Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dion Valtonyc abeslariak kantu berri bat sareratu du. Modu ironikoan ondorengo izenburua jarri dio: "Barkamena eskatzen dut, ulertu baitut", eta boteretsuen, Espainiako Erregearen eta epaitegien aurka egin du.
José Miguel Arenas Beltrán abeslariak, Valtonyc izenez ezaguna, abesti berri bat publikatu du YouTuben, Espainiako Auzitegi Gorenak espetxe zigorra ezarri ostean.
"Gaiaz gogoetatu ostean, mindu ditudanei barkamena eskatzeko ordua dela uste dut. Hainbat pertsonaiaren eta inperioaren defendatzaileen iruzkinak heldu zaizkigu, eta erabakia hartua dago. Bideo hau uzten dizuegu gure barkamen eskaera gisa, azken batean, ulertu dugulako", adierazi du Twitter bidez.
Hauxe da kantu berria.
Bi urteko kartzela zigorra jaso du “terrorismoari gorazarre” egiteagatik, beste bat Monarkiaren aurkako kalumniengatik eta sei hilabete abestietan jasotako “mehatxuengatik”.
Auzitegi Nazionalak esan zuen Valtonyc-en letrek GRAPO eta ETA taldeak eta horietako kide batzuk goresten dituztela eta Espainiako erregea eta haren senideak iraintzen.
Rap kantariak esan zuen bere rapa muturrekoa, probokatzailea, alegorikoa eta sinbolikoa dela, eta adierazpen askatasunari heldu zion. Alabaina, Gorenak atzera bota zituen haren alegazio guztiak eta esan zuen nahikoa dela kantuak irakurtzea "edukien larritasunaz jabetzeko".