Yemen, non haur gerrak traumatizatuak burdina gorituz markatzen diren

  • Berrikitan Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazia du Yemenen 13 milioi pertsona daudela goseak eta gerra laster ez baretzekotan egoerak ekar dezakeela “munduak 100 urteotan ezagutu duen goseterik larriena”. Aldi berean, NBE bera ez da gai hasieran Yemeneko barne gatazka zen eta Saudi Arabiak nazioartekotu duen gerrari irtenbide diplomatikorik aurkitzeko, saudiei bezala Emirerri Arabiarrei armak saltzen dizkiegun europar eta iparramerikarren negozioen zorionik urratu gabe.


2018ko azaroaren 30ean - 12:21
‘Middle East Eye’-ren webgunetik hartutako argazkian, oinaze fisikoak edo psikikoak arindu nahian burdina gorituz markatutako haur ugarietako bat. Antzina petrikilo eta sendalariek erabilitako metodoak berpiztu dira Yemenen, osasun sistema guztia suntsitu dutenean. Argazkian nabarmen ikusten da erreduraren oinazea arindu nahian eskueran zeukaten krema bakarra ezarri diotela: hortzetarako pasta.

Mekkia Mahdi anderea mediku ari da Aslamen, Yemeneko ipar-ekialdean. Der Spiegeleko Christoph Reuter galdezka doakionean, doktorea aurkitu du salbatu nahian 11 urte eduki arren ume jaioberri baten pisua daukan mutiko bat: “Ez dut ulertzen munduan zer nolako zalaparta piztu duen Jamal Kaxoggiren hilketak, zeren eta bitarte horretan milioika haur yemendar sufritzen ari dira haietaz inoren kezka piztu barik”. Aste horretan bertan egunero hil zaio haur bat egoera ikaragarri horretan.

Gatazken kontaketan iturri fidagarrienetakoa den Wikipediak azaro erdian zioen 2015etik gaurdaino Yemengo gerran denetara 57.538–80.000 pertsona hil direla. Kopuru horretan kontatuta daude borroketan eroritako militar eta gudariez gain eraso militarrek jotako 6.592 zibil eta Saudi Arabian Yemenetik egindako erasoek eragindako 500. 2017rako bakarrik Save the Children GKEaren arabera goseak hildako 50.000 haur eta kolerak hildako 2.310 pertsonak ere bai. Baina azaroaren 21ean Save the Childrenek hildako haurren kopurua berrikusi eta 80.000taraino igo du, 30.000 gehiago. Hildakoez gain, 49.960 dira zaurituak eta 3.154.000 beren etxeetatik ihesi joanak, 24 milioi biztanle dauzkan Yemenen.

Yemen barruko gatazka armatuak 2004an hasi ziren arren, 2015ean bihurtu zen benetako gerra zibil nazioartekotua, huthi matxinoek Sanaa hiriburua berenganatu eta horiek kanporatutako Mansur Hadi lehendakariaren alde Saudi Arabiak esku hartu zuenean, atzetik lorrean zekartzala Emirerri Arabiarrak, Senegal, Maroko, Sudan eta Qatar, AEBetako Academi gerra kontratista pribatuaz gain. Yemenen Ansar Al-Shariako islamistak ere indar hartzen ari zirela eta, hegazkinak eta tropak bidali zituzten gero Britainia Handiak, AEBek eta Frantziak. Saudiek eta bere sozioek, bestalde, salatzen dute huthi xiitek Iranen laguntza jasotzen dutela.

Ororen buru, geopolitikaren hari nahasiek konpongaitz bilakatzen dute Yemenen gerra zibil hasi zena. Xehetasun garrantzitsu bat: Nazio Batuen Erakundeak agintari legitimotzat dauka saudiek babestutako Mansur Hadi ren gobernua. Orain arte egindako negoziaketa saioek porrot egin dute. Azkena, irailean Martin Griffiths NBEak jarritako bitartekariak Yemeneko emakumeen mobilizazioa aprobetxatuz antolatu zuen Suitzako Geneban. Porrotarekin berriro: Hadik mesprezu egin zion Griffithen eskaintzari –nahiz eta ordezkaritza zabala bidali zuen Suitzara–, huthiak ez ziren azaldu NBEk ez zielako osorik etxeratzeko segurtasunik bermatzen... eta Yemenetik Genebaraino iritsitako emakumeak bazter batean eduki zituzten.

Itsas bazterreko basamortu yemendarrak zeukan landaredia urriari gerrak kalte handiak eragin dizkio. Batetik nekazaritzaren hondoratzea dago, hein batean bi aldeetako militar eta gudariek ahalegin berezia egin dutelako aurkariek kontrolatutako eremuetako soroak hondatzeko. Eta bestetik, elikagaien %90 kanpotik ekarri behar duen Yemen blokeaturik dago lur, aire eta itsasoz.... Guztiaren ondorioz 24 milioi yemendarretatik 13 milioik gosea pasatzen dute eta hauetatik 6 milioi daude batere elikagairik gabe geratzeko arriskuan.

Urik eza da beste arazo larri bat. Berez oso idorra den lurraldean, gurpil zoro baten moduan doaz beren eraginak metatuz klimaren berotzea, euri faltagatik akuiferoak agortzea eta lurpeko uren gazitzea. Gerran, gainera, urtegi eta biltegi asko suntsitu dituzte, ura urritzeaz gain garestituz. Nazioarteko erakundeek ez dute lortzen gabezia hori arintzerik: 20 milioi jendek daukate segurtatu gabea bai ur garbia eta bai estolderia txukun bat.

Ez mediku, ez botika... norengana jo?

Asko aipatu da AEBek Yemeneko hondamendian daukaten erantzukizuna, baina europarrok ere bagenuke loa galtzeko motiborik: Europar Batasunako herrialdeek Saudi Arabiari eta Emirerri Arabiar Batuei 2015etik hona saldu dizkiete 76.062 milioi euroko balioa duten armak, Middle East Eye behatokiaren arabera. Kopuru horrek 55 aldiz biderkatzen du herrialdeok Nazio Batuen Yemenerako laguntza planari eman dioten dirutza.

Zenbait gobernu europarrek agindu duen arren saudientzako armen salmenta gelditzea, Alemania eta Danimarka dira hori egin duten bakarrak orain artean. Britainia Handiak, Frantziak eta Espainiak business as usual egiten darraite; esan nahi baita, armagintzako euskal konpainiek ere jarraitzen dutela Yemeneko gerra sugai berriz elikatzen, hala nola Sener eta SAPA konpainiek.

Herritarren egoera are gehiago okertzeko, Yemeneko txanponaren baliogabetze izugarriak –rialak 2015ean balio zuenaren laurdena balio du gaur– asko garestitu ditu janariak, erregaiak, ura eta botikak. Hein handi batean gertatu da Hadi presidenteak –saudiek lagunduta– osorik bereganatzeko aitzakiarekin desegin zuelako Yemeneko Banku Zentrala. Gezurra dirudien arren, ordura arte banku publikoak bermatzen zituen 1,2 milioi funtzionarioen soldatak, esan nahi baita sei milioi jenderen bizimodua. Bankua zen herrialdea erabat hondoratu barik atxikitzen zuen azken erakundea. Eta lehertu zuten.

Orain Yemendik GKEetako kideek bezala kazetariek ohartarazten dute, herritarrek ez daukatela nora jo gaixo eta zaurituak artatzeko. Middle East Eye-ko korrespontsalak  azaroaren 5ean kronika gordina bidali du Hodeidah hiritik: “Yemendar desesperatuek beren haur traumatizatuak burdina gorituz markatzen dituzte”.

Hana Absi, 12 urte, etxera zetorren eskolatik urriaren 14an obus batek eztanda egin zionean inguruan. Hilotz odolduz inguratuta, konortea galdu zuen. Geroztik trauma psikologiko gogor baten mende bizi da. Aita maisuak ez du soldatarik kobratu azken bi urteotan; dirurik ez dute txukun jateko, are gutxiago urrutiko ospitaleren bateraino bidaiatzeko. Ama Walaak, beste askok bezala, azken aukeratzat jo du haurra burdinaz markatzera, arabiar esaera zaharrari jarraituz: “Azken erremedioa, burdinaz markatzea”.

“Emakume zaharrak –dio amak– goritzeraino berotu du burdina eta alabari ezarri dio sabel gainean. Anak gogor egin du negar eta niri errukia ematen zidan. Gero hortzetako krema ezarri dio oinazea arintzeko. (...) Ez dut uste markatzea tratamendu bat denik, gehiago da lehengo oinazeari bigarren gogorrago bat gaineratzea, haurrei pentsamendu beltzak kentzeko burutik”.

Yemeneko medikuek ohartarazi dute antzinako metodoon arriskuez. Walaak ere arren eta arren eskatzen du haur traumatizatuak medikuek artatu ditzaten. Baina ez berak eta beste askok ez daukate beste aukerarik eskueran.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Eguneraketa berriak daude