Txetxeniarrei Interneten aukera eman dien gizona


2005eko uztailaren 10an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Mikael Storsjö enpresagizon finlandiarrak ostatu eman zien Kavkazcenter.com guneko orriei, eta ondorioz Finlandiako polizia etxera etorri zitzaion, itxi zitzala eskatzeko. Errusiarren enkarguz noski. Baina demokrazian sinesten duen Storsjök ez du amore eman... txetxeniarren zorionerako. Adierazpen askatasunaz eta ez terrorismoaz hitz egin nahi duela argitu dio Mikael Storsjök Six Degrees web aldizkaritik bere istorioa jakin nahian hurbildu zaion kazetariari. Adierazpen askatasuna jokatzen da txetxeniarren Kavkazcenter.com gunearen aferan, egia; baina Finlandiako gizon liberal batek Txetxeniarekiko eta oro har Kaukaso eskualdearekiko daukan maitasun istorio bat ere bada. "Mutikoa nintzenetik -esan dio kazetariari- Kaukaso aldea interesatzen zitzaidan, Tolstoi-ren liburuak irakurtzen hasi nintzenetik. Gero, hango berriak zekartzaten web guneei jarraipena egiten nien; horietako bat zen Kavkaz Center, eta halako batean ohartu nintzen itzali egin zutela. Nik web ostatu lanak egiten ditut eta Finlandian adierazpen askatasuna dagoenez, ongi etorria eman nien txetxeniarrei eta beren zerbitzaria gure ostatuan ipini genuen. Beraiek abisatu zidaten honek ondorio politikoak ekarriko zizkidala, baina sekula ez nuen pentsatuko halako buruhausteak emango zizkidanik". Errusiarrek fronte guztietan errukirik gabeko gerra egiten diete Txetxeniako errebeldeei, eta Ixkeriako lurraldean zibilak -zahar, haur eta emazte- akabatzeko gupidarik ez badute, Interneten martxan dituzten komunikabide urriekin ez ziren bigunkeriatan ibiliko. Adibide xume bat aldizkari honetan bertan dauka irakurleak. Net Hurbil hau sortu berritan, 2002ko irailean plazaratu zuen ARGIAk Txetxeniako gerra ikaragarri eta lotsagarriaz artikulua, eta hura ilustratzeko erabili ziren argazkietako batzuk ezingo lituzke irakurleak aurkitu gaur Interneten: http://www.ichkeria.org helbidean aurkitu genituen paisaia eta eraikuntzen foto eder ezezagun haiek, eta gaur helbide horretan ezer ez dago. Mikael Storsjök dio eztabaida askatasuna bermatzen laguntzeagatik eskaini ziela lekua txetxeniarrei, "gatazka bateko bi aldeei entzutea garrantzizkoa da eta". Baina iazko udazkenean Kavkaz Centerri Finlandian ostatu eman eta egun gutxitara errusiarrak ohartu ziren, eta presio egiten hasi. Finlandiako Barne Ministerioak aginduta, Poliziak ekin zion gaia ikertzeari. Goiz batean polizien deia jaso zuen Storsjök, berarekin hitz egin nahi zutela esanez, eta honek onartu eta hamar minuturako lantokiko atarian zituen. "Esan zidaten nazioarteko testuinguruan arriskutsua zen zerbait egiten ari nintzela, eta Kavkaz Center zerbitzaria itzaltzea eskatu zidaten. Legearen kontrako ezer ez nuela ikusi erantzun nien, eta kriminal itxurako zer aurkitu zuten galdetu nienean, erantzun zidaten forumean gorrotozko esaldi zakarrak zeudela; antza denez errusiar batzuek esan zuten foroan nahiko zuketela bonba atomiko bat ezartzea Txetxenian eta herri hura suntsitzea". Poliziei erantzuten hasita, Storsjök dio foroetako eztabaidak ez direla sartzen Interneteko gune baten erantzukizunen artean, ez daudela erredakzioburuaren ardurapean. Eta eztabaida horiek oso balio handikoak direla, edozein gatazkatan bi alde daudela gutxienez, eta ez dela gizalegezkoa alde batek baino ez izatea mintzatzeko eskubidea. Polizien eta enpresagizonaren arteko berriketak segida izan zuen ondoko egunetan. Web gune horretako eduki asko -Errusiako agintariek haserre handiz salatzen zituztenak- ez zituzten ulertzen funtzionarioek, eta Storsjök berak itzularazi zituen errusieratik finlandierara, haientzako. "Harrigarria egiten zait, herritar naizen aldetik, poliziak bere ahalmenak erabiltzeko daukan modua. Lau gizon ordurik gabe lanean, asteburua barne, gai honetan murgilduta eta bitartean beste hainbat arazo inork konpondu gabe, zergatik eta baliabide faltagatik. Poliziak gaizki ulertu du demokrazia batean egin behar duena. Poliziak babestu behar du herritarrek beren eskubide konstituzionalak erabiltzea, eta ez herritarrei beren eskubideak alde batera uztera bultzatu". Milioi laurden gorpu hemen Europan Kavkaz Center guneak -Storsjören iritziz- irakurle asko ditu munduan, eta Errusian batez ere. Hemen Putinen gobernuaren aurrean independentzia aldarrikatzen duten mediak oso urriak dira. Dena kontrolatzen du gaur Putinek. Interneteko gune batzuk geratzen dira burujabe, eta horien atzetik dabil zorrotz Moskuko establishmenta. Hori da Kavkaz Centerrekin errusiarrek agertzen duten temaren arrazoietako bat. Beste arrazoi bat, Errusiako gobernuak mugimendu islamiarrekiko duen beldurra da; oro har musulmanen ugaritzeak kezkatzen omen du Mosku, populazio kristaua behera doan bitartean musulmanena indartzen ari delako. Hirugarren arrazoia pertsona bati lotuta dago: Kavkaz Center gunea Movladi Udugov-ek sortu zuen. Udugov Komunikabide eta Informazio ministroa izan zen Dudaieven gobernuan, Txetxeniako lehen gerra garaian. Storsjök uste du motiboak dituztela errusiarrek Udugov gorrotatzeko, lehen gerra hartan txetxeniarren alde irabazi zuelako propaganda gudua. Azkenean, errusiarrek lortu zuten hainbeste presiorekin Mikael Storsjören hornitzaileak uko egitea Kavkaz Center bere ostatuan edukitzeari, baina gizonak ez zuen amore eman, eta ordu gutxiren buruan lortu zuen Suediako beste hornitzaile batek arazoa konpontzea, eta adierazpen askatasuna maite dugunon pozerako, albiste agentzia hori martxan dago. Gunea islamiar erradikala dela aitortzen du Storsjök, baina ukatzen du waabiten aldeko tresna sektarioa denik. Eskandinavia aldean saltsa honek hainbat hauts harrotu du azken hilabeteotan, errusiarrek ez baitituzte presioak bukatu. Poliziaren aurreko salaketa eta presio politikoez gain, birusez eta beste moduz egindako erasoak ez ditu gutxi izan Kavkaz Center-ek. Baina Storsjök hainbat intelektual eta kazetari mobilizatu ditu, eta kontent dago lortutakoarekin. Hori bai, errusiarrek liburu berdean apuntatuta daukate bere izena. Kaukaso aldean mendi ibilaldi bat egiteko asmoa zuen uda honetan, visa eskaria bideratu zuen Errusia-Finlandia elkartasun taldearen bidez, baina ezezko zorrotza jaso du bueltan. "Berak badaki zergatik" erantzun omen zuten enbaxadan. Eta bitartean, Txetxenian zer? Horrek penatzen du Mikael Storsjö, ondo ezagutu eta hainbeste maite duen Txetxenia suntsitzen ikustea. "Gerra honek baditu 400 urte. Kaukasoko XIX. mendeko gerran Txetxeniako populazioaren erdia hil zuten. 1944an Stalinek deportatu zituenean txetxeniarren herena hil zen. Yeltsin eta Putinen gerran Txetxeniako herritarren laurdena akabatu dute, 250.000 inguru. Denetara, txetxeniarren %100 baino gehiago! Errusiar asko ere hil dira, 25.000 soldadu inguru, eta hori beren gizartearentzako arazo handia da. Espero dut egunen batean bi aldeentzako egokia izango den itun politikoa eginen dutela, nahiz eta edozein egoera izango den gaurkoa baino hobea. Egunen batean Txetxenia libre ikusiko dugula uste dut, baina hori baino lehen bizi asko galduko da". Informazio gehiago: Chechen Republic On Line Txetxeniaren aldeko batzordea, Frantzian 6Degrees gunea Ichkeria on line Txetxeniako Kanpo Ministerioaren gunea Ixkeria Wikipedian

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txetxenia
Txetxeniako kamikazearen arrazoien bila
Moskuko «Novaia Gazeta» astekariko Goulia Khairoullina-k Txetxeniara joan eta bertan errusiarren kontrako eraso suizida batean lehertzeko prestatzen ari den neska gazteetako bat elkarrizketatu du. Jakin nahi zuen ea zergatik zigortu nahi dituzten errusiar guztiak. Eta... [+]

TXETXENIAKO GENOZIDIOA EZ DU INORK IKUSI NAHI
Oharra: Txetxeniari buruzko informazio, dokumentu edo argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, Sareko Argian erreportaje hau Interneteko gune ugarirekiko loturaz hornituta aurkituko duzu www.argia.eus/nethurbil helbidean.Milioi bat pertsona inguru bizi zen Txetxenian 1990an, gerra... [+]

2011-12-05
Irregulartasun salaketa artean, aise irabazi ditu Putinen alderdiak Errusiako hauteskundeak

Atzo egin ziren Errusian legebiltzarra hautatzeko hauteskundeak. Hautatzekoak ziren parlamentuko 450 diputatuetatik 238 lortu ditu Vladimir Putin lehen ministroaren alderdiak -Errusia Batuak-. Aurreko hauteskundeekin alderatuta 77 aulki galdu ditu. Komunistak izan dira... [+]


2011-07-05
Txetxeniako nork hil zuen Natalia Estemirova?

Martxoan estreinatu zuten Qui a tué Natacha Estemirova Genevako (Suitza) giza eskubideen zinemaldian; ekainaren 14an France-2 telebistak erakutsi zuen. Kasualitatez, egun berean Moskuko auzitegi batek asketsi zuen Memorial elkarteko buruzagia: salatua zuen Estemirovaren... [+]


Txetxeniako nork hil zuen Natalia Estemirova?

Martxoan estreinatu zuten Qui a tué Natacha Estemirova Genevako (Suitza) giza eskubideen zinemaldian; ekainaren 14an France-2 telebistak erakutsi zuen. Kasualitatez, egun berean Moskuko auzitegi batek asketsi zuen Memorial elkarteko buruzagia: salatua zuen... [+]


Bi bala txetxeniar Vienako hilotzaren burmuinean
Urtarrilaren 13an, eguerditan, Vienako Leopoldauestrassen karrikan erosketetan ari zen Umar Israilov, 27 urtekoa. Epizeriatik ateratzean bi gizon zain, hirugarrena autoan. Errebolber tiroz hil zuten Israilov txetxeniar iheslaria. Errefuxiatu paperen jabe zen eta lekuko... [+]

2009-02-01
Bi bala txetxeniar Vienako hilotzaren burmuinean

Urtarrilaren 13an, eguerditan, Vienako Leopoldauestrassen karrikan erosketetan ari zen Umar Israilov, 27 urtekoa. Epizeriatik ateratzean bi gizon zain, hirugarrena autoan. Errebolber tiroz hil zuten Israilov txetxeniar iheslaria. Errefuxiatu paperen jabe zen eta lekuko... [+]


2006-05-28
Bonba-autoa, etorkizun handiko arma itsu merkea

Bonba-autoen berri gehienak Ekialde Hurbiletik eta gerrillari islamiarren eskutik iristen zaizkigu. Baina ia 90 urteko historia luzea dute. Mike Davis-ek aztertu du lehergailu hori, eta iragarri du etorkizunean ere eguneroko ogia izango dugula abiada betean hiritartzen ari den... [+]


2005-11-27
Ama, alaba, arreba, emazte... eta bonbalari

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Emakumeak gero eta rol garrantzizkoagoa ari dira hartzen ekintza armatuetan. Tradizioz gudaria gizonezkoa zen, eta emakumea hari sostengua eskaintzen zion ama, alaba, arreba edo emaztea. Mugimendu armatuetan bere lekua lortu ondoren, orain... [+]

2005-10-31
Txetxeniako sua zabaltzen ari da Ipar Kaukaso osora

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Jauzi kualitatiboa egin zuen Shamil Basaiev buruzagi txetxeniarrak urriaren 13an Kabardino-Balkariako hiriburuari eraso zionean. Honezkero europarrok ezin dugu beste aldera begiratu: Asiako gure mugan Ipar Kaukasoa sutan dago, pentsa litekeen... [+]

2004-10-17
Pobreen borrokak eder telebistan... beranduegi denean

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Mugimendu altermundialistaren arrisku berriez ohartarazi du Arundhati Roy idazle eta militante ezagunak. Azken hamar urteotan "Bestelako mundu bat posible da" sloganaren gerizpean hedatu eta sendotu diren mugimenduak beren arrakastaren... [+]

2004-05-16
Putin da Sharon, Txetxenia Palestina eta europarrok...

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Sophie Shihab-ek Le Monde egunkarian idatzi du 13 urteotan Txetxeniako gerraz, baina beste kazetariak ez bezala bera Kaukasoraino joan egiten da. Gatazka hura kontatzeko, datu nagusiak eta lekuko herritarren artean sumatu dituen iritziak... [+]

Eguneraketa berriak daude