ChatGPT ez da dagoeneko "hainbesterako". Lehiakide biziago, eskuragarriago eta merkeago bat jarri zaio parean AEBetako eta mundu mailako liderrari: enpresa txinatar baten eskutik ikusi du argia DeepSeekek. Dantzan jarri da mundua, eta ez espresuki onerako. Mikrotxipen Nvidia enpresa estatubatuarrak dirutza galdu burtsan.
Aste honetan, geopolitika arloko bi notiziak gerra dute oinarrian: irudi analogiko eta zoritxarrez klasiko samarra bata, dozenaka mila palestinarren itzulera goitik eta behetik suntsitutako Gaza iparraldera; eta giza-begiekin ikusgaitzagoa dena bestea, oraindik oso ondo antzematen ez zaion dimentsioa duena: adimen artifizialen negozioa, lehia eta bataila komertziala. Gizarte modernoak bazekien ChatGPT ez zela adimen artifizial bakarra, baina hasiak ginen, ziren, herri honetako komunikabide publikoan, gailu teknologikoa humanizatu eta Geppetto deitzen, ustezko graziaz. ChatGPTz harago, gizarte modernoak bazekien bazirela adimen artifizialean konpetidore gehiago –Perplexity AI eta Notebook LM, kasurako–, baina itxura zuen, eta onartuta zegoen, ChatGPT bilakatuko zela gaur egun Google nabigatzaile eta bilatzaileen negozioan denaren pareko jauntxo. Zalantza gutxi egiten zen estatubatuarrek kontrolatuko zutela adimen artifizialaren pastel osoa.
Urtarrilaren hondarrean tortillak buelta eman duenaren, edo eman dezakeenaren, tankera hartu du: Txinako enpresa batek Deepseek deituriko adimen artifiziala argitaratu du, eta dena hankaz gora ipini. Astebete eskasean, Googleren aplikazio dendan, milioi bat deskarga izan ditu mundu osoan, eta joan den asteburuan AEBetako aplikaziorik deskargatuena izan da, bigarren izan den ChatGPTren gainetik. Mendebalde modernoa horri buruz hizketan hasi denerako, kolpe latza jaso dute hainbat multinazionalek AEBetako burtsan. Izan ere, Txinak demostratu du estatubatuarrek baino programa hobeak eta merkeagoak egin ditzakeela.
Deepseek-i buruzko hainbat detaile
Publizitaterik egiteko pretentsiorik gabe, ageriko diferentziak nabari zaizkio tresna berriari ChatGPTrekiko alderatuta. Lehen-lehenik, ezinbestean kontua sortu behar da aplikazioan, erabiltzen hasi ahal izateko. Deskargatu daiteke mugikorrera, edozein gailu adimentsuetara, baina nabigatzailean ere erabil daiteke.
Oro har, Wall Street Journal hedabidean jaso denez, errendimendu hobea duen tresna da, edo antzerakoa, gutxienez. "Jende normalarentzat nahikoa", ageriko diferentziarik gabekoa, eta doakoa; hala definitu dute leku askotan. Testuen sorkuntzan ez ezik, Reuters albiste agentziaren arabera irudi hobeak ere sor ditzake.
Testu-gorputzetan akats batzuk egiten dituela ere adierazi dute hainbat atari digitaletan. Euskaraz, esaterako, ergatiboa jan du probaren batean edo bestean:
Barrenak gehiago arakatuta, ezinbestean nabarmendu behar da kode irekia erabiltzen duela. Kode irekiarekin, edonork arakatu ditzake barrenak, eta funtzionalitateak bere beharretara moldatzeko eta bereratzeko aukera ematen du. Kode irekiaren praktikak kinkan ipini du merkatuaren eredua. Algoritmoen txipak garestiak direnez, orain arte Silicon Valley-ko enpresa handiek soilik zuten gaitasuna inbertsio masiboak egin eta merkatuan eragiteko.
Hordagoa Silicon Valleyri
Burtsari kolpea eman dio: Wall Street-eko harribitxia bihurtu den Nvidia enpresak %17ko jaitsiera izan du –600.000 milioi dolarreko galerak egun bakarrean–.
Izan ere, bazirudien Nvidia enpresa zela, urteetan zehar ordenagailu ugariren txartel grafikoak-eta egin izan dituena, ChatGPT-rentzat eta orain arte ezagutzen ziren adimen artifizial guztientzat ezinbesteko zen enpresa: mikrotxip konkretu batzuk ekoizteko ahalmena zuen, adimen artifizialen oinarrian dauden algoritmoen txarteltxoa. Silicon Valleyn kokatuta dago Nvidia, eta zonalde horretan mugitzen zen saltsa guztia. Esanda bezala, ordea: orain arte, Deepseek-ek ez ditu mikrotxip horiek erabiltzen. Ekoizpen aldetik sinpleagoa da, eta hortaz, merkeagoa. Hainbat informazioren arabera, tresna berriaren algoritmoak %90 merkeagoak dira.
Deepseek-en atzean dagoen enpresa ere, Silicon Valley-ko munstroekin alderatuta, diferentea da. El Salto-k artikulu honetan kontatu duenez, start-up txinatar bat da, 2023an sortua, 200 langile ingurukoa, 10 milioi dolarreko inbertsio batetik abiatu zena. ChatGPTren Open AI enpresak, aldiz, 4.500 langile ditu eta hasierako finantzazioa 6.600 milioi dolarrekoa izan zen.
Iraultza teknologikoa, orain arte, Silicon Valley-n mugitu da. Chat GPTren agerpenaren ostean, 2022tik aurrera, hainbat multinazionalen balioak biderkatu egin ziren burtsan: Nvidia %840 igo zen, Meta %580, Google %105 eta Microsoft %85, besteak beste. AEBetako inbertsio publikoak ere bide horretan doaz: datu zentroak eraikitzeko eta mantentzeko 500.000 milioi dolarreko laguntzak iragarri ditu Donald Trumpek. Deepseek agertu izana kolpe bat izan da mahaian.
Nor dabil gezurretan?
Informazio ugari, zenbaitetan kontrajarria eta oro har interes jakinen araberakoa eta zapaltzailea hedatu da azken orduotan. Esaterako, Deepseek enpresak esan du ez duela ahalmen ekonomikorik izan Nvidiaren algoritmo txipa erosteko, eta bere algoritmo propioa, "hobea eta merkeagoa", gogor entrenatu duela azken urtean. Baina hainbatek esan dute Txinak betoa ezarria diola Nvidia enpresari, eta horregatik ez dutela txipa erosi.
Julián Estévez EHUko irakasleak adierazpen hauek egin ditu ElDiario egunkarian: "Txinak zigorrak ipintzen dizkie Nvidiaren produktuak erosten dituzten enpresei, baina susmoa dago Deepseek entrenatzeko Singapur erabili dutela bitartekari gisa; hau da, Singapurrek erosi dizkiola txipak Nvidiari, eta Deepseek-ek Singapurri".
Horrez gain, algoritmoak entrenatzera eta garatzera dedikatzen den ScaleAI enpresako zuzendari exekutiboak, guraso txinatarrak dituen 28 urteko aberats okituak, ulertzera eman du Deepseek gezurretan ari dela, tresna sortzeko 50.000 Nvidia algoritmo-txip erabili dituztela, eta, horrez gain, ez dela kasualitatea behin AEBetan presidentea aldatu berritan jendarteratu izana. Alegia, Txina gerra komertzial bat plantatzen ari dela iradoki du.
Ur gutxiago xahutuko bagenu...
Gerra komertzialez ez du ulertzen ingurumenak. Eta, norbaiten aldean jarri beharko balu, txarrenetan onena litzateke Deepseek-en eredua. Izan ere, enpresa txinatarrak esandakoa egia bada, molde horretako adimen artifizialek ez lukete datu zentro erraldoien beharrik izango. Horrexegatik da Deepseek merkeagoa: ez duelako txip horren beharrik, ezta mantentze lan izugarririk ere.
ChatGPTren gisako adimen artifizialak eredu sozial jasangaitz bat ezkutatzen du, ARGIAko Net Hurbil atalean behin baino gehiagotan azaldu moduan: informazioa biltzeko muga barik hazten ari den cloud edo laino ustez birtual eta etereo horrek fisikoki irauteko energia itzela behar baitu, mineralen erauzketatik hasi eta datu zentroen zerbitzariak martxan edukitzerainoko kate guztian. Sekulako konputazio-gaitasun eskaria sorrarazten dute, eta horri erantzuteko, hiper-eskalako datu zentroak sortzen ari dira han eta hemen.
Chat GPTren moldeko adimen artifizialak sortzen duen inpaktu ekologikoaz gehiago informatzeko, hona hemen Urko Apaolazaren artikulua:
Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]
Stargate izeneko proiektuarentzat 500.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du AEBetako presidente izendatu berriak. OpenAI, SoftBank eta Oracle konpainiek hartuko dute parte.
Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]
Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.
Orain dela urte asko Dr. Abuse chatbota ezagutu nuen, aplikazio horrekin ohartu nintzen ere pertsonok zeinen azkar kateatu gaitezkeen holako makinetara. Animalia sozialak izanda, harremana berezkoa eta beharrezkoa dugu, eta 'harremana' izenak dioen bezala,... [+]
WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak... [+]
Eremu ez profesionalari loturiko pertsona talde digitaletan, besteoi argudioak emateko adimen artifiziala baliatu duenik ikustea gertatu zait azken urte honetan. Partekaturikoa propioa bailitzan. Norberarena, baina ez jabetzaren zentzuari loturikoa, baizik eta norbere... [+]
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Nafarroako Foruzaingoak Bigarren Hezkuntzako irakasle baten inguruko ikerketa abiatu du. Institutuko komunetan eta hainbat dendatako aldageletan emakumeak ezkutuan grabatzea leporatu diote auzipetuari.
Artifiziala ez den teknologia izango du goiburutzat Iametza komunikazio enpresak, ARGIA eta Ametzagainarekin elkarlanean, antolatu duen Euskarabildua jardunaldiaren 13. edizioa. Teknologiaren erabilera "etikoagoa, iraunkorragoa eta bideragarriagoa" aldarrikatuko dute,... [+]
1979an istripu nuklear larria gertatu zen Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Island zentral nuklearreko unitateetako batean. Bestea, 2019an itxi zutena, berriz jarriko dute martxan, Microsoften adimen artifizialaren energia behar handiak asetzeko.
Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]
Eskolan adimen artifiziala erabiltzera animatu ditu irakasleak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eraldaketa digitalaren beldur ez izateko esan die. Ikasgelan mugikorra erabiltzeari buruzko gogoeta prozesu bat ere iragarri du: “Ez dago erabilera horrek duen... [+]