125 milioi eurorekin, Nafarroako aurrekonturik handienetan hirugarrena du Iruñerriko Mankomunitateak, eta 350.000 biztanle ingururi ur hornidura, zaborren bilketa edo hiri garraioa eskaintzen dizkie. Irailaren 28an ikusmin handia piztu zuen mankomunitateko presidentea hautatzeko batzarrak.
Goiz hartan, EH Bilduk Aritz Aiesaren hautagaitza erretiratu ostean, arratsaldeko batzarrean urrats bat aurrera egin zuen David Campion Ollarango alkateak (Iruñea, 1969). Navarra Sumak garaipena ziurtatua ikusten zuen, PSNk bere hautagaia babestuko zuelakoan; bigarren bozketan, ordea, PSNk iritzia aldatu zuen, eta EH Bilduko, Geroa Baiko eta bost hautagai independenteren botoak gehituta, Campion lehendakari izendatu zuten.
Izendatua izan ostean, «historikotzat» jo zenuen kontzeju txiki bateko alkateak mankomunitateko gidaritza hartzea. Lurralde desorekaren arazoa pil-pilean dago Nafarroan. Iruñerrian bertan ere nabari da desoreka hori?
Bai, hamar biztanletik behera izanez ger,o jada jendegabeko eremu kontsideratzen da. Iruñerrian bertan, adibidez, Goñiko bailaran kilometro koadroko hiru biztanle daude. Arrazoietako bat zerbitzu falta da, eta, mankomunitatea zerbitzu hornitzaile den heinean, zerbait egin dezake. Ez ditu eskumen guztiak, baina horniduren eta garraioaren atalean bai. Hiriburura edo beste herrietara joateko autobusik ez izateak, adibidez, bere eragina du. Bakarrik taxian joan daiteke eta dirutza ordainduta. Arazo bat da.
«EH Bilduren B plana» izan zara, Navarra Sumak batzarraren ostean kritikatu zuen moduan?
Ez. Ordezkari independente moduan bina bilera izan genituen Navarra Sumarekin eta EH Bildurekin, eta beren asmoak azaldu zizkiguten. Gure ideia ez zen EH Bildu babestea, haren programa baizik. Zaborren tratamenduari buruzko Navarra Sumaren proposamena ez genuen gustuko, orain arte egindakoa geldiarazi eta lau urte atzera egiten zuelako. Jarraitzeko asmoa agertu izan balute, botoa ematea aztertuko genuke, benetan.
Ondorio politikoen ondorioz, ikusmin handia piztu zuen batzarrak. Deseroso zeunden?
Ez nago ohituta kontu mediatikoetara, baina eroso ikusi dut neure burua. Niri EH Bildukoa naizela leporatzea... Tira, ez naiz EH Bildukoa, baina ez zait ere baztertu beharreko aukera politikoa iruditzen. Nahiago izan dut, hori bai, biharamuneko egunkariei ez erreparatzea, eta, hortik aurrera, nabari da olatuaren aparra jaitsi dela. Independenteak gara benetan, eta batzuetan alderdi politikoei kostatu egiten zaie ulertzea alderdi bateko militante ez den jendea izatea.
Egiazki independentea ez zarela egotzi dizu eskuinak.
Independente izateak ez du esan nahi... Ez naiz igel bat, ideologia politikoa dut, ezkerrekoa naiz, baina ez naiz inoiz alderdi bati lotua izan.
Ekologian doktore zara, eta, lehendakari gisa, zure lehen hitzetan garrantzi berezia eman diozu ingurumenari. Zer egin daiteke mankomunitatetik?
Jende askori ematen dio zerbitzua eta ezinbestean kliman eragin kaltegarria du. Nafarroako enpresarik handienetakoa da, 500 langile inguru ditu, hondakinak eta garraioa kudeatzen ditu, eta jarduerok eragina dute ingurumenean. Aurreko urteetatik badago lan ildo bat CO2 isuriak murrizteko, eta, halaber, CO2 hartzeko jarduera proaktiboak bultzatzeko. Adibidez, estatuan basoberritzeko proiektuak sustatzen ditu, baina orain ikusi nahi dugu hori bera egin daitekeen Iruñerrian.
Lau urteotan Aritz Aiesa izan da presidentea eta zu batzarreko kide izan zara. Zer balantze egiten duzu?
Mankomunitatea enpresa nahiko modernoa da. Mundu guztiak nabari du garraioa, ur hornidura edo ibaien egoera hobetzen doala... Baina aspalditik harri koskor bat du oinean: zaborren tratamendua. Ingurumenean eragiteaz gain, legea ez da betetzen, eta horregatik Nafarroako Gobernuak isun zorrotzak ezartzen dizkio. Azkenean, herritarrek ordaintzen dute. Zaborrarekin egiten dena ilegala da eta arazo horri heldu behar zaio. Azken lau urteetan lan garrantzitsua egin da eta hondakinen tratamendurako zentro baten proiektua abian da. Inork ez du nahi etxe ondoan izan, baina zerbait egin behar da.
Gongorako zabortegiak, gainera, epemuga bat du?
Bai. Arangurengo udalarekin hitzarmen bat dago eta 2022rako itxita egon behar du.
Alternatiba gisa Imarkoaingo tratamendu zentroaren proiektua abian da. Denbora emango al du, tartean proiektuaren aurkako salaketak daudela jakinik?
Epe barruan gaude. Erabat zilegiak diren helegiteak jarri dituzte norbanakoek, tokiko udalek eta Sustrai fundazioak. Ikusiko dugu zer irtenbide duten. Etxean baikor dira. Inork ez du nahi halako zentrorik izatea, baina zerbait egin behar dugu. Arduraz jokatu behar dugu, eta Iruñerriak barneratu behar du, trantsizio epea gaindituta, hemen sortzen dena hemen tratatu behar dela. Navarra Sumako Juanjo Etxeberriarekin bildu ginenean esan zigun Imarkoaingo zentroa eraikitzeko proiektua geldiaraziko zutela. Iradoki zigun zaborra Tuterako Culebrete zabortegira eramatea.
Hiri garraioan, flota berritu da, eta egun ibilgailu hibrido eta elektrikoak badira. Mugikortasun iraunkorraren plan bat onartu da. Zer egiteko asmoa duzue?
Bai autobusen bai zaborrak biltzeko kamioien modernizazioa burutuko dugu, nahi eta nahi ez. Logikaz, joera da argindar bidezko ibilgailuak izatea. Etorkizuneko beste aukera bat da ere Imarkoaingo plantan sortzen den gasak kamioiak elikatzea, gau osoan birkarga ditzake ibilgailuak.
Iragan legealdi amaieran parlamentuak udal maparen legea onartu zuen, baina haren garapena geldirik dago. Nola eragingo dio mankomunitateari?
Albisteen arabera, gogoeta prozesu batean sartu da legea. Bere garaian, babestu nuen. Ez da lege borobila baina aurretik aurkeztu ziren besteekin alderatuta, erreforma nahiko arrazoizkoa dela. Independente gisa, badira gauzak ez dituguna gustoko, pisu handia ematen baitzaie alderdiei baina bi urteok balio badute legea hobetzeko, ondo legoke. Mankomunitateari ez dio asko eragingo, egungo baliabide guztiak eskualde berean sartuko dira.
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.
Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]
Bi urtean 5.000 tona lixibiatu baino gehiago prozesatu ditu Ecofert Sansoain enpresak
Abenduaren 16an Mendigorriako Biomendi txerri granja eta biometanizazio instalakuntzan elkarretaratzea egin du Nafarroako Makroetxaldeen Aurkako Plataformak. Bertan salatu du Biomendin 2022an 80.000 tona hondakin industrial-organiko tratatu zituztela, soilik 33.000 tonarentzako... [+]
Aranguren, Irulegiko Eskua agertu den bailara, zortzi herrik osatutako Iruñerriko haran irekia da. 1990eko hamarkadaren hasieran Gongora herrian egin zuten zabortegiaren aurka tinko bildu ziren orduko 1.200 bizilagunak. Borroka hartatik sortu zen haien herriak... [+]
50 urte bete berri dituzte Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak eta Nafarroako Emausko Trapuketariek, eta bietan buru belarri lanean Luzio Tabar, lehenbizi euskaltegian eta trapuketariekin orain. Bietan ezaugarri komun asko: biak herri ekimenak, behar sozial bati ... [+]
Hori uste dute Makrogranjen aurkako Nafarroako Koordinadorakoek, eta horregatik astelehen goiz honetan enpresak Caparroson eraiki nahi duen araztegi berriaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte Iruñean, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren atarian.
Uztailaren 3tik aurrera ezin da erabilera bakarreko plastikozko produkturik saldu Nafarroan, hondakinei buruzko foru legeari esker. Berez, Europa osoan sartu da indarrean EBren zuzentaraua, baina estatuek transposizioa egin gabe daukate: Nafarroako Gobernua zentzu horretan... [+]
Ingurumenaren zaintzan diharduen elkartearen esanetan, Nafarroako hondakin organikoaren zati handi bat Caparrosoko HTN biometanizazio enpresara bideratzen da eta handik ateratzen diren hondakinekin inguruko lur soroak kutsatzen dira.
Nafarroako Hondakinen Partzuergoa 15 mankomunitatek eta NILSA sozietate publikoak osatzen dute, eta aste honetan on line hezkuntza-programa abian jarri du hondakinen soerreraren prebentzioa, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka edo ekonomia zirkularra sustatzeko jarduerekin.
Hori da Sustrai Erakuntza fundazioak zabaldutako agiri batean atera duen ondorio nagusia. Joan den astean Nafarroako Legebiltzarrean Iruñerriko hondakinen bilketaz aritu ziren. Oinarrian, planta hori Imarkoaingo Garraioaren Hirian (Noain) edo Gongorako zabortegian... [+]
Berez Navarra Sumako hautagaiak irabaziko zuela aurreikusten zen, baina ostegun goizean Aritz Ayesa EH Bilduko hautagaiak eta orain arteko lehendakariak bere hautagaitza erretiratu zuen, adieraziz saiatuko zirela independenteren bat atera zedin lehendakari.