Uri Tzafon 2023ko martxoan sortu zen, ehunka batzuk kide dira, baina milaka jarraitzaile ditu jada eta tinko jarraitzen du bere ideia nagusia saltzen: Libanoko Litani ibaitik hegoalderako lurraldea Galilearen iparraldea da, beraz, "koloniza dezagun".
Mugimendu kolonizatzailea eta eskuin muturrekoa da, eta pentsa liteke bazterrekoa ere badela. Akaso horrela izango da gainera, baina bere ideiak azkar zabaldu daitezke, bereziki gaur egun, kolonoen mugimendua indarberrituta ari den Israelgo gizartean. Ikusi besterik ez Zisjordanian kolonoek nola hartzen dituzten gero eta lur gehiago, zein inpunitate maila duten eta zein sostengu handia duten Israelgo Gobernuaren –eta gizarte israeldarraren zati handi baten– aldetik.
Gaza berriz kolonizatzearen ideia ere gero eta indartsuagoa da, eta horren lehen urratsa litzateke Gazako iparraldea palestinarrez hustea. Urrats hori, lehenik helburu militarrekin egingo litzateke, Hamas behin-betiko garaitzeko helburuarekin; ondoren, aldiz, Israelgo gizarteko sektore indartsuen helburua Gaza berriz kolonizatzea da.
Iazko urriaren 7aren osteko Hezbollah-ren erasoen ondorioz, Israelgo iparraldeko mila herritar lekualdatu zituen Israelgo Gobernuak. 500 bat hoteletan barreiatuak daude gaur egun Israelen barrena, eta gobernuak iparraldeko herrietara itzularazi nahi ditu. Helburu horrekin saldu du Libanoren aurkako erasoa eta inbasioa.
Golan Garaiko kolonizazioa eredu
Uri Tzafon mugimenduarentzat ez du zentzurik Hezbollah-rekin ika-mika militarrean aritzea; edo bai, baina ez gaur egun arte egin den moldean. Haien ustez, Hezbollah borrokatu behar da Libanoko hegoaldetik kanporatzeko eta lurralde hori kolonizatzeko. Bi argudio nagusi erabiltzen dituzte horretarako: bata segurtasunarena, “bestela soldaduak joaten direnean, han kolonoak egon ezean, libanoarrak berriz datoz”; eta bestea biblikoa, haien ustez Libanoko hegoaldea Galileako iparraldea baita. Jesukristoren garaiko Palestina hiru eskualdetan banatuta zegoen eta juduek Galilea deitzen zuten iparraldekoa.
Zisjordania da gaur egun Israelek kolonizatuen duen lurraldea eta 700.000tik gora kolono bizi dira han. Hala ere, Uri Tzafonentzat, hori “kolonizatze eredu ahula da”, han milioika arabiar ere bizi direlako, horrek kolonizatzaileentzat dakartzan arazo guztiekin. Haien ustez, Golan Garaiko okupazioa eta kolonizazioa da eredua. Israelek 1967ko Sei Egunetako Gerran okupatu zizkion lurralde horiek Siriari, denborarekin siriarrez hustu ditu eta egun kolono israeldarrak bizi dira bertan. NBEk ez du okupazio hori onartzen, baina ezta Zisjordaniarena ere, eta han mugimendu koloniala gero eta indartsuagoa da.
Saioa, gainera, ez da oraingoa, mugimendu sionistak bere sorreratik dauka jarrita han begietako bat. XX. mendearen hasieran, sionistek Versallesko Bake Konferentzian dokumentu bat aurkeztu zuten Litani ibaitik hegoalderako lurralde osoa Mandatu Britainiarraren barruan sar zedin. Ez zen horrela izan, baina Uri Tzafonek gogoratu du Golan Garaiko lurraldea ere ez zegoela Mandatu Britainiarraren barruan eta kolono israeldarrak han daudela gaur egun. Sionismoak ez du alperrik landu Israel Handiaren ideia eta ametsak bizirik darrai askoren buruan. Wikipediak dioskunez, mugimendu sionista historiaz ari denean eta Galileako iparraldeaz hitz egiten duenean, Libanoko Litani ibaitik hegora dagoen lurraldeaz ari da. Azken hamarkadetan, alabaina, Israelgo iparraldea izendatzen dute izen horrekin, baina izendapen zaharra indarra hartzen ari da.
Hori da bidea, beraz, Uri Tzafonentzat: lurralde bat bertako biztanleez hustu, militarki hartu eta kolonizatu. Batek daki Netanyahu lehen ministroaren buruan zer dagoen, baina oraingoz, Libanoko hegoaldea herritarrez hustu egin dute eta militarki hartzeko saioari ekin berri diote. Astearte honetan ekin zion Israelgo armadak Libanoren inbasioari eta, Hizbollah-ren erresistentzia dela eta, atzera egin behar izan zuen. Asteazkenean, halaber, Hezbollah-k zortzi soldadu israeldar hil eta beste ugari zauritu zituen segada batean.
Parlamenturaino
Uri Tzafon mugimenduak Israelgo iparraldeko herriak bere mezu kolonizatzaileekin jantzi ditu, baina ez da horretara mugatzen eta Israelgo Parlamentura sartzeko indarra ere erakutsi du, eta ez nolanahikoa gainera. Joan den ekainean Gaza birkolonizatzeko mugimenduak bere ideiak barreiatu zituen Knesseteko batzorde batean eta Uri Tzafonekoak ere han izan ziren. Shlomo Karhi Israelgo Gobernuko Komunikazio ministroa hala mintzo izan zen Gazari buruz: “Jainkoak agindu zuen bezala, Gaza gurea da”. Moshe Feiglin parlamentari ohi eta eskuin muturreko kideak zera gehitu zuen: “Espero dut Libanoko akordioa Litaniraino iritsiko dela”. Eta Israelgo Gobernuko ministro eta Botere Juduko alderdi arrazistaren liderra den Itama Ben Gvirrek borobildu zuen Litania ibaiari buruzko aipamena: “Lehen ministroak oraindik ez du harremanik gaiarekin, baina Jainkoaren laguntzarekin, izango du”.
Artikulu honetako informazioaren ardatza Jewis Current hedabidearen atarian aurkitu dugu, abuztuko datarekin argitaratu zen Hego Libano kolonizatzeko mugimenduaren barruan titulua daraman erreportaje sakonean.
Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.
Larunbatean egindako prentsaurrekoan adierazi dute manifestazioa ekainak 14an Donostian egingo dutela. 130 kolektibo, alderdi politiko eta sindikatu batu zaizkie eta "atxikimendu kanpaina oraindik zabalik dagoela" gogorarazi dute.
Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako... [+]
Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.
Berlinale zine jaialdian gertatu da joan den asteburuan. Jun Li zuzendariak, Queerpanorama lan berria aurkeztu zuenean, printzipio ideologikoengatik Alemaniara ez joatea erabaki zuen Erfan Shekarriz aktore irandarraren testu bat irakurri zuen oholtza gainean: "Ibaitik... [+]
Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]
"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]
Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.
Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]
Gutxienez hamar palestinar hil eta 35 zauritu ditu Israelek Zisjordaniako Jenin hiriaren aurkako operazio militar batean, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi dutenez. Hildakoen eta zaurituen kopurua etengabe handitzen ari dela eta, kopuru zehatzak jakiteko zailtasunak... [+]