2023ko urtarrilaren 11n Xefe eta Txintxoren hilketen 45. urteurrena betetzen da. Denborak aurrera egin arren, beren memoria historikoak iraun egiten du. Txintxo eta Xefe 1970eko hamarkadan bizi izan ziren, existentzialismoak Euskal Herrian eragin handia zuen garaian. Iruñeko Sanduzelai auzoko bere pisuan existentzialismoari buruzko hainbat liburu zituzten: Sartre (El ser y la nada, La náusea, El existencialismo es un humanismo), Txillardegi (Peru Leartzako) eta Kierkegaard. Gainera, Giselle Halimiren Le procès de Burgos (frantsesez) liburua zuten, baita marxismoari eta nazionalismoari buruzko beste batzuk ere. Txintxorengan eta Xeferengan nabarmena zen funts existentzialista, besteak beste, militantzian lan egitera mugitzen zituena. Haientzat, gizakia bere ekintzengatik bakarrik existitzen da. Hortik dator bere erantzukizuna (gizakia da bere ekintzen erantzule), bere askatasuna (gizakia askea da, beraz, gizakiak bere sentipenaren arabera erabakitzen du), eta ekintzarekiko bere konpromisoa (ekintzan bakarrik dago errealitatea, eta gizakia, gauzatzen den heinean bakarrik existitzen denez, bere egintzen batura besterik ez da).
Txintxorengan eta Xeferengan nabarmena zen funts existentzialista, besteak beste, militantzian lan egitera mugitzen zituena. Haientzat, gizakia bere ekintzengatik bakarrik existitzen da
Baina Walter Benjaminen pentsamendua da, bereziki, Txintxo eta Xeferekin izandako elkarrizketen uneak etengabe gogora ekartzen dizkidana. Walter Benjamin (1992-1940), alemaniarra, judua jatorriz, nazismoa atzetik zuela, AEBetara ihes egiten saiatu zen, baina, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzean, poliziak atxilotu egin zuen Portboun, eta bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Benjamin pertsona berezia eta deserrotua izan zen. Deserrotze horren ondorioz, alemaniarrek judutartzat hartu zuten, juduek alemaniartzat, sionistek komunistatzat eta komunistek sionistatzat. Arroztasun-baldintza horrek originala izateko eta proposamen politiko eta filosofiko oso berritzaileak egiteko gaitasuna eman zion. Pentsalari sailkaezina eta paradoxikoa, aurrerapenaren kritiko erradikala da, iraultzaile marxista, iraganaren nostalgikoa, eta teologia aipatzen duen materialista. Benjaminen pentsamenduak ez zuen harrera onik izan gerraostean Europan, eszeptizismoz ikusia izan baitzen. 1980ko hamarkadatik aurrera bakarrik hasi zen bere pentsamendua ezagutua eta aitortua izaten. Txintxok eta Xefek ezin izan zuten haren pentsamendua ezagutu, baina ziur nago, irakurri izan balute, filosofo alemaniarra begiko izango zuketela.
Benjaminek kulturak pentsamoldeen eraketan duen garrantzia azpimarratzen du, azken batean, emantzipazio eta askapen prozesuan funtsezko faktorea izango baitira. Zapalkuntza- eta menderatze-gizarte batetik bidezkoago den beste batera igarotzeko, pentsamolde mota berri bat behar da. Beraz, pentsamoldea eraldatzea lortzen ez bada, ez dago benetako aldaketarik, horren erreprodukzio hutsa baizik. Eta pentsamolde erradikala eratzeko prozesu hori indarrean dagoen kultura errotik kritikatuz egingo da. Benjaminentzat oinordetza kulturaltzat hartzen den guztia (liburutegiak, monumentuak, museoak) zapaltzaileen gerrako harrapakina da. Egia esan, Europako hiriburuetako museoetan Egiptoko eta Irakeko piezak ikus daitezke, inbasio-gerretan lapurtuak izan direnak; era berean, kaleetan monumentuak ikus daitezke (garaipen-arkuak, zaldi-eskulturak, panteoiak), gerra-gertaerak edo aberri-arbaso ospetsuak gogora ekartzen dituztenak. Batzuentzat, monumentu horiek basakeriaren lekuko dira, besteentzat, aldiz, harrotasunarena. Hortik locus enuntiationis edo hermeneutikoaren garrantzia; horrela, batzuek heriotza besterik ikusten ez duten bitartean, beste batzuek aintza eta poza sentitzen dute. Honenbestez, kritika egokia egiteko behartsuaren eta zapalduaren lekuan kokatu behar da, eta hortik abiatuta, Estatuaren patologiaren diagnostikoa egin (Martin Buber). Beraz, metodoa ez da Europako hiriburuetako erdiko kaleetan kokatzea, baizik eta periferian, miseriazko auzoren batean, negatibotasunean.
Benjaminentzat oinordetza kulturaltzat hartzen den guztia (liburutegiak, monumentuak, museoak) zapaltzaileen gerrako harrapakina da
Horregatik guztiagatik, Benjaminek nahiago izango du txikia, egunerokoa, herrikoia dena eta eliteek mespretxatzen dutena aztertu, izan ere, jende xumearekin gertatzen den bezala, historiatik kanpo daude, eta ez dira agertzen ez gertakari handietan ezta testuliburuetan ere. Benjaminek atxikimendu berezia erakusten die zapaltzaileen kultura hegemonikotik kanpo dauden kultura-adierazpen horiei guztiei, eta, bereziki, historiaren biktimei, uste baitu enuntziazioaren leku kritikoan daudela, pentsamolde kritikoak eraldatzeko eta sortzeko kokaleku egokian. Gauza txiki eta garrantzi gutxiko horietan dago benetan sakona dena. Hor dago pentsamolde aldaketa. Laburbilduz, Benjaminen pentsamendua marjinalitateaz arduratzen da.
Historiaren ikuskera tradizionalaren arabera, pertsonaia handiak, erregeak, presidenteak, gobernadoreak, jeneralak eta handikiak dira historiaren protagonistak eta benetako subjektuak. Historiaren ikuskera horri iragana zerbait finko eta mugiezin gisa bakarrik interesatzen zaio, nondik oraina epaitzen eta justifikatzen den. Baina menderatzaileak eta menderatuak dauden gizarte batean, historiaren kontzepzio lineal hori onartuz gero, iraganean gertatutakoagatik justifikatzen da oraina menderatzea, iraganeko garaileen ondorengoak baitira orainaren garaileak. Beraz, iraganeko garaileen kultura egungo menderatzaileek onartzen eta heredatzen dute, gerrako harrapakin gisa. Horregatik, historiaren ikusmoldea aldatu beharra dago kultura eraldatu nahi bada. Horrela ez bada, gizabanakoa kultura hegemoniko nagusiak bereganatuko du, kultuagoa senti daiteke, bai, baina azken emaitza horren erreprodukzio hutsa izango da, ez du errealitate sistemikoa aldatuko.
Historia eta aurrerapena, oro har, identifikatuta agertzen diren terminoak dira. Horrela, historia jarraitutasun progresibo, ebolutibo gisa ulertzen da, betiere etorkizunari itxaropen xaloz begiratuz. Gizateriaren historia etengabeko aurrerapena izan delako ideia da: askatasun eta arrazoibide handiagoa (Hegelek dioen bezala), demokrazia eta berdintasun handiagoa (ezkertiarrek aldarrikatzen duten bezala), garapen ekonomiko eta tekniko handiagoa (liberal burgesek uste duten bezala). Benjaminen ustetan, denbora inplikazio politiko sakonak dituen eraikuntza da; ez da zerbait naturala, une berdinen eta hutsen segida lineala, aurrera egin ahala hobekuntza automatikoa eragiten duena. Horixe da aurrerapenaren mitoaren dinamika engainagarria, garapen teknologikoa eta garapen soziala nahasten dituena. Baina menderatze sozialeko egoera guztietan garapen teknologikoa ez dator bat garapen sozialarekin. Egungo gizarte kapitalistan, langileen eskubideak murriztu ez ezik, baztertu ere egin daitezke. Beraz, aurrerapenaren mito horrek zapalkuntza modu eraginkorragoan egitea ahalbidetzen du, baita zapalduengan gizarte desberdin bat irudikatzeko gaitasuna deuseztatzea ere. Eta horrela, modu naturalenean esaten diren esaldiak, ustelkeriari, iruzurrari eta injustizia sozialari buruzkoak, patetikoki ulergarri egiten dira: “hori da dagoena”, “beti horrela izan da”, “politiko guztiak berdinak dira”.
Modu naturalenean esaten diren esaldiak, ustelkeriari, iruzurrari eta injustizia sozialari buruzkoak, patetikoki ulergarri egiten dira: “hori da dagoena”, “beti horrela izan da”, “politiko guztiak berdinak dira”
Benjaminek uko egiten dio denbora historikoaren ikuskera homogeneo, huts, mekaniko, lineal eta kuantitatibo horri. Eta denborazkotasunaren pertzepzio kualitatiboa baieztatzen du, oroimenean eta jarraitutasunaren haustura mesianiko-iraultzailean oinarrituta. Iraultza historiaren etenaldi mesianikoa litzateke, gertaeraren geldialdi mesianikoa. Era berean, historia hegemoniko-menderatzailearen ikusmoldeak arbuiatzen ditu, eta aurrerapenaren historia basakeriaren historia dela aldarrikatzen du. Aurrerapenak, izen desberdinetan (aurrerapena, garapena, bilakaera, lehen mundua), beste aldea gordetzen du bere baitan (atzerakada, hondamenak, azpigarapena, inboluzioa, hirugarren mundua). Historiaren ikuspegi ezkor horrek berezi egiten du Benjamin, eremu marxista-iraultzailean iritzi hori aldarrikatzen zuen bakarra zelako.
Beraz, Benjaminentzat denbora ez da continuum bat, ezta zerbait naturala ere, ondorio politiko sakonak dituen konstruktua baizik. Injustizia soziala ere ez da gauza naturala; izan ere, gero eta gehiago handitzen bada, alda daitekeen seinale da, eta, beraz, beste norabide batean alda daitekeen seinale. Hori dela eta, Benjaminek denboraren beste kontzepzio bat proposatzen du, hobekuntza soziala ahalbidetuko lukeena: historiaren Aingerua. Paul Klee margolariaren Angelus Novus denboraren espiritua da Benjaminentzat. Ez da denbora homogeneoa edo Kronos (emana dena, gauza bera), baizik eta denbora orain (Jetztzeit) edo Kairós (zerbait garrantzitsua gertatzen den tarte zehaztugabea), teologia kristauan Jainkoaren denborari edo graziazko denborari lotzen zaion une egokia. Jetztzeit, ekintza bat egiteko une aproposa da, une iheskorra, proposatutako helburua lortzeko nahitaez zeharkatu behar den irekidura bat agertzen dena, gaineratzen zaigun une/leku bakar eta errepikaezina, oraina ez dena, baizik eta beti iristeke dagoena eta beti igaro dena. Azken batean, gure une garrantzitsuen garaia da, gutako bakoitzaren bide pertsonala indartzen duten gertakariena, batzuek helmuga deitzen dutena, eta une jakin batzuetan erabaki garrantzitsuak hartzera bultzatu gintuena. Bada, historian grazia edo Jainkoaren garai hau (gutako bakoitzaren indar mesianiko eraldatzaile gisa ulertua), indar hori sartu eta errealitatea beste zerbait bihurtzeko garai aproposa da.
Injustizia soziala ere ez da gauza naturala; izan ere, gero eta gehiago handitzen bada, alda daitekeen seinale da
Angelus Novus iraganera itzultzeko borrokan ari den beste garai horren espiritua da, ez bakarrik oraina justifikatzeko, baizik eta iragan horri justizia egiteko; Aingerua errotiko aldaketa egiteko lehiatuko da, suntsitutakoa berreraikitzeko, hildakoak berpizteko, funtsean, iraganari justizia egiteko. Baina bada indar bat iragaitea eragozten diona: Aurrerapena da, iraganari justizia egitea eta eraldatzea nahi ez duena. Benjaminen aburuz, iragana ez dago han urrun, hemen eta orain baizik, eta etorkizuna ere hemen dago. Aingerua iraganera itzultzeko borrokan ari da, benetako eraldaketaren oinarria izango litzatekeen erabateko aldaketa egiteko. Benjaminek azpimarratzen du benetako aldaketa iraganetik bakarrik etor daitekeela. Iragan hori ez dago iraganean, hemen dago, orainean, eta, beraz, adi-adi egon behar da pentsamolde kritiko batekin, subjektuetan sartzen den une egokiaren zain.
Baina nortzuk dira tipo horiek? Materialismo historikoak esango du subjektu historikoa proletalgoa dela, hori baita komunismoa lortzera eramango duen errealitatea eraldatuko duen motorra. Benjaminek materialismo historikoa ideologia burgesaren zikinkerietatik askatu nahi du, aurrerapenaren ideia burgesetik erreskatatu. Benjaminentzat, iraultza ez da aurrerapen ekonomiko eta teknikoaren emaitza natural eta saihestezina, hondamendi ekonomikora eta gerrara daraman aurrerapenaren ideia horrek sustatutako garapenaren etena baizik. Benjaminek orainean esku hartzea proposatzen du, pentsamoldeak desafiatzen eta eteten dituen irudi batekin. Irudi hori iraganekoa da beti, orainari esanahi berria ematen diona. Benetako aldaketa jadanik existitzen den eta gizarte zuzenagoa eraikitzeko balio duen zerbaitetik dator; ez dago gauza berriak asmatzeko beharrik, zeren, gure historia kritikoki berrikusiz eta gure borrokak zintzoki balioetsiz, txikiak eta hutsalak izan arren, horietan aurkituko baitugu masaren benetako eraldaketa ekarriko duen hazia eta legamia. Hemen daude, beraz, historiaren subjektuak, oso txikiak izan arren borroka mota ezberdin eta anitzetan lan egiten dutenak.
Txintxo eta Xefe, baita hildako gainerako lagunak ere, justizia noiz egingo zain daude
Benjaminen pentsamendua itxaropen-pentsamendu bat da, baina ez etorkizunaren itxaropen batena, orainarena baizik. Hau da, dagoeneko egin dena edo egiten ari dena ahalik eta pertsona gehienen onerako izango den osotasun bihurtzeko itxaropena. Funtsean, orainaren itxaropena. Beraz, Benjaminen itxaropen-pentsamendu horren arabera, Txintxo eta Xefe, baita hildako gainerako lagunak ere, justizia noiz egingo zain daude. Kairos-garaia iritsiko da eta, orduan, denei zor zaiena aitortuko zaie. Lagun diezaiogun historiaren aingeruari justizia-garai hori lehenbailehen irits dadin.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]
Lan aste laburragoak ezartzeko politika orokorra ekarriko du 2025 urteak, enpresentzako kontratazio berrietarako kostu txikiak eta lan harremanetarako aldaketa norabide eraginkorra ekarriz.
Espainiako gobernu akordioa betetzeko helburuarekin, lanaldia astean 37,5 ordutara... [+]
Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]
Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]
Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]
Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]
Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]
Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]
Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.
Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]
Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]
Asteartean eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz bi gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste bi gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste... [+]
Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko... [+]
Bizi dugun kultura kontsumistak, erabiltzaile oro agintzen du gozamen neurrigabera. Slavoj Zizek dioen eran, Goza ezazu zure fetitxea, hiper-modernitatearen agindu ozena bihurtu da. Fetitxearen lekua betetzeko dauden gailu teknologikoen bidez gauzatzen baita egungo gozamena... [+]