Paradigmatikoa da Yuval Hoah Harariren kasua. Sapiens. Gizadiaren historia labur bat liburua argitaratu zuenetik (2011n hebreeraz, eta, 2014tik aurrera, munduko hainbat hizkuntzatan –45 guztira, euskaraz barne, X. Kintanaren eta A. Sagarnaren itzulpenean, Elkar 2019–), munduan ez da beste historialaririk hark lortu duen bezainbesteko arrakastarik lortu duenik. Nola saldu 15 miloi ale ia 500 orrialdeko saiakera batekin?
Bada, Best seller-en gakoak dibulgazio zientifikora aplikatuz: oztoporik gabeko kontakizun txinpartatsua, ñabardurarik gabeko pertsonaien eta egoeren deskribapen aratza –ongiaren eta gaizkiaren esparruak argiro zedarrituz– eta, ororen gainetik, gure belarriak goxatzeko moduko mezua baliatuta: Arazoak izan ditugu 200.000 urteetan zehar, baina argira goaz. Inoiz baino hobeto bizi gara, oro har, eta oraindik ditugun arazotxoentzako sendagarriak eskura ditugu. Denbora kontua da teknikaren garapenak horien guztien soluzioak bidera ditzan. Amestutako Zerua gure Lurrean gauzatuko da berehala –pentsa zer diren urte batzuk ehunka milaka urteren perspektiban ari garenean.
Sapiens ideia interesgarriz betea dago, eta haien artean bada bat, nire irudiko nagusia, “iraultza kognitiboarena”: “Alegiazko munduak sortzeko giza gaitasunak” ahalbidetu zuen biologiarekiko autonomiarena, eta, harekin batera, gainerako espezieen gainetik jartzeko eta zibilizazioak sortzeko atea zabaldu zen. Beste hainbat gai jorratzen ditu tartean, zalantzazko argudio pila eta, batez ere, ñabardura falta nagusi, betiere lehen aipaturiko posizio ideologikora heldu bidean. Eta ideologikoa diot, zeren zientziaren izenean garatzen baitira egun ideologia nagusiak: narrazioei eta ideiei metodologia eta kutsu zientifikoa ematen zaie, objektibotasunaren izenean betiere.
"Hararik baieztatzen duenaren aurka, ez da mundu mailako txertatze orokorrik gertatu baztangaren aurka"
Ez naiz hemen sartuko liburuaren –eta gerora osatu trilogiaren– zalantzazko hainbat baieztapenenetan edo hutsuneetan, ez eta erabilitako datuak aurretik ezarri diren ondorioetara bideratzeko egiten diren amarruetan –nork ez du, bestalde, hori egiten? Mendebaldeko agintari eta ahaltsu askoren kontseilari bihurtua da dagoeneko Harari (B. Gates, M. Zuckerberg, B. Obama, A. Merkel edo E. Macron, besteak beste), eta koronabirusaren krisia lehertu denean ere, kontsultatua izan da. Egunkari bati berriki eskaini dion elkarrizketa batera joko dut zuzenean (El País, 2020ko martxoak 20), haren iritziekin eztabaidan.
Elkarrizketan, arrazoi osoz salatzen du: “Azken urteetan hainbat politikari arduragabek zientziarenganako eta nazioarteko kooperazioarenganako konfiantza zapuztu dute, eta orain hori ari gara ordaintzen. Ez dago jende heldurik bertan”. Azken esaldi horrek jo dit lehenik, gero eta maizago erabiltzen ditugun azalpen psikologikoetarako joera horrek: “Ume heldugabez beteta ditugu agintarien lekuak; tximino pistoladunak dira militarrak...”. Eta agintari horiek “arduragabeak” edo “heldugabeak” izan beharrean, guztiz kontzienteak eta arduratsuak baldin balira beren erabakietan, defendatzen dituzten interesen zerbitzuan? Ez al da ohikoa, bada, sarraskirako prest dagoen jendea egotea aginte leku nagusietan, etsaiak aukeratu eta haiek suntsitzeko gerran?
Hararik, ondoren, Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko bost puntuko programa laburbiltzen du: (1) “Informazio fidagarria elkar banatzea”, (2) “Funtsezko material medikoaren ekoizpena, hornidura eta banaketa modu bidezkoan koordinatzea”, (3) “Kaltetu gutxien dituzten herrialdeek medikuak, erizainak eta adituak bideratzea kaltetuenetara”, (4) “Mundu mailako ziurtasun ekonomikorako sarea sortzea, lurralde eta sektorerik kaltetuenak salbatzeko”, (5) “Mundu mailako akordio bat hitzartzea, ezinbesteko zenbait pertsonak libreki bidaiatu ahal dezaten, muga arazorik gabe”. Puntu baten edo besteren inguruko ñabarduretan sartu gabe, harri baten moduan jotzen dit buruan galdera batek: zein planetatan bizitzea tokatu zaiola uste du Hararik? Eta espaziotik bueltan Lurraren orbitara jauzi egin zuten lehen astronauta haiek gogorarazten dizkit, “planeta urdinaren” edertasunarekin hunkiturik, guztion anaiartea aldarrikatu zutenak, malkotan.
"Haririk denon aurrean esplikatzen du bere eguneroko lana bakarraldi espiritualekin konbinatzen duela"
Baina Harari sinetsita dago jendartearen zorionerako eboluzioan, eta hori nola lortu behar den erakusteko, baztanga bezalako gaixotasunak deuseztatu izana jartzen digu adibide, zeina, haren arabera, “txertaketa unibertsalari esker lortu baitzen”. Beraz, pandemien aurkako immunizazio orokorraren ahobatezko ideia bulldozerra proposatzen digu, “denok onartzen duguna, txertoen aurkako psikopata antisozialen bat edo beste kenduta”. Historiak, ordea, kontatzen digunez –Harariren diziplinak, alegia–, baztangaren beherakadak Europan ez zuen zerikusi zuzena izan txertatze masiboarekin; Leicester hirian (Ingalaterra), esaterako, non 1871-1872ko epidemia gertatu zenean haurtxoen % 95 txertoa hartuta baitzegoen, agintariek baztertu egin zuten neurri hura, eta, haren ordez, higienezko neurrien alde jo zuten[1].
Hararik baieztatzen duenaren aurka, ez da mundu mailako txertatze orokorrik gertatu baztangaren aurka. Gurutze Gorriak Afrikan sustaturiko txertatze kanpaina batean parte hartzeko aukera izana naiz, eta ondo konprobatu dut halako kanpainak gauza ezinak direla hango leku gehienetan, eta ematen diren datuak faltsuak direla; halako kanpainen helburu nagusia da metropoli ohien plan neokolonialak zuritzea. Beste halamoduzko analogia baten arabera, malaria bezalako gaixotasun endemikoak ez dira desagertu haien aurkako txertorik asmatu ez delako, baina kontua da Europatik aspaldian desagertu zela, txertorik gabe ere, hemengo bizi-baldintzak hobetzearekin batera. Haririren ideologiarekin bat egiten dutenek gauza bera azpimarratzen dute behin eta berriz: Soluzio unibertsalak konponbide teknikoen esku daude, eta, koronabirusaren krisiaren kasuan ere, lurralde guztietako pertsona guztiei txertoa jartzea da konponbidea. Lurralde bakar bateko biztanleak txertatu gabe geratuko balira, arriskutsuak bihurtuko lirateke mundu osoko gainerakoentzat, baztangaren birusa berriro agertzea eta haren bilakaera posibleak ugaltzea ekarriko lukeelako. Txertatzea baliogarria izan zitekeela onartuta ere, baieztapen irmo hori faltsua da bere horretan; izan ere, arazoak konplexuagoak dira beti, eta covid 19ra itzuliz, haren aurkako txertoa sortzeak berak eta hura banatzeak sortzen eta sortuko dituen arazoak horren adibide garbi dira.
Aipaturiko elkarrizketan aldaketa klimatikoaren arazoaz ere mintzo da Hariri, eta antzeko konponketa tekniko sinpleak proposatzen ditu, hondamendi ekologikoa etorkizuneko kontu bat balitz bezala. Arazoa etorkizun dago, eta hari aurre hartzeko moduan gara. Ez da indarrean dagoen katastrofea, itzulezina dagoeneko hainbat arlotan, gure bizimoduari eta eredu produktiboari guztiz atxikia. Eta ataka aprobetxatuz, aurrerapen ekonomikoa zalantzan jartzen duten adur txarrekoen kontra jotzen du: “Badira batzuk uste dutenak aldaketa klimatikoa geldiarazteko aurrerapen ekonomikoa gelditu beharko dugula, eta leizeetara eta sustraiez elikatzera itzuli. A zer-nolako ergelkeria!”. Zer da, baina, ergelkeria: aurrerabidearen dogma zalantzan jartzea ala hazkundearen eta “sustraiak jatearen” arteko ezinbesteko hautua planteatzea? Harrigarria da ikustea zenbateraino dauden ezkutuko harrokeria gaitzak jota halako jarrera, ideologia eta diskurtsoak.
"Hariri israeldarra da, Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko irakaslea, baina ez dirudi ezer esateko duenik bertako 'arazotxoen' inguruan"
Puntu bat gehiago aipatuko dut. Haririk denon aurrean esplikatzen du bere eguneroko lana bakarraldi espiritualekin konbinatzen duela. Noizean behin meditatzera erretiratzen da, eta haren etsenplua jarrai dezagun animatzen gaitu. Idatzi duen trilogiaren bigarren alea Goenka maisuari eskainia dago. Maisu horren jarraitzaileek antolatzen dituzten erretiro-bakarraldiak zabalduta daude mundu osoan. Neuk ere meditatzen dut, eta egona naiz horietakoren batean. Horrexegatik ateratzen dut gaia. Hasteko, bakarraldi horietan eskaintzen den dotrina poteratua da –maisuak ez du zuzenean hitz egiten; haren hitzak grabaketen bidez baino ez dira eskaintzen, ingelesez, eta, ondoren, gainerako hizkuntzetara itzulita–, eta budismoaz eskaintzen den ikuspuntua, berriz, guztiz sinplista eta errebisionista, budista mendebaldar gehienek egin bezala, bidenabar. Haien artean, ohikoa da Budaren lehen “egia noblea” –sarvam dukkha, ‘dena oinazea da’ halamoduz itzulia– aldarrikatzea eta aldi berean ukatzea, eta, hala, jakina, ukatu egiten dute baieztapen horren zentzu ontologikoa, alegia gizatasunak berezkoa duen osagarria. Kasu honetan ere, hori “kontu teknikoa” litzateke: “Jar dezagun jende guztia meditatzen –egoki dagokien txertoa ipini ostean–, eta dukkha historiaurreko kontua bilakatuko da”.
Hariri israeldarra da, Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko irakaslea, baina ez dirudi ezer esateko duenik bertako “arazotxoen” inguruan –palestinarren apartheidaz, edo gero eta lurralde zabalagora hedatua den Ekialde Erdialdeko gerraz, zeinak milioika gizakiren bizimodua zapuztu eta munduko geopolitika baldintzatzen baitu–. Ez dut arazo hauen inguruan duen iritzia ezagutzen, baina pentsatzekoa da kontuak aterata izango dituela: arrazoi osoz pentsatuko du nahikoa dela hutsegite txiki bat eremu “labainkor” horietan agintarien gorteetatik baztertua izateko, edo bere lurraldean bertan arazoetan sartzeko, eta hori alferrikako arriskua litzateke hainbeste esateko –eta saltzeko– duen batentzat.
[1] Alfred Russel Wallace, The Wonderful Century. Cambridge University Press, 1898.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Jada bizpahiru aste izango dira irakurri nuenetik, Maialen Akizuren zutabe batean. Aner Peritzek telebistan esandakoak zekartzan: “Bertsolaritza da gizon zis heteroekin ez harremantzera eraman nauena, bertsolaritza delako disidente egin nauena, eta, era berean,... [+]
Beldur hori bada. Badirudi Donald Trump etorri dela Washingtoneko bulego borobila luzerako okupatzera. Bigarren mandatua du, baina bere hurbileko aholkulariei, ez dela txantxetan ari berretsiz gainera, Konstituzioan zenbaki bakan batzuk aldatzeko bere xede zurruna aipatzen die,... [+]
Ansorena´tar Joseba Eneko.
Edonori orto zer den galdetuz gero, goizaldea erantzungo, D´Artagnanen mosketero laguna edo ipurtzuloa, agian. Baina orto- aurrizkiak zuzen adierazten du eta maiz erabiltzen dugu: ortodoxia, ortopedia, ortodontzia... Orduan (datorrena... [+]
“Erresilientzia poltsa”, “biziraupen eskuliburua”, “ebakuazio bizkar-zakua”: hara nolakoak entzun daitezkeen agintarien ahotan azken asteetan.
Iragan hilabeteko adierazpenen artean, Europako Batasunak herritarrei eskatu die... [+]
Ez da Aberri Eguna, Aberri Aukera da euskaldunok behar duguna. Urtean behin errepikatzen dira balizko alderdi zein talde abertzaleen deialdiak, data hauetan, Euskaldunon aberria Euskadi/Euskal Herria da aldarriaren inguruan. Egun bateko kontua izaten da, hala ere. Eta ez batera... [+]
Joan den astean topaketa polit bat izan dut, aspaldi ikusten ez nuen emakume talde batekin, eta egitearen inguruan aritu gara berbetan, teknologia eta sorkuntza espazioei lotuta.
Emakume hauetako nagusiena, jubilatzeko mugan dagoena, programatzailea da eta kodea programatzen... [+]
Hainbatetan esan izan didate arkitektoen lanaren gauzarik indartsuena dela ekoizten duguna betikotu egiten dela. Eraikinaren betikotasunak gizakiaren presentzia tenporala gainditzen duela eta geroko etorkizunean iraunkor egingo gaituela. Eta liburu batekin gertatzen ez den... [+]
Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]