Zazpi estatu ikusten ziren gako gisa, eta, datu-ofizialen zain, guztietan gailenduko da Donald Trump. Horrez gain, herrialde osoko boto-portzentaje absolututan ere irabazi egingo du, 2016an ez bezala. Inkestek ez zuten hori aurreikusten. "Urrezko arora itzuliko zaituztet", hitzeman du Trumpek.
Baieztapen ofizialaren zain, baina dagoeneko ez dagoenez ia aukerarik emaitzak iraultzeko, Donald Trump ultraeskuindarra izango da atzera ere AEBetako presidentea. Aise nagusitu da Kamala Harrisen aurrean; boto kopuruan ere irabazita, gainera, 2016an ez bezala. Oraindik ez dira boto guztiak kontatu, baina gutxi gorabehera 5.000 milioi botoko aldea atera dio; Trumpek jaso ditu botoen %51, eta Harrisek %47.
Hauteskunde-sistema bitxia da AEBetakoa, winner-takes-all (irabazleak dena irabazten/jasotzen du) gisa ezagutzen da. Hau da, ez da presidente hautatzen boto kopuru handiena jaso duen hautagaia, baizik eta estatuka; estatu bakoitzak ordezkari kopuru jakin bat du –adibidez, Kaliforniak 54 ditu eta Wyomingek hiru–, eta bakoitzean gailentzen denak irabazten ditu estatu horretako ordezkari guztiak. Hau da, ez dio axola batak besteari ateratako aldeak. Funtsean, matematikak eginda, 270eko langa gainditzen duenak irabazten ditu hauteskundeak.
50 estatuk bozkatzen dute –Puerto Ricok izan ezik, Estatu Libre Elkartu estatusa duelako– AEBetako hauteskunde presidentzialetan. Horietatik 43k, normalki, tendentzia historikoa dute bataren edo bestearen alde egiteko, eta hauteskunde hauetan horrela izaten ari da. Baina inkestek ziotena baino estuago ari da alderdi demokrata. Izan ere, Harrisek ozta-ozta heldu dio tendentzia demokrata duten zenbait estaturi, besteak beste Minnesotari; aldiz, Trumpek ez du hutsik egin eta aise nagusitu da errepublikanoen alde lerratu ohi direnetan. Bereziki eta nagusitasun handiz, feudo errepublikanoak diren lekuetan; Floridan eta Texasen, kasurako.
Ia estatu guztietan eman daiteke bukatutzat zenbaketa.
Estatu gakoak, Trumpen alde
Aurreikuspen guztietan, zazpi estatu jotzen ziren gakotzat, gainontzeko 43ren tendentzia argia izan delako azken hamarkadetan eta inkestek ere horrela ziotelako.
Zazpi estatu gakoak hauek ziren: Pennsylvania, Michigan eta Wisconsin, Horma Urdin Demokrata gisa ezaguna hedabideetan; Georgia eta Arizona, tradizio luzez errepublikanoak izandakoak baina demokraten eskuetan eroritakoak duela lau urte; Ipar Karolina, errepublikanoa dena normalki; eta Nevada, demokraten alde egin duena azken zortzi hauteskundeetatik seitan.
Zenbaketa ez dago erabat amaituta, baina zazpi horietatik denetan gailentzear legoke Donald Trump.
Pennsylvania, Michigan eta Wisconsin. Feudo demokratak izan dira AEBetako historian, 2016an Trump heldu baino lehen. Errepublikanoen alde lerratu ziren duela zortzi urte, baina duela lau Joe Bidenek errekuperatu zituen hirurak. Orain, gorriz tindatzear dira hirurak. Izan ere, zenbaketa aurreratuta dago hiruretan, bereziki Pennsylvanian, eta abantaila egonkorturik du hiru lekutan. Orain, hiru estatu horietatik bitan Trumpen garaipena konfirmatzen denean, dagoeneko presidente izango dela baieztatuko da.
Estatu giltzarri gehiago. Georgian eta Ipar Karolinan dagoeneko irabazi du Trumpek, bietan %3ko abantailarekin.
Uneotan, ozta-ozta, Arizonan ere irabazten ari da, ia %60 zenbatze bidean, %0,7ko aldea. Eta Nevadan, %70 kontatuta, irabaztear da Trump.
Beraz, zenbaketa orokorra honela dago The New York Times egunkariaren arabera: 538 ordezkari banatzen dira, eta 267 ditu Trumpek –Pennsylvania sartuta– eta 224 Harrisek. Hedabide horren proiekzioa da Trumpek 301 eskuratzea; Trumpek berak esan du 315 ere eskura ditzakeela.
Estatuen sisteman ez ezik, boto kopuru absolututan ere irabazi egingo du
Donald Trump: "Urrezko aroa dator"
"Garaipen politiko handia izan da; historia egin dugu", esanez abiatu du garaipen-hitzaldia Donald Trumpek. Espero baino bi ordu geroago atera da jende aurrera, Euskal Herrian 08:30 zirela. Suabe hitz egin du, eskerrak emanez jendeari, hizkera bortitza erabili gabe.
Nola bestela, Make America Great Again (Egin Amerika handi berriz) aldarrikatu du Trumpek. "Lehengora, garai onenetara itzuliko dut herrialdea", hitzeman du, eta lan egingo duela "azken hatsa" eman arte. "Urrezko aroa dator, bai", esan du. "Munduko urre gehiena daukagu, Saudi Arabiaren eta Errusiaren gainetik". Horrez gain, zergak jaitsiko dituela jakinarazi du, eta "gerra guztiekin amaitzeko konpromisoa" adierazi, zehaztasunik eman gabe.
Trumpen hitzaldia hasi aurretik, Israelgo Defentsa ministro Itamar Ben-Gvir-ek zera jarri du sare sozialetan: BAIIII, Israelgo eta AEBetako banderez lagunduta. Trumpek hitzemana du Israeli "behar besteko laguntza" emango diola Palestina zanpatzen, egungo Bidenen gobernuak "ez duelako deus egiten".
Hogei minutuko hitzaldia eman du Trumpek, eta oro har baliatu du familia, lagunak eta babesa adierazi dioten pertsonak aurkezteko, tartean UFCko burua eta golf jokalari batzuk. Txorakeri ugari ere esan ditu Trumpek, eta, besteren artean, Elon Musk "bere lagunaz" mintzatu da; "nire lagun Elon" deitzen zion, baina Musk ez da oholtzan azaldu. Munduko pertsona aberatsena da Musk, ez edonor. Bien arteko solasaldi zentzugabeak kontatzen aritu da, Musken enpresa eta inbertsioei buruz, "guk biok edozer egin dezakegu" esanez eta abar. "Elon, maite zaitut".
Elon Musk: "Game. Set. Match"
Mundu pertsonarik aberatsena, Elon Musk, azken urteotan oso lerratuta egon eta mintzatu da Trumpen alde. Eta hitz egin ez ezik, baliabideak ere ipini ditu Trumpen kanpaina egiteko: 120 milioi euro, gutxienez. Dirua ere banatu die Trumpen botoa emango zutela ziurtatzen zutenei; milioi bana dolar eguneko, pertsona batentzat. Musk, Teslaren jabea da, eta Twitter zena ere berak erosia da, X bihurtua; tresna hori ere baliatu du, algoritmoa bere alde erabilita.
Muskek sare horretan ipini du lehen mezua, 04:30ean, oraindik datu ugari ailegatzen hasi aurretik: "Game. Set. Match". Hau da, tenisean esaten den moduan, "jokoa, seta eta partidua". Irabazi dutela alegia, eta erraz, gainera.
Demokratak, isilik
Festa handia prestatuta zegoen Howard unibertsitatean, Washingtonen, baina dena itxi eta bertatik jendea kaleratzeko erabakia hartu du alderdi demokratak. Eguna argitzean hitz egingo du Kamala Harrisek, hauteskundeen biharamunean, Euskal Herrian arratsaldea denean.
Inkestak erratu egin dira
The New York Times-ek, Siena College-ekin batera, azken inkesta argitaratu zuen azaroaren 3an, igandez, nazioartean sona eta errespetu handia izan duena. Jasotako datuen arabera, Kamala Harrisek irabaziko zituzkeen hauteskundeak, 293 konpromisario lortuta.
Zazpi estatu erabakigarrietatik sei irabazteko gai zela adierazten zuen inkestak. Dena den, boto aldea oso apala irudikatzen zuen: puntu bakarreko diferentziak hirutan, bi puntukoa bitan, eta hiru puntukoa Nevadan.
Boto-kutxak itxi direnean, The Economist egunkariko inkesta batek Harrisi ematen zion garaipena, baita botoen kopuru absolututan ere. Aldizkari britainiarrak egindako zundaketek irabazteko aukera irudikatzen zioten Harrisi, hurrenez hurren, estatu giltzarri diren Michiganen, Pennsylvanian eta Wisconsinen.
Aldaketari tranpa. 2.0?
Bigarrenez presidente izateko bidean da Donald Trump, bietan ere emakume hautagai demokratei aurrea hartuta –inoiz ez da emakumerik izan presidente–.
Ekonomian zentratu zen Trump 2016an, Hillary Clinton eta demokratei diskurtsoan gailentzeko. Hor daude datuak: egoera ekonomikoa "txarra" zela esaten zuten estatubatuarren ia 10etik 8k babestu zuen Trump. Horrek arrakasta izan zuen bereziki ikasketa unibertsitariorik gabeko zurien artean (%67), izan ere, horiek baitziren erlatiboki atzera pausu gehien ikusten zituztenak beren egoera sozioekonomikoan. Datu horiek honela aletu eta zeharkatu zituen Asier Blas Mendozak orduko hartan, 2016an, ARGIAn.
Azala eskaini genion gaiari:
Oraingo honetan ere, 2024an, ekonomiak berebiziko pisua hartu du. Inflazioak gora egin eta hori baliatu du Trumpek diskurtsoa indartzeko, herritarrei zera galdetuta: "Noiz zeundeten hobeto, 2020an [agintaldia bukatu zuenean], ala orain?". Prezioek neurrigabe egin dute gora eta larrutik ordaindu du hori alderdi demokratak. Kamala Harrisek ez du lortu hortik aldentzea, presidenteordea baita Joe Bidenen azken agintaldi honetan.
Amets amerikarraren baitan dagoen ideia da familiako hurrengo belaunaldiak hobeto biziko direla, eta hori aspaldi hautsi da bereziki klase baxuko jendearen –zurien, oro har– artean. Bada, analista zenbaitzuk hasi dira aurreikusten, baldin eta Trump izaten bada presidente 2028ra bitartean, amets amerikarraren ideiari hauspoa emango diola J. D. Vance balizko presidenteordeak, Trumpen alboan aurkeztu denak. Izan ere, Trump bigarrenez izaten bada presidente, ezingo du hirugarrenez aurkeztu. Orduan, Vance proiektatzen dute errepublikanoen etorkizuneko buru gisa –Elon Muskek ezingo luke inola ere aurkeztu, Hegoafrikan jaioa baita, eta ez AEBetan–.
Ohio estatuan jaio zen Vance, "gaztaro gogorra" izan zuela esaten da, bere amak menpekotasunak zituela alkoholarekin eta bestelako drogekin, pobrezian bizi zirela etxean... "Etxea babesten ikasi" zuela esan ohi da, besteak beste, armen jabe eginda. Jardun militarra egin ostean, Zuzenbidea ikasi zuen eta aberats izatera heldu da, "amets amerikarra" beteta.
Zerbaitek definitzen badu Ameriketako Estatu Batuetako politikagintza, beste esparru askotan bezalaxe, hori show-a edo espektakulua da. Xextra ugari gertatu dira hilabeteotan guztiotan, baina tartean bat, berriena, egunkari handi bati dagokiona.
Han eta hemen entzun eta irakur daitekeenez, azken hamarkadetako lehiarik estuena aurreikusten da AEBetako hauteskunde presidentzialetan, Donald Trump eta Kamala Harris hautagaien artean. Azaroaren 5ean, asteartez egingo dira bozak. Emaitzak Euskal Herrian gauerdia denean hasiko... [+]
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]
Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]
Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.
New York, 1870eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]
Potentzientzat salamiaren taktika erakargarria da. Xerrak apurka-apurka era finean moztean datza. Horrela AEBek NATOren zabalkundearekin, nazioarteko legediaren hausturekin, erregimen aldaketekin eta nazioartean bere base militarren ugalketarekin errusiarren segurtasuna eta... [+]
1979an istripu nuklear larria gertatu zen Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Island zentral nuklearreko unitateetako batean. Bestea, 2019an itxi zutena, berriz jarriko dute martxan, Microsoften adimen artifizialaren energia behar handiak asetzeko.
Mendebaldeko herrialde aberats gehienetan ultraeskuina etengabe eztenka ari da migratzaileekiko gorrotoa eta arrazismoa akuilatzen. Deportazio planei ekitea izan da gobernu askoren erantzuna, izan afganiarrak talibandarren eskutan uzteko, Alemania pentsatzen ari den moduan, edo... [+]
Udan ohikoa izaten da albiste asko opor garaien etenak estaltzea. Eta egia esan, estalita baleude, kasik hobe. Gerra hotsen doinuak jarraitzen baitu dantzan jartzen kontinente zaharra.
Zortzi aste falta dira azaroaren 5erako, Etxe Zuria hartzeko lehia hurbiltzen ari da azken txanpara, eta haren lorratzari iskin egiten dionak ere, edozein kantoitan egiten du topo kresalarekin. Azaroko hitzordu horrek argitzen baitu, adibidez, hiru urte hauetan isilpean egon den... [+]
Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]
Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]