Irailaren 14tik 16ra Euskal Herriko tokiko dantzen emanaldiak izango dira Basaurin.
Villabuena, Mendexa, Irun, Faltzes, Luzaide eta Pettarreko dantzariak izango dira beren herriko dantzak erakusten. Azken 40 urteetan lehenengoz ikusi ahal izango ditugu Basaurin Villabuena herriko dantzak bertako gazteek dantzatuta. Mahai-gainekoa ere Mendexako dantzariek dantzauko dute, 1981etik ez dute parte hartu mendexarrek Basauriko Agerketan. Aurreko urtean maskaradak eman zituzten Pettarreko gazteek, berriz, lehen aldiz hartuko dute parte Basauriko Dantza Agerketan.
Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek elkarlanean antolatzen dute 1972. urtean sortu zen Euskal Herriko Dantza Agerketa. Duela 46 urtetik urtero antolatzen dute jaialdia, euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak suspertzeko eta ezagutarazteko asmoz. Eguraldia ona bada, Bizkotxaldeko parkean egingo dute aurten jaialdia, bestela, Social Antzokian.
Agerketa irailaren 14an hasi eta 16an bukatzen bada ere, emanaldi nagusia larunbat arratsaldean izango da, irailaren 15ean. Emanaldi horretan hartuko dute parte Euskal Herriko punta bakoitzetik etorritako sei dantza taldek.
Kaxkabar (Villbuena, Araba): Villabuenako dantza taldea desagertu egin zen, Basaurin 1977ko Dantza Agerketan azken aldiz dantzatu eta gero. Duela sei urte, ordea, herriko gazte batzuek bertako dantzak berreskuratzea eta dantza-taldea eratzea erabaki zuten. Horretarako beste herri batzuetako taldeen laguntza izan zuten, haiek euren errepertorioan mantendu baitzituzten. Ezpelezko makila zaratatsuak elkar joka egindako zortzi makil-joko dantzatuko dituzte: Rompecejas, Castañuela, Oficios, Culo, Te vi… Herrian urtean bi aldiz dantzatzen dituzte paloteadoak: maiatzaren 15ean, San Torkuato egunean, eta azaroaren 30ean, San Andres egunean.
Mendexako dantza taldea (Mendexa, Bizkaia): Ia 40 urte dira Mendexako dantzariak Basaurira ez direla joan mahai-gainekoa dantzatzera. Nahiz eta 5,60 metroko luzera duen eta mahai astun-astuna den, urtero abuztuaren 1ean dantza hori egiteko erabiltzen duten mahaia eramango dute Basaurira. Mendexan tradizio hori XX. mendearen hasieratik mantendu da. Herriko alkatea mahaiburuan jesarri eta mahai gainera igotzen diren dantzariei baso bat ardo eskaintzen die. Hasieran gizonezko helduek soilik dantzatzen zuten baina 1990eko hamarkadatik emakumeek eta umeek ere dantzatzen dute.
Kemen (Irun, Gipuzkoa): Agurrarekin hasi eta Gipuzkoako dantza-sortarik ezagunena egingo dute ondoren: brokel-dantza. Taldeko neskek, berriz, Soinu Zaharrak eskainiko dituzte.
Makaia (Faltzes, Nafarroa): Faltzes herriko gazteek orain dela 25 urte berregindako bost dantzak eramango dituzte agerketara. Bernardo de Zala y Galdeano faltzestarrak 1.700ko liburu batean argitaratutako doinuetan oinarritu ziren. Dantza batean “faltzea” erabiltzen dute, olibondoak lantzeko erabiltzen zen igitai mota; horri zor omen dio, hain zuzen ere, herriak bere izena.
Luzaideko bolantak (Luzaide, Nafarroa): Bolantak ez dira dantza-taldea, herriko jendea baizik. Entseguetara inoiz 140 pertsona ere joan izan dira. Hasieran inauterietan dantzatzen zuten, baina 1969tik hona Pazko-Igandean egiten da. Basaurin dantzarik esanguratsuenak dantzatuko dituzte, hala nola, bolant-dantza eta zenbait jauzi. Horrez gain, bikoteka egindako kontra-dantzak ere dantzatuko dituzte.
Pettarreko gazteak (Pettarra, Zuberoa): Iaz, 2017an, Zuberoako iparraldean dagoen Pettarre eskualdeko lau herritako gazteak elkartu ziren maskaradak egiteko. Horiek izango dira, Zuberoko maskaradetako zenbait dantza eta erritu erakutsiko dituztenak: Barrikada, Aitzina Pika, Ostalersa eta Godalet dantza.
Egitaraua
Irailak 14 ostirala: Erromeria Solobarria plazan.
Irailak 15 larunbata: Euskal herriko tokiko dantzen emanaldia.
Irailak 16 igandea: Basauriko dantza taldeen emanaldia (Basauritar Dantza Taldea, Agintzari Dantza Taldea, Edurre Euskal Dantza Taldea).
Albiste hau Dantza.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]
Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]
Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.
Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.
Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]
Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]
Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]
Baztango herrietako festetan Mutil-dantza parekideak egitea “mugarri garrantzitsu bat gainditzea” dela adierazi du Plazara Dantzara taldeak. Hala ere, azpimarratu du dena ez dagoela “irabazita” eta oraindik “bide luzea” dutela egiteko.
Azaroaren 4ean euskalgintzak deitutako manifestazioa eginen da Bilbon, 17:00etatik aitzina, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Manifestazio jendetsua izatea espero da eta bukaeran, bestelako esku-hartzeekin batera, soka-dantzan aritzera... [+]