Turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataforma sortu eta manifestazioa iragarri dute
Azken hilabeteetan lanean aritu ostean, BiziLagunEkin plataforma sortu dute Donostian. "Hirian indarrean dagoen turismo ereduak kezkatzen gaitu, ideologia eta jarduera desberdinetan aritzen den jendearen bilgunea gara, partekatzen duguna egungo turismo ereduak herritarren bizimoduan sortzen dituen ondorioekiko kezka da". Maiatzaren 25erako, Donostiako turismoaren goi bileraren azken egunerako, manifestazioa deitu dute Saguesetik hasita: Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu! lelopean. Bitartean auzoz auzo landuko duten programa aurkeztu dute.
Prentsara bidalitako ohar batean azaldu dituzte beren ildoak.
Bi helburu dituztela jakinarazi dute: Batetik, turismo ereduaren inguruan "eztabaida zintzoa, gardena eta irekia" eragitea Donostian; bestetik, "donostiarron bizi-baldintzak hirian garatzen diren estrategia eta jarduera ekonomiko orotan lehentasuna eman beharreko elementu bezala" aldarrikatzea.
Salatu dute egungo turismo eredua "ukiezina" dela sinestarazi nahi dutenek "eztabaida zintzoa eta sanoa saihestu nahi" dutela. Hala ere, zenbait ideia asko zabaltzea lortu dutela diote; horregatik, lehen oharretik hasita, batzuei beren irakurketarekin buelta eman diete.
Oharrean beren kezkak jakinarazi dituzte: Donostian turismoaren jarduera "gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan" garatzen dela salatu dute; "hiria enpresa bat balitz bezala" kudeatzen dela; turismoak hiria "inbertsoreen morroi" bilakatzen duela; turismoak dakarren lana lan prekarioa dela; turismora zuzendutako etxebizitzen auzokideak botatzen dituztela; "espazio publikoa kontsumorako moldatzen" ari direla; eta azkenik, turismoak mundu osoko hiriak eta herritarrak "homogeneizatu" egiten dituela salatu dute.
Jarraian daude irakurgai, oharrean bidali gisa, kezka bakoitza xeheago azalduta:
"Zerk kezkatzen gaitu?
• Donostian turismoaren jarduera, gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan garatu izan da. Donostiarroi onura eta aberastasuna ekartzen digula sinetsarazi digute, baina, datuek beste errealitate bat aurkezten dute. Legeak eta arauak komenentziara egokituz, hiriak alfonbra gorria luzatu dio turismoa “diru erraza” dela otu zaion horri. Herritarrok, aldiz, gure hiria eta gure bizimoduetan aldaketak, ondorioak eta kalteak sumatzen ditugu turismo masiboaren ondorioz.
• Hiria enpresa bat balitz bezala kudeatzen da. Munduko hirien “merkatuan” lehiatu nahi da, Donostia (eta Basque Country) markarekin. Marka horri ezaugarri zehatz batzuk emateko moldatu nahi da hiria eta honek gure auzoak, gure bizi-baldintzak eta gure bizimodua moldatzea dakar sarritan. Etekin ekonomiko zuzena sortzen ez duen guztia baztertzen da eta bizia eta bereizgarria dena folklorizatu, ikono bihurtu eta salgai eskaini nahi da.
• Turismoak hiria inbertsoreen morroi bihurtzen du. Inbertsio publikoen norabidea higiezinetan inbertitzen dutenek, kapital finantzarioak, eta erakarri nahi izan diren enpresa transnazionalek erabakitzen dute, eta baita errentaren egitura eta banaketa baldintzatu ere.
• Turismoak dakarren lana: lan prekarioa. Turismoaren zerbitzura dauden aktibitate ekonomiko berriak hiriaren egitura produktiboa eraldatzen ari dira. Gertuko komertzioa suntsitzen ari da, souvenir eta modako multinazionalek ordezkatu dute. Zerbitzuen azpikontratazioa nagusitu da flexibilitatearen eta kostuen gutxitzearen mesedetan. Eta une berean, aldi baterako lan kontratuak edo kontraturik gabeko lana, kobratu gabeko lanaldiak, esklabutza soldatak, hots, prekarietatea. Langilego ikusezina, eta batez ere, emakumezkoek osatua.
• Turista bat gehiago, bizilagun bat gutxiago. Turismoaren industriak etxebizitzen prezioa neurri gabe igotzen du, baita alokairuak ere. Hotel eta apartamentu turistikoak (AirBnB eta bestelakoak) bertan bizitzeko etxebizitzak ordezkatzen ari dira, bizilagunak auzoetatik kanporatuz. Aisialdiko zerbitzuen prezioak ez ezik, premiazko edo eguneroko gaien prezioek ere gora egiten dute. Inguruko herrietara kaleratuak diren donostiarren errealitatea hazten ari da. Eta gurpildun maletek erosketa gurdiak ordezkatu dituzte.
• Espazio publikoa kontsumorako moldatua. Jarduera komunitarioak, “kontratuzko harremanik gabe” edo kontsumoa eragin gabe espazio publikoan garatzeko zailtasunak gero eta handiagoak dira. Turismo handieneko garai eta lekuetan, berriz, erraztasun handiak ematen dira hiri osoa zentro komertzial bihurtzeko.
• Turismoak homogeneizatu egiten gaitu. Inbertitzaileak eta turismoa erakartzeko gure kultura eta ezaugarrien berezitasuna baliatzen da. Baina aldi berean, horrek dakar merkatu globalean nagusi diren multinazionalak eta kapital fondoak hirian masiboki sartzea. Sarrera honek eta bertako biztanleriaren kaleratzeak tokian tokiko komunitate-sareak desegin eta kultura eta identitateak homogeneizatzeko joera du: saltoki berdinak hemen eta Berlinen, kultur eskaintza estandarizatua eta bisitariei begirakoa, bisitarien hizkuntzei bertakoari baino toki gehiago egitea…"
Plataformaren logoa aurkeztu dute.
Topikoei buelta emanez
"Zer daukazue turisten aurka? Denok gara turistak…" esaldiaren aurrean, azaldu dute ez daukatela ezer beren oporraldietan Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak herritarrengan sortzen dituen eraginek kezkatzen dituzte: etxebizitzan, lan-badintzetan, auzo-harremanetan, komertzio txikian, paisaia linguistikoan… "Arazo hauek turisten ardura baino gehiago, gaur egungo turismo eredua diseinatu eta muga-gabe sustatzen dutenen ardura dira: bertako eta nazioarteko zenbait inbertsore eta hauei ate guztiak zabaltzen dizkieten arduradun instituzionalak", salatu dute.
"Parte Zaharrean dago arazoa, gure auzora ez da iristen", dioenaren aurrean, azpimarratu duteturista gehien Parte Zaharrean, Grosen eta Erdialdean ikusten diren arren, alokairuzko etxebizitzen prezioen igoera hiri osoko arazoa dela, eta horrez gain, "hiriaren egitura ekonomikoaren aldaketak denei eragiten digu, auzo-komunitateak aldatzen eta arriskuan jartzen ari dira, hiriaren espazio askori uko egin beharrean dauden donostiarrak daude…"
"Etor daitezela turistak, beren dirua uztera". Hiriko sektore turistikoa "oso pertsona gutxiren artean banatuta" dagoela mahai gainean jarri dute. "Higiezinetako nazioarteko inbertsoreak, merkataritzan abiadura bizian zabaltzen ari diren multinazionalak, hainbat ostalaritza eta hotel negozioren jabe diren familiak… Gehiengoari lan-baldintza kaskarrak soilik geratzen zaizkigu eta hiriko ekonomia sektore bakarrean oinarritzeko joera nagusitzen ari da", salatu dute.
"Turistak Donostia erdialdetik atera eta inguruko auzo eta herrietara bideratu behar dira". Beren hitzetan kanpoaldeko auzo eta herrietara turistak bideratzeak ez luke murriztuko saturatutako zonaldeetako arazoa. Adibide gisa jarri dute Amara edo Intxaurrondon hotel edo pentsioak irekitzeak ez duela esan nahi Parte Zaharrekoak hutsik geratuko direnik. "Saturazioa zabaltzeko balioko luke eta ez turismoaren eragin anitzei muga jartzeko. Donostiako eredu okerraren eraginek hiriaren mugez gaindi eragiten dute honezkero".
"Turismoa haztea behar dugu, horrek lanpostuak sortzen dituelako". BiziLagunEkin plataformari bereziki kezkagarriak iruditzen zaizkio zuzenean turistei harrera egiten dieten lanpostuetan (hoteletako langileak, tabernetakoak, merkataritzakoak…) ari direnen lan-baldintzak: soldata baxuak, ordutegiak… "Prekarietateak bereziki kolpatzen dituen sektoreak dira: epealdi laburreko lanpostuak, aldakortasuna, kaleratze errazak… Lanpostu horien gaur egungo baldintzekin langile horiek Donostian bizi ahal izatea ia ezinezkoa bihurtu dute".
"Turistak udatik kanpo etor daitezela lortu behar da", ideiari buelta eman diote adieraziz udatik kanpo turista gehiago joateak ez duela udako masifikazioa murriztea esan nahi. "Urte osora zabaltzearena turismoari lotutako zerbitzuak hiriko sektore bakar bilakatu nahi duten eta honetatik etekin ekonomiko handia ateratzen duten lobbyek sustatutako ideia da".
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera ere... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
Plan berriak Baztango bailara lau zonalde historikoetan bereiztea proposatzen du. Ostatu turistiko berriak irekitzeko araudia ere hartuko du bere gain, definitutako hiri iraunkortasun adierazleen araberakoa izango dena.
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.
Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.
Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]
Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.
Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.
Atacamako Desertua Fundazioak eremu horretako geoglifoak suntsitzen ari direla salatu du sare sozialetan; hainbat argazkiren bidez, basamortura 4x4 ibilgailuetan doazen bisitariak eragiten ari diren triskantza erakutsi dute. 1000 eta 1520 urteen artean egindako geoglifo handiak... [+]
EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin taldeek lege egitasmoa adostu dute, Iruñeko Alde Zaharrean etxe turistikoei lizentzia gehiago ez emateko. Akordioak “izaera prebentiboa” duen “hirigintza-aldaketa” du ardatz, hiru helbururen bueltan oinarrituta:... [+]
Kataluniako erkidegoko azken hauteskundeetatik eta Europako Parlamenturako bozen emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu artikulu honetan.