Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde separatistek erabilitako kobazuloak, babeslekuak, bunkerrak, biltegiak eta instalazioak suntsitu” dituztela.
2024ko apirilean, Irakeko Gobernu Federalak eta Kurdistango Alderdi Demokratikoak (KDP) onartu zuten Turkiako Armadak operazio militarrak egitea Irak iparraldean; trukean, Turkiarekin akordioa lortu zuten azpiegitura, petrolio eta urari lotutako auzietan. Ameriketako Estatu Batuek inplizituki onartu dute operazioa: “Ulertzen badugu ere PKK Kurdistango Langileen Alderdia mehatxua dela, Turkiako Gobernuak Iraken burujabetza errespetatu behar du eta operazio militar horiek era koordinatuan egin”. Ondorioz, Turkiako Armadak gerrilla kurduaren aurkako erasoak areagotu ditu Irak iparraldean. Ekain erdialdean ofentsiba berria abiarazi zuen, eta tentsioak gora egin du nabarmen.
Turkiako Armadak gerrilla kurduaren aurkako erasoak areagotu ditu Irak iparraldean. Ekain erdialdean ofentsiba berria abiarazi zuen, eta tentsioak gora egin du nabarmen
Erdogan Turkiako presidenteak 40 kilometro zabalerako “segurtasun korridore” bat sortzeko asmoa dauka Turkia eta Iraken arteko mugan, gerrilla kurdua indargabetzeko. Nahiz eta lehenago ere sartu izan den Iraken, PKKren gerrillak gotortuta jarraitzen du zonaldeko mendietan. Erdogan presiopean dago armadan hildakoak pilatzen ari direlako, eta bete gabe jarraitzen dutelako kurduen gaineko garaipen promesek. Irak iparraldea gehiago menderatzeko saiakera lotua dago estrategia ekonomiko eta geopolitiko zabalagoekin, bai etxean zein atzerrian.
2023ko maiatzeko azken hauteskundeetan Erdogan presidenteak porrot nabarmena jaso zuen, 22 urtez agintean egon ondoren. Baldintza desorekatuetan aurkeztu baziren ere, igoera handia lortu zuten oposizioko indar nagusia CHP eta kurduen aldeko DEM alderdiek. Kurduek konponbide politikoa eskatu dute Kurdistango auziarentzat, eta baita Abdullah Oçalan askatzea ere, espetxean dagoen PKKren burua. Hala ere, Erdoganen gobernuak erabaki du operazio militarrak areagotzea, turkiar nazionalisten babesa biltzeko.
Turkia hedatzen ari da Irak iparraldean, Iraken Garapenerako Bidearen Proiektua izeneko egitasmo ekonomikoaren bidez. Proiektu horrekin 2028rako merkataritza igarobidea sortu nahi dute Turkiako mugatik Irakeko bigarren hiri handiena den Basrara, Irak hegoaldean. Irak merkataritzarako korridore nagusietakoa bilakatu nahi dute horrela, baina beste proiektu batzuekin lehian daude: adibidez, AEBek bultzatutako India-Ekialde Hurbila-Europa Korridore Ekonomikoarekin.
Turkia hedatzen ari da Irak iparraldean, Iraken Garapenerako Bidearen Proiektua izeneko egitasmo ekonomikoaren bidez
Sare sozialetako bideoetan ikus daitezke Turkiak egindako aurrerapausoak Irak iparraldeko mendietan, kurduak eta kristau asiriarrak bizi diren zonaldean. Tanke turkiar ugari dabiltza Irak iparraldeko Amediye eskualdeko kaleetan, eta soldaduak herrixkak miatzen dituzte gerrillako borrokalarien bila. Rojnews tokiko hedabidearen arabera, Turkiako Armadak 300 ibilgailu armatu militar baino gehiago mobilizatu ditu, eta 1.000 soldadu gutxienez. Amediye herria inguratuta daukate ekainaren 22tik. Lautada batean dagoen herri zaharra da Amediye, Metina eta Gare mendikateen artean. Metina mendietan borrokaldi gogorrak egon dira Turkiako Armadaren eta gerrillaren artean, eta Gare mendikatea konkistatzen saiatu dira turkiarrak, eremua PKKko gerrillaren base garrantzitsua delako.
Voice of America hedabideko kazetari batek ekainaren 28an zabaldutako bideoetan ikus daiteke Turkiako Armadak checkpoint-ak eta base militarrak ezarri dituela Irakeko Kurdistanen. Community Peace Maker Teams (CPT) GKEaren arabera, Turkiako Armadak gutxienez 1.219 bonbardaketa egin ditu Irakeko Kurdistanen 2024. urtean, 381 ekain erdialdetik hona. CPTk adierazi du erasoaldi militarrek lekualdatzera behartu dutela biztanleriaren zati esanguratsua, eta nekazaritzako lur ugari suntsitu dituztela Amediyeko zonaldean. Gutxienez 170 herrixketako biztanleak behartu dituzte lekualdatzera, eta beste 602 herrixkatik gora daude hustuak izateko arriskuan.
“Umeek ezin dute lorik egin. Operazio militarren beldurrez gehienok abereak saldu ditugu eta lurra lantzeari utzi diogu"
Aurten hildako zortzi zibilez gain, azpiegitura zibil asko suntsitu eta kaltetu dute erasoek. Adibidez, Mizhe herriko eskola suntsitu zuten aire erasoekin otsaila amaieran, eta azken operazio militarretan Miska herriko monasterio kristau bat ere bai, biak Amediye eskualdean. Kesta herriko agintariek adierazi dute beldurtuta daudela indarkeriaren igoera berria ematen ari delako zonaldean. “Umeek ezin dute lorik egin. Operazio militarren beldurrez gehienok abereak saldu ditugu eta lurra lantzeari utzi diogu. Bakean bizi nahi dugu”.
Turkiak Metina eta Gareko zonalde menditsuak konkistatzea lortzen badu, Turkiaren eskuetan egongo litzateke Irakeko Kurdistanaren mendebalde ia osoa. Duela gutxi ekialdeko agintari batek esan du haien eskualdearen ia erdia ere Turkiaren kontrolpean dagoela. Nazioarteko komunitatearen isileko onarpenak Erdogani ahalbidetzen dio lurralde gero eta gehiago bereganatzea.
*Justus Johannsen, kazetaria, Ekialde Hurbilean aditua
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]
Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]
Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.
1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]
Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.
Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]
Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]
Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.
Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.
Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein... [+]
Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]
Turkiako Poliziak torturatu dituztela salatu dute, eta ondoren, ondasunak lapurtu eta biluzik utzi dituztela hiriaren kanpoaldean.