Ume bat galdu dugu!


2024ko martxoaren 15ean - 10:07

“Ume bat galdu dugu!”. Horixe esango diot bozgorailuaren arduradunari. Aitzakia horrekin taulara igotzen utziko dit, ziur, eta handik ozen, denek entzun dezaten: “Ume bat galdu dugu! Bai, ume bat! Oraintxe izan da, ikusiko zenuten, langile kamaradak, erabat zurbil, hezur eta azal huts, begi huts… Ziur naiz ikusi duzuela, begien aurrean izan duzue! Ez da, ez, galtzen dugun lehena, lehentxeago beste bat, beste hainbat izan dira… Atzo hamaika galdu genituen, berdin, begi zulo sakon hutsak eta azal zurbil zimel idorra hezur hutsei itsatsia… eternitate bat daramate eta jatekorik eta edatekorik gabe. Dagoeneko 13.000tik gora dira eraildako umeak”.

Ez naiz hurbildu, ordea, mikrora, azkar gertatu da dena, bakarrik ikusi dut neure burua. Bilboko Gran Vian nago, herri administrazioko milaka batzuen ondoan, greba eguneko manifaren ostean, sindikatuen aldarriak entzun berri. Azken hitzak bota eta jendea sakabanatzen hasi da. Sinetsi ezinik geratu naiz, minduta, etsipen garratza zintzurrean… hitzik ez baitute egin Gazako sarraskia salatzeko, ume, emakume, gizon eta langileen hilotz txikitu eta odolduen aipamen txikirik ere ez, elkartasun keinu izpirik ez Palestinako langile klaseko neba-arreben alde, erabat suntsitu dieten herri administrazioa salatzeko ere ez.

Sentitzen dugu, palestinar lagunok, geure agenda propioa dugu, geure erosmen gaitasuna berreskuratu beharra eta gurea geurean erabakitzeko beharra. Pentsa zenbat kontu berebiziko, geurebiziko! Heldu beharrekoak, biziko bagara, biziko! Ulertuko duzue, noski, zuek ere zuen agenda izango duzuen bezala. Ah, jan egin duzuela besterik ezean? Sentitzen dugu, konpai! Garai zailak dira langileontzat!

“Ume bat galdu dugula esan eta adi-adi jarri zarete –jarraituko nukeen–, baina 13.000 galdu ditugula dakizuen arren hitzik ez duzue esan aldarrietan. Dagoeneko 35.000 palestinar baino gehiago akabatu ditu estatu sionistak. Horiek denak, ume, ama, langile,… geure begi bistan erail dituzte. Eta geu, nora begira gabiltza? Geure patriketara?”.

Gazako sarraskian erantzukizunik badugunez, Euskal Herria konplize izatetik askatzeko ardura dagokigu. Ardura horri helduko al diogu langile klaseak, helduko al diote gure sindikatuek, ala isilik edo adierazpen soilekin jarraituko dugu?

Palestinako langile klasea sarraskitzen ari direla ikusita, non gaude, herri honetako langile klasea? Gazako ikastetxeak suntsitzen, irakasleak eta ikasleak erailtzen ari direla ikusita, non gaude, herri honetako irakaskuntzako jendea? Ospitaleak suntsitu, osasun laguntza eten eta ukatu, medikuak bahitu, torturatu eta erailtzen ari direla ikusita, non gaude, herri honetako osasun langile eta jende osasuntsua? Informazioa blokeatuta, atzerriko kazetariei sarrera debekatuta, kazetariak sistematikoki nahita erailtzen ari direla ikusita, non gaude, kazetariak eta komunikabideak? Elikagairik eta urik gabe jendea gosez eta egarriz akabatzen ari direla ikusita, nola jarraitu dezakegu egunerokoarekin?

Gauzatzen ari diren sarraskiari neurria hartzea zaila egiten ari zaigu, hitz egokiak topatzea bezain zaila, izuaren mugak aspaldi gainditu baititu estatu sionista okupatzaile eta genozidak.

Tamalez, gure gizarteko konplizitatea neurri berekoa dela ikusten ari gara, espero zitekeena baino askoz ere zabalduagoa, indartsuagoa eta antolatuagoa. Kolonizazioak lagun handiak ditu Europa osoan eta baita Euskal Herrian ere, kolonizazio eta genozidio bat jasateko eta babesteko prest dauden lagunak. Izen-abizenak dituzten erakunde, enpresa, elkarte eta pertsonek osatzen dute laguntza sare hori. Nola onar dezakegu beste herri baten kolonizazioa, apartheida eta genozidioaren konplize izatea? Hiltzaileari armak, elikagaiak eta behar dituen baliabideak ematea konplize izatea ez al da? Areago, ezinbesteko kolaboratzaile izatea ez al da? Okupatutako lurretan okupatzaileentzako garraiobideak egitea (CAF-Eusko Jaurlaritza, Kutxabank), elikadura ziurtatzea eta egitura antolatzea (Carrefour), energia berriztagarri hornikuntza egituratzea (BBVA), teknologia militarra garatzea (Sener), arma hornikuntza ziurtatzea (SAPA, ITP, Aernova…), aliantza estrategikoak babestea (EAJ eta PSEk babesten duten Horizon Europe programa), teknologien garapenerako ikerketetan kolaboratzea (EHU), kontrolerako eta erasorako teknologia hori palestinarren aurka ondo probatu ostean erostea (Barne Saila), kolaborazio horien eta sarraski horren truke gure ogasunetako kutxak betetzea, eta abar luzea, zer da, kolonizazioa, apartheida eta genozidioa laguntzea ez bada?

Sionismoak indarra baldin badu, nazioarteak ematen diolako da. Beraz, sarraskian erantzukizunik badugunez, Euskal Herria konplize izatetik askatzeko ardura dagokigu. Ardura horri helduko al diogu langile klaseak, helduko al diote gure sindikatuek, ala isilik edo adierazpen soilekin jarraituko dugu?

Nor izango da gai, bestela, bihar begietara begiratzeko gaur bertan umea galduko duenari?

Luix Artola. 2024ko martxoaren 13an.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
2025-01-13 | Gerardo Luzuriaga
Euskadiko Selekzioa?

Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]


Entzumen eta hizkuntzako irakasleen gaur egungo egoera kezkagarria eta horren ondorioak

Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Txikitasunean handi… handitasunean txiki?

2023ko otsailean irakurri nuen berria prentsan, eta triste geratu nintzen, ezustean harrapatu eta zer pentsatua eman baitzidan. Azpeitiko Jostaldi Kirolak Erdikaleko denda itxi egingo zuten, 48 urteko ibilbidearen ondoren.

Denboran atzera bidaiatu arazi zidan horrek. Makina... [+]


Aurrera egiteko aukera

Datorren larunbaterako, urtarrilaren 11rako, Sare Herritarrak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du, beste urte batez, Bilbon. Aukera paregabea da gure herriarentzat elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko, hainbat hamarkadatan liskar bortitzetan murgilduta egon... [+]


2025-01-09 | Joan Mari Beloki
Ukrainan argitzekoak

Urtarrilaren 20rako bidea. Donald Trump urtarrilaren 20an izendatuko dute AEBetako presidente. Demokraten aldeko elite ekonomikoak hainbat aldiz saiatu dira Trump hiltzen. Lortuko al dute helburua urtarrilaren 20a baino lehen? Hortaz gain, guda fase berri garratzagora eraman... [+]


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


2024-12-30 | Patxi Aznar
Hilketak, arma-eskalada eta ondorioak

Abenduaren 26an, aireko eraso batean, Israelgo armadak bost kazetari palestinar hil zituen. Haiekin 130 kazetari palestinar hil zituzten. Albiste horrek gauza pare bat gogorarazi dizkit, lehenengoa, benetako kazetariek jasaten duten jazarpena munduko edozein lekutan, adibidez,... [+]


2024-12-30 | Rober Gutiérrez
Gazte landunen %51k

Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]


2024-12-30 | Josu Jimenez Maia
Izenorde guztiak

Historikotzat nekez har daitekeen argazkiaren erdian agertzen den neskatoa idazten ari da, zer eta izenorde zerrenda bat: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Beherantz begira egonik, neskatoaren begirada nolakoa den antzeman ezinik gelditu naiz ni.

Argazkilariaren lanari soraio,... [+]


Eguneraketa berriak daude