2008ko krisiarekin ekonomiari buruz hamaika liburu irakurri genituen, denok ekonomian aditu gisa mintzatzen ginen, tabernetan. Orain epidemiologiari buruzko ehunka artikulu xurgatutakoan, pandemiaz idazteko tentaldia handia da. Gaur, berriz, itxialdian gertatutako kokapen politiko batzuk komentatu nahi nituzke, abiadura bizian argazki asko pasa baitira gure begietatik.
Politika egiteko modu berrietan, non “hiperliderazgo” mediatikoak arau bihurtu diren, alderdi politikoen eledunak xake taula bateko fitxa gisa mugitzen dira. Gertakizunen aurrean, talde bakoitzak laukitxo bat aukeratzen du, beltza ala zuria, eta gehienetan, aldez aurretik pentsa zitekeen tokian, lehiakideekiko eremu jakin bat babestu nahian.
"Pairatzen ari garen krisialdi honetan, zientifikoen aholkuak askoz beharrezkoak izan arren, politikariek gertaera ororen inguruan azalpenak eman behar dituztelakoan, bakoitza xake taulan irmo finkatu zen"
Horrela, pandemiaren hasierako egunetan, talde politikoen ordezkariek euren webcametik birusaren aurkako errezetarik onenaren berri eman ziguten. Pairatzen ari garen krisialdi honetan, zientifikoen aholkuak askoz beharrezkoak izan arren, politikariek gertaera ororen inguruan azalpenak eman behar dituztelakoan, bakoitza xake taulan irmo finkatu zen. Aitortzen dut egun batzuetan zenbaiten portaera lizuna ere iruditu zaidala, biziki latsa iruditzen baitzait hildakoak egunetik egunera pilatzen ari zirelarik, borroka alderdikoian jo eta su aritzea.
Espainiar eskuinak aipatzea ez du merezi, euren buruzagien hornidura intelektuala ikusita, edozein astakeria iradokitzeko gai dira-eta, lixiba gosarian bota ala batek daki zer. Bestelako mugimenduei so egin diet arreta handiagoz, esan bezala, zortzi aste hauetan dena ziztu bizian higitu delako.
Hasteko, harrigarria izan da Urkullu haserre ikustea. Hasiera batean lehendakaritza “manu militari” Denis Itxasok ostu ziolako. Aldiz, geroago suminduago ere ikusi genuen Lakuako gobernuaren burua, Confesbasken interesak babestea egokitu zitzaionean, alegia. Estu hartuko zuten nonbait enpresaburuek, bere onetik aterata ikusi dugun bakarrenetarikoa izan baita egun horietakoa.
Hurrengo asteetan “Aisialdiren Eskubide Sakratuaren” izenean, herritarren askatasunak aldarrikatzen, Sanchezi pandemiaren “euskal kudeaketa” eskatuz, herritar xumeen gogoarekin bat egiten zuela irudikatu nahi arren, ez zuen emandako irudi kaxkarra hobetu. Hauteskundeetako deialdia bizkortu izanak agerian utzi baitu bere mugimenduen xedea.
Sorpresa handiagoa eman dute, ordea, EH Bilduren eledunek. Urkullu gaizki ari zen, nabarmena zen, baina etengabe Sanchezen erabakiei laudorioak egitea ez zen ohikoa. Gutxiago 78 konstituzioa erabiliz, Hegoaldeko Estatutuen eskumenak indargabetu zituztenean. Ez zen normala Sanchez eta Chiviten jarrera goraipatzea eta soilik Urkullukeriak kritikatzea.
"Sorpresa handiagoa eman dute, ordea, EH Bilduren eledunek. Urkullu gaizki ari zen, nabarmena zen, baina etengabe Sánchezen erabakiei laudorioak egitea ez zen ohikoa"
Geroan jakin dugu, Podemosen tartekaritza dela medio, aste hauetan bestelako mugimenduak ere bizkortu direla. Eduki estrategikoak dituzten solasaldiak egin dira eta lehenengo isla Podemosek PSOEk eta EH Bilduk sinatutako testua izan omen da.
Madrilgo Parlamentura joatea erabakitzekotan, ulergarria da eragina eduki nahi izatea. Ulergarria eta txalogarria da Iberiar Penintsulan bizi den jende xumearen bizi-baldintzak hobetzen laguntzea, gure herrikideak izan ala ez izan. Eragozpen gehiago sortzen dute, berriz, gertaera honen inguruan egin diren irakurketa batzuek.
Etorkizun hurbila
PSOEk hitza jango du, ez dut zalantzarik, hemendik hilabete batzuetara UGT eta CCOOren laguntzaz CEOE eta IBEX35rekin berradiskidetuko da. Espainiar eskuina basatiegi dago, eta “merkatuek” denboraldi baterako negoziatuko dute Sanchezen gobernuarekin.
Haatik, gertaera hori baino, nik beste mugimenduetan erreparatu dut. Sinadura horrekin EH Bilduk azkeneko urteetan eman duen birkokapen estrategikoa behin betikotzen baitu.
Ildo estrategikoan EAE markoa bere horretan onartu eta lehenetsi zenetik, hainbat urrats eman dira: “Acuerdo de Pais” leloa (EAEri buruz, itxuraz); autogobernuaren ponentzian buru-belarri sartzea; erabakitzeko eskubideak autodeterminazio eskubidea ordezkatzea...Azkeneko urte hauetan mugimendu taktiko-estrategiko guztien helburu nagusia PNV mugiaraztea ala lotsaraztea omen zen. Ez da gertatu. Oraingoan, pendulu mugimenduari ekinez PSOEra doa pilota.
"Batzuek ezin dugu begi onez ikusi EH Bildu haustura demokratikoa aldarrikatzen zuen jarrera batetik, Espainiako kogobernantzaraino igaro daitekeen esparruetara mugitzea"
Testu-ingurua oso berezia da, ezin ukatu. Catalunyan eta Hego Euskal Herrian Podemosek eta PSOEk lortzen dituzten diputatu gabe, Estatu Espainiarrean eskuin soziopatak gobernatuko luke eta horrek sarraskia ekarriko lieke herritar xumeei, zein Euskal Herria eta Catalunyari. Ezin ukatu ere, epe laburrean, Madrilen egon daitekeen beste edozein gobernu Sanchez-Iglesiasena baino okerragoa izango dela. Ezin ahaztu pandemiak sortutako egoera berriak etorkizun zaila dakarkigula guztioi. Hala ere, batzuek ezin dugu begi onez ikusi EH Bildu haustura demokratikoa aldarrikatzen zuen jarrera batetik, Espainiako kogobernantzaraino igaro daitekeen esparruetara mugitzea.
Paradigma aldaketa da, joko aldaketaren adierazgarri garbia. Ez dut zalantzarik EH Bilduk Espainiako erresumaren gobernuekin negoziatzen saiatuko denetan, eduki sozialak izango direla nagusi. PNVren negoziazioa eta kogobernantzaren ereduak bestelako interesak ditu, baina hor ez dago koxka. Edukiak ezberdinak izanda ere, Rubikon hori zeharkatutakoan, PNV eta EH Bildu komuneko eremuetan arituko lirateke. Prozesu independentista hasi aurretik, eten egingo litzateke eta bide batez Catalunyako prozesu independentistarekiko arrakala handituko litzateke estatuaren mesederako.
Batek daki zer gertatuko den , dena oso aldakor dago eta. Epe laburrean , nire ustez, EH Bilduk egin duen aldaketak PSOEri ematen dio “zentralitatea”. PSEk oso hautagai eskasa du, baina haizea alde du.
Litekeena da Podemos-PSE bikoteak Gasteizko legebiltzarrerako EH Bilduk baino legebiltzarkide gehiago eskuratzea. Oso posiblea da, bi horiek aurretik sinatutako gobernu itun bat mahaigaineratzea EH Bilduri, eta ziurrena da EH Bilduk ezin onartzea. Datuek Chivitek egin duen moduko bat egiteko aukera emango ez dutenez, eta PNVk ziurtasun osoz zokoratua ez geratzeko bereak eta bi egingo dituenez, emaitza posibleena PNV/PSE gobernua da, PSE berrindartu batekin.
Madrilen egin diren mugimenduak gabe PNV/PSE gobernua segurua zen ere bai, baina agertoki berriak eremu bat hutsik utziko luke, ezker eraldatzailearena eta independentismoarena. Rubikon bat pasatutakoan, ez dago-eta atzera bueltarik erabateko barne krisialdi larririk gabe.
"Sei bat urte galdu dira mamu baten bila: PNV soberanista. Ezin da beste horrenbeste galdu, balizko PSE/PSN ezkertiar eta euskaltzalearen bila"
Sei bat urte galdu dira mamu baten bila: PNV soberanista. Ezin da beste horrenbeste galdu, balizko PSE/PSN ezkertiar eta euskaltzalearen bila. Pendulu mugimenduak oso arriskutsuak dira, ikuslearen begietan mugimendua dagoela ematen du, baina gakoa estuki lotuta dago sabaian eta ez da benetako mugimendurik sortzen. Izan ere, sabaia ez da kristalezkoa, kate sendo bati heldutako burdinazko sabaia baizik, herri hau eta klase herritarrak preso dituen sabaia.
Europan une honetan hiru eremu politiko egituratzen ari dira: eskuin neofaxista mutur batean; neoliberalak eta sozial-liberalak erdian; eta ezker eraldatzailea beste aldean. “Zentralitatea” bilatzeak gehiegitan “zentrismora” eramaten du. Ez dezagun ahaztu erdiko horiek izan direla 2008ko krisia kudeatzean boteretsuen aldeko hautua egin zutenak.
Garai hartan politikariek eta estatuek boterea galdu zuten transnazionalen mesederako. Orain, behin betikotu nahi luketen krisi berrian, estatuek boterea berreskuratu nahi dute, baina ez dezagun pentsa erdiko horiek, bat-batean eredu sozioekonomikoa aldatzeko erabiliko dutenik. Ahal badute, “errealitate berria” errealitate zaharraren anaia-arreba bikia izango da, desberdintasun batekin, estatuen autoritarismoa indartuko da.
Ez dezagun amestu ere egin PNVk utziko duela bere burua Trump eta beste psikopaten lerroetan kokatzen, PNV ez da UPN. PNVk eta PSE/PSNk eredu bera babesten dute. Kritikatzen ditugun pribatizazioak, prekarietateak, lagunkeria eta eredu sarraskitzailea PNVk eta PSOEk eraiki dute. PNV ez da zokoratuko. Aldiz, argi jokatu ezean, Euskal Herrian desaktibatuko dena, eremu soberanista eta eraldatzailea izango da.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Ez da lehenengo aldia, aditua izan ei naiz kontraesanetan. Oreka, baietzaren eta ezetzaren arteko muga non marraz daitekeen bilatzen. Analisi topografikoa, neurriz neurri morala triangelatzen. Tatuaje erraldoia bekokian: Bai, baina… Erabaki batera iristeko, inoiz nire... [+]
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Jada bizpahiru aste izango dira irakurri nuenetik, Maialen Akizuren zutabe batean. Aner Peritzek telebistan esandakoak zekartzan: “Bertsolaritza da gizon zis heteroekin ez harremantzera eraman nauena, bertsolaritza delako disidente egin nauena, eta, era berean,... [+]
Beldur hori bada. Badirudi Donald Trump etorri dela Washingtoneko bulego borobila luzerako okupatzera. Bigarren mandatua du, baina bere hurbileko aholkulariei, ez dela txantxetan ari berretsiz gainera, Konstituzioan zenbaki bakan batzuk aldatzeko bere xede zurruna aipatzen die,... [+]
Ansorena´tar Joseba Eneko.
Edonori orto zer den galdetuz gero, goizaldea erantzungo, D´Artagnanen mosketero laguna edo ipurtzuloa, agian. Baina orto- aurrizkiak zuzen adierazten du eta maiz erabiltzen dugu: ortodoxia, ortopedia, ortodontzia... Orduan (datorrena... [+]
“Erresilientzia poltsa”, “biziraupen eskuliburua”, “ebakuazio bizkar-zakua”: hara nolakoak entzun daitezkeen agintarien ahotan azken asteetan.
Iragan hilabeteko adierazpenen artean, Europako Batasunak herritarrei eskatu die... [+]
Ez da Aberri Eguna, Aberri Aukera da euskaldunok behar duguna. Urtean behin errepikatzen dira balizko alderdi zein talde abertzaleen deialdiak, data hauetan, Euskaldunon aberria Euskadi/Euskal Herria da aldarriaren inguruan. Egun bateko kontua izaten da, hala ere. Eta ez batera... [+]
Joan den astean topaketa polit bat izan dut, aspaldi ikusten ez nuen emakume talde batekin, eta egitearen inguruan aritu gara berbetan, teknologia eta sorkuntza espazioei lotuta.
Emakume hauetako nagusiena, jubilatzeko mugan dagoena, programatzailea da eta kodea programatzen... [+]
Hainbatetan esan izan didate arkitektoen lanaren gauzarik indartsuena dela ekoizten duguna betikotu egiten dela. Eraikinaren betikotasunak gizakiaren presentzia tenporala gainditzen duela eta geroko etorkizunean iraunkor egingo gaituela. Eta liburu batekin gertatzen ez den... [+]
Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]