“Trantsizio energetikoa, nola?” izeneko mahai-inguruko partaideei


2024ko maiatzaren 13an - 14:43
Azken eguneraketa: 15:45

Pasa den martxoaren 19an, Zestoako Alondero aretoan, trantsizio energetikoari buruzko mahai-inguru zeharo interesgarria izan genuen Argiola energia berriztagarrien komunitate eta kooperatibak antolatuta.

Mahai inguruak “Trantsizio energetikoa, nola?” zuen izenburua, eta, horretarako, antolatzaileek Aitziber Sarobe biologoa eta naturazale zarauztarra eta itsas energian ikerlaria den Markel Peñalba zumaiarra gonbidatu zituzten. Jon Artano kazetari zestoarra bikain aritu zen moderatzaile-lanetan, gaia serio tratatuz, partaideekiko gertutasuna erakutsiz eta umore printza ederrak azalduz.

Ordu eta laurden inguruan, azalpen aberatsak ematen aritu ziren Mondragon Unibertsitateko bi irakasleak, eta une askotan, baita eztabaida sanoan ere, bakoitza trantsizio horri buruzko bere ikuspegia defendatuz. Azken ordu erdi inguruan, berriz, han bildu ginenotako dozena erdi lagun pasatxok izan zuten galderak egin eta iritziak plazaratzeko aukera. Saioa mamitsua eta aberatsa izan zen, giro jatorrean aritu ginen eta aretoan bildu ginen 50 bat lagunon aurreikuspenak zeharo bete zirelakoan nago.

Nik ere bizpahiru gauza komentatu nahi nituen, baina saioa amaitzea erabaki genuen berandutu baino lehenago. Horiek horrela, han aipatzea pentsatua nituen bizpahiru kontu horiek argi eta zabal idaztea erabaki nuen eskualdeko komunikabideetara iritzi-artikulu moduan bidaltzeko asmoz (eguneroko lanak eta Aste Santuko oporrak direla-eta, denboran luzatu egin zaidan arren bera idaztea).

Komentatu nahi ditudan kontu horiek bi gonbidatu nagusiei eta mahai-inguruko gainontzeko partaideei zuzenduta doaz, baina zergatik ez, bide batez, baita han egoteko aukera izan ez zutenoi ere.

Saioan hainbat alderdi eta adarri buruz duten ikuspegia azaldu zuten bi gonbidatuek: ingurumenari lotutako hainbat adierazleren krisia, trantsizio energetikoa egiteko arrazoi nagusiak, nola egin, egin bitartean zer egin, izango dituen eraginak, egin ezean pairatuko ditugun ondorioak, e.a. Biak bat zetozen trantsizioak ez duela soilik energetikoa izan behar, baita materialena, hondakinena, elikagaien ekoizpen-prozesuarena eta, oro har, gure kontsumo-ohiturena ere; azken finean, ingurumenaren zaintzari eta biodibertsibitateari begirako trantsizio ekonomiko, kultural eta soziala izan beharko duela.

Baina trantsizioaren inguruko zenbait alderdi edota ikuspegitan ez zuten bat egin, eta bakoitzak errespetuz eta pisuzko arrazoiak emanez bereari eutsi zion. Iritzi horietako gehienetan Aitziberrekin bat egiten dut, beste batzuetan Markelekin eta beste batzuetan ez ditut ideiak oso argi, gaia oso konplexua baita. Segidan, iritzi horietako batzuk azaltzen saiatuko naiz, beti ere, argi utziz ez naizela aditua ez energian, ez eta ingurumenean ere. Bigarren Hezkuntzako ekonomiako eta merkataritzako irakaslea banaiz ere eta “Agenda 2021: garapen jasangarria” gradu-ondokoa egina badut ere, herritar ekintzaile moduan egin nahi ditut ondoko adierazpenak, ingurumenaren zaintzarekin eta gizartearen ongizatearekin konprometitutako herritar moduan, hain zuzen ere.

Hasteko, Jon Artanok mahai-inguruaren izenburuari erantzuteko eskatu zien biei: “Trantsizio energetikoa, nola?” Aitziberrek esan zuen, oker ez banago, ezinbestekoa dugula trantsizioa egitea, baina ez dagoela batere ados Europak hartu duen presazko estrategiarekin, naturaren aurkako makroproiektu suntsitzaileetan oinarritzeaz gain, trantsizioa egiteko behar diren mineralak dituzten herrialdeetan sekulako hondamendia eragin eta haiek “hil” egingo dituelako. Azkenik, erantsi zuen energia berriztagarrietatik sortutako energia “berdea” iturri fosiletatik eratorritakoa osatzera datorrela (gehitzera) eta ez ordezkatzera.

Markelek galderari erantzutean, esan zuen trantsizioak hiru ezaugarri edota baldintza nagusi izan beharko dituela bere iritziz:

1. Aplikatuko diren neurriek globalak izan behar dute, arazoa mundu osokoa baita eta erantzuna ere mundu osoa kontuan hartuta eman beharko delako. Alferrikakoa izango da neurriak herrialde batzuetan bakarrik hartzea.

2. Irizpide zientifikoetan oinarrituta egon behar du. Orain arte, aurrerapen eta neurri eraginkorrenak zientzia oinarri hartuta izan dira, eta trantsiziorako ere hark ematen du berme handiena.

3. Demokratikoa beharko du izan; hau da, herriak edo gizarteak adostutako trantsizioa egin beharko da.

Baina, nire iritziz, Markel, laugarren ezaugarri nagusia beharko du izan trantsizio energetikoak: zentzuzkoa eta bidezkoa den garapen jasangarriaren ereduan oinarritu beharko du. Eta aipatutako 4 ezaugarri horiek beren garrantziaren arabera ordenatu beharko bagenitu, gaineratu dudan hori aurreneko jarriko nuke zerrendan. Izan ere, gizartearen garapen jasangarria (edota biziraupena, muturreraino eramanez gero) erabat lotuta dago ingurumenarekin, bere menpe gaude. Eta, era berean, ingurumenaren osasuna bera zaintzeko dugun borondatearekin (politikekin) lotuta dago, eta azken hamarkadetan deiadar egiten ari zaigu bere egoera zeharo okertzen ari dela esanez.

Baina badirudi, gertuko nahiz urruneko erakunde publiko eta pribatu nagusiak ez direla horretaz ohartzen, ez baitira ari ingurumenaren egoera behar adina aintzat hartzen trantsizio energetikoari buruzko erabakietan. Eta hor dago, ene ustez, gai horren inguruko proiektu eta neurri askoren aurkako gizarte mugimendu gehienen jatorria.

Baina garapen jasangarria esatean, argitu nahi dut ez naizela ari orain arte gizartean erabat zabaldua eta enpresek edozein modutan erabiltzen duten garapen jasangarriaren kontzeptuaz (zenbaitetan, enpresek aurpegia zuritzeko edo greenwashing-a egiteko besterik ez dute erabiltzen). Zabaldua dagoen ideia horretan, ingurumenak, gizarteak eta ekonomiak osatutako borobiletan, hirurek bat egin duten zonari deitzen zaio “garapen jasangarria”, eta hiru arlo horiek pisu edota garrantzi-maila bera dute.

Nik aipatzen dudan garapen jasangarriaren ikuspegiak baditu hiru borobil horiek ere, baina borobil handiena ingurumenak osatzen du; haren barruan, bigarren handiena gizarteak, eta haren barruan, txikiena ekonomiak.

Ikuspegi horren arabera, hiru alderdi horiek garrantzia-maila ezberdina dute garapen jasangarriaren kontzeptuan, eta, noski, ingurumenak du lehentasun edo garrantzia-maila handiena; ondoren gizarteak eta, azkenik, ekonomiak.

Garapen jasangarriaren ikuspegi interesgarri hori EHUko ekonomia irakaslea eta Hegoa eta Ekopol elkarteetako kidea den Iker Etxanok azaldu zigun 2019ko apirilean Elkar-Ekin taldeak “Jasangarria ote da gure eredu sozioekonomikoa” izenburupean Azpeitian antolatu genuen hitzaldian. Ikuspegi berri hori ez da berak asmatutakoa izango, baina, nik behintzat, berari zor diot bere berri izatea eta hartzen duen esanahiaren inguruan begiak irekitzea.

Beraz, trantsizio energetikoak (eta materialenak, elikagaienak, sozio-kulturalak...) garapen jasangarriaren ikuspegi hori hartu beharko luke aintzat erreferentzia gisa, nire ustez, Markel. Hori egin ezean, trantsizioa ustela izango da, porrot egingo dugu gizarte moduan. Izan ere, trantsizioa egiteko arrazoi nagusia ingurumenaren zaintza izanik, bera erasotzen jarraituko dugu behin eta berriro, orain arte egiten ari garen moduan. Garapen jasangarri faltsu horren adibide garbienak dira, guretik hurbil, AHTa eta Zubietako errauskailua, ez baitira inolaz ere jasangarriak ingurumen aldetik, gizarte arlotik ere ezezkoan nago eta arlo ekonomikotik AHTa, behintzat, ez da izango bideragarria.

Errauskailuaren kasuan, gainera, Asensio jaunak eta EAJk "Gipuzkoako ingurumen gune berria" jarri diote izena leku horri. Txistea dirudi: otsoa lepotik atzera, soilik, ardi-larruz jantzi eta mozorrotutako ardia bailitzan aurkeztu digute... Herritarrok inozotzat hartu gaituzte agintari horiek (zestoarrek babutzat esango lukete), hipokrisiaren Oscar saria emateko modukoa da!

Markelek zein Aitziberrek zioten arazoa larria dela. Baina Markelek nabarmentzen zuen erabakiak azkar samar hartu behar ditugula etengabeko eztabaidan murgilduta egon beharrean. Bai, nire ustez arrazoi du neurri handi batean, erabakiak hartu egin behar baititugu lo hartu gabe eta xextran korapilatu gabe. Baina, nire ustez, egia ere bada, azken hamarkadetan ia ezer egin ez dugulako, orain, erabakiak presaka eta gaizki hartu beharrean, hobe dugula, arrazionalki, koherentziaz eta adostuta hartzen baditugu, nahiz eta denbora pixka bat gehiago beharko dugun. Hau da, trantsizio energetikoa egiten denbora gehiago beharko dugun arren, ondo egin dezagun.

Horri lotuta Markelek zioen gai horren inguruan alternatiba guztiek dutela ingurumen kostua, ez dagoela aztarna ekologikorik izango ez duen aukerarik. Ados, Markel, baina aztarna ekologikoa minimizatzen duten aukerak lehenetsi beharko ditugu, ezta? Eta hor dago gai horren eta eraldaketa ekonomiko eta soziokultural horren gakoetako bat: zenbateraino suntsitzeko prest gaude ingurumena gaur egun dugun neurrigabeko kontsumoa eta diru-gosea (ditxosozko BPG-a) haztearen truke? Eta gure ongizatea mantentzearen truke? Zaila da erantzutea galdera horiei (bigarrenari, batez ere), baina gizarte eraldaketa horretara bidean erantzuna eman beharko diegu. Bide horretarako adibide egokia izan daiteke hainbat gizarte eragileren artean duela egun gutxi aurkeztu duten Jauzi Ekosoziala mugimendu ekintzailea. Ea ekimen horrek jendeari eta erakundeei begiak irekiarazteko balio duen eta gizarte moduan bide egokia egiten hasteko baliatzen dugun. Espero dut gu edota gure ondorengoak gai izatea ingurumena ahalik eta gutxien kaltetzen duen eta bidezkoa den ongizate duin baten arteko oreka bilatzeko, ingurumenak ez baitigu bigarren aukerarik emango.

Atez atekoaren gaia ere aipatu zuten saioan. Markelen iritziz, zaborren bilketa-sistema horrek zituen eragozpenak (materia bakoitza asteko egun eta ordu jakinetan atera beharra, usaina, zintzilikatzeko egitura metalikoen kokapena eta inpaktu bisuala, e.a.) izan ziren atez atekoak porrot egiteko arrazoi nagusia. Aitziberren iritziz, arrazoi nagusia El Diario Vasco egunkariak bilketa-sistema horren aurka egindako kanpaina izan zen.

Zenbateraino suntsitzeko prest gaude ingurumena gaur egun dugun neurrigabeko kontsumoa eta diru-gosea (ditxosozko BPG-a) haztearen truke? Eta gure ongizatea mantentzearen truke?

Biek arrazoia badute ere, kasu horretan, Markelek arrazoi gehiago duelakoan nago. Izan ere, El Diario Vascok eta EAJk gaia baldintzatu bazuten ere eztabaida kutsatuz eta jendea manipulatuz, egia da, ene iritziz, herritarrak ez zeudela ohituta garai hartan horrelako bilketa-sistema baten ezaugarrietara eta ez zeudela sistema horrek ekartzen dituen eragozpenei aurre egin eta haiek gainditzeko esfortzua egiteko prest.

Mahai-ingurura joan zen herritar batek esan zuena ere oso interesgarria iruditzen zait. Egungo sistema politikoak berdin jarraitzen duen bitartean, herritarrok erabakitzeko ahalmen gutxi dugu trantsizioaren moduko gai garrantzitsuen inguruan. Zoritxarrez, arrazoia du nire iritziz. Izan ere, herritarrok erabakiak hartzeko gaitasuna lau urtean behin soilik badugu eta, gainera, aukera hori alderdi politikoak aukeratzeko bada, kalitate eskaseko demokrazia dugulakoan nago. Ea ausart jokatzen dugun eta noiz igarotzen garen lau urtean behin alderdiak aukeratzen ditugun “partidokraziatik” beharrezkoa denean ideiak eta proiektuak aukeratzen ditugun pseudodemokraziara (demokraziatik gertuago legokeen sistemaren bat...). Eta beharrezkoa denean bozkatzea litzateke egokia; urtean behin, bitan, gai garrantzitsuren bat dagoenean… edota, bozketa berean, bi edo hiru gairi buruz bozkatzea... Eta zergatik ez, teknologia berriak erabili, baldin eta gardentasun eta segurtasun baldintzak beteko balira. Gai horrek luzerako eman dezakeenez, ez naiz gehiago luzatuko, enbido hori soilik botako dut.

Mahai-inguruan zuzenean aipatu ez zen arren, nahi dut Sañu mendian eraiki nahi duten Piaspe proiektuari buruzko iritzia ere azaldu. Ez nago batere ados proiektuarekin eta, horregatik, hasiera-hasieratik, Sañu Bizirik taldeak antolatutako ekimenetan parte hartzen saiatu naiz ahal izan dudan neurrian. Kontrakotasun horren arrazoi nagusia da proiektu horrek ere mendiak haize-errota erraldoiez industrializatzeko eredua jarraitzen duela, eta dituen abantailen aldean, ingurumenari eta herritarroi eragindako kalteak askoz ugariagoak direla (hori izan da talde hori sortzeko eta talde horretako kideok bat egiteko arrazoi nagusia). Gainera, 2020 inguruan, Aldundiak hainbat eragilerekin batera bultzatu zuen energia sortzeko baliabideen inguruko azterketa sakonaren ondorio nagusietako bat izan zen Gipuzkoako lurraldea ez dela inolaz ere aproposa horrelako zentral eolikoak eraikitzeko. Besteak beste, lurralde oso txikia dugulako, herri bateko mendiaren atzean, berehala, beste herri bat baitugu. Ez ditugu beste zenbait lurralderen moduan, hainbat eta hainbat kilometro karratuko eta ingurumen balio ezberdineko hainbat lursail. Pospolo kaxa batean bizi gara eta ezingo genuke horrelako munstro erraldoiez betetako mendien artean bizi. Beraz, horrelako proiektuen aurka gaudenok ez gaude Nimby sindromeaz kutsatuta eta ez dut uste horrela pentsatzeagatik berekoiak garenik.

Esan beharra dut Piaspek baduela funtsezkoa iruditzen zaidan ikuspegi berritzaile interesgarria: energia-baliabideen jabetza partekatuaren ideia barneratzen duela. Horixe izan da, nire ustez, Piaspe proiektuak planteatzen duen ekarpen positibo garrantzitsu bakarra. Eta horrelako formulak proposatzea eta bultzatzea garrantzitsua da, baina ez gure mendietan.

Azpeitiko Udalaren hautua, Piasperen inguruan, denborak aurrera egin arren, posizio argirik ez erakustea eta ia isilik mantentzea ari da izaten. Alderdiaren ideiei amen esan eta inongo iritzi propiorik erakusteko adorerik ez du izan. Non dago, gai horretan, orain arte beste gai batzuetan horren ondo eta ausart erakutsi duen gardentasuna eta herritarren parte-hartze prozesua? Momentuz, eztabaidaren hasieran Soreasun egin zuten agerpen komertzial hartaz gain, ia inon ez. Beren posizioa, nik dakidan arte, “gaia aztertzen ari gara” esaldian gelditu da izoztuta.

Azken urte eta erdian udalaren aldetik entzun dudan adierazpenik positibo eta esperantzagarriena duela bizpahiru hilabete Uztarrian irakurritakoa izan da. Udalak azterketa bat abiatu behar omen du herriak energia sortzeko izan ditzakeen baliabideen inguruan (azken hauteskundeen aurretik esandakoak dira, baina espero dut propaganda politiko hutsean ez gelditzea). Baliabide horien artean, energia hidraulikoa, eguzki-plakena, fotovoltaikoa, geotermikoa, biomasakoa eta eolikoa daude. Azken hori espero dut mendietan eraikitako proiektu erraldoi suntsitzaileetan baino autokontsumoan, eskala txikiko proiektuetan edota, mendietatik urrun, degradatutako zonetan eraikitako dorre garaietan oinarritutakoa izango dela. Izan ere, nire uste apalean, bidezko trantsizio energetikoa modu jasangarrian egin nahi badugu, estrategia horrek izan beharko du zutabe funtsezkoetako bat, eta bera planteatu beharko lukete argi eta garbi erakunde publikoek (eta herritarrok, noski): zentzuzko kontsumo-murrizketa batetik abiatuz, lurraldean ditugun energia beharrak aztertu beharko lirateke, eta ondoren, hemen eskura ditugun eta guztionak diren energia sortzeko baliabideak ustiatuta saiatu beharko genuke behar horiek asetzen (noski, lehen aipatutako autokontsumoaren eta eskala txikiko proiektuen irizpidean oinarrituta). Hori guztia, ahaztu gabe, ikerketan eta garapenean inbertitzea (zientzian, azken finean) ezinbestekoa dugula kasu horretan ere, etorkizunean arazoari aurre egiten lagunduko diguten aurrerakuntzak eskura izan nahi baditugu, behintzat.

Eta behar adina energia sortuko ez bagenu, beste alternatiba batzuk izan beharko ditugu kontuan: ingurumen-eragina minimizatzen duten eskala handiagoko proiektuak (kostaldean, nekazaritza balio gutxiko eta biztanlerik gabeko zenbait landa gunetan, ingurumen balio txikiko mendietan...), energia fosilen ustiapen eta kontsumo zentzuzkoagoa, e.a.

Azken urteetan, alderdi politiko guztiek (EAJk eta EH Bilduk barne) ahopean dituzte beren diskurtsoan aldaketa klimatikoa, garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, elikadura burujabetza eta ingurumenaren eta herritarren aldeko beste hainbat ideia edota balio. Baina bi alderdiek alde batera utzi dituzte ideia horiek guztiak beren estrategia politikoa garatzean eta koherentzia falta izugarria ari dira erakusten (EH Bilduren kasuan, are gehiago, ideia horien inguruan orain arte bere ibilbidean mantendu duen ildoarekin alderatuz gero).

Azkenik, Jon Artanori eta, oro har, gaur egungo eta etorkizuneko kazetariei dagokionez, badut zer esatekorik, labur-labur. Egungo gehiegizko informazioren gizartean, uste dut, oso paper garrantzitsua egitea dagokizuela bi alderdiri dagokienez. Alde batetik, egiazko informazioa gezurrezkotatik bereiztea, eta, beste alde batetik, gizartearen ongizatera bideratuko informazioari lehentasuna ematea interes pribatuen eta, batez ere, enpresa-korporazio handien mesederako informazioaren aurrean. Eta, noski, informazio hori guztia gizartean zabaltzea kazetaritzaren printzipioak eta kazetariaren kode deontologikoa jarraituz.

Gogoeta ugari egiteko eman zuen jardunaldiak, eta, espero dut, horrelako saio gehiago antolatuko direla aurrerantzean energia trantsizioaren eta, oro har, herritarron interesekoak diren gaien inguruan. Zorionak mahai-inguruko partaideoi eta antolatzaileoi!

Jon Garagarza Arozena (Azpeitia)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


Euskararen Eguneko manifestu bat

Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]


Frantziara eta Espainiara bidean

Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.

Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko... [+]


2024-12-20 | Hainbat egile*
Pornografia gaztetan

Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?

Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]


Idazkaritzak eta kontuhartzailetzak: joko arauak partidaren amaieran aldatzeaz

Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako... [+]


Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


Ainubean

Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Emakumeak, herri indigenak eta natura: giza eskubideen aldeko borrokaren lehen lerroan

Gure eskubideak, gure etorkizuna, orain! lelopean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak 76 urteetako ondarea ospatzen du. Egunak mundu baketsuagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa eraikitzearen alde egitea du xede. Hala ere, aurrerapenak ospatzen diren bitartean, babesturik... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Eguneraketa berriak daude