki amatasunaren eremuan gauzatzen ari da, eta, hura naturalizatuta, familiako zaintza lan guztietara zabaltzen da hein handi batean. Izan ere, erromantizazio bera aurkituko al dugu haurren eta adindunen beharrak asetzeko arduretan? Zalantzarik gabe: ez. Hala, bada, Mendebaldeko gizarte garaikideetan amatasun intentsibo eta erromantikoa hegemonikoa bihurtu da. Historian zehar, eredu hori oso urritan gauzatu da; hori bai, beti garai antifeministetan.

Gizarte heteropatriarkaletan, emakumeen lanak etengabe naturalizatu eta esentzializatzen dira; bereziki, bizitzaren produkzioarekin lotutakoak. Feministok, aldiz, emakumeek egiten dituzten lanak ere produktiboak direla azpimarratzen dugu behin eta berriro, eta ikuspegi horretan lanaren, produktibitatearen eta naturaren ideia patriarkalak ageri direla. Gizakiaren historia aztertzeko aukera dugun garaitik, bizitzaren produkzioaren arrazionalizazioa, teknika, sozializazioa eta planifikazioa topatuko ditugu, bizitza hori ekoizteko era eta unean eragiteko jakintzak sortu zirelarik. Hortaz, zaintza lanen erromantizazioa emakumeen lanak esentzializatzeko mekanismo bat da. Hain zuzen ere, besteen zaintza egokiaren iruditegian afektu eta maitasunarekin egindakoak lehenesten dira. Hau da, familian garatutakoak. Ildo horretan, emakumeak izaki maitekor bezala eraikitzen direnez, familiako emakumeek egindako zaintza jotzen da egokientzat. Beraz, ezinbestekoa da emakumeen lanetan gertatzen den esentzializazioa salatzea eta eraikuntza politiko bezala aztertzea. Lan horiek eraikitzen dituzten erlazioak produkzio erlazio bezala ulertzea.

Orobat, berebizikoa da zaintzaren idealizazioa eta amatasun erromantikoa iparralde globaleko herrialdeetan azken hamarkadetan gertatutako aldaketekin erlazionatzea. Izan ere, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuek hamarkada batzuetan askatasuna eta boterea areagotzea lortu badute ere, orain garai erreakzionario batean aurkitzen gara. Gainera, fenomeno hori ugalkortasun tasa txikiak dituzten Mendebaldeko gizarteetan gertatzen ari da, eta, ondorioz, amatasuna goraipatzeak eragin zuzenak ditu. Horrez gainera, kapitalaren interesentzat guztiz funtzionala da emakumeak doako zaintzaileak izatea, hala izanik emakumeek oso era errentagarrian ekoizten baitute lan indarra;gainera, gaur egun haien xeda da, besteak beste, soldatapeko langile asko merkatutik kanporatzea. Horiek guztiak soldaten jaitsiera, sektore feminizatuen prekarizazio eta egitura publikoen pribatizazioarekin batera gauzatzen ari dira, hau da, familietan emakumeen lan karga handitzearekin batera.

Azken boladan, feminista askori agerikoa egiten ari zaigu gero eta handiagoa dela zaintzaren eta amatasunaren erromantizazioa. Gainera, esanahi horien muina erraietaraino barneratua dugu, hau da, gure beharrak eta interdependentzia kudeatzeko erarik egokiena lotura afektiboan oinarritutakoa dela. Aitzitik, doako lana desfamiliarizatu ahal izateko ezinbestekoa da egitura publikoak indartzea, eta, bestalde, aldatu egin behar da pentsamendu hori, esaten duena familiako emakumeek egiten dutena dela zaintzarik egokiena. Orain dela hilabete gutxi, feministon haserrerako, Eusko Jaurlaritzako berdintasun aholkulariak adierazi zuen zaintza sistema publikoa ez dela ekonomikoki jasangarria, eta ezinbestean bermatu behar dela familiek zaintzeko duten eskubidea. Guk oso argi daukagu: politika antifeministak dira, eta gizonen pribilegioak sendotzen dituzte; erregimen heterosexuala indartzen dute, eta ofentsiba kapitalista eta arrazistekin batera datoz. Emakumeei eskerrak emango dizkiete, eta gizon-zuri-enpresariek kapitala pilatzen jarraituko dute. Zaintza eta familia goraipatuko dituzte, eta emakume migratzaileak baldintza okerrenetan lan egitera behartzen jarraituko dituzte. Amaren maitasuna laudorioz beteko dute, eta ama-neskameak bilatzen jarraituko dute. Maitasuna diote, baina esplotazioa da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Marxter Chef

Mamu batek zeharkatzen ditu sukaldeak: Karlosen mamuak.

Karlos ez da aurkeztu Master Chef Celebrity lehiaketara. Bere sukaldaritza-ondarea aztertuta, oso argi dauka ez duela lehiakideen aukeraketa gaindituko. Izan ere, hedabide eta gastronomiaren akademiaren ateak itxita izan... [+]


Teknologia
Joan zaitez...

2018an itzali nituen sare sozialak, baita gailuen jakinarazpen gehienak ere, bizitzan arreta non jarri kontrolatzen hasteko saiatu asmoz. Egunero lan horretan jarraitzen dut, sitsa argira nola, nire jakin-minak errealitatea ulertzen lagunduko didan informazio freskoa bilatzen... [+]


Trump, berriro

Donald Trumpek urtarrilaren 20ean berriro hartuko du AEBetako lehendakari kargua, eta bigarren agintaldia izango du Etxe Zurian. Aurreko agintaldian, 2017-2021ean, lotsa gutxirekin ibili bazen erabakiak hartzeko orduan, agintaldi honetan konplexu urri horiek ezabatuko ditu eta... [+]


2025-01-15 | Aingeru Epaltza
Houstonetik Nafarroa Arenara

Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]


Eskuak

Eskua bularrera eroan, eta bostekoa ukatu dio Siriako agintari berriak Alemaniako Kanpo Arazoetarako ministroari, ministro emakumeari. Modu adeitsuan, baina arbuioa jasan du Annalena Baerbock-ek. Aurretik, Al-Golani siriarrak, ordea, luzatu eta astindu dio eskua Jean-Noel Barrot... [+]


Urte berri goiza

Urte berri goiza Joxe Ansorenak, gure aitona Isidroren anaiak, sortutako biribilketa baten izenburua da, urteberri goizean txistulariek kalez kale jo zezaten asmatua. Doinu horren airean, gaueko kondarrak bilduz joaten ginen, zabor kamioiak bezala. Behin, Sakito mozkor galanta... [+]


Primaderako liliak

“Urte berri-berri, zer dakarrazu berri?” oihukantatzen genien, urteko lehen eguneko gaupasatik bueltan, bidean gurutzatzen genituen goiztiarrei. Eske puxken esperantzan gu, mozkor panparrotuok. Eta artean ez baitzen ez runner-ik ez eta selfie-rik ere,... [+]


2025-01-13 | Gerardo Luzuriaga
Euskadiko Selekzioa?

Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]


Entzumen eta hizkuntzako irakasleen gaur egungo egoera kezkagarria eta horren ondorioak

Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Eguneraketa berriak daude