Zeurea ez dela –eta ez duela izan behar– deritzozun herrialde bateko gertakari historikoa izan al daiteke nonbaiteko festa nazionalaren sorburua? Bai, horixe. Gertatu ere gertatzen da Taiwanen: “Hamar Bikoitzean”, alegia, urriaren 10ean ospatzen da ofizialki oraingoz “Txinako Errepublikaren Egun Nazionala” deitzen dena; baina, hainbaten ustez, “Taiwango Egun Nazionala” izan behar omen lukeena. Balizko izen-aldaketa azalpen handirik gabe ulertzen da, noski.
Izena izen, edukiarena da bihurriagoa. 1911ko egun horretan Wuchang-en (gaur egun beste zerbaitegatik ezagunagoa zaigun Wuhan megapoliak “irentsitako” hiru hirietako batean) sutu zen eta Qing dinastia eraitsi zuen Xinhai Iraultzaren urtemuga ospatzen baitu 10/10ak. Wuchang, orduan eta orain, kontinenteko Txinaren erdialdean dago, jakina. Baina, gainera, sasoi hartan Taiwan ez zegoen Txinako erresumaren barnean, baizik Japoniaren mende; 1895eko Shimonosekiko Tratatu hitsaren halabeharrez.
Edonola ere, 10/10 guztiz txinatar hori ospatzen jarraitzen du Taiwango aginte politiko independentistak. Eta aurtengoan, Lai Ching-te presidente berriak abagunea aprobetxatu du Pekinekiko ika-mikak gehiago ozpindu eta independentziaren bideari eusteko asmoa berresteko. Espero zen bezala, esan genezake. Parlamentua oposizioaren mende duela, kontinentearekiko kontraesanak azpimarratzen ahalegindu behar du Laik... bizkartzain amerikarrari atsegin izango zaion mintzamoldean, batik bat. Komeriaren tramaren koherentzia da gutxienekoa.
Espero zen bezala, klasikoak bihurtu diren maniobra militarren bidez etorri da Pekinen erantzuna hiruzpalau egun geroago. Ekialdeko Teatroak (itzulpen ofiziala da, bihurrikeria badirudi ere) bere muskulatura tenkatu du erakusteko, indarra erabili behar bada, baduela nahikoa. Komeriaren ifrentzu horren berritasuna: erritmo txinatarrean itsasoratzen ari diren kostazain handien presentzia (handiena barne), Taiwan “inguratzeko” antzezpen horretan. Irlaren itsas-blokeoa, bestelako aukera batzuk baino askoz egingarriagoa litzatekeela adierazteko, seguruenera.
Eta hor hasten da komeria, tragedia ez bada, drama-itxura hartzen. Kasualitatez edo, aurtengo 10/10 horretan bertan argitaratu baitu Washingtongo CSIS think tank ospetsuak ingurune hari buruzko azterlan bat: “Merkataritza bidegurutzeak: Taiwango itsasarteak munduko ekonomia nola bultzatzen duen”. Haren alarmismoa interesatuxea izango da, baina egia ukaezinak ere badakartza. Adibidez, munduko merkataritza-trafikoaren bostena bertatik pasatzen dela gaur egun.
Tximeleta efektua deituaren bertsio eguneratua ematen du: unibertsitate-mintegi arrunt eta ziztrin samarra baino asko gehiago ez lirudikeenak belarri guztiak tentetu arazi ditu Asia Ekialdean, bereziki Japonian. Baita gugandik gertuago ere.