Venezia urpean berriro

  • Planetak bizi duen larrialdi klimatikoa bere alderik bortitzena erakusten ari da egunotan Venezian. Azaroaren 12ko gauean, itsasgorak (aqua alta, venezieraz) 187 zm-ko altuera hartu zuen, XX. mendeko bigarren uholde larriena. Hiriaren %80 urpean gelditu da eta bi hildako daude.


2019ko azaroaren 14an - 11:53

Aurreikuspenek gehienez 160 cm-ko itsasgora aurreikusten zuten, baina 120 km/orduko haizeek harrotu egin zituzten Adriatikoaren urak, eta gauerdia baino apur bat lehenago itsasoak gainezka egin zuen. Pellestrina irla txikian, Veneziako hirigune historikotik 20 bat kilometrora, bi pertsona hil ziren. Urak hainbat eta hainbat eraikin hartu zituen, tartean etxebizitza eta negozio ugari baina baita San Marko basilika bezalako eraikin enblematikoak ere.

Agintariek larrialdi egoera dekretatu dute. Luigi Brugnaro alkateak adierazi du kalteak “zenbaezinak” direla, eta Veneto eskualdeko gobernadore Luca Zaiak “txikizio apokaliptiko” gisa definitu du egoera. Italiako gobernuak dagoeneko iragarri du neurri bereziak hartuko dituela kaltetuei laguntzeko. Egoera baretu arte, ordea, zaila izango da uholdearen benetako ondorioak zeintzuk izan diren zehaztea.

Gero eta egoera prekarioagoan

Itsasgorak eragindako uholdeak ez dira ezohiko fenomenoa Venezian. Hiria 550 km2-ko padura zabal baten erdian eraikita dago, Italia iparraldeko ibai nagusien itsasoratzeak bat egiten duen tokian; eraikin gehienak lokatzetan sartutako egurrezko piloteen gainean eraikita daude, mila urtez perfekzionatuz joan den eraikuntza-teknika baten bidez egonkortuta.

Testuinguru honetan, ez da arraroa hiriaren alderik baxuenak urpean gelditzea itsasgorak bere ohiko maila gainditzen duenean, bereziki udazkeneko ekinokzio inguruko garaietan. Aqua alta eta aqua bassa venezieraren ohiko espresioak dira mareen fluktuazioei erreferentzia egiteko, eta historian zehar ohikoak izan dira mutur bateko zein besteko egoerak. Alabaina, azken hamarkadetan aqua altari lotutako uholde katastrofikoak gero eta ohikoago bilakatzen ari dira, neurri handi batean aldaketa klimatikoak eraginda. Ez da ahaztu behar Mediterraneoaren bataz besteko maila 20 eta 25 cm bitartean igo dela XX. mendean zehar, eta horrek areagotu egin duela itsasgoraren eraginpean gera daitekeen lur-hedadura.

"Fenomeno honek bereziki eragin dio Veneziako padurari, bertan gizakiak guztiz eraldatu baitu jatorrizko ekosistema"

Fenomeno honek bereziki eragin dio Veneziako padurari, bertan gizakiak guztiz eraldatu baitu jatorrizko ekosistema. Paduraren egokitzapenak Antzinarotik dokumentatuta dauden arren, Errepublikak XIV. eta XVII. mendeen artean egindako lan hidraulikoak izan ziren benetan eragin ziotenak; lan horien bidez, bertan isurtzen ziren ibai nagusiak ―Adige, Brenta, Sile eta Piave― paduratik kanpora desbideratu ziren, hauek ekarritako alubioiek hiria itotzea saihesteko helburuarekin. Hala, Veneziaren itsasorako irteera ziurtatuta gelditu zen baina, aldi berean, padurako dinamika naturalak errotik aldatu ziren, itsasoak eragindako higadura-arriskua nabarmen areagotuz.

Azken hamarkadetako turistifikazio masiboak egoera larritu baino ez du egin. Alde batetik, urtero 8 milioi bisitari iristen dira Veneziara, eta horien %75ek ez du egun oso bat ere bertan ematen. Bisitari horientzako garraio eta mantenu zerbitzuak bermatzeko, motordun ibiligailuen trafikoa esponentzialki igo da hirigune historikoan, uraren mugimendua eta honek eragindako higadura indartuz. Egia da No Grandi Navi bezalako herri-mugimenduek lortu dutela fenomeno honen ondorioak agenda publikoan sartzea, baina horrek ez du, gaur-gaurkoz, neurri praktiko zehatzik ekarri; milaka bidaiari garraiatzen dituzten untzi erraldoiak egunero iragaten dira, oraindik, San Marko plazaren paretik.

Bestalde, turistifikazioak despopulatze larri bat ere eragin du: 1951ean 174.808 biztanle baziren, 2001ean 65.695era jaitsita zeuden, eta 2018 hasieran apenas gelditzen baitziren 53.799, gehienak adineko pertsonak. Hala, hiriko ehun sozio-ekonomiko eta kulturala desegiten den hein berean, abandonatutako eraikinen eta azpiegituren mantenua gero eta zailagoa bilakatzen ari da, higaduraren aurkako defentsak ahulduz.

Konponbiderik bai?

Egoera honen aurrean, 2003an abiarazi ziren MOSE (Modulo Sperimentale Elettromeccanico) delako makroproiektu hidraulikoaren lanak, Italiako Azpiegituren Ministerioak eta Veneziako Uren Magistraturak gidatuta. Proiektu honek padurako sarrera bakoitzean dike mugikor batzuen eraikuntza proposatzen du; hauek 110 cm baino gehiagoko itsasgorak gertatzean aktibatuko lirateke, padura isolatuz eta bertako urak itsaso zabalaren maila baino 1,6 m bitarte baxuago mantenduz. Hala ere, 2014an jarduneko alkatea espetxera eraman zuen ustelkeria-kasuak bete-betean jo zuen proiektua, eta egun ez da aurreikusten lanak 2022 baino lehenago bukatzerik.

Tamalez, azken hamarkadetan itsasgorak eragindako uholde katastrofikoek ugaritu baizik ez dute egin, eta ez dirudi etorkizunean joera gutxituko denik. Historiako uholderik handiena 1966ko azaroaren 4ko aqua granda delakoa izan zen; ura 194 cm hazi zen. 187 cm-rekin, 2019ko azaroaren 12koa XX. mendeko bigarrena izan da, beraz. Hirugarrena noiz etorriko den inork ez daki; haren ondorioak noraino iritsiko diren, aldiz, guztiok susma dezakegu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2025-04-02 | Nicolas Goñi
Angolan lehorteak 2,3 milioi pertsona mehatxatzen ditu, baina nori axola zaio?

Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]


Aztarnak

Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]


Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek

Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


Fernando Valladares:
“Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko”

Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]


Eredu inspiratzaileak martxan jartzera animatu ditu Antzuolako ikasleak Fenando Valladares biologoak

Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Monte Perdidokoa galzorian dauden glaziarren artean sartu dute

Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.  


2025eko urtarrila, mundu mailan inoiz erregistratu den urtarrilik beroena

Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen. 


Muturreko beroak 2,3 milioi hildako eragingo lituzke Europan mende bukaerarako

Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.


Greenpeace-k Guggenheim museoan Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu du

Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.


2025-02-03 | Nicolas Goñi
Jendez hustutako landa eremuetara basabizitza ez da uste bezala itzultzen

Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]


Karbono biltegi izateari utzi dio Artikoko tundrak

AEBetako Ozeanoko eta Atmosferako Administrazio Nazionalaren (NOAA) ikerketaren emaitza zabaldu du Nature Climate Change aldizkariak: bereganatzen zuen karbono dioxido eta metano kopurua baino gehiago isurtzen du orain tundrak.


2025-01-22 | Leire Ibar
Brasilgo suteek 2024an suntsitutako eremua Italiaren azalera baino handiagoa izan da

Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.


Eguneraketa berriak daude