"Turistifikazioaren aurkako urria" antolatu du Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak. Hilabete osoko egitaraua antolatu dute, turistifikatzaileen ekintzei aurre egiteko. Izan ere, datorren hilean bi biltzar egingo dituzte Donostian: urriaren 5etik aurrera Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa eta urriaren 23tik aurrera Turespaña Konbentzioa.
Plataformak adierazi du ez dela "kasualitatea" bi ekitaldi horiek Donostian egitea, azken urteetan "turismoaren bidez negozioak egiteko gune gisa" nabarmendu delako estatuan eta nazioartean.
Irailaren 27an eman dute urriko asmoen berri, hain justu, Turismoaren Nazioarteko egunean. Egun horretan Turismoaren Kolapsoaren Eguna aldarrikatu nahi izan dute SET sareko kideek. Europa Hegoaldean turistifikatuta dauden hirien sarea da SET, eta salatu du hiri horietan "berebiziko kalteak" eragiten ari direla "gutxi batzuen epe motzeko etekin gosea asetzeko". Kalte horien adibidetzat jo dituzte besteak beste, ingurumena kaltetzea, langileen bizi baldintzak okertzea eta ondare kulturala galtzea.
Desakazkunde turistikoaren aldeko aldarria
Donostia jasaten ari den "turistifikazio bortitzaren" aurrean Bizilagunekin-ek premiazkotzat jo du "desazkunde turistikoa". Horretarako hartu beharreko neurriak zehaztu ditu, besteak beste, promozio turistikoa zerora murriztea, etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatzea, pisu turistiko eta hotel gehiago ez irekitzea eta ondare kultural eta arkitektonikoaren babeserako neurriak indartzea.
Salatu du erakunde publikoak "turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara" daudela, eta neurriak hartzen diren itxura egiten ari badira ere, ez dela "sinesgarria". "Pisu turistikoen eta hotelen irekiera erregulatu dute, gehiago ireki daitezen ateak zabalik utzita. Tasa turistikoaren inguruan bueltaka jarraitzen dute, ezkutatuta zertarako baliatu nahi duten bildutako dirua eta aitortu gabe ez lukeela turisten etorrera gutxituko".
Plataformak iragarri du "hausnarketaz, ekintzaz, topaketarako aukerez eta aldarrikapenez" beteko dutela urria. Besteak beste, urriaren 22an manifestazioa egingo dute.