argia.eus
INPRIMATU
Trifulka: “Gure estiloa sortzen dugu baina Punk oi! musika da jatorria”
  • Punka gustuko duten Hernaniko (Gipuzkoa) lagun batzuk talde bat osatzeko elkartu ziren duela urte gutxi. Orduan sortu zen Trifulka punk oi! taldea; 22 eta 23 urte bitarteko hirukote batek osatzen du: Elben (baxua eta ahotsa), Manex (bateria) eta Julene (gitarra eta ahotsa). Kalean da euren aurreneko diskoa: Askatasun bidean.

2010ko urriaren 08a

Lehen diskoa kaleratu berri duzue, zein zaporerekin geratu zarete?

Diskoarekin oso gustura geratu gara. Bai diseinuarekin baita soinuaren kalitatearekin ere pozik gaude. Grabaketaren kontua denbora luzez eta patxadarekin hartu genuen, eta hori saltzerako garaian ikusi da. Salbuespen batzuk medio, kaleratzea lortu dugu eta pozik gaude.

Aldarrikapen ugari bildu duzue diskoan. Jendeari mezu bat helarazi nahi diozue?

Bai. Abesti asko aldarrikapen-kantuak dira baina badaude lagunei eskainitakoak ere. Baina batez ere gaur egongo gertakari eta injustiziak salatzen ditugu. Abesti batean esaterako, Aitor Zabaleta Realeko jarraitzailearen erahilketa latza jorratu dugu.

Kontzertu batzuetan jada ikusi zaituztegu…

Bai, baina esan dezakegu hasi berriak garela. 30 kontzertu baino gehiago eman ditugu hainbat herritako taberna, gaztetxe, txosna eta plazatan. Geroz eta konfiantza gehiagorekin igotzen gara eszenatokietara eta hori jotzerako momentuan asko nabaritzen da.

Euskal musikaren panorama nola ikusten duzue?

Gazte ugari biltzen da kontzertuetan, eta taldeak sortzen ari dira. Guretzat oso pozgarria da mugimendu honen barnean sortzen den giroaz gozatzea, eta are gehiago lagunekin momentu onak pasatzea.

Hasierako garaietara joaz, nola eman zenituzten aurreneko urratsak?

Lagunekin izandako lokal batean zegoen gitarra klasiko batekin hasi ginen. Manex musika eskolan ibilia zen, eta handik zuen afizioa. Udaletxearekin hitz egin ondoren akordio batera heldu eta entseguetarako lokala lortu genuen. Orain bertan jarraitzen dugu.

Ahots berri baten bila omen zabiltzate...

Bai, hala da. Lauzpabost hilabete daramatzagu abeslari bila. Azkenaldiko arazo batzuen ondorioz Txominek (abeslari ohiak) ezin izan du gurekin jotzen jarraitu. Hiruok bakarrik jarraitzeko erabakia hartu genuen abeslari berri bat aurkitu bitartean.

Eta, aurrera begira zein helburu duzue?

Egia esan ez daukagu etorkizunerako planik. Martxan jarri, ondo pasa eta kontzertuetan giro ona sortzea da gure helburua. Ez dugu geure burua engainatuko. Gustatzen zaigun horretatik bizi nahi genuke, baina badakigu gaur egun hori oso zaila dela. kontzertuei dagokienez, ez dugu hitzordu finkorik. Jadanik sei abesti berri dauzkagu eta ideia pixkanaka bigarren diskoa prestatzea da.