Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik aterako zitezkeen. Ebazpen horretatik ordu gutxira etorri da García-Castellón magistratuaren erabakia. Mugimendu horien ondorioz, asteartean Epaitegi Gorena izan da Tsunami auzia artxibatu duena, eta bertan behera utzi du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta Ruben Wagensberg ERCko diputatuaren kontra abiatutako ikerketa.
Espero gabeko bi erabaki elkarren segidan etorri dira Espainiako botere judizialean astelehenean. Lehenik, astelehen arratseko lehen orduan, Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoko autoa iritsi da: Tsunami Democratic-en aurkako auzian, lau urte baino gehiagoko ikerketan, 2021eko uztailetik aurrera ikerturikoa baliogabe uzteko agindua. Autoaren arabera, 2021eko uztailean García-Castellón epaileak auzia luzatu zuen "ilegalki", eta Marta Molina ERCko diputatuak errekurtsoa jarri zion horri. Apelazio aretoak arrazoia eman dio Molinari astelehen arratsean. Beraz, auto hori behin betiko bihurtzen zenean, 2021eko uztaila baino lehen ikerketapean zeudenek soilik jarraitu beharko lukete ikertu gisa, eta ez ondoren auzian sarturikoek –Carles Puidgemont eta Marta Rovira 2023ko azaroan inputatu zituen, hain justu ere Amnistia Legea negoziatzen ari zirenean–.
García-Castellón oporraldian harrapatu du Espainiako Auzitegi Nazionalaren apelazio aretoaren auto judizialak, eta ikusteke zegoen horrek nola eragiten dion auziaren norabideari. Bada, ordu gutxi geroago, 21:30 aldera ezagutarazi da García Castellónek sinaturiko urgentziazko autoa: artxibatu egin du Tsunami Democraticen aurkako auzia. Hala ere, idazkian badio "terrorismo zantzuak" ikusten dizkiela gertakari haiei.
Hamabi auziperatuetatik hamar Auzitegi Gorenaren eskuetan zeuden; beraz, auziari dagokionean, pentsa daiteke ez dutela atxilotuak izateko arriskurik. Gehiengoa, gainera, erbestean dago.
Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren bidea hartu du hurrengo egunean, asteartean: kausa artxibatu du. Erbestean dira Gorenak ikerketapean zituen Carles eta Ruben Wagensberg. Aforatuak izateagatik zegoen ikerketa Gorenaren esku –Puigdemont europarlamentarioa delako eta Wagensberg Kataluniako Parlamentuko diputatua–.
Puigdemont, ordea, ez da guztiz libratzen. Diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta irekita duen prozeduragatik ez dute amnistiatu.
Marta Rovira: "Justizia poetikoa da"
RAC1 irrati kataluniarrean hitz egin du astearte goizean Rovira ERCko idazkari nagusi erbesteratuak. Ia zazpi urte daramatza atzerrian, Suitzan. Itzultzeko gogoa "berpiztu" zaiola kontatu du; aste honetan, justuki, ERCko emakumeen asanblada deituta dago, eta horra joateak "ilusio berezia" egingo liokeela dio. "Zentzu politiko osoa luke ni asanblada horretarako itzultzeak, hainbeste denboraren ondoren". Ez daki, ordea, itzultzeko moduan egongo den. Bilera mordoa dituela esan du, abokatuekin gauza asko begiratu beharra.
"Justizia poetikoa da", esan du Rovirak irrati katean: "Emozioz beterik nago. Momentu oso berezia, eta espero gabe etorri da". Horrez gain, esplizitatu du Ruben Wagensberg ERCko diputatu erbesteratuarekin itzuli nahiko nukeela; espero du haren auzia ere Gorenak artxibatzea. Egun batzuen buruan etor daiteke Gorenaren artxibatze hori.
Puigdemontek, ordea, momentuz ezingo luke itzuli. Izan ere, duela astebete eskas, U-1aren auzi judizialean "diru publikoa bidegabe erabili izana" ez dela amnistia aplikatzeko moduko delitua esan zuen Gorenak. Delitu horrengatik atxilotze aginduak indarrean dirau. Auzi horretan zegoen Rovira ere, baina berari bai aplikatuko liokete Amnistia Legea.
Auzia artxibatzearen notizia jakin berritan, Ruben Wagensbergek argazki hauxe zintzilikatu zuen sarean. Erbestean diren pertsonetako lau dira. Irudian, Oleguer Serra Ómniunekoa, Marta Rovira, Ruben Wagensberg eta Jesús Rodríguez Directa-ko kazetaria.
Europari ere luzatu zaio galdera
Beste fronte bat irekia dago Espainiako botere judizialean. Auzitegi Nazionaleko García-Castellón magistratua oporretan zela, bere ordezko María Tardónek eta Auzitegi Goreneko zigor aretoko buru Susana Polok –hau da, Tsunamiren aurkako auziaren bi epaile instruktoreek– uztailaren hasieran galdera luzatu diote Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari, zalantza dutelako ea Espainian onartu berri den Amnistia Legea aplikatu behar dioten terrorismo delitua leporatzen zaien pertsonei.
Europak ez du oraindik erantzun, eta hori ere ikusteko dago. Demagun, Audientzia Nazionalak ez bezala, Gorenak aurrera segitu nahiko balu, Europako Justizia Auzitegiaren aurkako ebazpen batek kolpe latza eragingo luke.
Tsunami auzia: asmo politiko argien eragina
Lau urteko ikerketa izan den arren, azken hamar hilabeteetan nabarmen indartu da Tsunami auzia, hain justu ere, eta ez kasualki, Espainiako Diputatuen Kongresuan Amnistia Legea negoziatzen ari zirenean; alegia, 2023ko udazkenean. Ordura arte ehunka ikertu zeuden sumarioan, baina ez ziren bestela delitu gogorragoak aipatzen. Aldiz, 2023ko azarotik aurrera, dozena bat pertsonari terrorismo eta giza eskubideen aurkako delituak egotzi zizkien Espainiako Auzitegi Nazionaleko García-Castellón epaileak, tartean Carles Puigdemonti eta Marta Rovirari, baita kazetari zein enpresari banari ere. Zazpi pertsona, gutxienez, erbesteraturik daude.
Erbestean dauden auziperatuek "harridura handiz" hartu dituzte astelehen arratsaldeko bi gertakariak, ARGIAri esan diotenez. "Pozik" dira, jakina, baina "prudentziaz" jokatuko dutela ere badiote, ikusteke dagoelako zer etor daitekeen.
Tsunami auziari buruzko informazio gehiagorako: ARGIAk Suitzan elkarrizketatu zituen, idatziz zein bideoz, Tsunami auziarengatik erbestean diren bi pertsona: Ruben Wagensberg ERCko diputatua eta Jesús Rodríguez 'Directa'-ko kazetaria.
Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]
Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.
Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]
Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]
Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.
Aurrerapena da ondorengo... [+]
La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.
Guardia Zibilak polizia operazioa abiatu du asteazken goiz honetan eta "funts publikoak independentismora desbideratzea" egotzita zortzi atxiloketa egin ditu. Bartzelonako lehen instrukzio epaitegiak agindu du operazioa, Carles Puigdemontek Belgikan egindako... [+]
“Desordena publikoak” eta “kalteak” egozten zaizkie ikertutako ia 200 pertsonei, eta datozen hilabeteetan deklaratu dezaten agindu du magistratuak.