Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzan berriz, PSEren babesarekin

  • Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioan Iñigo Urkulluk PSEren babesa izango du gaur bigarrenez. Oraingoan baina, nahikoa izango dira bi alderdien 37 botoak eta gehiengo sinplea.


2016ko azaroaren 23an - 13:24
(Arg: EITB)

Gaurko bozketa goizeko 10:00etan hasiko da Gasteizko Eusko Legebiltzarrean. EAJk eta PSEk gobernua osatzeko hitzarmena sinatu ondoren baten 28 eserlekuak eta besteren 9an nahikoa izango dituzte gehiengo osoz Iñigo Urkullu lehendakari izendatzeko. Urkulluk bi egun barru, larunbatean, egingo dio zin karguari Gernikako Juntetxen izango den ekitaldian.

Asteazkeneko saioak bi aukera jarri zituen parez pare, batetik EH Bilduren hautagai Maddalen Iriartek defendatutako eta bestetik EAJk eta PSEren eskutik Iñigo Urkulluk defendatutakoa. Lehenak EH Bilduren 18 eserlekuen babesa lortu zuen soilik, Elkarrekin-Podemos eta PPk abstentziora jo baitute.

Bi hautagaien asteazkeneko hitzaldien kronika:

Maddalen Iriarteren hitzaldia

Maddalen Iriarte izan da hitza hartzen lehena. Feminismoari buruzkoak izan dira bere lehenengo berbak. Izan ere, EH Bildurena gobernu feminista izango dela adierazi du, “parekidetasun erreala” lortzeko politika egingo dutela, eta indarkeria matxistaren aurkako lege integrala egiteko premia ikusten dutela.

Horrez gain, murrizketarik gabeko herria aldarrikatu du, enplegu duin eta seguruaren eskubidea, pentsioak eta ongizate soziala bermatuko dituena. Confebaskek eta UGT eta CCOOk lortutako akordioa “bertan behera utzi behar” dela adierazi du, “lan berdina egiteagatik soldata ezberdinak kobratzea ezin baita izan, inola ere, administrazioak txalotuko duen jarrera bat”.

Krisi klimatikoari dagokionez, herritarrek energia ekoitzi eta ekoizten dutena kontsumitzeko eskubidea izan behar dutela azaldu du. Gaur egungo eredu energetikoa "osasunaren kontrakoa” dela adierazi du, eta bertakoei galdetu die zergatik den Pasaiako badian bizi direnen bizitza-itxaropena Arabako hegoaldean bizi direnena baino askoz txikiagoa.

Hezkuntzari ere garrantzia eman dio Iriartek. Hezkuntza sistema garai berriei egokitzea eta eraberritzea garrantzitsua dela azaldu du, ikasleen premietatik hasita, eta euskal jendarte osoaren mesedetan. Horrez gain, esan du hezkuntzak ez duela lortu gazteak euskalduntzea.

Horren harira, EITBk euskalduntze horretan “tresna izan behar zuela” adierazi du, eta “herren gelditu dela”. Hortaz, “euskal jendarteak zein komunikabide publiko nahi eta behar duen eztabaidatzeko garaia heldu dela” azaldu du, eta EITBri buruz eta euskal espazio komunikatibo guztiari buruzko hausnarketa sakona egiteko.

Osasunari dagokionez, elikadura osasuntsu baterako herritar guztion eskubidea bermatzeko helburua dutela esan du, eta derrigorrezkoa izango dela Lehen Mailako Osasun arreta bereziki zaintzea.

Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak arlo fiskalean “eskumen gutxi” duela adierazi du. Bere iritziz, defizita zenbatekoa izan daitekeen Europak esan beharrean Espainiak esaten du, eta zorpetze politika ere Madrildik kontrolatzen dute.

Elkarbizitza ere aipatu du Iriartek. Zauriak itxi behar direla azaldu du, eta horretarako “ezinbestekoak” direla Euskal Herriaren desmilitarizazioa eta preso dauden gizon-emakumeen egoera konpontzea. Horrez gain, dispertsioa Espainiako Zigor Kodean egon ez arren, ehunka herritarrei “ezartzen zaien zigorra” dela gogoratu du.

Bukatzeko, Euskal Herriak munduko gainerako herri libreen pare egon behar duela esan du. Erabakitzeko eskubidea hemen eta orain landu behar den gaia dela, eta “Euskal Herria libre izateko berme bakarra EH Bildu dela” adierazi du.

Iñigo Urkulluren hitzaldia

Iñigo Urkulluk hartu du orduan hitza. Enpleguari buruzkoak izan dira bere lehenengo berbak. EAJ-ren lehentasuna orain arteko berbera dela adierazi du lehenik eta behin: hazkunde ekonomikoa eta enpleguen sorrera.

Horren harira, enplegu plan berri bat "agintzen" dutela azaldu du, gazteen enpleguaren alde egiteko hainbat neurri zehatz barne hartuko dituena. Horrez gain, bere iritziz "gizarte moderno eta aurreratu batean enpresek sortzen dute enplegua”, eta hortaz, enpresen lehiakortasunaren alde egingo dutela esan du.

Krisi klimatikoari dagokionez, berotegi efektuko gasen isuria %20 batean gutxitzeko konpromisoa hartu dutela azaldu du. Horrez gain, Euskal Hiria kontzeptuaren, lurraldearen eta hiri eremuen arteko orekaren, eta 'smart city' delakoen alde daudela ere adierazi du, eta azpiegiturei eman die berebiziko garrantzia. “Trenbide sarea handitu eta hobetu behar dela” azaldu du. Eta aldi berean, “Euskadiren oinarrizko nerbio-sistema bihurtuko den” Euskal Y-ri buruz dauden zalantzak argitu behar direla.

Autogobernuaren alde azaldu da Urkullu, eta Gernikako Estatutua osorik bete dadin arituko direla adierazi du. Elkarbizitzari dagokionez, bere ustez “urrats asko” daude emateke, eta “garrantzitsuena ETAren desegitea da”.

Horrez gain, berdintasun plana kudeatzen jarraituko dutela ere azaldu du, bereziki indarkeriaren aurkako politika integral bat garatzen.

Amaitzeko, eskerrak eman dizkie Andoni Ortuzar eta Idoia Mendiari asteartean sinatu zuten gobernu akordioa posible egiteagatik, eta “bete ezin daitezkeen planteamendu eutsiezinekin bat egingo ez duela” adierazi du.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Materialismo histerikoa
Gure gauzatxoak

MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude