“Euskal kulturak hedabideetan daukan presentzia barregarria da, kalitate eta kantitate aldetik”

  • Euskal arte garaikideari buruzko ‘Zuloa’ izeneko saiakera bilduma plazaratu berri du Xabier Gantzarain Etxaniz idazle eta arte kritikariak (Azkoitia, 1975). Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko asmoz, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika bekari esker landu du 23 artelani buruzko azterketa. Bertan, horiek ardatz hartuta, egungo euskal artearen eta gizartearen arteko harremanak ikertu ditu. Saiakera liburu horren harira, arteaz, kulturaz, literaturaz, gizarteaz eta euskararen egungo egoeraz aritu gara harekin solasean.


2018ko abuztuaren 01an - 11:35
Xabier Gantzarain idazle eta arte kritikaria
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

2012. urtean Tene Mujika beka irabazi izanaren emaitza izan da “Zuloa”. Bertan, Euskal Herriko historia hurbilaz diharduzu, horretarako 23 euskal artelan aukeratuta. Lana sei urte luzatu zaizu. Azterketa zaila izan da?

Idaztea beti da lan zaila. Zerbait idatzi eta argitaratu beharrak ardura berezia sortzen du, hori hor geldituko den zerbait baita. Hainbat arrazoik luzatu didate ikerketa: haietako bat izan da beste gauza batzuekin lanean ibili eta artelan bakoitzaren testuingurua ahalik eta ondoen jaso nahi izana. Gainera, “Zuloa” bezalako liburuen arazoa da inoiz bukatzen ez diren lanak direla. Hau da, etengabeko irakurketa bat suposatu, eta azken finean, dena sartzera behartzen zaituztenak.

Liburuaren azalean agertzen den argazkia Ibon Aranberrik Arantzazu inguruan dagoen kobazulo baten barrutik egindako artelana da. Zergatik hori eta ez beste hogeitabietako bat?

Bada, hainbat arrazoirengatik. Batetik, hasiera batean ilargi bete bat edo eman dezakeen irudi ederra eta egokia iruditzen zitzaidalako, eta bestetik, artelan horrek niretzat gauza asko dauzkalako bere barnean. Alde batetik, horren ekintza sinplea izatea: haitzulo baten sarrera xafla metaliko batekin tapatzea saguzarrentzat zulo bat lagata, Ibon Aranberrik peregrinaziorako toki baten bihurtzea nahi ez zuelako. Eta, batez ere, daukan irakurketarengatik: 60. harmarkadan zentzuduna eta normala zen euskal kulturaren zapalkuntzaren aurkako aldarrikapenekin ibiltzea, haitzuloetatik datorren kultura historiko batek bizi izandakoen kontrako aldarrikapenak. Baina gaur egunean oraindik diskurtso horrekin jarraitu ezin dugula sinbolizatzeko, Ibon Aranberrik artelan horrekin egiten duena aro hori ixtea da. Ez da gainera edozein haitzulo, aztarna arkeologikoak zeudena baizik; hau da, gizakia bizi izan zen haitzulo bat. Beraz, haitzulo hori tapatu, baina saguzarrentzat zulo bat lagatzearekin gizakia planetari egiten ari zaion kalteari buruz ari da hizketan. Lan horrekin gizakiari sarrera ukatzen dio, baina ez barruan bizi diren animaliei, horiei bere errespetua erakutsiz. Eta azkenik, artelan horrek guztiz biltzen duena zera da: 60. hamarkadan euskal kulturan arteak izandako presentzia handiaren eta gaur egun ia desagertzear egotearen aldea.

“Zuloa”-n landutako arte garaikidea jendearengatik urrun dagoela eta gure bizitzarekin zerikusirik ez daukala esaten dutenen iritziaren aurka azaldu izan zara…

Bai. “Zuloa”-n aztertu ditudan artelanak ez zait iruditzen gizartearengandik urrun dauden zerbait direnik. Iruditzen zait ez dela posible artista guzti horien lana horren gutxi baloratua egotea, kontatzen dutena erabat aktuala izanda eta gure gizarteari egindako galderak direnean. Erabat lotuta ikusten ditut gure gizartearekin, errealitatearekin, aldaketa historikoekin eta testuinguruarekin. Eta gaur egun ematen du arte garaikidea gauza ulertezin bat dela, bere munduan bizi den zerbait, gure gizartearekin inolako loturarik ez duena. Eta nik ez dut inolaz ere hori horrela ikusten.

Liburuko “Agur Jaunak” saiakeran honako hau diozu: “Euskal Herriaren historia hurbilean mugarri garbi bat izatekotan, hori ETAk borroka armatua utzi zuen eguna da”. Zein eragin izan du funtsean ekintza horrek euskal gizartearen aldaketan?

Nik ez dut uste gauzak ETAk armak uzten dituela esaten duen momentuan hasten direnik aldatzen, eta hori da liburuan azaltzen saiatu naizena. Iragarpen hori mugarri garrantzitsu bat baden arren, aldaketa hori lehenagotik datorren eta gero jarraitzen duen zerbait dela deritzot. Gauza askok baldintzatzen dute gizarte baten aldaketa, orain dela gutxi ETAk desegin egiten dela iragarri duenean bezala. Gizartea ez da kolpetik iragarpen horren ostean aldatzen hasiko, jadanik barnetik aldaketa bultzatzen doazen beste hainbat faktore baitaude, ondoren ere aldatzen jarraituko dutenak.

5. Manifestaren baitan Pasaian 2004. urtean Asier Mendizabalek jarri zuen erakusketan, eskuz egindako zodiac batekin batera, “Zer eskatzen du herriak?” izeneko bideo labur bat ikusi omen zitekeen bertan. Horrelaxe izendatu duzu liburuko saiakera bat. Zer eskatzen du bada, momentu honetan, euskal gizarteak?

Oporrak. “Gure esku dago”-k giza katea antolatu eta jendea joango da eta nahi duzun guztia. Baina gaur egungo euskal gizartea ez dakit zer lagatzeko prest dagoen zerbaiten alde. Nire irudipena da dena oso indibidualista bihurtu dela, norberak bere kabuz egin behar duela borroka mundu honetan, bere lanagatik, biziagatik, etab. Eta borroka kolektiborako, berriz, indarra falta da. 

Liburuko lehenengo saiakeran, “zuloa ixtearen” esanahi metaforikoaz hitz egiten duzu, historia erauzteaz. Izan ere, Oteiza Ibon Aranberrik hil zuela diozu. Zenbateraino balio dute artelanek garaiak itxi eta berriak irekitzeko?

Erabat. Artelan baten funtzioa, batez ere, sinbolikoa da. Alegia, bestela esan ezin izan duzun hori -hitzez ez duzulako asmatzen- esateko edota elkartu ezin diren bi elementu edo garai elkartzeko balio duen zerbait da. Baita etimologikoki ere. Sinbolo bat elkartzen duen zerbait da. Hori da artelan baten ahalmenik handiena, sinbolikoki esatea bestela esan ezin dena. Eta nik uste dut Ibon Aranberriren “Zuloa”-k hori lortzen duela.

Liburuan zehar hainbat galdera erretoriko botatzen dituzu, eta horien artean, “Hitzaurrea” ixten duena honako hau da: “Historia fikzioa da erabat, narrazioa, kontakizuna. Eta galdera da: artea fikzioa da?”. Hala al da?

Hor beti duda izan dut. Zuk nobela bat idazten duzunean, hori fikzioa da eta kito. Beste gauza bat da fikzio horretan zenbaterainoko egia dagoen. Seguruenik egia bezala saltzen den kontakizun batean baino gehiago. Ziurrenik “Gaur egun” bezalako albistegi batzuetan baino egia gehiago dago fikzio batean. Zer da “Gaur egun”? Gaur pasatu dena kontatzeko telebistak duen formatua. Fikzio bezala aurkezten denak, normalean, egia bezala aurkezten denak baino egia gehiago edukitzen du bere barnean. Arteak ere badu beste gauza berezi bat, eta hori fikzioa ere ez dela da. Hau da, Ibon Aranberrik zulo bat tapatu izana ekintza erreala da, benetako xafla metaliko bat jarri du existitzen den toki batean. Alde batetik, artefaktu sinboliko bat da, baina, bestetik, ez da fikziozko gauza bat; ez da asmatutako historia bat.

Askotan esaten da gaur egungo gazteak artearekiko interesa galtzen ari direla. Hala iruditzen al zaizu?

Bada ez daukat arrastorik ere. Beldurra ematen dit gauzak idealizatzeko joerak, neuk ere egiten dudan gauza bat bada ere. “Gaur egungo gazteak ez dute irakurtzen” esaten dutenean pentsatzen dut: “Nire garaian irakurtzen al zuten bada?”. Unibertsitateko ikaslea zarenean seguruenik zure interes eta kezkak beste batzuk dira. Arriskutsu samarra iruditzen zait egungo gazteak artearekiko interesik ez dutela esatea. Lehengoek ba al zuten bada? Lehengoak egunero museora joaten ibiltzen al ziren bada? Sokrates ere bere garaiko gazteekin kexatzen zen, pentsa! 

Bertakoa baino kanpoko kultura nahiago izatea izan al daiteke arazoa?

Hori ere ez dut uste oraingo gauza bat denik. Egia da orain “bonbardaketa” lehen baino handiagoa dela. Orain “bonbardaketa” hori mugikorrean dugu, eta lehen ez. Mundu guztiko gauzak iristen zaizkizu uneoro. Eta ez bila joaten garelako; etorri egiten zaizkigu. Kanpoko kulturak lilura berezia sortzen duela? Bai, baina lehen ere bai. Bakarrik orain ikaragarria dela iristen zaigun guztiaren kantitatea. Belen Gopeguik esan zuen bezala, produkzio “kulturala” ez dakit zenbat milioi bider ugaritu da, baina hori kontsumitzeko gure ahalmena ez. Hau da, gure irakurtzeko ahalmena, gure ikusteko ahalmena eta gure denbora ez dira ugaritu. Orduan, sentsazioa da gauza mordo bat daukazula kontsumitzeko, baina zuk ezin duzula guztira iritsi. Eta ezin iriste horrek, gainera, blokeatu egiten zaituela iruditzen zait.

Nahiko presentzia al du arteak euskal hedabideetan?

Egia esatea nahi al duzu? Euskal kulturak hedabideetan daukan presentzia ridikuloa barregarria/hutsala da, bai kalitate aldetik, baita kantitate aldetik ere. Ez dut esan nahi kulturari buruz egiten diren gauzak kalitaterik ez dutenik, baizik eta kulturari ematen zaion papera dela lotsagarria. Hau da, telebistako informatibo batzuetan kulturari buruzko albistea alaia, pozgarria, optimista izatea kulturari egin diezaiokegun kalterik handiena da. Kultura ez da apaingarri bat. Kultura guk bizimodua nola ulertzen dugun azaltzeko elementu inportanteenetako bat da. Beraz, askoz ere presentzia gehiago izan beharko luke, zentralagoa, eta, batez ere, beste paper bat eman beharko litzaioke. Kultura aparteko gauza bat bezala ez hartzen hasi beharko genuke. Alegia, ardatz bat izan beharko lizateke, eta ez postrea. Eta ez bakarrik hedabideetan, baita hezkuntzan eta beste alor denetan ere.

Eta gure kulturaren “muina”: hizkuntza. Euskarak aurrera edo atzera egin duela uste al duzu azken urteotan?

Irudipenak okerrera egin duela esaten dit. Eusko Jaurlaritzak eta oro har erakunde publikoek ez dute hizkuntza politika eraginkor bat egin nahi izan. Horrek euskaldunak ez direnekin sortuko lukeen gatazkarengatik. Hori saihestu nahi izan dute beti, espainola ez dadin gaizki sentitu. Eta txarrena da lehen baino egoera okerragoan egoteko arriskua duela. Euskaldunentzat gero eta zailagoa izango da euskaldun izatea, “matxakea” gero eta handiagoa baita: “denok dakigu erderaz”, “erderaz denok ulertzen gara”… Eta hori barneratu egiten dugu, eta konplexua sorrarazten digu. Jende askok, lotsaren poderioz, beren seme-alabei euskaraz hitz egiteari utzi dio; hau da, ez die erakutsi. Ez zutelako nahi haiek beraiek bizi izandako tratua pasatzea.

Egun, esku artean proiekturik ba al duzu?

Egun Azpeitiako kultur-mahaian nabil sormen gune bat egiteko asmoz; hau da, sortzaileentzako lanerako leku bat. Eta hortxe ari naiz lanean. Eraikina amaituta egongo da 2019 alderako. Orain esku artean ditudan proiektuetatik garrantzitsuena hori da. Beno, hori eta, batez ere, hori baino garrantzitsuagoa den nire jendearekin egotea.

 

Albiste hau Maxixatzen.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Erasoari aurre egiten

Liburu honetara hurbiltzen denak lehenbizi G. Mabire-ren irudiekin egingo du topo. Komikiaren estiloko irudiak dira, trazu oso zehatzak eta kolore bizikoak, pertsonaiak eta egoerak erraz interpretatzen laguntzen dituztenak. Irudi horiek testuarekin bat datoz: laburra eta zehatza... [+]


Mikel Ayllon
“Poesiaren sozializaziotik bueltatuko da literaturaren balio soziala”

Bizkaia Irratiko Irakurrieran literatur saioari agur esan dio Mikel Ayllon idazle eta orain arteko saioaren gidariak. Irailetik aurrera jarraituko ez zuela esateaz gain, gogoeta egin zuen sareetan euskarazko literaturaren egoeraz: "Euskal literatura gero eta homogeneoagoa... [+]


2024-07-10 | Lander Arretxea
“Loturak antsietate eta inpazientzia handiagoz bizi ditu gure belaunaldiak”

Kiosko bat, krisian, Benidormeko giri artean. Eta egunkarien atzean, txandaka, adinak eta mundu ikuspegiak desberdintzen dituzten bi lagun. Kontrastezko osagai horiekin garatu du Lizar Begoñak bere lehen eleberria: Mundu zitalaren kontra. Gisa bereko inguru batean batu... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


2024-06-19 | Itxaro Borda
Isil-isilik

Emazte batek zendua den euskal idazle eta poeta bat akusatzen du, abusuak egin zizkiolakoan, eskolan zebilen nerabe garaietan. Erbia kitzikatzea, arrazoi du Gorka Bereziartuak. Beste edonor izan balitz, afera ez zen isilik geldituko, feministak eta ni barne, salaketategi... [+]


Poesia mailu bat da jaialdia
Literatura ez da ezer arriskutsua, ezta?

Poesia mailu bat da jaialdia antolatu du Azpimarra irakurle taldeak Gasteizko Gaztetxean. Ikasturtean egindako saioetan landu dituzten auziak plazaratu dituzte tailer, solasaldi, errezitaldi zein hainbat erakusketatan. “Garaia kolpatuko duen literaturaren alde” egin... [+]


Behe Banda sortu da
Literaturan behetik hasteko leku bat

Idazle gazte batek ba al du espaziorik trebatzeko eta gaitasunak garatzeko? Ba ote dute idazkiek zirkulatzeko aukerarik, lokaztuta ito ez daitezen? Bakarrik egin behar al du bidea idazleak, halabeharrez? Nolako zirkuitu literarioak nahi ditugu? Galdera horien itzalean sortu dute... [+]


2024-05-27 | ARGIA
Euskal letren asteburua egin du Literaturiak Zarautzen

Ostiraletik igandera Literaturia jaialdia egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) (B)egia izenburupean. Booktegi webgunea omendu dute antolatzaileek. Hiru ikuskizun estreinatu dituzte, denak Literaturiarako beren beregi sortuak.


2024-05-20 | Estitxu Eizagirre
Hauek dira Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko azokan aurkeztuko diren liburuak

Ekainaren 1ean izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten euskara hutsezko azoka, eta oparo dator bosgarren edizioa. Aurten 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehien) eta egitarauan ordu erdiro izango da ekitaldiren bat musikaz eta literaturaz... [+]


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen ‘Bichta éder’ eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Eguneraketa berriak daude