Bulkada edo bihozkadaz omen dugu kontsumitzen. Oharkabean hartzen ditugun erabaki horiek osatzen dute gure eguneroko kultura. Hona hautu gero eta hedatuagoa: komertzioan ur botilak erostea, sukaldeko iturrikoari muzin eginda. Ondorio asko dakartza erosketa horrek.
Ur botilatua kontsumituz baliabideak alferrik galtzen ari gara, kainu-zulotik behera botata. Adi esaldi horri, ez baita askotan entzuten. Adibidez, martxo honetan Mexikon Uraren Munduko 4. Foroa burutuko da, eta bertan urak XXI. mendean duen garrantziaz asko hitz egingo den arren, eztabaida gehienak herritarron eskuetatik kanpo geratzen diren alorretan zentratuko dira: kutsadura, uraren geopolitika eta gerrak, ura eta garapen iraunkorra... Nor ausartuko da, ordea, esatera herritarrek botilatutako urari uko egin eta iturrikoa ona izan dadin behar dutela borrokatu?
Hain gauza xinple eta gogorra Earth Policy Institute-ko Emily Arnold-ek idatzi du, ingurumenaz eta ekonomia ekologikoaz batean eta bestean sortutako informazioak biltzen dituen gunean. Bottled Water: Pouring Resources Down the Drain (Ur botilatua: baliabideak kainu-zulotik behera alferrik galtzea) ipini dio izenburu.
Hona Emily Arnoldek defendatzen duen ideia nagusia: urtean munduan ur botilatua kontsumitzeko gastatzen ditugun 100.000 milioi dolarren zati bat aski litzateke planeta honetako herritar guztiek etxean iturriko ur garbia eta komunak edukitzeko. Nazio Batuek kalkulatu dute etxean urik ez duten pertsonen kopurua 2015erako erdira jaisteko urtean 15.000 milioi dolar behar direla. “Ez dugu auzitan jartzen edateko ura eskuratzea gizadiaren osasunerako funtsezkoa dela. Baina behar horrentzako erantzuna ez da, batetik, ur botilatua mundu garatuan; eta bestetik, horrek ez ditu konponduko ur garbirik gabe dauden 1.1000 milioi herritarren beharrak. Gaur uren tratamendu eta garbiketarako ditugun sistemak zabaldu eta hobetzeak ekarriko ditu ura lortzeko iturri garbi eta jasangarriak epe luzera”.
Baina korrontearen kontra ari da Arnold. Mundu zabalean botiletan banatutako ura 2004an 154.000 milioi litrotara iritsi zen; 1999an kontsumitu ziren 98.000 milioi litroen aldean, %57 gehiago, bost urteko epean. Botilatuaren kontsumoa igo egin da baita iturriko ura edateko ona den lekuetan ere. Modagatik? Iturrikoarekiko mesfidantzagatik?
Mundu industrializatuan sarritan botilako urak ez du kanilakoak baino berme handiagoa eskaintzen, baina 10.000 aldiz garestiagoa izatera irits daiteke. Estatu Batuetako leku askotan, litro bat ur botilakok litro bat gasolinak baino gehiago balio dezake. Gure inguruan ez da hein horretara iristen, baina oso urruti ez dabil.
Arnoldek diosku, gainera, munduan baldin bada produktu bat energia xahutzailea, hori ur botilatua dela. Gehienetan kilometro askotara dauden iturrietatik ekartzen da, kamioiz edo trenez, eta batzuetan barkuz edo abioiz ere bai. Pentsa zenbat petrolio erre duen urak txango horretan. Adibideetan sartuta, 2004an Helsinkiko konpainia batek 1,4 milioi botila ur bidali zituen Finlandiatik Saudi Arabiara... 4.300 kilometrotara. Eta sartu gabe herrialde aberatsetan “fashion” izateagatik edaten diren urrutiko uretan, direla Perrier edo beste hainbat markatakoak.
Beste petrolio upel asko botilak egiteko xahutzen da. Gehienak polietilenozkoak dira. Arnoldek idatzi duenez, AEBetako herritarrek –bera bertakoa da– urarentzako botiletan soilik urtean 1,5 milioi upel petrolio erabiltzen dute, “urtean 100.000 auto martxan edukitzeko adina”. Ez dakigu Euskal Herrian kopuru horiek nola aterako liratekeen.
Mundu osoan, urtean, ur botilatarako 2,7 milioi tona plastiko behar da. Fabrikazioan behar den energiatarako erabiltzen den petrolioa ahaztu gabe. Plastiko mendi horretatik zati handi bat oraindik ere zaborretara doa; erraustegian kiskaltzen denak produktu toxikoak eta metal astunak isuriko ditu, eta lurpean geratzen dena bertan egonen da datozen 1.000 urteetan.
Egia da gero eta gehiago birziklatzen dela plastikoa, nahiz eta AEBetan hori %14arekin baino ez gertatu. Baina polietilenoa birziklatzean berriro erabili behar da energia gehiago. Eta birziklatze prozesuetan ere gertatzen dira paradoxa galantak: Estatu Batuek aprobetxatzen duten plastikoaren ia erdia beste herrialdeetara bidaltzen dute horretara, baita Txinara ere. Bidaia eta energia gehiago, ostera.
Uraren inguruko liskar batzuk ur konpainia handiek eragiten dituzte. AEBetan bertan gertatu berriak dira horrelako istilu batzuk. 50 herrixka indiarrek protesta egin dute Coca-Colak beren inguruko iturrietatik ura ateratzeagatik beraiek lehortea ari direlako nozitzen. Gauza bera salatu berria dute Texaseko baserritar batzuek eta Aintzira Handietan arrantzatik bizi direnek. Askoz protesta gehiago izaten da urtero mundu osoan zehar. Ikusi beharko da Mexikon egin behar duten Uraren Foro ponpoxoan arazo horiek nola aztertzen dituzten. Esatearekin Foro horren babesleetako bat Coca-Cola bera dela...
Hala ere protestak agian entzungo dira Mexikoko bileran. Uraren Munduko Foro Alternatiboa martxan dago, eta hortik bideratuko dira bai ura ostu eta idortuta utzi dituzten herri eta jendeak, eta bai uraren bestelako kudeaketa eskatzen duten militanteak.
Beste gai bat da ea zer datorren etxeratzen ditugun botiletan. Emily Arnoldek salatu duenez, “inork ezin du bermatu botilatutakoa guk etxeetako iturrietan daukaguna baino ur hobea denik. Egia esan, botilan eskaintzen den uraren %40 berez iturriko ura da. Beste batzuetan ur horri zenbait mineral erantsi zaio, osasunerako mesedegarri den jakin gabe. (...) Frantziako Senatuak gomendioa eman zien botilako ura edaten duten herritarrei markaz aldatzeko sarritan, zeren eta ekoizleek urari gehitzen dizkioten mineralak kopuru txikietan arrisku gabeak diren arren, dosi handiagoetan arriskugarriak gerta daitezkeelako”.
Berrikitan entzun dugu Espainiako halako hiriburutan edaten den ura ez dela behar adinako kalitatekoa. Eztabaidatu da uraren kloroaz ere, aipatu izan da fluorra eransten hasiko ote zitzaizkion herriko urari... Horrelako eztabaiden ondoren beti ugaritu dira botilako uraren salmentak. Aldiz, kalitateaz ere gauzak bestela direla uste du Emily Arnoldek: “Europako eta AEBetako leku askotan iturriko ura kontrolatzeko arau gehiago daude ur botilatua kontrolatzeko baino”.
Botilako uraren negozio arreak gaur etekin garbiak ematen ditu. AEBetan 2004an 26.000 milioi litro kontsumitu ziren, Mexikon 18.000 milioi, eta Txina eta Brasilen bakoitzean 12.000 milioi litro. Italiarrek daukate marka: urtean pertsonako 184 litro ur botilatik. Mexikarrek 169, Arabiar Emirerri Batuetakoek 164, Belgika eta Frantziakoek 145, espainiarrek 137 litro buruko eta urteko. Horien artean kontatu euskal herritarrok erosten ditugun ur botilak. Batzuetan, ur botilatua edatea moda bihurtu delako, kontsumo ohitura automatizatua eta gure buruei maila sozial bat aitortzea. Bestetan, iturriko uraz kexu garenean, ondasun publikoen defentsan borroka egiteko gogo handirik ez dugulako.
1937 eta 1940 artean, Eusko Jaurlaritzak bere zerbitzu sozialen bidez, Iparraldeko osasun zentro handiena izango zena zabaldu zuen Bidarten: La Roseraie ospitalea. Helburua zen Hego Euskal Herritik gerraren ondorioz uholdeka zetozen zauritu eta elbarriak artatu eta... [+]
Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.
“Ahots propioa duen sare bezala” gorpuztuta, eta torturatuen aitortza eta erreparazio publiko, sozial eta ofiziala helburu, otsailaren 15ean eratu eta aurkeztuko du bere burua Euskal Herriko Torturatuen Sareak. Tortura jasan duten 700 pertsona baino gehiagorekin... [+]
96 urte zituela eman du azken hatsa Jean-Marie Le Penek aurtengo urtarrilaren 7an. Heriotza bat festatzea ez bada ohikoa ere, hori gertatu da beretzat: milaka herritar batu dira Frantziako Estatuko hainbat hiritan, suziri, kantu eta xanpai botila artean, eskuin muturreko... [+]
Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]
Mamu batek zeharkatzen ditu sukaldeak: Karlosen mamuak.
Karlos ez da aurkeztu Master Chef Celebrity lehiaketara. Bere sukaldaritza-ondarea aztertuta, oso argi dauka ez duela lehiakideen aukeraketa gaindituko. Izan ere, hedabide eta gastronomiaren akademiaren ateak itxita izan... [+]
Eric Etxartek Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hirurek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute.
2018an itzali nituen sare sozialak, baita gailuen jakinarazpen gehienak ere, bizitzan arreta non jarri kontrolatzen hasteko saiatu asmoz. Egunero lan horretan jarraitzen dut, sitsa argira nola, nire jakin-minak errealitatea ulertzen lagunduko didan informazio freskoa bilatzen... [+]
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, hiru ikastetxera joateko aukera dute familiek: bata publikoa, beste biak itunpekoak. Legeak kontrakoa agintzen duen arren, plazen eskaintza ez dela orekatua eta itunpekoek dagokiena baino nabarmen plaza gehiago eskaintzen dituztela salatu dute... [+]
“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]
Beyoncé futbol amerikarreko partida baten atsedenaldian, Houstonen (Texas). Kantari estatubatuarra cowboy jantzirik atera da estadio erdira. Kapela hegaluzeak tapatzen dio burua, zangoak belaunetarainoko bota luzeek. Soineko zuri urriak, berriz, izterrak eta paparra... [+]