Bidasoan errotuta dago Arburua, eta inguruan izandako kontrabandoa ikertu du azken 20 urteetan. Iaz, ‘Wolframa. Diktadoreen arteko kontrabandoa’ saiakera argitaratu zuen.
Wolframaren eta Elhuyarren arteko erlazioarekin hasi duzu saiakera.
Historia guztia bi mende lehenago hasi zen Elhuyar anaiekin. Bergaran beraiek isolatu zituzten wolframaren propietateak eta beraiei esker jakin genuen mineral horrek zein propietate zituen: oso gogorra da eta fusio puntu oso altua du. Elhuyar anai horiek oso ospetsuak izan ziren mundu osoan aurkikuntza horri esker.
Beraz, Euskal Herriko kontu batekin hasten da saiakera, Galiziako eta Portugalgo meatzeetara gerturatzen da, eta gero berriz ere bueltatzen gara Euskal Herrira, baina kontrabandoaz hitz egiteko. Interesgarria da erabat ezezaguna delako, 20 urtez egon naiz kontrabandoa eta inguru hauetako lanak ikertzen eta orain ikasi dut honi buruz.
Zein berezitasun dauka wolframak hain ezezaguna izateko haren kontrabandoa?
Nik ikertu nuen garai bateko kontrabandoa, askok entzun duguna etxean. Puntillen kontrabandoa edo likoreena. Dena izan da bilakaera bat nire bizitzan eta nire ikerketan. Ez naiz oroitzen oso ongi nori, baina entzun nuen wolframaren kontrabandoa izan zela Irunen. Ez nekien zer zen ere, eta arakatzen hasi nintzen, baina ez nuen testigantzarik aurkitu; pare bat edo bakarrik, eta oso gainetik aipatzen zuten gaia, ez zuten gehiegi hitz egin nahi. Tarte batez ikerketa utzi nuen, gero berrartu… Irungo artxiboetan ez nuen ezer aurkitzen. Halako batean okurritu zitzaidan Espainiako Atzerri Ministerioko artxiboan miatzea, eta izugarrizko altxorra aurkitu nuen.
Izan ere, aliatuek 1944ean salatzen dute behin eta berriro wolframaren kontrabandoa egiten zela, eta esaten dute urte hartako maiatzaren 2an akordio bat sinatu zuela Espainiako Gobernuak aliatuekin, esanez alemanei hiru hilabetez ez zietela salduko [mineral hori ezinbesteko zuten naziek euren armagintza produkziorako]. Dena den, hiru hilabetez horrela egon baziren ere, kopuru bat saltzea zehaztu zuten geroago. Bestela, aliatuek mehatxu egiten zioten orduko Espainiako Gobernuari ez ziotela petrolioa salduko, Espainiak hilabete horietan wolframa saltzen bazuen. Orduan, akordio hori sinatu zen, baina hortik aurrera aliatuek behin eta berriro salatu zuten mineralaren kontrabandoa egiten zela.
Espainiak zeukan wolframa Galiziatik ateratzen zutela jaso duzu. Bertatik Euskal Herrira kontrabandoan iristen zen aldi berean. Zergatik pasatzen zuten hemendik?
Hemendik pasatzen zuten Hendaian naziak zeudelako, eta oso bide erraza zen, hortaz. Canfrancetik ere pasatzen zuten, baina hemengoa zen biderik motzena. Gainera, goi mailako agintariek sare bat bultzatu zuten minerala ahalik eta errazenen pasatzeko beste aldera.
Kontrabandoa egiten zenaren jakitun ziren praktikatzen zen etxe guztietan, baina wolframarena ez zutela komentatzen diozu. Itunaren pisuagatik bakarrik?
Wolframa pasatzea zen goi mailako akordio bat puskatzea, eta beste kontrabandoa, azken batean, askoren onerako zen. Esaterako, fabrikak martxan jartzeko hainbat elementu ere pasa izan ziren garai batez Bidasoaren beste aldera. Debekatuta zegoen, baina interesa ere bazegoen fabrikak martxan jartzeko.
Wolframarena ilegala zen erabat, eta esan daiteke beste maila bateko kontrabandoa zela, estatu kontu baten antzekoa. Kontrabando hau, hain zuzen ere, Francoren erregimenaren alde zeudenek bultzatutakoa izan zen. Oso isilpean zegoen, jende askok ez zuen parte hartu, eta dirutza izugarria mugitu zen. Galdetu izan diet kontrabandista izandakoei ea ezagutzen ote zuten horren kontra-bandoa egiten zenik, eta erabeteko harriduraz hartzen zuten nik galdetutakoa. Elitearen kontrabandoa izan zen, nahiz eta Portugaldik Galizia aldera, edo Espainiara egin. Egia da horretan parte hartzen zuela herriko jendeak, baina oso itxia izan zen. Ez da horretaz hitz egin.
Biltegien irudiak ere ikus daitezke saiakeran. Non gordetzen zuten wolframa?
Irungo biltegi batzuetan gordetzen zuten batez ere. Behin eta berriro agertzen da dokumentuetan Marion delako biltegi bat, garrantzitsuenetariko bat izan zen. Saiakeran ere jasoa dago Errenteria-Oreretako Bizente Elizegi kaleko 6 eta 8 zenbakietan ere wolframaren biltegi bat zegoela, Almacen alema?n en Renteria zuen izena. Orokorrean, Galiziatik kamioietan ekartzen zuten eta gero hemengo biltegietan utzi, beste produktuen artean. Batzuetan zuzenean pasatzen zuten trenez ere. Txalupaz ere pasa izan zuten, eta horrela harrapatu zuten irundar bat.
Bidasoan beti egon da kontrabandoa, baina zure lanetan bereziki frankismo garaikoa landu duzu.
Kontrabandoaz asko entzun dut etxean, oso garrantzitsua iruditzen zait transmisioa. Kontrabandoari buruz oso modu naturalean jakin nuen. Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean liburua argitaratu nuen 2011. urtean, eta horren kapitulu batean kontrabandoari buruz aritu nintzen, baina nik etxean entzuten nuen Bidasoan betidanik egin izan dela. Baina zer da betidanik? Orduan, monografia bat egin nuen eta lehenengo zatian noiztik egin izan den ikertu nuen; antza, erromatarrek, hemen zeudela, petxa batzuk jartzen zituzten Bidasoan produktuak alde batetik bestera pasatzeko, eta beraz, badirudi orduan ere egiten zela.
Bigarren zatian, 1936ko gerraren ondoren egiten zena aztertu nuen, eta testigantzak bilatu nituen. Esate baterako, egon nintzen Behobiako emakume talde batekin kontrabandoan oso fuerte aritu zirenak, Behobiatik Pausura edota Donibane Lohizunera. Izan ere, emakumeak ere aritu ziren.
Historia irakurtzen askotan emakumeak ez dira ageri, eta zuk aipatu duzu kontrabandoaren historiaren parte izan zirela.
Ez dut uste kontrabandoaren gainean matxismorik izan denik. Uste dut kontrabandoa, gure inguruan, eta wolframaz aparte, oso komunitarioa izan dela, inklusiboa. Azken batean, 1936ko gerra ondoren ia denek parte hartzen zuten, hau da, haurrek, guardia zibilek, animaliek… Emakumeak, egia da, modu desberdinean aritu ziren. Mandatuak eramaterakoan egiten zuten asko, edo baserri barrutik ere kolaboratu zuten beste askok maindire txuri bat jartzen guardia zibilak pasa zirela abisatzeko. Era berean, emakumeek ere portugaldarren pasan maiz parte hartu zuten. Lehen aipatu ditudan Behobiako kontrabandistak primerako kontrabandistak ziren, beraien artean talde bat zuten eta kontziliaziorako ere antolatuta zeuden.
Denak ziren kontrabandoaren konplize. Non zegoen klandestinitatea?
Kontrabandoa egiten da mugaz gaindi pasatzen baldin badira produktuak, zergarik ez ordaintzeko, edo produktua debekatuta dagoelako. Horrez gain, produktu horiek saltzea ere kontrabandoa zen. Gaur egun, esate baterako, alkohola, drogak, armak, animalia exotikoak eta horrelakoak pasatzea debekatuta dago; adibidez, Forondako aireportuan animalia exotiko batzuk atzeman dituzte duela gutxi. Hori kontrabandoa da, eta hori klandestinoki egiten da.
Portugesen migrazioa Bidasoa ibaiaren inguruetan ere landu duzu. Kontrabandoa deituko zenioke?
Pertsona askok mafia deitzen diote horri. Niretzat mafiosoak gobernuko kideak dira. Azken finean, estatu batetik pasa behar dira pertsonak, lanik ez dutelako, edo miseria gorrian daudelako. Orduan, nork eragiten du hori? Nork eragiten du bakean ez bizitzea? Nork eragiten du osoki bizi ezin izatea? Hori gobernuen ardura da. Egia da kontrabandoa dela dirua kobratzen zutelako, eta orain ere migranteekin dirua jasotzen ari dira. Bai, diru bat jasotzen da, beste kontrabandoekin bezala.
Azken finean, behar bat dago hor eta laguntzarik gabe askotan zaila izaten da Bidasoa zeharkatzea. Behin, portugaldar batek esan zidan lehenengo aldiz pasatzen ari zela Beratik bere kabuz, baina harrapatu egin zuten eta Portugaleraino iritsi arte kartzela desberdinetan egon zen. Halere, hark esaten zuen Frantziara joango zela, han lana zegoelako, baina honakoa esaldia erabili zuen: ‘Profesionalekin joango naiz’. Hau da, kontrabandistekin pasako zela. Esandakoa bete, eta pasatzaile batekin joan zen. Hark esaten zuen bere bizitzan egindako inbertsiorik hoberena izan zela. Egia da ere, eta hori ez dugu saihestu behar, izan zirela pasatzaileak oso gaizki egin zutenak bere lana. Pasadizo ilunak ere badaude, eta pertsona horiek nor ziren bazekiten herrietan. Portugaldarrena exodo bat izan zela esango nuke, milioi bat pertsonak egin baitzuten ihes 10 milioi bizi zirenean herrialde horretan. Gehien-gehienak paperik gabe pasatu ziren, orain bezala. Parekotasun handiak ikusten ditut portugaldarren migrazioaren eta oraingoaren artean. Ikertzen ari naiz pasatzaileak, ea horien nolakotasuna garai batetik gaur egunera aldatu den. Hortxe nabil.
Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (Ley de Vagos y Maleantes, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea... [+]
Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]
Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]
Plataformak ostegunerako Iruñeko udaletxe plazan elkarretaratzea deitu du 18:30erako, hiru alderdiek eraikinarekin izandako jarrera salatu eta eraistearen aldeko hautuan berresteko.
Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]
Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.
Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]
Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.
Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]
Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.