Ekologismoa trantsizio energetikoaren dilemen aurrean gaiaz mintzatu da Jorge Riechmann ekologista ezkertiar antikapitalista Gasteizen, Araba Bizirik taldeak antolatuta. Adrián Almazán unibertsitateko irakasle eta Araba Bizirik taldeko kideak gidatu du solasaldia. Riechmannek klima larrialdiaren aurrean dauden hiru bideez hitz egin du eta hirugarren bidea defendatu du: energia eta material kontsumoak asko gutxituta eta gizarte berdintasuna garatuta egingo dena. Bi sektore jo ditu estrategikotzat aldaketa horretan: garraioa (auto elektrikoa ez dela irtenbidea azaldu du, garraio publikoa baizik) eta elikadura ("badakigu norantz egin behar dugun: agroekologiara", esan du). Bere liburu berriaren mamiaz ere aritu dira: Ekologismoa; iragana eta oraina, etorkizunari buruzko pare bat ideiarekin.
Jorge Riechmann Madrilgoa da, Ekologistak Martxan eta Ezker Antikapitalista taldeetako kidea. "Hankutsik den ekologismo soziala" (dekrezentista) bultzatzen du. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko etika eta filosofia politikoko irakasle da eta poesia idazten du, ekologiari buruzko saiakera lanez gain.
Gasteizen eman duen hitzaldiaren sarreran salatu du klima larrialdiaren aterabideak planteatzerakoan, propio gaia sinplifikatu eta ikuspegi murritza zabaltzen duela indarrean den diskurtsoak: trantsizio ekologikoa soilik trantsizio energetikoarekin lotzen duela, eta trantsizio energetikoa berriztagarriak gehitzearekin parekatzen duela. Trantsizio ekosoziala askoz gehiago dela oroitarazi du: mugikortasun eredua lantzea, elikadura sistema lantzea, biodibertsitatearen suntsiketa ere planteamenduen oinarrian kontuan hartzea... Baina energiaren gaira etorrita, hiru bide daudela azaldu du: orain arte bezala jarraitzea edo are gehiago azeleratzea da lehena; "trantsizio energetikoa" deitzen zaion aterabidea, kapitalismo berdea alegia, hori da bigarren bidea; eta hirugarren bide bat ere badagoela oroitarazi du, dekrezimendu azkarra eta inoizko gizarte berdintasun handiena oinarri izango dituena.
Riechmannek azaldu du klima larrialdiaren aurrean dagoen bideetako bat dela orain arte bezalaxe jarraitzea, "edo are gehiago azeleratzea gizarte industrialen garapena, eta erregai fosiletan oinarritutako energia gero eta gehiago erabiltzeko modua bilatzea". Jarrera honen barruan kokatu du ultraeskuina, zeinak feminismoaren eta ekologismoaren aurkako diskurtsoak zabaltzen dituen eta Trumpek bere diskurtsoetan haizatzen duen, "zulatu, neskatxa, zulatu" esalditxoa errepikatuz. "Bide honek desastre handi batera garamatza. Nazio Batuetako idazkari nagusi den Antonio Guterresek esana duen moduan, infernuko ateak zabaltzen dizkigu".
Bigarren bidea, "trantsizio energetikoa" izenean haizatzen dutenena, kapitalismo berdea da eta "premisa faltsuetan oinarritzen dela" adierazi du Riechmannek. "Aditzera ematen dute posible dela trantsizioa egitea, sozialki aldaketa esanguratsurik egin gabe". Ongizatea eta garapena ulertzeko modua kapitalismoaren berbera du, eta "bizitza inperialen" kontsumo moduei jarraitzen die. Baina Riechmannek iragarri du "bide horrek ez gaituela infernutik aterako": berriztagarriak izugarri hazita ere, eredua bera aldatzen ez bada, lortuko den bakarra erregai fosilak zerbait gutxiago kontsumitzea izango dela azaldu du.
Hitzaldian zehar "trantsizio energetikoa" terminoa bera auzitan jarri dute publikotik egin diren hitzartzeetan, eta Riechmannek oroitarazi du historian inoiz ez dela energiaren gaian trantsizio bat gertatu: "Sekula ez da bektore energetiko batetik beste bektore energetiko batera pasatu", energia iturri berriak aurreko energia iturriei gehitu egin zaizkie. "Eta aski da matematika soil batzuk egitea ohartzeko erregai fosilak opari geologiko bat direla, pozoitutako oparia. Ez dago ezer haiek eman diguten indarra emango digunik. Eolikoen bidez argindar unitate bat lortzeko 25 aldiz material gehiago behar da ikatz zentral batek behar duena baino. Horrekin ez dut esan nahi, noski, ikatz zentralekin eta beste erregai fosilekin jarraitu behar dugunik, esan nahi dudana da, askoz energia gutxiagorekin bizi behar dugula".
"Ez al dago irtenbiderik?" galdera erretorikoa entzun da Artiumeko aretoan. "Bai, baina oso zaila", aitortu du Riechmannek: "Dekrezimendu azkarra behar da eta inoiz ezagutu ez dugun gizarte berdintasun maila. Gizarte postkapitalista bat". Energetikoki eta materialki austeroa litzatekeen gizartea, alegia. Baina garbi du Riechmannek: "Gizarte berdintasunik gabe ez dago modurik dekrezentismoari leku egiteko. Horregatik landu behar dira ekosozialismoa eta ekofeminismoa". Publikoko galderei erantzunez, azaldu du ekofeminismoak planteatu duen ariketa egitea oinarrizkoa dela: "Pentsa dezagun zer dugun benetan beharrezko, bizitza esanguratsuak izateko. Eta azter dezagun benetan beharrezko den ondasun horiek noren esku dauden, eta nola antolatu ditzakegun horien ekoizpena eta banaketa, beti ere, Lurraren mugen barruan". Bide horrek mundu mailako justizia soziala lantzen duela dio Riechmannek: "Kontua ez da urruneko lehengusuekin onbera izan behar dugunik justizia edo moral kontu hutsengatik; baizik, infernua saihestu nahi badugu, kooperatu beharra daukagulako". Antimilitarismoa indartzea ere beharrezko ikusi du, bide horretan. Eta Almazánek azpimarratu du "kontrakulturak jokatu dezakeen papera, bestelako bizimodu ereduak eta balioak lantzeko". Egungo gizartean, sektore txikiek egiten dute bere, hirugarren bide hau.
Hiru bide hauen aurrean, zer jarrera hartu behar dute mugimendu ekologistek? Ez dagoela bide errazik adierazi zuen Riechmannek:
"Esaten badugu askoz energia gutxiagorekin bizi behar dugula, esaten ari garena da kapitalismotik atera behar dugula, eta hori esanda marginaltasunean geratzen gara, talka egiten duelako ongi bizitzeaz gizartean nagusi den ideiarekin".
Beste ahulgunea da, energia eta material gutxiagorekin bizitzeak zuzenean dakarrela "pobretze material" bat, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa dela gizarte berdintasuna bermatzea, bestela egun oso prekario dauden jendeek ezingo diotelako egoera horri aurre egin: "Egun ez dugu indarrik gizarte berdintasunean aurrera egiteko, eta hori lortu gabe, ezin dugu bermatu sozialki bizimodu onik".
Baina kapitalismo berdearen doinura dantza egiteak ere baditu bere arriskuak mugimendu ekologistarentzat, Riechmannek ohartarazi duenez: "Hori laster kontra etorriko zaigu, ze herritarrek esango digute, berriztagarriekin bizimodu onaren promesa egin geniela eta ez dela horrela izan".
Ekologismoak laborariekin eta nekazal eremuekin aliantzak egitea "lehentasunezkoa" dela adierazi du Riechmannek, publikoaren galderei eranzunez. Azaldu du "badakigula norantz jo behar dugun: agroekologiara. Agroekologia oso ongi definituta dago, ezagutza eta praktika sendoak ditu". Agroekologian ari diren laborariak indartzearen eta ugaritzearen aldeko mezua eman du.
Aldi berean, kaleetan mobilizatu diren baserritarrei erreferentzia eginez, zehaztu du horien artean ere badirela aliatu potentzialak: "Denak ez dira elikadura industriaren kapitalista handiak. Bereizi egin behar dira, horietako batzuek sentitzen dute tranpan harrapatuta daudela, eta elkarri lagundu behar diogu askatzen. Hori da bidea, politikoki artikulatu behar dira aliantza horiek".
Almazánek bat egin du ideia horrekin, eta esan du elikaduraren sistema eraldatzea lortuko balitz, hori litzatekeela klima larrialdiaren aurrean lorpen estrategikorik indartsuena: "Egun kutsakorrenetakoa den sektorea agroekologiara aldatzea lortzen badugu, horrek dakarren aldea itzela da. Horregatik dago politikoki hain auzi indartsua elikaduran".
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Eragile ekologista ezagutzeko edo gai ekosozialetara hurbiltzeko interesa duen edonor gonbidatu dute aurkezpenetara. Aurkezpenak egiteaz gain, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzerturen bat ere eskainiko dute zita horietan. Albistearen amaieran egitaraua.
Ingurumena kaltetzen duten proiektuen aurrean laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa eskaintzen du Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroan. Urteetako ibilbidea dute eta hamaika helegite eta informe osatu dituzte hainbat proiekturi aurka egiteko: AHT, harrobiak, zentral... [+]
Latinoamerikako hainbat herri-eragiletako hamabost bat kide izango dira Bizkaia Aretoan azaroaren 14an eta 15ean Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia OMAL-ek antolatutako topaketetan. Ekintza guztiak trantsizio ekosozialarekin lotutako alderdi desberdinak lantzen dituzten... [+]
50 inguru herritarrek egun osoko jardunaldia egin dute azaroaren 9an Maeztun, EHn ekofeminismoak gorpuzten lelopean. Goizean Euskal Herriko ekofeminismoak nolakoak diren deskribatzeko hainbat dinamika egin dituzte. Elkarrekin bazkaldu eta kantatu dute eguerdian, eta arratsaldean... [+]
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]
Urriak 29 goizean egin da Gasteizen, Arabako Mendiak Askeko ordezkari moduan identifikatu eta Mozal Legearen bidez jarri zioten isunari buruzko epaiketa. Lurraren defentsan ari diren kideak atarian batu dira elkartasuna adierazteko eta zera adierazi dute: "Nahikoa da esan... [+]
Asteartean EH sareko partaide batek Mozal Legearen bidez jasotako isun baten harira epaiketa izango du. Mendian, sarraskitu nahi dituzten mendi horietan ibiltzearren eta lurraldearen, lurraren, zaintzan eta defentsan aritzearren ertzaintzaren jazarpena jasan zuen. Beste behin... [+]
Iturrietako Mendietako lehen mendi martxa antolatzen ari zirela, 2021ean, kide bat identifikatu zuen ordezkari gisa ertzaintzak eta Mozal Legearen bidez isuna ezarri zion. "Muntai poliziala" salatu du Arabako Mendiak Askek eta zera aldarrikatu du: "Lurraren eta... [+]
Valle de Odieta etxalde erraldoiaren kontrako ekintza 2021ko martxoan egin zuen Greenpeacek, Nafarroan. Makroetxaldeak 79 txahal gaixotzea leporatzen die ekologistei, orain Greenpeaceren defentsak salaketa ezeztatzen duen albaitaritza-txostena aurkeztu du eta epaiketa atzeratu... [+]
Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]
2021eko martxoan, Greenpeaceko aktibistek nitratoz kutsatutako mila litro ur itzuli zizkioten Caparrosoko Valle de Odieta enpresari. Enpresak isun eta espetxe zigorrak eskatu ditu haien aurka.