Turkiak Rojavaren aurkako erasoaldia hasi duela eta, "boikoterako deia" egin dute hainbat lagunek Baskoniak Gasteizen duen dendan. Hiriburuan ikusgarritasuna duen enpresa da Turkish Airlines, Turkiako airelinea nazionala, eta Euroligaren babesle nagusia azken urteetan. "Turkish Technic da enpresa hori mantentzeko, konpontzeko eta berrikusteko zentroa. Eta lotura zuzena dago enpresa talde horren, AKPren eta gerraren artean", salatu dute ohar batean. Protesta gisa, Baskoniaren dendan Turkish Airlinesek Rojavaren inbasioan kolaboratzen du kartelak eskuan eseri dira hainbat lagun, eta beste hainbatek elkarretaratzea egin dute kanpoan.
Besteak beste, azaldu dutenez, Turkish Technicek 2015etik Airbus Defence and Space enpresarekin akordioa du Airbus 400m hegazkin militarren mantentze lanetan laguntzeko. Boikota, horiek eta Europan dauden beste enpresa turkiar batzuetara zabaltzeko deia egin du taldeak, Riseup 4 Rojava mugimenduaren ekimenez, "estatu genozidaren irudia garbitzen duten enpresa kolaboratzaileena". Beko, Pegasus Airlines, Vestel, Kiler eta De Facto aipatu dituzte, besteak beste.