2013an abiatu zuten Donostiako Liburutegi nagusiari Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazlearen izena jartzeko prozesua. Eskakizuna udalari luzatu zioten hainbat idazlek. Ia hamar urtez "horma handi batekin topo" eginik, xedea baztertzea erabaki dute. Besteak beste, Berria komunikabideak jaso du erabakiaren berri eman duen gutuna.
"Ekimena ahalik eta zabal, aberats eta borondate onekoena izanagatik, horma handi batekin egin dugu topo. Soilik talde politiko bat –Bildu– egon da ekimena babesteko prest. Gainerako taldeek uko egin diote, eta horretarako arrazoi funtsezkoa bat eta bakarra izan da: Txillardegiren soslai politikoa. Ezaguna denez, ETAren sortzaileen artean egon zen Txillardegi eta horrek ekimen hau kantzelatu egiten du haien begietara. Jakina da, halaber, Txillardegik 1967an utzi zuela ETA, pertsonen biziaren kontrako atentatuak egiten hasi aurretik, eta gerora ere borroka armatuarekiko kritikoa izan zela (besteak beste, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuenean). Txillardegik berak atentatu bortitz bat bizi izan zuen bertatik bertara HBko senataria zela: 1989an, Alcala hotelean HBko diputatu eta senatariak bilduta zeudela, bi pistoladunek taldearen kontra tiro egin eta Josu Muguruza erail eta Iñaki Esnaola larriki zauritu zuten. Mahai baten pean bere burua babestu behar izan zutenetako bat izan zen Txillardegi".
Berria egunkariak jasotako gutunaren pasarte bat da, Donostiako Liburutegi nagusiari Txillardegi idazlearen izena jartzeko prozesuaren bukaeraren berri ematen duen idatziarena. Aitzpea Leizaola, Beñat Sarasola, Dani Goñi, Garbiñe Ubeda, Harkaitz Cano eta Kepa Sarasolak idatzitakoa da.
Alta, 2013an 17 idazlek abiaturiko ekinbideak babes sozial zabala dauka: 1.500 sinadura inguru bildu zituzten. Baina, jendartearen partetik jasotako babesa ez da sentitu udalean eta horregatik erabaki dute ekinbideari bukaera ematea: "Udaleko talde politiko guztiekin, baita alkatearekin ere, bildu ondoren ekimenak babes txikia eskuratu duela ikusita, berau azken burura ez eramatea eta ekimena formalki ez aurkeztea erabaki dugu. Ez da gure borondatea lehia politikoan jardutea, ezta gatazkak eszenifikatzea ere. Komeniko litzateke, hori bai, honen guztiaren inguruan bakoitzak norberari dagokion hausnarketa egitea".
Batzartu diren talde politiko bakar batek ere ez du ukatu Txillardegik euskara eta literatura arloetan egin zuen lanak aitortzarik merezi duenik. Hala eta guztiz ere, Donostiako Liburutegi nagusiari bere izena jartzeko aukera etengabean oztopatu die Donostiako udalak.
Txillardegik euskarari eta euskal literaturari egindako ekarpen garrantzitsuak hain gutxi kontuak hartzeak kezka sortzen die gutunaren idazleei: "Badirudi literatura eta euskara arloko lana ezer gutxi dela soslai politikoaren aldean; hots, Txillardegik euskara batua sor zedin egin zuen lan ezinbestekoa edo euskal literatura modernizatzeko egin zuen guztia txikikeria hutsak izan zirela. Horrek baino garrantzia askoz ere handiagoa duela pertsona zein etiketa politiko pean kokatzen dugun. Bestetik, herri honek bizi izan duen historia bortitzaren inguruko memoria zorrotz eta bidezko bat eraikitzeko bidean, ez dakar ezer onik Txillardegiren inguruan sortu den irudi manikeo eta murrizgarriak. Ez bagara titular handi eta deklarazio hanpatuen atzean zinezko memoria bat arakatzeko gai, ez badugu borondaterik hitz potoloen atzean dauden benetako errealitate eta historia txatalak ezagutzeko, nekez eraikiko dugu gizarte irekirik".
Duela hamar urte zendu zen Txillardegi, idazle, hizkuntzalari, politikari, euskaltzale eta militante suharra.
Horrela bukatu dute gutuna: "Esperantza izpi batekin geratu gara. Izan ditugun bileretan behin baino gehiagotan esan digute oraindik goizegi dela halako aitortza baterako. Sinetsi nahi dugu, bada, ekimena irekita geratzen dela etorkizunerako. Espero dugu noizbait Txillardegik eta Donostiako hiriak, biek ala biek, merezi duten aitortza jasotzea".
Euskaltzalearen ekarpena nabarmendu eta Udal Liburutegia 'Txillardegiren izenean jartzeko' eskatu dute omenaldian.
Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak, urtero bezala, aitortze ekitaldia egingo dio Donostiako politikari, hizkuntzalari eta idazleari. Beste behin eskatuko dute Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzea.
Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.
Urte berriarekin batera, Txillardegi Udal Liburutegia herri egitasmoak tradizio bihurtu du Txillardegi bera omentzeko eguna. Haren heriotzaren XI. urteurrena gogoratzeko ekitaldia hilaren 14an egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan –Antiguako Gaskonia plazan–... [+]
Jose Luis Alvarez Txillardegi hil zela hamar urte bete dira. Efemerideek ematen dute aitzakia biltzeko, eta ekimenak sortzeko. Donostiar euskaltzale eta ekintzailearen gogoa omentzeko, zer hoberik liburuak baino. Zelulosa eta tinta ekarpen erraldoia utzi baitzuen atzean.
Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena izan da gaur, eta ohi bezala, haren omenezko ekitaldia egin dute Txillardegi plazan (Gaskonia) Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimeneko kideek. 2018an inauguratu zen horma-irudia berritu du Mikel Herrero Sesmak. Material hobea... [+]
Ostegun honetan aurkeztuko dute Jose Luis Alvarez Txillardegi-k prentsan argitaratutako kronikak biltzen dituen liburua. Donostiako idazle eta pentsalaria hil zenetik hamar urte bete dira aurten eta efemeridearekin bat eginez, haren ibilbidea hobeto ezagutzeko bidea izango da... [+]
Urtarrilaren 14an hamar urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela. Omenaldi gisa zenbait ekimen prestatu dituzte datorren urtarrilerako, "Txillardegiri zor zaion aitortza publikoa aldarrikatuz eta izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi zentralari... [+]