Madrilen negoziaketak oraindik airean dauden arren, PSOEk eta Unidas Podemosek Espainian gobernu bat osatzea lortzen badute, udalak Loiolako kuartelaren eta Martuteneko kartzelaren lekualdaketaren gaia berrartuko duela adierazi du Eneko Goiak. Izan ere, alkateak azaldu duenez, “orain arteko baldintzek gaia jorratzea galarazi dute, Madrilen jarduneko gobernu bat izateak gauzak zaildu egiten zituelako”.
Orain, ordea, balizko gobernu berriarekin, aukera berri bat zabalduko litzatekeela uste du Goiak: “Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina gobernua normaltasunaren bidetik badoa, gaia utzi genuen puntuan berrartuko dugu”.
Azaldu duenez, udalak bi alditan jorratu du lekualdaketaren gaia egungo Espainiako Defentsa ministerioarekin, baina, bi kasuetan, harremanak ez du jarraitutasunik izan, “baldintzak ematen ez zirelako”, Goiaren arabera.
Kartzelari dagokionez, prozesua aurreratuagoa dagoela azaldu du alkateak, eta hor laster Txomineko bigarren fasea garatzeko aukera izatea espero du. Kuartelari dagokionez, berriz, gauzak zailagoak direla adierazi du Goiak, hor, negoziazioa zailtzen duten pare bat kontu daudelako: batetik, armada kuartelaren jabe da, erosi egin zuelako, eta, bestetik, Espainiako Defentsa ministerioak lurraldean instalazio militar bat mantentzeko borondatea dauka. Hala ere, baldintza horiek gainditzeko aukerak daudela azpimarratu du alkateak, eta irtenbideak topatzeko itxaropentsu agertu da.