Transzendentziaren luze-zabalaz

  • Luzeegiak dira batzuetan Zabaltegi-Tabakalerako emanaldiak, luzeak Zinemaldiko egunak eta, akaso, luzeegia nire gaurko kronika. Ikusitako filmentzat hitz handiak ez badakartzat ere, Tabakalerako besaulkiak Donostiako erosoenak direla jakinarazten dizuet modu ofizialean.

'Bén trong vo ken vang' filmaren fotograma

2023ko irailaren 28an - 08:14
Azken eguneraketa: 10:30

Cannesen lortutako onespenak hauspotuta, indarrez heldu da Zinemaldira Bén trong vo ken vang (edo Inside the Yellow Cocoon Shell edo Oskol kusku horiaren barruan). Hiru ordu irauten du eta slow cinema etiketako slow-a benetan serio hartzen du. Weerasethakul edo Bi Gan-en zinemarekin izan da alderatua An Pham Thien vietnamdarraren lehen film luzea, pazientziaz ezagutu beharreko lan mardula.

Koinata motor-istripu baten hiltzen delako itzuli beharko da Thien jaioterrira, gorpua lurperatu eta bakarrik geratu den ilobari bizitokia aurkitzeko. Herrian, gaztaroko maitaleak eta desagertutako anaiak irekitako arrakalari egin beharko dio aurre. Ametsak eta errealitatea txirikordatzen dituen dantza geldoan, bizitzaren zentzuaren eta fedearen bilaketa eldarniozkoan murgiltzeko gonbita luzatzen zaigu.

Filmaren lehen herena orain arte Zinemaldian ikusitako lanik onena iruditu bazait ere, malkartsua gertatzen da azken ordua. Bere enuntziatuen sakontasunean tematzen denez, poliki-poliki doa ikuslearen interesa husten, bisualki txundigarria izateari uzten ez badio ere. Transzendentziaren bilaketa ikusgarria bezala hasten den arren, formen handitasunean galtzen da azkenean, hasierako distira lausotzen delarik.

Aitortzen dut Inside the Yellow Cocoon Shell ikusteko gaueko emanaldia aukeratu izana ez zela oso hautu burutsua izan. Hala eta guztiz ere, interesa piztuta atera naiz aretotik, kuskua tarratatu berri duen An Pham Thienek etorkizunean zer eskainiko ote digun jakiteko prest.

Zabaltegi-Tabakalera saila iraupen guztietako filmen erakusleihoa denez, ohikoa da emanaldi bakar batean zinta bat baino gehiago ikusteko parada izatea. Horregatik, emanaldi berean hiru lan izan ditut ikusgai: We Are the Hollow Men, Single Light eta Camping du Lac.

Lehenik, Rati Oneli georgiarraren We Are the Hollow Men eta Shaylee Atary israeldarraren Single Light film-laburrak proiektatu dira Tabakaleran. Lehenak, aita tiranoaren etxera itzuli behar duen gizonaren barrenak arakatzen ditu; bigarrenak, bortxaketa baten biharamunean gertatutakoari buru eman nahi ez dion gaztearenak. Bietan eszenaratze eta argazkilaritza lana oparoa bada ere, kale egiten dute jorratu nahi dituzten gai sakonen trataeran: irudi zainduetatik haratago, ez dute beste ezer eraikitzea lortzen.

 

 

 

Camping du Lac filmaren fotograma

 

 

 

Eskerrak ondoren ikusi dudan Camping du Lac jatorrak irribarrea atera didan. Filma irekitzen duten eguzki-errainu epelek, musika bihurriak eta kontalari inuzentearen rola egiten duen protagonistaren off ahotsak definitzen dute hasieratik doinu arin atsegina. Éléonore Saintagnan dugu zintaren zuzendari, gidoilari eta protagonista.

Kotxea matxuratu zaiolako amaitzen du protagonistak laku hertzeko kanpinean. Egonaldi laburra zirudiena luzatuz doa poliki-poliki, lakuko kondairei zein kanpineko bizilagun xelebreei itsatsita geratzen baita gure protagonista. Horiexek izango ditugu bidelagun filmak fantasiaren planoan murgiltzen gaituen bitartean, hau da, lakuko munstro mitikoaren bilaketak zentralitatea irabazten duen heinean. (Ur-munstroen gaia dugula hizpide, utzidazue parentesi hau baliatzen iaz Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu zen Trenque Lauquen ahaztezina gomendatzeko).

Zenbait mementotan estruktura eta norabide falta galanta badu ere, film disfrutagarria da Camping du Lac. Originala da bere proposamena eta zeharo dibertigarriak aurkezten dituen keinu eta albo-istorio samurrak. Zinemaldiaren seigarren egunean, ez ote dira laburtasuna eta apaltasuna guztiok bilatzen ditugun transzendentziarako klabeak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2023
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


2023-10-01 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia. 9.eguna
Miresmenaren ikertzaileak


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


2023-10-01 | ARGIA
‘O Corno’ galegozko filmak irabazi du Urrezko Maskorra

71 ediziotan lehen aldiz, euskal herritar emakumezko zinegile baten lanak eskuratu du sari nagusia. Jaione Camborda donostiarrak jaso du Urrezko Maskorra; laugarren urtez jarraian, emakumezkoa da sariduna.


2023-09-30 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia. 8.eguna
Ilunabar goriak


2023-09-29 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia 7. eguna
Bakoitzak urraturik berea

Zinemaren industriak dakarren burrunbak eta nazioarteko izarren distirak (aurten lausoagoa AEBetako gidoilari eta aktoreen greba historikoa dela eta) askotan itzaletara kondenatzen ditu asmo zein iraupenean apalagoak dituzten lanak. Horregatik, gaurkoan, film-luzeen kategoriatik... [+]


2023-09-27 | Ixone Santamaria
Donostiako Zinemaldia. 5.eguna
Etxeak eta egunak

Dokumental berrirako lokalizazioak bilatzen ari zela egin zuen topo Martín Benchimolek gazteluarekin, aristokrazia argentinarraren ilunabarraren zantzua. Liluratuta, tokiko jabea ezagutu nahi izan zuen. Modu horretan, eta harriduraz betea, ezagutu zuen azal beltzaraneko... [+]


Eguneraketa berriak daude