Urko Aierbe LABeko euskara idazkaria da. Haren ustez, EAEko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua, Eusko Jaurlaritzak ostegunez onartu duena, administrazioa euskalduntzeko aukera galdua da. Dekretuaren hasierako zirriborroetatik orain onartu denera atzerapausoak eman direla nabarmendu du, “zalantzarik ez dugu oldarraldi judizialak baldintzatu duela dekretua”. Seguru dago oldarraldiak jarraituko duela, ordea, dekretuak ez du babes juridikoa bermatuko.
2022an EAEko sektore publikoa euskalduntzeko proposamena egin zenuten Kontseiluak, LABek eta ELAk. Harekin alderatuta, zein balorazio egiten du LABek dekretuaz?
Ondorio nagusia da aukera galdu bat dela, administrazioa euskalduntzeari begira. Ez dio erantzuten egoerak eskatzen duenari; ez administrazioa euskalduntzeak eskatzen duenari, ez euskararen normalizazio prozesuak eskatzen duenari ere. Ezta ere, ortzi-mugan ditugun erronkei.
Aurrerapausorik bada dekretuan?
Aurrerapausoak egon badaude, baina kontuan hartu behar dugu 1997koa dela aurrekoa, 27 urtez egon da indarrean, eta beraz, bai, aurrerapauso batzuk badaude. Horien artean, oraingo dekretuak eremu publiko osoari eragingo diola, orain arte eremu batzuk salbu baitzeuden. Dekretu berriak langile publiko guzti-guztiei eragingo die, 140.000 langile inguru dira.
Alabaina, eremu publiko osora zabaldu bada ere, Ertzaintzari, Justiziari eta Osakidetzari bederatzi urteko epea eskaini zaie dekretuaren neurriak aplikatzeko. Esparru batzuek prozesua azkarrago egin ahal izango dute aurreratuago daudelako edo aukera gehiago dutelako, baina entitate batzuei bederatzi urteko epea ematea asko da.
Dekretuak aurrerapausoak ditu 1997koarekin alderatuta, baina beste kontu bat da zer gertatu den dekretua duela hiruzpalau urte osatzen hasi zirenetik azken bertsiora. LABek kezkaz ikusi du hasierako bertsiotik azkenerako bilakaera: hasieran zeuden aipamen eta neurri batzuk desagertu dira edo lausotu dituzte.
Dekretuaren hasierako zirriborroetan, euskarari lehentasuna emateko neurriak eta aipamenak agertzen ziren eta horiek desagerrarazi egin dira azkeneko bertsioan. Hain zuzen, horrelakoxe aipamenak bota dituzte atzera epaitegietan, oldarraldi judizialaren barruan.
"Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak dekretuaren hasierako bertsioetan euskarari lehentasuna eman ahalko zitzaiola esplizituki jasota zeukan, eta aipamen horiek desagertu egin dira"
Aukera galdua izan dela diozu.
Urte hauetan euskararen ezagutzak gora egin du, eta langile berriak, neurri handi batean, euskaldunak izango dira. Bada, administrazioa euskalduntzerakoan ezagutzan egon den bilakaera kontuan ez hartzea, edo neurri ausartagoak ez planteatzea, ez dugu positiboki baloratzen. Bereziki, gainera, dekretuak erronkatzat du euskara lan hizkuntza izan dadin sustatzea, herritarrei zerbitzua euskaraz ematea bermatzeaz gain, jakina. Eta erronka horretan bat gatoz, baina helburu hori ez da islatzen neurri ausart eta zehatzetan. Bi adibide besterik ez: euskarazko zirkuituak eta langileei begirako formakuntza euskaraz lan egin ahal izateko, ez dira aipatzen.
Euskara maila egiaztatzeko modu berriak jaso ditu dekretuak.
Kezkaz hartu dugu euskara egiaztatzeko bide berriak irekitzea. Hasteko, azken urteotan gero eta tentsio gutxiago dago administrazioaren euskalduntzean aurrerapausoak emateko. Gero eta gehiago ari da gertatzen: hizkuntza eskakizuna egiaztatuta daukaten langileak hasten dira lanean eta ez dute maila ematen edo ez dira gai euskaraz lan egiteko. 2012an, Patxi Lopezen gobernuak [PSE] onartu zuen dekretu bat esaten zuena ikasketak euskaraz egiteagatik hizkuntza eskakizuna jasoko zela. D ereduan ikasitako ikasle guztiek ez dute maila nahikoa lortzen. Errealitateak esaten digu badagoela langile multzo bat ez dena gai euskaraz lan egiteko.
Distentsio giro horretan, oraindik eta gehiago zabalduko dira ustezko egiaztatze moduak. Lan eskaintza publikoko azterketa euskaraz eginda edota “lanpostuan euskara modu frogagarrian erabiltzea” erakutsita, euskara egiaztatutzat emango da. Nola neurtuko da lana euskaraz egiten duela langileak? Zer esan nahi du lana euskaraz egiteko gai dela? Bi bide berri horiek ziurtatuko dute euskaraz lan egiteko gaitasuna?
Izan dezakegu egiaztagiria daukan langile kopuru handia, baina errealitateak esango digu ez dela egia, langileok ez direla gai euskaraz lan egiteko. Ez gaude egiaztatze modu berriak erabiltzearen kontra, baina neurriak jarri behar dira, eta jarraipena egin.
"Dekretua bera ere norbaitek epaitegira eraman dezake, ikusi dugu, helegitea edozeinek jar diezaioke edozeri"
Hizkuntza eskakizunen asimetria da beste berritasun bat.
Hemendik aurrera, hizkuntza eskakizun desberdinak egin ahal izango zaizkie langileei, ahozkoan eta idatzizkoan. Egia da dekretuan jasotzen direla irizpide batzuk eta prozedura bat, horiek finkatu ahal izateko, baina oso ondo justifikatutako egoeretan erabili beharko litzateke, eta ez orokortu. Gidariak, garbitzaileak... gutxi idazten duten lanbideak omen dituzte gogoan. Horrela esanda, ez dugu gaizki ikusten, baina salbuespenak izan daitezela. Bestela, lehen aipatu dudan tentsio galeran sakontzeko beste zirrikitu bat izan daiteke. Hizkuntza eskakizunen beherapenetarako atea ireki dezake.
Bete-betean dugun oldarraldiak baldintzatu du dekretua?
Zalantzarik ez dugu baldintzatu duela. Lehenago aipatu dudan adibidea gogora ekarriko dut: HPSek [Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak] dekretuaren hasierako bertsioetan euskarari lehentasuna eman ahalko zitzaiola esplizituki jasota zeukan, eta aipamen horiek desagertu egin dira. Epaitegietan horrelako aipamenak zigortzen ari dira. Hori da euskarari lehentasuna emateko aipamenak kentzeko guk aurkitu dugun esplikazio bakarra.
Beste adibide bat derrigortasun indizearena da. Aurreko dekretuan ez zegoen esplizituki jasoa, baina ulertzen zen, hizkuntza eskakizun kopurua zehazterakoan, administrazioak lan deialdietan bete beharreko gutxienekoa zela indize hori, eta ez gehienezkoa. Azken epai batzuetan esan dute indize horrek gehienezko kopurua adierazten duela. Hor dago Uliazpiko kasua, adibidez. Dekretu berriak ez du jaso esplizituki indize horrek ‘gutxienekoa’ esan nahi duela. Gure ustez, indizeari gutxieneko izaera eman behar zitzaion eta entitateei eskumena eman hizkuntza eskakizuna izango duten lanpostuen kopurua indize horretatik gora handitzeko. Argi eta garbi, horrela jaso da dekretuan epaietan pentsatuta.
Beraz, oldarraldiak jarraituko du.
Hori da guk egiten dugun beste kritika nagusi bat. Orain oldarraldi bete-betean gaude, eta dekretua onartuko da. Ez da ahaleginik egiten administrazioa euskalduntzeko ematen diren pausoak juridikoki babesteko. Dekretua bera ere norbaitek epaitegira eraman dezake, ikusi dugu, helegitea edozeinek jar diezaioke edozeri.
LABen balorazio oharra: EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Eusko Jaurlaritzak onartuko duen dekretua administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko aukera galdua da
Abenduaren 3an alderdi eta eragile politikoek euskararen inguruko beren irakurketa politikoak argitaratzen dituzte. EAJk ere egin du berea Euskara, Euskal Herriaren izana izenburupean. Urte askoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza politiken ardura izan duen, eta egun ere... [+]
Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]
Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]
Euskararen Egunaren kari kaleratutako ohar batean, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak esan du "euskal sorkuntza larrialdian" dagoela, eta bere kideei dei egin die berariaz egindako koplak zabaldu ditzatela, egoera hori salatzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.
Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]