Duela lau urte, Bulebarreko Herri Harresiaren erdian, egoera politiko berriari nolako erantzuna eman behar genion hausnartzen hasi ginen, bai edukien aldetik, baita formen aldetik ere. Urtebete beranduago I. Libre Topaketak antolatu genituen Bulebarrean bertan eta Lurralde Askea komunitate desobedientea sortzera eramango gintuen prozesuari hasiera eman genion. Eta horretan aritu gara azken bi urteotan.
Honela dio Lurralde Askearen filosofia edota gogoeta barne biltzen dituen lanak bere sarreran: “Gaur egungo erresistentzia moldeek, bizitzeko beste era batzuk eskatzen dituzte, eta horretarako ondo aztertu behar dugu zein diren gure benetako beharrak eta habitata partekatzeko behar sozialak. Birplanteatu egin behar dugu hori guztia. Klase menderatzaileak kritikatzen ditugu, baina beste alde batera begiratzen dugu haien proiektu berean erortzen garenean, eta krisiak min egiten duenean soilik konturatzen gara gure akatsaz. Ez dugu onartzen gure bizimodua bera dela sistema elikatzen duena. Ez gara hori onartzera ausartzen. Inork ez digu irakatsi nola kontsumitzen den era arduratsuan, nola izan gaitezkeen zoriontsuak gauza gutxiagorekin, nola lor dezakegun hainbeste bitartekaririk gabe parte hartzea, nola ez izan matxistak, nola jan osasuntsu eta burujabe, nola izan solidarioak eta eskuzabalak, nola hainbanatu aberastasuna, gure eguneroko bizitzan nola eman garrantzia euskarari, tokian tokikoari, txikia denari. Inork ez digu irakatsi ondo bizitzeko ez dugula espekulatu beharrik edo inor esplotatu beharrik”.
“Konpromiso pertsonaletik abiatuz -eta hauek kolektibizatuz- haien paradigmetatik aldentzea proposatzen dugu, paradigma zaharra baztertzea. Konpromiso pertsonal horiek kolektibizatzen ditugunean, erresistentzia zibil bihurtuko ditugu. Kooperaziorik eza antolatuko duen errebeldia bat proposatzen dugu, ohitura txarrei desobedientzia eginez, ohitura eta praktika egokiez jabetzea. Ohitura positiboetatik jarduten badugu, gero eta zailagoa izango da sistemak inposaturiko ohitura negatiboak praktikatzea. Aurrea hartuko diogu basakeriari. Gaur bertan askatuko gara. Eremu askeak –Lurralde Askea- edo sistematik eta gaur egungo estatutik askatutako eremu disidenteak sortuko ditugu eta hortik eboluzionatzen joango gara. Bizitzeko erak aldatuko ditugu, gobernatzeko erak aldatzeko. Kontsumitzeko erak aldatuko ditugu, ekoizteko erak aldatzeko. Hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, hizkuntza portaerak aldatu eta euskara normalizatzeko. Gure eguneroko praktika negatiboak aldatuko ditugu praktika positiboak indartzeko. Baimenik eskatzen ez duen benetako aldaketa izango da eta metatze prozesu gisa iritsiko da, ez bukaerako gertaera gisa. Izan ere, ezin itzulizko aldaketa kultura berri batetik soilik etorriko da eraldaketa, atxikimendu gogoetatsutik eta herritarren erresistentziatik soilik etor daiteke iraulketa soziala” eta, gai honetan, euskararen normalizazioa. Horrelakoa da Lurralde Askea komunitate desobedientearen filosofia.
Joseba Sarrionaindiaren azken liburuko -“Lapur banden etika ala politika”- aipamena azpimarratuz ekingo diogu euskararen paradigma berriaren zehaztapenari. Honelakoa da Sarrionaindiak aipatzen duena: ”Hizkuntza behetik gora datorren zerbait da, eta estatua, berriz, goitik behera ezartzen den zerbait”. Baina nolakoa izan da euskararen paradigma honen bilakaera historikoa?
Hego Euskal Herrian frankismo garaian nagusiki ezker abertzalearen eskutik sortu zen abertzaletasun berriak eta modernoak, euskara eta euskal kultura askapen mugimenduaren muinean jarri zituen, laikotasunarekin eta sozialismoarekin batera. Gauzak horrela, garai hartako euskararen paradigmaren ardatz nagusiak bi izan ziren: euskararen irakaskuntzaren aldeko lana, batetik (ikastolak, gau eskolak eta UEU, adibidez), eta herrigintzaren aldeko apustu argia bestetik (euskara eta euskal kulturaren aldeko mugimendu sozial indartsua). Hori zen Sarrionaindiak aipatzen duen behetik gorako ekarpena egiteko bide bakarra, goitik behera zetorren gauza bakarra, euskara eta euskal kulturaren bazterketa baitzen. Diktadura garaian euskararen erabilera soziala indartzea ezin zitekeen izan hizkuntza paradigmaren ardatzetako bat, ez baitzegoen horretarako inolako aukerarik.
Gauzak horrela, euskara eta euskal kulturaren aldeko herri mugimendua, mugimendu sozial desobediente erraldoia bilakatu zen diktaduraren garaian Euskal Herrian. AEKren sorrera ekarriko zuen Gau Eskolen Mugimendua, Ikastolen sorreraren aldeko mugimendua, Ez dok Amairu mugimendua, UEU, Durangoko Azoka... Sistemaren aurka, askatasunetik emaniko urrats eraikitzaileak izan ziren guztiak. Urte haietan euskararen paradigmaren erdia, behetik gorakoa, ondo bete zen, baina bidearen beste erdia falta zen, goitik beherakoa.
Eta Franco hil zenean, aurreko fasean erren geratu zen euskararen paradigma osatzeko aukera zabaldu zen, hau da, euskara eta euskal kulturaren aldeko herri mugimendu desobediente zabalaren behetik gorako lana, goitik beherako lanaren bidez, “estatuaren” bidez, edota estatutu autonomikoen bidez, osatzen hasteko aukera zabaldu zen, indar politikoen legalizazioarekin, instituzioen demokratizazioarekin, marko juridiko berriekin, euskararen koofizialtasunarekin...
Tamalez euskararen paradigma ez zen osatzerik izan, trantsizio politikoak, euskara eta euskal kultura erdigunetik baztertu eta marko legalaren eta eredu instituzionalaren defentsa prozesuaren muinean jarri zituelako. Eta, bestetik, sortutako instituzio berriek euskalgintzan hegemonikoa zen herrigintzarekin zuzendaritza konpartitu beharrean, euskalduntze prozesuaren lidergoa eta kontrola eskuratzeko eta herrigintzak zuen hegemonia lapurtzeko, dinamika politiko oker eta partidistari ekin ziotelako. Giro horretan zen EHE taldea, paradigma politiko berriaren erdian euskararen erabilerak zentralitate osoa izan zezan aldarrikatzeko eta euskarak bizi zuen bazterketa berria salatzeko.
Tamalez, bi hamarkadatan borroka amaigabea zabaldu zuten instituzioek euskalgintzaren zuzendaritzaren kontrolaz jabetzeko. AEK-HABE, ikastolak-eskola publikoa, herri euskaltegiak-Udal euskaltegiak; UEU-UPVa Ikastaroak... dikotomiak sortuz, elikatuz eta diru laguntza politika zuzenduaren bidez, euskalgintzaren eta euskal kulturaren profesionalizazio interesatua eta domestikatua bultzatuz, euskaldunon egunkaria eta euskal prentsaren inguruan izaniko jarrera lotsagarria.... Ondorioz, goitik behera, instituzioek beren diskurtsoa zein errelatoa inposatu zituzten eta euskalgintzan bere tokia egitea lortu zuten, euskalgintza herritarrari bere hegemonia kenduz... Baina nolako prezioan: euskalgintza osoa krisialdian murgilduz eta Euskararen Paradigma aplikatzeko aukera betirako galduz.
Eta orain zer?
Duela 25 urte baino hobeto gaudela esan berri du Baztarrikak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza aitortuetan oinarrituz... Hori bakarrik falta zen. Gauza ez da hobera egin dugun ala ez, baizik eta azken urtetako tendentziek zer iragartzen duten eta iragartzen dutena KRISIALDIA DA. Euskarak eta euskal kulturak aurrera egin dute urteotan, baina gero eta motelago, gero eta apalago, gero eta indargabetuago... Ekonomiaren nagusi eta agintariek esan ohi dute krisialdi ekonomikoan langileek eta sindikatuek ere ardurak dituztela, baina ebidentea da ez dutela bankuek krisialdi ekonomikoan duten duten ardura bera, aitortu nahi ez duten arren. Ba euskalgintzan ere gauza bera gertatzen da: egungo agintariek diote euskalgintzaren krisialdia ekarri duten gertakari horietan guztiok ardura izan dugula, baina ebidentea da guztiok ez dugu ardura bera izan, hauek ere aitortu nahi ez badute ere. Euskararen Paradigmak huts egin badu ez da nagusiki herrigintzarena jokabidearengatik izan, instituzioetan nagusi izan direnek izan duten jarrerarengatik baizik. Guk behetik gorako lana ondo bete dugu, beraiek ez. Hori da benetako errelatoa.
Gauzak horrela, krisialdiaren erdian, euskararen inguruan iritzi eta proposamen gero eta gehiago plazaratzen ari dira aspaldi honetan. Azkena, Estitxu Eizagirrerena: Elebakarrak akabatuta, euskaraz aske direnak, kontzienteak, ideologizatuak, politizatuak, dira orain zentro. Erakundeentzat ez dakit, niretzat argi dago” esan du Argiako zuzendariak. Miren Amurizak ere, bere aldetik, zera dio, “bat nator ahalduntzearen ideiarekin; biktimismoa albo batera utzi eta indartu egin behar dugu, baikorrak izan”. Lorea Agirrek, berriz, feminismoak bidea erakutsi digula dio, “emakumeei zor zaizkie mila gauza, baina ez zaizkie emango ez badute plaza publikoan jarrera bat hartzen, berdin ekologismoarekin, berdin etorkinekin, berdin langileen baldintzekin”, eta nola ez, berdin euskararekin diogu guk. Joxe Azurmendik, arazo politikoa dela, elkarbizitza mailakoa eta justizia soziala dela eskatzen duguna idatzi zuen . Kike Amonarrizek nabarmentzen duenez aurrera pauso kualitatiboren bat eman ezean, atzera egiteko arriskua ikusten du, “ez soilik erabileran, baita jarrera eta motibazioan ere”. Bere ustez, hurrengo belaunaldian, hurrengo bi hamarkadetan, “jokatzen dugu Irlandarako bidea ala Europako hizkuntza normalizatuen bidea hartzen dugun”. Eta Koldo Izagirrek, “ezer ez da demokratikoa euskara hutsean egiten bada, gaztelaniaren eskutik bizi behar du”.
Hausnarketa hauek eta gehiago irakur daitezke, besteak beste, Koldo Izagirreren “Autopsiarako frogak” liburuan; David Anauten “Euskararen kate hautsiak” izenekoan; Argiako “Larrun 197an: Euskalgintza: berritu ala hil”; Martinez de Lunaren Framing berriari buruzko hausnarketa zabalean; Topaguneak landutako “Berrikasi eta berrikusi” dokumentuan; Udalekinen “Diskurtso berri baterantz” prestakuntza saioko aktan, edota Patxi Saezen “Elefantea ikusi” artikuluak zabaldu duen eztabaida mardulean.
Badago, beraz, EUSKARAREN PARADIGMA BERRIA osatzeko nahiko hausnarketa. Ez gara zerotik abiatzen eta iraganari uko egin gabe, aurrera egin behar dugu, ausardiaz.
Lurralde Askearen proposamena: erabilera, konpromisoa eta komunitatea ardatz.
Lurralde Askeatik, euskaldunon hizkuntza komunitate ahaldundu, egituratu eta martxan jarri behar dugula pentsatzen dugu, euskararen aurkako politiken aurrean komunitate erresistentea izateko, euskararen aurkako legeen aurrean komunitate desobedientea izateko eta, nola ez, euskaraz bizitzeko konpromiso irmoa duen komunitatea izateko, beharrezkoa denean ekintza zuzenera edota desobedientzia zibilera jotzeko beldurrik gabe. Bi hitzetan esanda, konfrontazioari beldurrik izango ez dion komunitate konprometitua artikulatu behar dugu. Hori izango da gure lurralde askea osatzeko bidea. Lorea Agirrek Korrikaren mezuan esan zuen moduan, “egiten duguna gara” eta egiten duguna izango gara. Bi hitzetan esanda, berreuskalduntzearen motorra ez dagokio euskalgintzari -ohiko zentsuan ulertuta-, euskal komunitateari baizik, euskaraz bizi den komunitate osoari.
Joseba Sarrionaindiak dio, “euskal komunitateak, alderdien arteko zeingehiagoken menean egon gabe, subjektu gisa antolatu behar du bere burua, ezinikusi ideologiko eta oztopo politikoen gainetik, batez ere euskaraz eguneroko bizimodua egitea posible izan dadin, Euskararen erabilera komunitate horren ardura da batez ere. Ez abertzaleena, ez autoritate politikoena, baizik eta euskal hiztunen ardura eta obligazioa da euskara eraginkorra izatea beste planootan”. Baieztapen hau guztiz bat dator Lurralde Askean izan dugun hausnarketarekin. Etorkizunean euskararen normalizaziorako motorra, ez da euskalgintza izan behar, euskal komunitate artikulatua baizik. Eta euskal komunitatea, euskaraz bizitzeko konpromisoa pertsonala hartu dutenek osatzen dute. Erabakia pertsonala da, baina praktika kolektiboa da.
Eta, bestetik, Eduardo Galeanok zera adierazi digu, milaka lagunek, milaka tokitan, milaka gauza txikiak eginez helburu handiak lor ditzaketela. Guk, Lurralde Askeako kideok berdin pentsatzen dugu. Euskararen normalizazio prozesuan sistemak eta egoerak inposatzen dizkigun hamar hizkuntza ohitura txar, euskararen aldeko hamar hizkuntza praktika egokiez ordezkatuz, hizkuntza ordezkapen prozesua iraultzea proposatzen dugu. Erderekiko desobedientziak egingo gaitu euskaldun.
Hauek lirateke, gutxi gora behera, euskal komunitateak, bizi duen errealitate soziolinguistikora egokitu ondoren -ez dira euskararen konpromiso berak izango Maulen, Iruñean ala Bilbon, adibidez, guztiak euskararen aldekoak izango diren arren-, bereganatu eta bideratu beharko lituzkeenak modu organizatuan:
AUKERAK EGIKARITU
1.- Guk/Nik elkarrizketa guztiak euskaraz hasteko eta, ulermenaren mugen baitan, euskaraz garatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu. Eta, euskararik ez badakit, edo alfabetatu gabea banaiz, ikasteko eta alfabetatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.
2.- Guk/Nik zerbitzua euskaraz eskaintzen duten tokietan kontsumitzeari lehentasuna emateko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu: dendetan, jatetxeetan, tabernetan, zerbitzuetan...
3.- Guk/Nik euskaraz dauden, edota euskaraz etiketatzen diren edota Euskal Herrian egiten diren produktuen kontsumoari lehentasuna emateko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.
4.- Guk/Nik haurrak euskal ereduan eskolaratzeko eta gazteen mundua euskalduntzen laguntzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, nagusiki aisialdia, kirola eta teknologia berriak landuz, gazteek beraien eguneroko bizitzan euskara normaltasunez txerta dezaten.
5.- Guk/Nik edonolako karguetarako euskaraz dakiten pertsonak hautatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, bai politikan, bai lan munduan, bai mundu publikoan eta baita mundu pribatuan ere.
6.- Guk/Nik euskara hutsezko “arnasguneak” sortzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, maila funtzionalean zein geografikoan, pertsonalean zein kolektiboan.
7.- Guk/Nik Administrazio guztiekin nire harreman guztiak, ahoz zein idatziz, euskaraz garatzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu, eta ezinezkoa denean, Hizkuntza Eskubideen Behatokian kexa jartzeko hitza ematen dut.
8.- Guk/Nik beste hizkuntzen erabilerari uko egin gabe eta inor baztertu gabe, euskara nire/gure komunikazio hizkuntza nagusia bihurtzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.
9.- Guk/Nik euskararen alde antolatzen diren ekimen guztietan parte hartzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu eta ahal dudan neurrian, euskararen aldeko herri eragiletako batean kide bihurtzea.
10.- Guk/Nik euskararen aldeko konpromiso hauek ezagutarazteko eta berauek onartzen dituzten pertsonak saretzen eta aktibatzen laguntzeko konpromisoa hartzen dut/hartzen dugu.
Ez dugu dudarik euskal komunitatea osatzen dugun 700.000 euskaldunok, sistemak inposaturiko hizkuntza ohitura txarren aurrean, desobedienteak izanez, euskararen aldeko konpromiso eta ohitura eta praktika egokiak bideratzen baditugu maila pertsonalean zein kolektiboan, Euskal Herria euskaldunduko duen olatua gera ezina izango dela. Horretan datza Sarrionaindiak aipatzen duen euskaldunon komunitatea egituratzeko arrazoi nagusia. Egitura dezagun euskaldunon komunitatea, izan gaitezen desobediente, egin dezagun behetik gorako bidea, goitik beherakoa behartzeko. BIZI GAITEZEN EUSKARAZ, EUSKARAZ GOBERNA GAITZATEN.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]
Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]
Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]
Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.
Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]
Azaroaren 19a komunaren munduko eguna da. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok, hemen, Euskal Herrian bertan, ez daukate haien lanaldietan komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko.
Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta... [+]
“Ibiliz ikasten da ibiltzen, eta kantuan kantatzen”. Horixe izan da aste honetako ikasgaietako bat C2ko taldeetan. Helburua ez zen abesten edo oinez ikastea, gerundioa behar bezala erabiltzea baizik. Zer pentsatua eman dit jarduerak, eta irakasten nola ikasten dugun... [+]
Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Autoestimuak batzuetan gauza intimoa dirudi. Baina autoestimuak zerikusia baldin badu norberak bere buruaz duen irudiarekin, norbere buruari ematen zaion balioarekin, zerikusia izango dute hartu ditzakeen erabakiek ere. Zer balio du erabakirik hartu ezin duen norbaitek? Eta... [+]