Urkulluk batasuna eskatu dio oposizioari, autokritikarik egin gabe

  • Eusko Jaurlaritzak azalpenak eman ditu Gasteizko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean. Gobernuaren ordezkariek apenas onartu duten akatsen bat egin izana eta gertatua “aurreikusi ezina” zela errepikatu dute. Oposizioak eskatu dio jarrera aldatzeko eta autokritika egin dezala.


2020ko otsailaren 18an - 20:01
Diputazio Iraunkorra, saioa hasi berritan. Argazkia: ARGIA.

Luze jo du saioak. Goizeko 09:30ean hasi eta 14:00ak arte luzatu da. EH Bilduko Maddalen Iriarte izan da hitz egiten lehena, talde politiko horrek eskatu baitzuen gobernuaren agerraldia. Iñigo Urkullu lehendakariak azalpenak “berandu eta behartuta” emango dituela azpimarratu du, hasteko. Edonola ere, aukera aprobetxatzeko deia egin du, eta gobernuari orain arteko ilunkeria baztertzeko eta “gardentasuna eta egia osoa” exijitu dizkio. Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze hildako bi langileak gogoan hartu ditu Iriartek. Hiru krisiren aurrean aurkitzen garela ziurtatu du: osasun krisia, zuzenean 41.000 pertsonari eragiten diona eta zeharka gehiagori; ingurumen krisia; eta gobernuaren “sinesgarritasun krisia”. Azken horri dagokionez, Zaldibarko zabortegian luizia gertatu eta jarraian izandako zailtasun eta gabeziak “ulergarritzat” jo ditu. Ez, ordea, ondorengo “gardentasun eta zuhurtzia falta”. Gobernua “gainditua eta deskoordinatuta” dagoela adierazi du Iriartek: “Ez da egon jendarte honek behar duen mailan”.

Ahal Duguko bozeramaile Lander Martínezek saioan “gobernu oso baten erantzukizuna” baloratuko dela adierazi du. Zaldibarko zabortegiaren gertaerei hasieran ukapenarekin erantzun zion Gobernuak, Martínezen esanetan; garrantzia kendu zien ondoren; eta larritasunaren tamainaz ohartu zenerako “beranduegi” zen. Zuzenean interpelatu du Iñaki Arriola Ingurumen sailburua lehen mintzaldian: “Ekainean gabezi larriak aurkitu ziren zabortegian, zer neurri hartu ziren? Hasierako zabortegi proiektua ez da gerora egin zena, zergatik ez ziren baimenak berriz eskatu?”.

Aurrekoek bezala, PPko Alfonso Alonsok hildako bi langileak hartu ditu gogoan gobernuaren lana kritikatu aurretik. Ardurak “behera eta alboetara” bideratu nahia leporatu die gobernuko kideei, eta kudeaketa eskasa burutu izana. Informazio ezak piztu du herritarren kezka eta haserrea, Alonsoren ustez. Informazioa emateko eta harrokeria ekiditeko deia egin dio gobernuari.

Jaurlaritzaren erantzuna: akatsik ez

Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza oposizioaren ondotik, aurretik prestatutako testua irakurriz. Oposizioak irudikatutako argazkiaren kontrakoa marraztu du Urkulluk. Erantzun azkar, koordinatu, egoki eta garden baten kontakizuna egin du. Otsailaren 6an luizia gertatzean Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin bilduta zegoela azaldu du, eta une horretan bertan Krisi Mahaia sortzea erabaki zuela. Segurtasun sailburuak eta sailburuordeak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Azpiegituretako foru diputatuak eta Larrialdi Zerbitzuetako zuzendariek osatu zuten mahaia. Amiantoaren presentziari “berehalako” erantzuna eman zitzaiola esan du lehendakariak. Baita familiei “hasieratik” eta “uneoro” arreta profesionala eta informazio osoa eman zaiela ere. Ardura enpresarena dela eta gobernua “subsidiarioki” ari dela azpimarratu du Urkulluk behin baino gehiagotan. Hainbat aldiz errepikatu du gertatua “ohiz kanpokoa eta erabat aurreikusi ezina” zela. Lehendakari bezala pertsonalki egin duen lana defendatu du: “Nire funtsezko eginkizuna ardura eremu bakoitzean erantzun posiblerik onena dinamizatu, aktibatu eta bermatzea izan da. Dena diskrezio bereziaz, familiek pairatzen duten samina dela eta”.

Oposizioa kritikatu du Urkulluk

“Jaso duguna bezalako tragedia baten aurrean bi alternatiba daude: zatiketa edo batasuna”, esan du Urkulluk oposizioa kritikatuz: “Muturreko egoera bat ematen den bakoitzean giza izaeraren onena eta txarrena agertzen da”. Lehendakariari dagokio, bere hitzetan, “elkarlana eta batasuna bultzatzea”. Batasunerako deia egin die herritarrei eta indar politikoei. Autokritika eskatu dio oposizioak lehendakariari. “Ez daukat inolako arazorik autokritika egiteko”, esan du une batean. Orduan adierazi du “asko sentitzen” dituela krisiari emaniko erantzunean “egin ahal izan dituzten” akatsak, zehaztapen gehiago eman gabe.

Urkullurekin batera lau sailburu aritu dira azalpenak ematen: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriola; Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia; Lan eta Justizia sailburu María Jesús San José; eta Osasun Sailburu Nekane Murga. Urkulluren kontakizunari heldu diote laurek, nor bere saileko zehaztasunetan zentratuz. Arriolarena izan da azalpenik luzeena. Verter Recycling enpresaren historia osoa errepasatu du, 2002an sortu zenetik Ingurumen Sailak egindako ikuskatzeen, atzemandako arau urratzeen eta ezarritako zigorren berri emanez. Jarraian luiziaz geroztik emandako pausoak aletu ditu, inongo akatsik seinalatu gabe. “Verter gertakariak” Euskadin dagoen arazo orokorrago bat agerian jarri duela esanez amaitu du: hondakinen kudeaketa orokorra. Murga Osasun sailburuak ingurumen eta osasun arriskuen arloan egindako neurketak zerrendatu ditu. Dioxina eta furano mailen neurketa ezin zela lehenago egin azaldu du, baina ez du argudiatu zergatik ziurtatu zitzaien herritarrei airea garbia zela emaitzak heldu aurretik.

"Ingurumen sailak beste alde batera begiratu du"

Gobernuaren azalpenen ondotik talde politikoen txanda heldu da. Iriarte izan da berriz ere hitza hartzen lehena. Urkulluk egindako batasunaren aldarriaren harira, banaketa sortu duena informazio eza izan dela erantzun dio lehendakariari. Inguruko alkatetza asko EH Bildurenak direla gogoratu eta “eskua luzatuta” dutela adierazi dio. Autokritika ariketa eskertu dio Iriartek, baina akatsak zeintzuk diren zehazteko eskatuz. Lehen mintzaldian egindako galderetako asko errepikatu dizkie lehendakariari zein sailburuei, erantzun gabe gelditu direlakoan. Antzeko bidetik jo du Martínezek, azalpenen ondoren “argitzeko gauza asko” geratu direla azpimarratuz. Ahal Duguren bozeramaileak kaosa eta inprobisazioa nagusitu direla salatu du, gobernuak kontrakoa irudikatu nahi badu ere. Zaldibarkoa denbora gutxian diru asko lortzeko “low cost zabortegia” zela eta Ingurumen Sailak “beste alde batera” begiratu duela aurpegiratu dio Arriolari. Alonso izan da oposizioko taldeen artean gobernuaren aurka irmoen egin duena. Azalpenek “dezepzio sakona” eragin diotela adierazi du, Urkulluk bere burua eta Arriolak enpresa “zuritzea” izan dutelako helburu. “Egia ofiziala” ezarri nahi izan du gobernuak Alonsoren irudiko, baina helburuan porrot egin du akatsak agerikoegiak direlako: “Krisia ez da modu bikainean kudeatu, esaten duzuna esaten duzula Urkullu jauna”.

Gobernua osatzen duten alderdiek gobernuaren lana defendatu eta oposizioa kritikatu dute. PSEren aldetik José María Pastorrek “informazioa eta gardentasuna” eskertu dizkie lehendakariari eta sailburuei. Azalpenak emateko lehen saiakera Iñaki Arriolak bere ekimenez egindakoa dela ziurtatu du –agerraldia eskatu zuen jakinik legebiltzarraren jarduna eten egingo zela–. Zaldibarko zabortegiaren baimena gobernuan ez den “beste alderdi batek” eman zuela esan du ere, EH Bildu aipatu gabe –EH Bilduk agintea hartu baino bi aste lehenago sinatu zuen baimena Udalak, EAJren agintepean–. EH Bilduko Rebeka Ubera sumindu egin da hori entzundakoan, eta isildu egin du mahaiaren buru Bakartxo Tejeriak. Herritarren beldurra oposizioaren desitxurapenei egotzi die Pastorrek, eta hildakoen sufrimendua politikoki ez erabiltzea eskatu die. EAJko Joseba Egibarrek ere eskerrak eman dizkie gobernuko ordezkariei, “lehen lerroan” egoteagatik. Egibarren ustez, lehendakariak “umil-umil baina tinko” erantzun dio oposizioari. Gauzak hobeto egin zitezkeela onartu, baina egoera kontuan hartuta egindako kudeaketa goratu du. Lehendakariak esandakoaren ildotik, “gakoa” krisiari bat eginik aurre egitea dela azaldu du. Aldiz, esan du, “batzuentzat, zenbat eta okerrago orduan eta hobe”. “Oposiziotik hurbildu al da inor laguntza eskaintzen edo informazio eske?” galdetu dio Urkulluri.

“Osasun publikoa ez da arriskuan egon, eta ez dago”

Azalpenen bigarren errondan, aurreko interbentzioan autokritika egin egin duela ziurtatu du lehendakariak. Senideenganako enpatia falta ukatu du. Haiekin lehenago bildu ez bada hain zuzen ere enpatiagatik egin duela defendatu du, erantzun argiak izan arte eta “beteko ez lituzkeen” promesak ez egiteko. Birritan azpimarratu du osasun publikoa ez dela egon eta ez dagoela arriskuan: kalteak eragiteko dioxinak eta furanoak eragin “jarraitua eta urteetakoa” izan behar dutela eta hartutako neurriak prebentiboak direla. “Oposizioko inongo talde parlamentariorik ez zait hurbildu”, erantzun dio Egibarri. Sailburuen artean interbentzio deigarriena berriz ere Arriolarena izan da. Oposizioari egotzi dio krisiari “probetxua” atera nahian aritzea. Eibarko alkatea izan zela eta hiri horretako bizilagunak “bere jendea” direla adierazi du, erantzukizunak beti onartu dituela, eta kontzientzia arazo bakar bat ere ez duela: “Sailaren jardunak ez du orban bakar bat ere”. Guztiaren erantzule enpresa jo du Ingurumen sailburuak.

"Lehendakariaren harrokeria"

Parlamentuko taldeen azken interbentzioak laburragoak izan dira eta ideia nagusiak errepikatu dira. Baina izan da elementu berririk ere. Iriartek Urkulluren hitzak gezurtatu nahi izan ditu: ziurtatu du EH Bilduk hiru sail ezberdinetara jo duela laguntza eskaintzera eta informazio eske, “hori dokumentatuta dago”. “Ez gaituzu konbentzitu”, esan dio lehendakariari Martínezek. Ahal Dugutik ere proposamenak egiten saiatu direla azaldu du, baina “lehendakariaren harrokeriak” egin duela ezinezko. Alonsok eskaera batekin amaitu du bere mintzaldia: apirilean osatuko den legebiltzar berriari gertatutakoa argitzen eta ikertzen utzi diezaiotela. PSEko bozeramaile Pastorrek oposizioaren gezurrak “desmuntatuta” ikusi ditu. “Diskurtsoak modulatu egin dira, asko” zuzendu zaie Egibar EH Bilduko ordezkariei, “gero kalean berriz piztuko dira?”. Batasunerako deia egin du, batetik: “Ez oposizioa indargabetzeko, ez gobernua goratzeko. Herritarrek hori eskatzen dute”. Bestetik, “politikan jarrera miserableak hain errotuta zeudenik ez nuen uste”, esan du jarraian oposizioari begira, Ahal Duguko eta EH Bilduko ordezkariak haserraraziz.

Diputazio Iraunkorreko saioa Urkullu lehendakariak itxi du. Burututako lana laburtu du berriz ere, egindakoak goratuz, eta orduan egin du goiz osoko kritikarik zehatzena: “Kontrol neurriak ez dira nahikoak izan”. Edonola ere, “kanpoko zaratari” entzungor gobernuak berdin jarraituko duela ziurtatu du lehendakariak: “Erantzukizuna, lana, zorroztasuna eta gardentasuna”. Aurrera begira hiru lan lerro nagusiak laburbildu ditu: krisiari konponbidea eman; gertatutakoak eta horren erantzukizunak argitu; eta aurrera begira hondakinen kudeaketa sistema hobetu. Batasunerako deia berretsiz amaitu du bere interbentzioa lehendakariak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Jaurlaritzako hiru teknikariren deklarazioak bertan behera, epaitegietako lanuzteengatik

Ostegunean ziren deklaratzekoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikariak, baina justizia auzitegietako lanuzteen ondorioz ezin izan dute egin. Verter Recycling enpresari Ingurumen Baimen Bateratua nolatan eman zioten azaldu beharko dute.


Eusko Jaurlaritzako hiru teknikarik deklaratuko dute ostegunean, istriputik hiru urtera

Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko hiru teknikarik deklaratuko dute, Zaldibarko zabortegian ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian. Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak elkarretaratzera deitu dute Durangoko epaitegi aurrean.


2023-02-14 | Ula Iruretagoiena
Estoldak

Hirien hondakinak bildu eta txikitzen diren lekuetara bisitaldia egitea eskoletako derrigorrezko txangoa izan beharko litzateke. Gaileta paketetxo bat ireki barneko bi gaileta irensteko, eta pakete azalaren ibilbidea mentalki eraiki. Helmugan paratzen da giza aktibitatearen... [+]


Zaldibargo zabortegia ez da oraindik zigilatuko

Hondamenditik hiru urte bete direnean prentsaren aurrean aitortu du Tapia sailburuak "ikuskapen teknikoak" egiten ari direla, zabortegia "egonkor eta seguru" dagoela, baina oraindik ez dela zigilatuko horretarako baimena eduki arren. Izan ere, Verter... [+]


2023-02-06 | ARGIA
Zaldibarko auzian ardura politikoak hartzeko eskatu dute, luiziaren hirugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak deituta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak omendu dituzte Eitzaga auzoan, zabortegian harrapatuta geratu zirenetik hiru urtera. Auzia argitzeko beharra berretsi dute eta ardura politikoak hartzeko eskatu.


Bizkaiko hondakinen kudeaketa

Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaz geroztik hondakinen kudeaketan Bizkaian dauden hutsuneak nabarmendu ditu talde ekologistak txosten batean. Azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko plan berriaren zirriborroa oraindik ez da onartu eta 2016koa dago indarrean. Hondakin organiko... [+]


Zaldibar Argitu plataformak Sololuze eta Beltran oroituko ditu zabortegia amildu eta hiru urtera

Datorren igande eguerdian, otsailaren 5ean, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak oroitu eta argipenak eta erantzukizunak eskatuko ditu Zaldibar Argitu plataformak.


Hondatu da mendia, jausi zaigu bizia

Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]


2022-10-05 | ARGIA
Zaldibar Argitu: “Lakua ez da neutrala izan, auziaren parte izan da”

Europako Batzordeak beste behin adierazi du Eusko Jaurlaritzak legedia bete zuela Zaldibarko zabortegiaren kasuan. Zaldibar Argitu plataformak nabarmendu du Lakuak bidalitako informazioa soilik izan duela kontuan Bruselak.


Bi

Otsailean urte bi bete dira Zaldibarko zabortegia amildu zela. Martxoan pandemiaren bigarren urteurrena dator, bi hilabetez etxean geratu ginenekoa. Katastrofe bi. Bigarrenak lehenengoa estali zuen, baina Eitzagako hondamendiaren gestioak erakutsi zigun izurritea zelan kudeatuko... [+]


Eguneraketa berriak daude