Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltzak banatzen ditu urtero, kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Getariako makrogranjak eta Leioako Lamiakoko padurak jaso dituzte beste bi banderak.
2024ko Bandera Beltzak txostena argitaratu dute asteazkenean, ekainaren 12an. Ekologistak Martxan elkarteak Gipuzkoan eta Bizkaian bandera beltza bana ematen ditu urtero kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eta Donostiako Santa Klara uhartearen kasuetan, bigarren urtez jarraian jaso dute.
Urdaibaiko Biosfera Erreserban Bizkaiko Foru Aldundia eta bertako udalak egiten ari diren Guggenheim proiektuak bandera beltza jaso du, zehazki Gernikan eta Muruetan eragiten duen kutsaduragatik. Bandera Beltzak txostenaren arabera, hiru dira arrazoi nagusiak: proiektuaren informazioaren inguruan gardentasunik eza, tokiko biztanleen gaitzespena eta ordaindu beharreko kostu handia. Gernika eta Muruetako bizilagunek eta talde ekologistek askotan eskatu diete proiektuari buruzko informazioa Aldundiari eta tokiko udalei, baina jaso duten informazio guztia komunikabideei esker jaso dute. Herritarrek eta talde ekologistek manifestazio ugari egin dituzte eta Biosfera Erreserbaren defentsaren alde auzitegietara jo dute. Proiektuaren kostu totala argi ez badago ere, New Yorkeko Cooper Roberston arkitektura estudioak 127 milioi inguruan kokatu du kostua, lurren deskontaminazioa kontuan hartu gabe. Aldundiak dio diru publikoarekin finantzatu nahi dituela proiektua egiteko beharrezkoak diren lurren erosketa eta deskontaminazioa, baina txostenak adierazi duenez, lur horiek jada publikoak izan beharko lukete, ontziolei emandako kontzesioa amaituta legokeelako.
Getariako portutik 3,6 milia ipar-ekialdera jarri den makrogranjak eragiten duen kutsadura ere azpimarratu du Ekologistak Martxan elkarteak. Atungorri eta zimarroia gizentzeko makrogranja da gaur egungoa, baina elkarteak adierazi duenez, “oso litekeena da instalazio gehiago egitea datozen urteetan”. Makrogranjak “guztionak diren baliabide naturalen pribatizazioa dakar eta itsas baliabideak interes pribatuen esku uztea”, ingurumenaren kontserbazioa alde batera utzita.
Leioako Lamiako padura Nerbioi itsasadarrean geratzen den padura-eremu bakarra da. 2020ko ekainaren 26an, Leioako Udalak eremu hori berreraikitzeko proiektua onartu zuen. Txostenak adierazi duenez, akordio horren bitartez, udalak hainbat helburu lortu nahi zituen: metro-lineak lurperatzea Leioatik Lamiakora, itsasadarraren ondoan berdegune handi bat sortzea eta Gobela ibaiaren bokalea birmoldatzea diseinu berri batekin. Txostenak dioenez, udalak eta bizilagunek adostu zuten padurakoa izan behar zuen eremua “erdira baino gutxiagora murriztu da, Leioak dituen parke ugarietako bat eraikitzeko”, horrela akordioa eta legea urratu dituzte.
Donostiako Santa Klara uharteak bigarren urtez jarraian bandera beltza jaso du, geroz eta handiagoa den turistifikazioak, Ekologistak Martxan elkartearen arabera, “enklabeari eta bertako fauna eta florari kalte egiten diolako”. Txostenean gogorarazi da uhartean Hondalea eskultura-obra eraikitzeak faroko etxearen barrualdea eta flysch-a apurtzea eragin zituela, eta ondoko belardian lur tona ugari isuri zituztela: “Hegazti enblematikoen espezie batzuen habitatari eta uharteko endemismo batzuei kalte egin zien”. 2022ra arte uhartea udan baino ezin zen bisitatu, baina 2023tik aurrera uhartean turistak jasotzen hasi ziren udaberrian ere, nazioarteko turismorako ustiatzeko asmoarekin.
Proposatutako konponbideak
Arazo horien aurrean, kasu bakoitzerako konponbideak proposatu dituzte. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kasuan, proiektua bertan behera uztea proposatu dute, eta “eskualdeak zer behar duen hausnartzeko prozesua irekitzea eta plan sozioekonomiko serio bat egitea”, herritarren interesak eta ingurumenaren defentsa kontuan hartzeko.
Getariako makrogranjaren kasuan, Itsasoko Gune Babestuak sortzea proposatu dute, epe labur eta ertainera, “kostaldeko herrien garapen sozial, kultural eta ekonomiko iraunkorra” lagun dezakeena, eta tokiko arrantza-kofradiak berriz bultzatzea.
Leioako Lamiakoko paduren kasuan, legea ez urratzea eskatu dute eta urpean gera daitekeen eremu osoa edo marearteko eremua “padura berreskuratzeko erabiltzea”.
Donostiako Santa Klara uharteari dagokionez, konponbideak hiru puntutan banatu dituzte: Donostiako Udalak eta Hondalea sustatzen duen enpresak egutegiari, edukierari, ordutegiei eta mugei buruz hitzemandako irizpideak betetzea, uharteko natura babestea eta berreskuratzea, eta itsas hegaztiek habiak egiten dituzten garaian uhartera egiten diren bisita gidatuak bertan behera uztea.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Erakunde ekologistatik kezkatuta ikusten dute Barakaldo eta Erandio arteko zubia eraikitzeko itsasadarraren hondoko 87.000 metro kubiko; dragatzearen iragarpena. Diru publikoaren xahutzea, arduragabekeria eta agintarien planifikazio falta salatu ditu, baita obrak... [+]
Planeta freskoago baterako mugikortasun iraunkor, sozial eta egituratzailearen alde ekomartxa egingo dute, Ekologistak Martxan taldeak deituta. hamairugarren edizioa izango da aurtengoa. Uztailaren 28an Balmasedan sartu eta 30ean Barakaldon amaituko da.
Ekologistak Martxan elkarteak ikerketa egin du 2020ko plagiziden erabilera datuekin. Elikagaien %35etan atzeman dute pestiziden hondarrak; gehienbat frutan, barazkietan eta arrainean. Espainiako Estatuko erakundeei informazio falta egotzi diete, eta debekatutako... [+]
Ekologistak Martxan, Sustrai Erakuntza eta Lurra taldeek ohar bateratua kaleratu dute eta nabarmendu dute Nafarroako Gobernuaren neurriak berandu datozela eta ez direla nahikoak.
Ukrainan 1986ko apirilaren 26an izandako istripu nuklearra gogora ekarri du Ekologistak Martxan taldeak eta energia nuklearrera "desentxufatzeko" dei egin du. Horretarako, %100 energia berriztagarria merkaturatzen duten enpresetara pasatzea gomendatu du.
Negazionismoa enpirikoki egiazta daitekeen errealitate bat onartzeari uko egitea da. Ingurumenaren kasuan, energiaren mugak, petrolioaren gailurra (peak-oil) edo klima-aldaketa antropogenikoa ukatzea. Korronte ideologiko indartsu bat dago zeinean korporazio ekonomikoak eta lider... [+]
Ekologistak Martxan mugimenduak deituta elkarretaratzea egin dute Bergaran azaroaren 4 iluntzerako, herri horretan paper fabriketako hondakinak gasifikazioz tratatzeko eraiki nahi duten plantaren kontra. Talde hau izan da hondakin planta berri hori ere erraustegia dela seinalatu... [+]